Lehen zatia
ZAZPIGARREN EGUNA
Eta Izpirituak eta emaztegaiak diote,
Zatozte. Eta entzun duena etor bedi.
Eta egarriak dagoena etor bedi.
Eta hala nahi duen orok bizitzaren
uretik har beza nahi adina.
Ilarakoei begiratuz,
Pentsakor geratu nintzen
John koskortzean, bere aita bezalaxe predikatzailea izango zela esan zuten denek beti. Hain sarri esan zutenez, John bera ere, hartaz inoiz pentsatu gabe, sinestera iritsi zen. Ez zen hartaz benetan pentsatzen hasi bere hamalaugarren urtemuga egunaren goiza arte, eta ordurako beranduegi zen.
Bere oroipen goiztiarrenak —nolabait bere oroipen bakarrak— igande goizetako presa eta distirarenak ziren. Egun hartan denak jaikitzen ziren batera: aita, lanera joan behar ez zuenez, gosaldu aurretik otoitzetan laguntzen zien; ama, egun horretarako apain janzten zen, ia-ia gaztea irudituz, ilea gorantz bilduta eta buruan emakume santuen uniformea zen kapela zuri estua jantzita; bere anaia gaztea, Roy, egun hartan isilik egoten zen, aita etxean zuelako. Sarak, aitaren kuttuna, egun hartan ilean xingola gorria eramaten zuen. Eta txikiena, Ruth, zuri-arrosaz jantzita joaten zen elizara, amaren besoetan.
Eliza ez zegoen oso urruti, Lenox Hiribidean lau etxalde harantzago, kantoi batean, ospitaletik gertu. Ama ospitale hartara joan zen Roy, Sara eta Ruth jaio zirenean. Johnek ez zuen oso argi gogoratzen ama joan zen lehen aldia, Roy jaio zenekoa; jendeak dio berak negarrez eta maina bizian jardun zuela ama kanpoan izan zen denbora guztian; gogoratzen zuen apurra nahikoa izaten zen amari sabela puzten hasten zitzaion bakoitzean beldur izateko; ongi baitzekien puzten hasten zenean ez zela geldituko harik eta ama urrunduko zitzaion arte, arrotz batekin itzultzeko. Hura gertatzen zen bakoitzean ama bera apur bat arrotzago egiten zitzaion. Berriro joango zen, esan zion Royk; gauza haietaz Johnek baino askoz gehiago zekien. Johnek adi begiratu zion amari, oraindik puzterik ikusi gabe, baina goiz batean aitak «laster gure artean izango dugun bidaiari txikia»ren alde otoitz egin zuen, eta hala jakin zuen Johnek Roy zuzen zegoela.
Beraz, Johnek gogora zezakeenik, igande goizero kalera irten izan ziren Grimestarrak elizako bidean. Hiribidean zehar, bekatariak izaten zituzten begira; gizonak oraindik larunbat arratseko jantziak soinean, orain zimurtuta eta hautsez estalita, begiak arre eta aurpegia zurbil; eta emakumeak, ahotsak garratz eta soineko estu argitsuak soinean, zigarroa atzamarren artean edo ezpain-bazterretan irmo helduta. Hizketan jarduten zuten, eta barrezka, eta elkarrekin borrokan, eta emakumeak gizonak bezalaxe aritzen ziren borrokan. John eta Roy gizon-emakume haien ondotik pasatzen zirenean labur begiratzen zioten elkarri, Johnek aztoratuta eta Royk jostari. Roy haiek bezalakoa izango zen koskortzen zenean, Jainkoak bihotza aldarazten ez bazion. Igande goizetan topatzen zituzten gizon-emakume haiek gaua tabernetan pasa zuten, edo puta-etxeetan, edo kalean, edo etxe gainetan, edo eskailera azpian. Edaren ibiliak ziren. Biraoetatik barreetara paseak ziren, handik haserrera eta lizunkeriara. Behin batean berak eta Royk gizon-emakume bikote bat ikusi zuten etxe suntsitu baten sotoan. Zutik egin zuten. Emakumeak berrogeita hamar zentabo eskatu zituen, eta gizonak labana atera zion.
Aurrerantzean Johnek ez zuen gehiago begiratu; beldur ematen zion. Baina Royk askotan begiratu zien, eta Johni esan zion auzoko hainbat neskarekin egina zuela.
Eta aitak eta amak ere, igandero elizara joaten zirenak, egiten zuten; Johnek atzeko logelan aditzen zien batzuetan, arratoien hanka-hots eta garrasien gainetik, beheko burdeleko musika eta arneguak gaindituz.
Elizak Su Bataiatuaren Tenplua zuen izena. Ez zen Harlemeko elizarik handiena, ezta txikiena ere, baina santuena eta onena zelako sinesmenean hazi zuten John. Aita elizako diakono nagusia zuen —bi besterik ez ziren, bestea Braithwaite Diakono izeneko gizon potzolo beltza—, eta diru-biltzeaz arduratzen zen, eta batzuetan sermoia ere egiten zuen. Pastorea, Aita James, umore oneko gizon lodia zen, aurpegia ilargi ilun baten antzekoa. Berak egiten zuen sermoia Mendekoste igandeetan, bera zen buru uda parteko bilera ebanjelistetan, eta berak gantzutu eta sendatzen zituen gaixoak.
Igande goiz eta arratsetan eliza beteta egoten zen beti; igande berezietan egun osoan zehar egoten zen beteta. Grimestarrak guztiak batera iristen ziren, berandu samar beti, bederatzietan hasten zen dotrinaren erdian eskuarki. Berandu iristearena amaren errua izaten zen beti, aitaren ustez behintzat; bazirudien ama ez zela bera eta umeak garaiz prest edukitzeko gauza, inoiz ez, eta batzuetan etxean geratzen zen, goizeko elizkizuna arte azaldu gabe. Denak batera iristen zirenean ataria zeharkatu bezain laster banantzen ziren; aita eta ama Helduen Eskolara joaten ziren, Arreba McCandlessek ematen zuenera, Sara Haurren Eskolara joaten zen, eta John eta Roy Eskola Ertainera, Anai Elishak ematen zuenera.
Txikitan Johnek ez zuen dotrina arretaz jarraitzen, beti ahazten zuen urrezko testua, eta honek aitaren haserrea pizten zuen. Hamalau urte beteko zituen garaian, elizaren eta familiaren presioek aldarera eramateko bat egin zutenean, senperrenak egin zituen serioago iruditzeko, eta bere burua hainbeste ez nabarmentzeko. Baina bere irakasle berriak, pastorearen iloba zen Elishak, Georgiatik etorri berria, arreta galarazten zion. Ez zen John baino askoz zaharragoa, hamazazpi urte besterik ez zituen, eta jadanik salbatuta zegoen eta predikatzailea zen. Elishari tinko begira egoten zen John eskola-ordu osoan zehar, berea baino askoz sakon eta gizonezkoagoa zen Elisharen ahots-tonua miretsiz, honek jaietako jantzia soinean zeramanean zuen argaltasuna, grazia, indarra eta belztasuna miretsiz, bere buruari galdetuz inoiz izango ote zen santua Elisha santua zen moduan. Baina ez zion eskolari jarraitzen, eta Elishak, batzuetan, etenaldi bat egiten zuenean Johni galderaren bat egiteko, John lotsatu eta nahasi egiten zen, eskuak heze eta bihotza mailua bezala taupatzen sentituz. Elishak errieta egiten zion irribarretsu eta leunki, eta eskolak aurrera egiten zuen.
Royk ere ez zuen dotrina ikasten, baina Royrekin desberdina zen; inork ez zuen Royrengandik espero izaten Johnengandik espero ohi zena. Denek otoitz egiten zuten Jainkoak Royri bihotza aldaraz ziezaion, baina Johnengandik ona izatea espero izaten zen, eredugarria izatea.
Dotrina-saioa amaitzen zenean etenaldi labur bat izaten zen goizeko elizkizuna hasi arte. Etenaldi hartan, giro baldin bazen, helduak kanpora irteten ziren une batez elkarrekin hitz egitera. Arrebak ia beti zuriz jantzita egoten ziren, burutik behatzetara. Ume txikiak, egun hartan, leku hartan, eta nagusiek zapalduta, gogor saiatzen ziren Jainkoaren etxearekiko desbegirunerik erakutsi gabe jolasten. Baina batzuetan, urduri edo gaizto, oihu egiten zuten, edo eresi-liburuak botatzen zituzten, edo negarrez hasten ziren, eta beren gurasoek, Jainkoaren gizon-emakumeak izanik, erakutsi behar izaten zieten —modu zakar edo leunez— etxe santu batean nork agintzen zuen. Ume zaharragoak, John edo Roy esaterako, hiribidean barrena ibil zitezkeen, baina gehiegi urrundu gabe. Aitak ez zien John eta Royri inoiz begirik kentzen, Roy sarri desagertu baitzen dotrina eta goizeko elizkizunaren artean, egun osoan etxetik agertu gabe.
Anai Elisha piano aurrean eseri eta kantatzeari ekiten zionean hasten zen igande goizeko elizkizuna. Une hura eta musika hura, antza, Johnekin izan ziren lehen arnasa hartu zuenetik. Bazirudien ez zuela une bakar batez ere ahaztu itxaronaldi hura, eliza jendetsuak etenaldi bat egiten zuenekoa; arrebak zuriz, buruak tente, anaiak urdinez, burua atzeratua; emakumezkoen txano zuriak aire kargatuan koroak bezala distiratzen, gizonezkoen buru kizkur dirdiratsuak gorantz jasota. Farfarrak eta xuxurlak gelditzen ziren, haurrak isildu egiten ziren; agian norbaitek eztul egiten zuen, edo auto baten turutotsa edo biraoren bat sartzen zen kaletik; orduan Elishak teklak kolpatzen zituen, segituan kantatzeari ekinez, eta denak elkartzen zitzaizkion, eskuak txalotuz, aulkitik altxatuz eta pandero joka.
Kanta izan zitekeen: Gurutzean, nire Salbatzailea hil zen lekuan!
Edo: Jesus, ez dut inoiz ahaztuko nola askatu ninduzun!
Edo: Jainkoa, hel iezadazu eskutik lasterketa honek iraun bitartean.
Barruan zuten indar guztiaz kantatzen zuten, eskuak bozkarioz txalotuz. Johnek bihotz izutu eta txundituaz begiratu zion beti santuen bozkario hari. Hauen kantuak Jainkoaren presentzian sinestera eramaten zuen; areago, ez zen sinesmen kontua, presentzia hura erreal bihurtzen baitzuten. Ezin zuen haiek sentitzen zuten poza sentitu, baina ezin zuen zalantzan jarri Jainkoaren presentzia haientzat bizitzaren ogia bera zela; hau da, ezin izan zuen zalantzan jarri, harik eta zalantzan jartzeko beranduegi izan zen arte. Zerbait gertatzen zitzaien aurpegi eta ahots haiei, gorputzen erritmoei eta arnasten zuten aireari; nonahi zeudela ere, bazirudien goiko gelan zeudela, eta Izpiritu Santua airean zebilela. Bere aitaren aurpegia, beti izugarria, izugarriago bihurtzen zen orduan; aitaren eguneroko haserrea sumin profetiko bilakatzen zen. Bere amak, begiak zerura altxatuta, eskuak aurrean uztartuta, mugitzen, erreal egiten zuen Johnen begietan pairamen hura, sufrimendu luze hura, Biblian irakurritakoa, eta irudikatzen hain zaila egiten zitzaiona.
Igande goizetan emakume guztiek itxura lasaia izaten zuten, itxura indartsua gizonek. John begira zegoela, Indarrak baten bat jotzen zuen, gizon zein emakume; oihu egiten zuten, oihu luze eta hitzik gabea, eta, besoak hegalak bailiren zabaldurik, Garrasiari ekiten zioten. Beste norbaitek aulki bat mugitzen zuen leku gehiago izan zezaten, erritmoa geldotu egiten zen, kantua gelditu, oinkatzea eta txaloak bakarrik entzuten zirelarik; ondoren beste oihu bat, beste dantzari bat; gero panderoak hasten ziren berriz, eta ahotsak altxatzen ziren berriz, eta musikak aurrera egiten zuen berriz, suak bezala, uholdeak bezala, edo Jainkoaren zigorrak bezala. Orduan bazirudien eliza puztu egiten zela barruko Indar harengatik eta, espazioan kulunkatzen den planetaren antzera, tenplua kulunkatu egiten zen Jainkoaren Indarrez. John begira geratzen zen, aurpegiei eta gorputz pisugabeei begira, oihu eternal haiek entzuten. Egunen batean, esaten zuten denek, Indar hura nagusitu egingo zitzaion; kantuka eta oihuka hasiko zen haiek orain bezala, eta Erregearen aurrean dantzatzen. Begira geratu zitzaion Ella Mae Washington gazteari, Ama Washingtonen hamazazpi urteko bilobari, neskatoa dantzan hasi zenean. Eta gero Elisha hasi zen dantzan.
Une batean, burua atzera makurtuta, begiak itxita, bekokia izerdiz perlatuta, pianoan esertzen zen, kantatzera eta jotzera; eta gero, oihanean arriskuan dagoen piztitzar beltza bailitzen, zurrundu eta dardaraka eta oihuka hasten zen. Jesus, Jesus, oi Jesus Jauna! Azken nota basati bat jotzen zuen pianoan, eta eskuak altxatzen zituen, ahurrak gorantz, bata bestetik urrunduta. Panderoak korrika abiatzen ziren piano isilak utzitako hutsunea betetzera, eta Elisharen oihuak erantzun-oihuak erakartzen zituen. Gero zutitu eta jiraka hasten zen, itsu, aurpegia puztuta, grina hark uzkurtuta, eta giharrak jauzika eta puztuta bere lepo luze beltzean. Bazirudien ezin zuela arnasa hartu, paren gorputza ez zela grina hari eusteko gai; barreiatu egingo zela, beren begien aurrean, aiduru zegoen airean. Eskuak, atzamar-buruetaraino zurrunduak, kanporantz eta atzera hankezurretara mugitzen zituen, begi itsuak gora begira, eta dantzan hasten zen. Gero eskuak ukabil bihurtzen zitzaizkion, eta burua kolpetik jaisten zuen, izerdiak ilea leuntzeko zeraman koipea urtzen ziolarik; eta besteen erritmoa bizkortu egiten zen Elisharen erritmora moldatzeko; izterrak izugarriro mugitzen zitzaizkion janzki-ehunaren aurka, orpoek zorua kolpatzen zuten, eta ukabilak gorputzaren alboan mugitzen zituen, danborra jotzen ariko balitz bezala. Eta horrela segitzen zuen puska basez, dantzarien erdian, burua makur, ukabilak kolpeka, kolpeka, kolpeka, era jasanezinean, hark eta elizaren hormak hots bakoitzarekin batera eroriko zirela zirudien arte; eta orduan kolpetik, oihu batez, burua jasotzen zuen, besoak airean, goian, izerdia kopetan behera zeriola, haren gorputz osoa dantzan inoiz gelditzera ez balihoa bezala. Batzuetan ez zen gelditzen erortzen zen arte, mailuak akabatutako animalia bezala, intzirika, ahozpez. Eta orduan intziri handi batek betetzen zuen eliza.
Bekatua zegoen beren artean. Igande batez, ohiko elizkizuna bukatutakoan, Aita Jamesek agerian utzi zuen bekatua elizarteko prestuen aurrean. Elisha eta Ella Mae agerian utzi zituen. «Eskandaluzko jokabidea» burutu zuten; egiatik desbideratzeko arriskuan zeuden. Eta Aita Jamesek hitz egiten zuen bitartean oraindik burutu gabeko bekatu hartaz, pikondotik goizegi hartutako piku heldugabeaz —umeei hozkia emateko— Johnek, aldare aurrean Ella Maeren alboan zutik zegoen Elishari begiratu ezinik, burua joaten zitzaiola sentitu zuen aulkian eserita. Elishak burua makurtu zuen Aita Jamesek hitz egiten zuen artean, eta elizartekoak marmarka hasi ziren. Eta orain Ella Mae ez zegoen kantatzen eta Graziaren bidezko salbazioa aldarrikatzen ari zenean bezain polita; orain neska kopetilun eta arrunta zirudien. Ezpain beteak laxatuta zeuzkan, begiak beltz, lotsaz, edo erresuminaz, edo biez. Bere amona, bera hazi zuena, eskuak gurutzatuta, begira zegoen isilik. Elizaren zutabeetako bat zen, ebanjelista indartsua eta oso ezaguna. Ez zuen ezer esan Ella Maeren defentsan, konturatuko zen eta, elizartea konturatu zen bezala, Aita James bere eginbehar argi eta mingarria betetzen baino ez zela ari; azken batean hark baitzuen Elisharen erantzukizuna, Ama Washingtonek Ella Maerena zuen bezalaxe. Ez zen gauza erraza, esan zuen Aita Jamesek, artalde baten artzaina izatea. Agian erraza zirudien pulpituan egotea, gauero-gauero, urteak joan urteak etorri, baina ez zuten ahaztu behar Jainko Guztiahaldunak bere sorbaldan jarritako erantzukizun izugarria; ez zuten ahaztu behar egun batean Jainkoak bere artaldeko arima bakoitzaren kontuak eskatuko zizkiola. Bera gogorra zela uste zutenean, gogoan har zezatela Hitza gogorra zela, santutasuneko bidea bide gogorra zela. Jainkoaren armadan ez zegoen bihotz koldarrarentzako lekurik, ez eta koroarik zain aita, edo ama, arreba, edo anaia, maitea, edo laguna Jainkoaren nahiaren gainetik jartzen zuenarentzat. Elizak amen esan diezaiola honi! Eta oihu egin zuten: «Amen! Amen!»
Jainkoak bultzatu zuen, esan zuen Aita Jamesek, aurrean zeuzkan mutila eta neskari gainetik begira, beranduegi izan baino lehen gaztigu publikoa ematera. Ongi baitzekien gazte zintzoak zirela, Jainkoaren zerbitzura dedikatuak; gertatzen zen, ordea, gazteak izanik, ez zituztela ezagutzen Satanek axolagabeei jartzen zizkien segadak. Bazekien beren gogoetan ez zegoela bekaturik, ez oraindik; baina haragian zegoen bekatua; eta jarraitu behar bazuten elkarrekin bakarka ibiltzen, beren sekretu eta barreak izaten, elkarri eskuak ukitzen, barkamen orotik harantzago zegoen bekatua egingo zuten. Eta John zegoen Elisha zertaz ari ote zen pentsatzen; Elisha luzea eta galanta zen, saskibaloian aritzen zen, eta hamaika urte zituela salbatua izan zen Hegoaldeko soro urrunetan. Bekatu egin ote zuen? Tentatua izan ote zen? Eta aldamenean zeukan neska, zeinaren jantzi zuriek orain estalkirik soilena, meheena baitziruditen bularren biluztasuna eta izter nabarmenak ostentzeko... nolakoa zen haren aurpegia Elisharekin bakarka zegoenean, kanturik gabe, santuez inguratuta ez zeudenean? Beldur ematen zion hartaz pentsatzeak, baina ezin zuen beste ezertaz pentsatu; eta leporatzen zitzaien sukar hura bere baitan ere agertzen hasia zen.
Igande haren ostean Elisha eta Ella Mae ez ziren berriro elkartu egunero eskolatik irtetean, ez zuten larunbat arratsalde bat gehiago ere eman Central Parkean barrena pasiera egiten, edo hondartzan etzanda. Hura guztia amaitu zitzaien. Berriro elkarrekin ibiliko baziren ezkondu ondoren izango zen. Haurrak izango zituzten eta elizaren baitan haziko zituzten.
Hura zen bizitza santuak esan nahi zuena, hura zen gurutzearen bideak eskatzen zuena. Nola edo hala igande hartan, bere urtemugarako gutxi geratzen zen igande hartan, John estreinako aldiz jabetu zen huraxe zela aurrean zeukan bizitza; kontzientzia osoz jabetu zen hartaz, jadanik ez urruti zegoen zerbait bezala, oso hurbil, egunez egun gero eta hurbilago zegoen zerbait bezala baizik.
Johnen urtemuga martxoaren igande batean egokitu zen 1935ean. Urtemuga-goiz hartan, inguruko airean mehatxuren bat zegoela sentituz esnatu zen, gauza atzeraezinen bat gertatu zitzaiola sentituz. Sabaian, bere buruaren gain-gainean, zegoen orban hori bati begira geratu zen. Roy tapakiez estalita zegoen oraindik, eta txistuots xume batez hartzen eta ematen zuen arnasa. Ez zegoen inolako hotsik beste inon; ez zen etxeko inor altxatu oraindik. Auzokoen irrati guztiak isilik zeuden, eta ama ez zen oraindik altxatu aitari gosaria prestatzera. John harritu egin zen bere izuagatik, eta gero zer ordu ote zen pentsatuz geratu zen; eta ondoren (sabaiko orban horia astiro emakume baten biluztasun bilakatzen zen bitartean) gogoratu zen bere hamalaugarren urtemuga zela eta bekatu egina zela.
Nolanahi ere, bere lehen gogoeta izan zen: «Gogoratuko ote da inor» Gertatua baitzitzaion, behin edo bitan, bere urteak guztiz oharkabean pasa izana, eta inork «Urte askotarako, Johnny» esan edo ezer oparitu ez izana; ezta amak ere.
Roy ostera mugitu zen, eta Johnek bultzaka urrundu zuen, isiltasunari adi. Beste batzuetan ama sukaldean kantatzen sentituz esnatzen zen, aita atzeko gelan bere golkorako marmarka eta otoitz egiten sentituz janzten zen bitartean; agian Sararen berriketa eta Ruthen marruak adituz, eta irratiak, eltze eta zartagin hotsak, eta inguruko jendearen ahotsak adituz. Goiz hartan ohe-malgukien kirrinka batek ere ez zuen isiltasuna hausten, eta hartara bazirudien John bere hondamendi adierazezina entzuten ari zela. Ia-ia sinets zezakeen berandu esnatu zela goiz handi hartan; salbatu guztiak bihurtuak izan zirela amen batean, eta altxatu zirela Jesus hodei artean topatzera, eta bera, bere gorputz bekataria, bakarrik utzi zutela infernuan mila urte pasatzeko.
Bekatu egin zuen. Santuak gorabehera, bere gurasoak gorabehera, haurtzaro hasiera-hasieratik entzundako gaztiguak gorabehera, eskuez egin zuen barkatzen zaila zen bekatua. Eskolako komunean, pixa nork urrutirago apustuan ibiltzen ziren mutil zaharrago, handiago eta adoretsuagoez pentsatuz, berarengan sumatu zuen aipatzen inoiz ausartuko ez zen eraldaketa.
Eta Johnen bekatuaren iluntasuna elizan larunbat arratsetan nagusitzen zen iluntasuna bezalakoa zen; elizako isiltasuna bezalakoa, bera bakarrik egoten zenean erratza pasatzen, eta ontzi handia urez betetzen, eta aulkiak hankaz gora jartzen, santuak iritsi baino askoz lehenago. Bizitza pasa zuen tabernakuluan, gorroto zuen baina maite zuen eta beldur eragiten zion tabernakuluan barrena mugitzean izaten zituen gogoetak bezalakoa zen. Royren biraoak bezalakoa zen, birao haiek Johnengan pizten zuten oihartzuna bezalakoa; Roy gogoratu zuen, Johni eliza garbitzen laguntzera joandako larunbat urrietan, Jainkoaren etxean biraoka, imintzio likitsak egiten Jesusen begien aurrean. Hura guztia bezalakoa zen, bere bekatuaren ordaina heriotza zela zioten hormak eta hormetako txartelak bezalakoa. Bere bekatuaren iluntasuna Jainkoaren indarrari aurre egiten zion bihozgogortasunean zegoen, maiz agertzen zuen mesprezuan ahots negarti hautsiak aditzen zituenean, larruazal beltzak distiratzen ikusten zituenean besoak altxatu eta ahozpez jartzen zirenean Jaunaren aurrean. Erabakia hartu baitzuen. Ez zen aita bezalakoa izango, ezta haren aitak bezalakoa ere. Bestelako bizitza izango zuen.
John bizkorra baitzen eskolan, nahiz eta ez nabarmendu, Elisha bezala, matematika eta saskibaloian, eta Etorkizun Handia zuela esaten zen. Bere Jendearen Gidari Handi bihur omen zitekeen. John ez zegoen Bere jendearengan oso interesatuta, eta are gutxiago haiek inora gidatzen, baina hainbestetan errepikatutako esaldia gogoan agertu zitzaion beste mundu batera irekitzen zen letoizko ate handi baten modura; mundu hartan jendea ez zen bizitzen bere aitaren etxearen iluntasunean, ez zion Jesusi otoitz egiten aitaren elizaren ilunpean, eta bertan janari zaporetsuak jan eta arropa fina izango zuen, eta zinera joango zen nahi zuen bakoitzean. Mundu hartan John, aitak zioenez itsusia zena, gelako mutil txikiena zena eta adiskiderik ez zuena, kolpetik eder, garai eta ezagun bihurtzen zen. Poeta zen, edo unibertsitate-zuzendari, edo zine-izarra; whisky garestia edaten zuen eta Lucky Strike zigarroak erretzen zituen, pakete berdekoak.
Koloredun jendea ez zen John goresten zuen jende bakarra, Johnen ustez azken batean ezer gutxi baitzekiten; ez, zuriek ere esaten zuten, egia esan haiek izan ziren lehen esan zutenak eta oraindik esaten zutenak. Bost urte zituela, eskolako lehen mailan, erreparatu zuten bererengan estreinako aldiz; eta berarengan erreparatu zuena guztiz arrotz eta inpertsonala zenez, John sumatzen hasi zen, egonezin handiz, berezko existentzia bazuela.
Alfabetoa ikasten ari ziren egun hartan, eta irakaslea sei ume aldiko aterarazten ari zen arbelera, gogoan hartutako letrak idatz zitzaten. Sei umek bukatu zuten eta irakaslearen epaiaren zain zeuden atzeko atea zabaldu eta eskola-zuzendaria, denak ikaratuta zeuzkana, ikasgelan sartu zenean. Ez zen inor mintzatu ez mugitu. Isiltasuna hautsiz, zuzendariaren ahotsak esan zuen:
«Nork idatzi du hori?»
Arbelera apuntatzen ari zen, Johnen letretara. Johni ez zitzaion bururatu agian haren oharra bera goraipatzeko izan zitekeenik, beraz tinko begira geratu zitzaion beste gabe. Orduan konturatu zen, beste umeen gelditasunagatik eta berari ez begiratzeko egiten zituzten saioengatik, bera zela zigortua izateko aukeratua.
«Hitz egizu, John», esan zuen irakasleak emeki.
Negar egiteko zorian, bere izena zizakatu eta zain geratu zen. Zuzendariak, de zuri eta burdin aurpegiko emakumea, goitik behera begiratu zion.
«Mutil oso azkarra zara, John Grimes», esan zuen. «Segi horrela lan egiten».
Eta ikasgelatik irten zen.
Aurrerantzean une hark eman zion, ez arma, baina gutxienez bai ezkutua; erabat konturatu zen, sinetsi edo ulertu gabe, bazeukala bere baitan gainerako jendeak ez zeukan indarra; indar hura bere burua salbatzeko erabil zezakeela, bere burua jasotzeko; eta agian egunen batean indar hartaz irabazi ahal izango zuela hainbeste desiratzen zuen maitasuna. Johnen fede hura ezin zen hil, ezta aldatu ere, itxaropen hura suntsiezina zen; bere identitatea zen, eta horregatik zen aitak jipoitzeko aitzakia izaten zuen bere gaiztotasunaren zati bat, eta Johnek gaiztotasun hari heltzen zion aitari aurre egitearren. Aitaren besoak, altxatzen eta jaisten, agian negar eragingo zion, eta haren ahotsak dardarak eragingo zizkion; hala ere aita ezin izango zen inoiz erabateko garaile, Johnek bere aitak ezin uler zezakeen zerbait gordetzen baitzuen amultsuki. Bere gorrotoa eta argitasuna gordetzen zituen, batak bestea abiarazten zuelarik. Irrikatan zegoen aitaren heriotzaren eguna iristeko berak, Johnek, aita herio-ohean zegoela madarikatzeko. Eta horregatik gertatzen zen, nahiz eta fedean jaioa izan, eta bizitza osoa santuez eta haien otoitzez eta alaitasunaz inguratuta eman, nahiz Jainkoa gurtzen zuten tabernakulua beretzat askoz errealagoa izan bera eta bere familia bizi izandako etxe kaskarrak baino, Johnen bihotza gogortuta zegoela Jaunaren aurka. Aita Jainkoaren ministro zuen, Zeruko Erregearen enbaxadore, eta John ezin zen graziaren tronu aurrean makurtu lehenik aitaren aurrean belaunikatu gabe. Hori egiteko errefusaren mendean zegoen bere bizitza, eta Johnen bihotz ezkutua gaiztotasun hartan loratu zen, bekatu hark ezustean harrapatu zuen eguna arte.
Gogoeta hauen guztien erdian berriro lokartu zen, eta oraingoan esnatu eta ohetik irten zenerako aita lantegira joana zen, bertan egun erdiko lana egitera. Roy sukaldean zegoen eserita, amarekin liskarrean. Ruth txikia aulki garaian eserita zegoen, bertako mahaitxoa olo-ahiaz estalitako koilaraz kolpatuz. Hark esan nahi zuen umore onean zegoela; ez zuela eguna garrasika emango, berak bakarrik ezagutzen zituen arrazoiengatik, amari ez beste inori ukitzen utzi gabe. Sara isilik zegoen, gaur ez zen berriketan ari, ez oraindik behintzat, eta sutegi ondoan zegoen zutik, besoak antxumaturik, Royri tinko begira hainbeste zahartzen zuten begi hits beltz haietaz, aitaren begiez.
Beren ama, ilea zapi zahar batez buru gainera bilduta, kafea zurrupatzen ari zen Royri begira. Negu amaierako eguzki-argi zurbilak gela betetzen zuen denen aurpegiak horituz; eta Johnek, tentelduta eta goibel, bere buruari galdezka ea nola zitekeen horren luzaro lo egiten utzi izana, pantailan proiektatutako irudi moduan ikusi zituen une batez, irudipen hura argi horiak areagotzen zuelarik. Gela estua eta zikina zen; ezerk ezin zituen dimentsio haiek aldatu, ez zegoen hura inoiz garbituko zuenik. Zikina hormei eta zoruko oholei itsatsita zegoen, eta harraska azpian, labezomorroak ugaltzen ziren lekuan, garaile agertzen zen; sutegi gainean zintzilik zeuden eltze eta zartagin egunero garbitu eta azpiak belztutakoen mailatu txikietan ere bazegoen; haiek bermatzen ziren horman ere bai, eta argi agertzen zen pintura zartatu eta kanporantz ateratako zati eta karratu zurrunetan, papera bezain mehea zen azpialdea beltzez estaliz. Sutegi munstro-antzekoaren izkina, bazter, arrail guztietan zegoen zikina, eta haren atzean ere bizi zen, horma hondatuarekin komunio eldarniagarrian. Zikina Johnek igandero igurzten zituen horma-oinetan zegoen, eta laztu egiten zituen azpil arraildu eta distiratsuak zeuden armairuko apalak. Pisu ilun haren azpian hormak okertu egiten ziren, haren azpian sabaia, erdialdean tximista itxurako arrail handi bat zuena, abaildu egiten zen. Leihoek urre edo zilar mailukatuak bezala distiratzen zuten, baina orain Johnek ikusten zuen, argi horian, hauts finak haien gloria zalantzagarria estaltzen zuela. Zikina leihotik zintzilik lehortzen utzitako zapi grisa estaltzen zuen. Johnek, lotsatuta eta ikaraz, baina bihozgogor haserrez, pentsatu zuen: Zikina denari, utzi zikina izaten. Gero amari begiratu zion, beste norbait bailitzen erreparatuz begietatik jaisten zitzaizkion lerro ilun gogorrei, eta bekokian modu iraunkorrez eramaten zuen zimur sakonari, eta beherantz okertutako ezpain estutuei, eta indarrez betetako esku estu marroi hezurtsuei; eta esaldia kontra itzuli zitzaion aho biko ezpata bezala: izan ere, ez al zen bada bera, bere harrotasun faltsu eta irudimen gaiztoa zela medio, zikin zegoena? Begietara iritsi ez zitzaion malko-ekaitza zeharkatuz, tinko behatu zion gela horiari; eta gela aldatu egin zen, eguzkiaren argia ilundu egin zen, eta amaren aurpegia mudatu egin zen. Aurpegi hura berak ametsetan ematen zion aurpegia bilakatu zen, bera jaio aurretik egindako argazki batean ikusi zion aurpegia. Aurpegi hura gaztea eta harroa zen, tentea; aho zabala edertzen zion eta begi eskergetan distira pizten zuen irribarrea zeraman. Gaitzik ezin gerta zekiokeela zekien neska baten aurpegia zen, inondik ere barre egiten zekien neska batena, bere amak orain egiten ez zuena. Bi aurpegion artean iluntasun eta misterioa zabaltzen zen, John beldurtzen zuena, eta batzuetan ama gorrotatzera eramaten zuena.
Orain amak berarengan erreparatu eta, Royrekin zeraman solasa etenez, galdetu zion: «Gosetuta al zaude, loti galant hori?»
«Hara! Bazen, bai, jaikitzeko garaia!», esan zuen Sarak.
Mahaira hurbildu eta eseri egin zen, bere bizitzako izualdirik harrigarriena sentituz; gauzak ukitzeko premia zuen, gelako mahaia, aulkiak eta hormak ukitzekoa, gela benetakoa zela eta bera gelan zegoela ziurtatzeko. Ez zion amari begiratu hura zutitu eta Johnen gosaria berotzera sutegira jean zenean. Baina hari zerbait esatearren, eta bere ahotsa entzutearren, galdetu zuen:
«Zer dugu gosaltzeko?»
Konturatu zen, nolabaiteko lotsaz, bere urtemuga zela eta amak gosari berezia prestatu izana espero zuena.
«Zer uste duk dugula gosaltzeko?», galdetu zion Royk mesprezuz. «Gauza bereziren bat nahi al duk?»
John begira geratu zitzaion. Roy ez zegoen umore onean.
«Hiri ez diat ezer esan», esan zuen.
«Oi, barkaidazu», esan zuen Royk Johnek gorrotatzen zuela ongi zekien ahots mehe eta neskato-antzekoa erabiliz.
«Zer duk hik gaur?», galdetu zion Johnek haserre, eta aldi berean bere ahotsari tonu ahalik eta lodiena eman nahian.
«Ez iezaiozu Royri jaramonik egin», esan zion amak. «Amorratuta dirudi gaur goizean».
«Bai», esan zuen Johnek. «Pentsatzen dut». Bera eta Roy elkarri begira geratu ziren. Gero platera jarri zioten aurrean: labore egosia eta hirugihar zati bat. Johnek negar egin nahi izan zuen, haurtxoen modura: «Baina ama, nire urteak dira!» Begiak platerean tinkatu eta jaten hasi zen.
«Nahi duzuna esango duzu zure aitaz», esan zuen amak, Royrekin zuen liskarraren harira etorriz, «baina bada ezin esan dezakezun gauza bat: ezin esan dezakezu ez dela beti ahalegindu aita ona izaten eta zuk inoiz goserik ez pasatzeko arduratzen».
«Makina bat aldiz izan naiz gose», esan zuen Royk, harro amari gol hura sartu ahal izan ziolako.
«Ez zen bere errua izan. Ez zen gertatu janaria eman nahi ez zizulako. Elurra baztertzen jardun zuen egundoko hotza zegoenean, ohean egon beharrean, zertarako eta zure sabelean janaria sartzeko».
«Ez zen nire sabelerako bakarrik», esan zuen Royk suminduta. «Berak ere badu sabelik, ondotxo dakit; lotsagarria da gizon horrek zenbat jaten duen. Eta nik behintzat ez nion eskatu elurra baztertzen jarduteko niregatik». Baina begiak jaitsi zituen, bere argudioan akatsen bat zegoela susmatuz. «Nahi dudan gauza bakarra da beti ni jotzen ez aritzea», esan zuen azkenik. «Ni ez naiz zakurra».
Amak hasperen egin eta apur bat jiratu zen, leihotik kanpora begiratuz. «Aitak maite zaituelako jotzen zaitu», esan zuen.
Royk barre egin zuen. «Aizu, maitasun mota hori ez dut nik ulertzen. Zer uste duzu egingo lukeela maiteko ez banindu?»
«Zeure kasa utziko zintuzke», erantzun zion amak segituan, «eta infernuraino joango zinateke, hara joateko erabakia hartu duzula baitirudi! Aurrera, Gizon Jauna, norbaitek labana sartzen dizun arte, edo espetxera eramaten zaituzten arte!»
«Ama», galdetu zuen Johnek kolpetik, «aita gizon ona al da?»
Berak ere ez zekien galdera hura egingo zuenik, eta harrituta begiratu zion amari, honi ezpainak estutu eta begiak iluntzen zitzaizkion bitartean.
«Hori ez da taxuzko galdera», esan zion amak ezti. «Ez duzu gizon hoberik ezagutzen, ezta?»
«Niri oso gizon ona iruditzen zait», esan zuen Sarak. «Beti aritzen da otoitz egiten, behintzat».
«Umeok, gazteak zarete oraindik», esan zuen amak, Sarari jaramonik egin gabe eta berriz mahaian eseriz, «eta ez dakizue nolako zortea duzuen zuetaz arduratzen den eta behar bezala hazi nahi zaituzten aita duzuelako».
«Bai», esan zuen Royk, «ez dakigu nolako zortea dugun gure aitak ez digulako zinera joaten uzten, ez digulako kalean jolasten uzten, ez digulako adiskiderik izaten uzten, ez digulako hau eta bestea egiten uzten, eta ez digulako ezer egiten uzten. Egundoko zortea dugu aitak elizara joaten bakarrik uzten digulako, Biblia irakurtzen, aldarearen aurrean txotxoloak bezala kantatzen eta etxean txintxo eta isilik egoten, sagutxoak bezala. Bai horixe, gurea bai zortea. Ez dakit zer egin dudan zorte hau merezitzeko».
Amak barre egin zuen. «Egunen batean jakingo duzu», esan zion. «Gogoan hartu diodana».
«Bai», esan zuen Royk.
«Baina orduan beranduegi izango da», esan zuen amak. «Beranduegi izango da bihurtzen zaretenean... barkatu». Ahotsa aldatu zitzaion. Une batez haren begiek Johnenak topatu zituzten, eta John ikaratu egin zen. Jabetu zen haren hitzak, Jainkoak batzuetan gizakiei hitz egiteko aukeratzen zuen modu bitxi hartaz, Zeruak diktatuak zirela eta berari zuzenduak. Hamalau urte zituen. Beranduegi ote zen? Eta artegatasun hura areagotu egin zuen irudipen batek, une hartan betidanik berarekin egon zela konturatu zen irudipenak, alegia, ama ez zela pentsatzen zuen guztia esaten ari. Zer esaten ote zion izeba Florenceri, galdetu zion bere buruari, elkarrekin mintzatzen zirenean? Edo aitari? Nolakoak ote ziren haren gogoetak? Amaren aurpegiak ez zuen ezer esaten. Baina zeinu ezkutu iragankor gisako bat izan zen une batez begiratu zionean; amaren aurpegia mintzatu egin zitzaion. Haren gogoetak mingotsak ziren.
«Bost axola zait», esan zuen Royk, altxatuz. «Nik umeak ditudanean ez ditut honela tratatuko». Johnek amari begiratu zion; honek Royri begiratu zion. «Ziur nago hau ez dela modua. Eskubiderik ez dago ume pila bat edukitzeko, haiekin nola jardun ez badakizu».
«Heldu samar jaiki zara gaurkoan», esan zion amak. «Kontuz ibili».
«Eta esadazu beste gauza bat», esan zuen Royk, bat-batean burua amarenganantz makurtuz, «esan, zer dela eta ez dit inoiz uzten berari zuri bezala hitz egiten? Nire aita da, ez? Baina ez dit inoiz entzuten; ez, denbora guztian nik entzun behar izaten diot berari».
«Zure aitak», esan zion amak begirik kendu gabe, «badaki zertan ari den. Aitari jaramon egiten badiozu, ziur egon zaitezke ez duzula inongo espetxetan amaituko».
Royk, haserre, arnasa hortzen artean hartu zuen. «Nik ez dut inongo espetxetara joateko asmorik. Zer uste duzu, munduan espetxeak eta elizak besterik ez dagoela? Jakin beharko zenuke ezetz, ama».
«Badakit», esan zion amak, «salbamenik ez dagoela Jaunaren aurrera apaltasunez joan ezean. Zu ere konturatuko zara horretaz noizbait. Zuk segi horrela, egosgogor horrek. Eta arazoak izango dituzu».
Eta bat-batean Royk irribarre zabala egin zuen. «Baina ondoan izango zaitut, ezta, ama? Arazoak ditudanean?»
«Ez dakizu, ordea», erantzun zion amak irribarre ez egiten ahaleginduz, «Jaunak zenbat denbora utziko didan zure alboan egoten».
Roy jiratu eta dantza-urrats bat egin zuen. «Hori ez da arazoa», esan zuen. «Badakit Jauna ez dela aita bezain zorrotza. Ezta?», galdetu zion Johni, bekokian kolpetxo bat emanez.
«Hi, utzi gosaria jaten», kirimikatu zuen Johnek, nahiz eta platera luzaro hustu zuen, eta pozik Roy berarengana jiratu zelako.
«Mutil hau burutik jota dago», ausartu zen esaten Sara, serio.
«Aditu aingerutxoari!», oihukatu zuen Royk. «Aitak ez du sekula arazorik izango horrekin; santu jaio zen hori. Apustu egingo nuke bere lehen hitzak izan zirela: «Eskerrik asko, Jesus». Ez al da egia, ama?»
«Utziozu txatxukeriak esateari», esan zuen honek, barrez, «eta ekin lanari. Ezin dugu goiza ergelkeriak esaten eman».
«Hara, lana al duzu niretzat gaur goizean? Hara, hara...», esan zuen Royk. «Zer egin behar dut, bada?»
«Jangelako zorua eta gainerako zurajea garbitu behar dizkidazu. Eta egiten ez duzun arte ez zara etxe honetatik irtengo».
«Baina zergatik hitz egiten duzu horrela, ama? Egingo ez nuela esan al dizut bada? Ondo dakizu langile ona naizela gogoa dudanean. Egindakoan, irten naiteke?»
«Lehendabizi egin, eta gero gerokoak. Eta hobe duzu ondo egin».
«Beti egiten dut ondo», esan zuen Royk. «Zuraje zahar horri ez diozu antzemango bukatzen dudanean».
«John», esan zion amak, «izan mutil ona eta pasa ezazu erratza harrera-gelan, eta altzariei hautsa kendu. Nik hemengo garbiketa egingo dut».
«Bai, ama», esan zuen Johnek altxatuz. Bai, ama ahaztuta zegoen urtemugaz. Bere buruari zin egin zion ez aipatzea. Ez zuen hartaz gehiago pentsatuko ere.
Harrera-gelan erratza pasatzeak esan nahi zuen, batez ere, tapiz gorri-berde-purpura Ekialdeko estilokoari erratza pasatzea. Tapiza, behiala gelaren gloria izandakoa, orain hain margulduta zegoen, non dena kolore lauso batekoa baitzen, eta zenbait lekutan hain birukatuta zegoenez, erratza trabatu egiten zitzaion. Johnek gorroto zuen tapiza garbitzea, altxatzen zen hautsak sudurra itxi eta larruazal izerdituari atxikitzen zitzaiolako; gainera, iruditzen zitzaion etengabe garbituta ere, hauts-hodeiak ez zirela murriztuko, tapiza ez zela inoiz garbi geratuko. Bere irudimenean hura bizitza osorako eginkizun ezinezkoa zen, proba latza, nonbait irakurri zuen gizon harena bezalakoa, zeinaren madarikazioa arroka biribil handi bat aldapa malkartsu batean gora bultzatzea baitzen, harik eta muinoa zaintzen zuen erraldoiak behera bultzatzen zuen arte; eta horrela etenik gabe, eternitate osoan zehar. Oraindik han zebilen gizajoa, lurraren beste muturrean nonbait, bere arroka muinoan gora igotzen. Johnek primeran ulertzen zion, bere larunbat goizaren zati luzeen eta gogorrena erratzaz tapiz amaiezin hartatik egiten zuen ibilbidea izaten baitzen; eta tapizaren amaiera ekartzen zuten egongelaren muturreko beirazko ateetara iristen zenean, azkenean bere etxea ikusten duen bidaiari izugarri nekatua bezala sentitzen zen. Baina atari parean biltzen zuen palakada bakoitzeko, bazirudien demonioek hogei halako gaineratzen ziotela tapizari; atzean zuen zabaleran ikusten zuen berak altxatutako hautsa berriz ezartzen zela tapizean; ahoa betetzen zion hautsagatik ordurako hozkituta zeuzkan hortzak karraskatzen zituen, eta ia-ia negar egiten zuen hainbeste lanek hain ordain urria ematen zuela pentsatuz.
Hura ez zen Johnen jardunen amaiera izaten, ordea; erratza eta pala gordetakoan, harraskapeko ontzitik hauts-zapia, altzari-olioa eta oihal lehor bat hartu eta egongelara itzultzen zen, familiaren ondasun eta trasteei ehortzearekin mehatxatzen zituen hautsa kentzera. Bere urtemugaz saminez pentsatuz, ispiluari ekin zion oihalaz, bere aurpegia hodei batetik bezala agertzen ikusiz. Asaldatuta, ikusi zuen aurpegia ez zitzaiola mudatu, Satanen eskua oraindik ikusiezina zela. Aitak beti esan zion aurpegia Satanena bezalakoa zuela; eta ez ote zegoen zerbait —bekainak altxatzeko eran, ile latzak kopetan V bat eratzeko moduan—, aitak esandakoaren lekuko zena? Begietan zuen argia ez zen Zeruko argia, eta ezpainek dar-dar egiten zioten, likits eta lohi, Infernuko ardoetatik zurrutada sakonak hartzeko. Bere aurpegiari begiratu zion arrotz batena balitz bezala, eta horixe bilakatu zen, Johnek inoiz jakin ezingo zituen sekretuak bazekizkien arrotz batena. Eta arrotz baten aurpegia zela pentsatu ondoren, arrotz baten modura begiratzen saiatu zen, besteek ikusten zutena aurkitu nahian. Xehetasunak besterik ez zuen ikusten, ordea: bi begi handi, bekoki zabal motza, sudurraren hirukia, aho izugarri handia eta kokotseko ia sumaezina zen arrakala, aitak zioenez deabruaren atxikarraren marka. Xehetasun haiek ez zioten laguntzen, beren batasunaren printzipioa aurkiezina baitzen, eta ezin zuen erabaki grina handienaz jakin nahi zuena: ea aurpegi itsusia zuen ala ez.
Eta begiak mahai-oihalera jaitsi zituen, apaintzen zuten objektuak banan-banan altxatuz. Oihal gainean zeuden, nahaste-borrastean, argazkiak, zorion-txartelak, esaldi bordatuak, zilarrezko bi argimutil kandelarik gabe, eta metalezko suge berdea, erasotzeko prest. Gaurkoan John, gogogabetuta, haiei begira zegoen ikusi gabe; hautsa kentzen hasi zitzaien sakon kezkatuta dagoen baten ardura gehiegizkoaz. Esaldietako bat arrosa-urdina zen, letra bordatuen konkorrek hautsa kentzea zailtzen zutelarik, eta hauxe zioen:
Zatoz arratsean, edo zatoz goizean,
Zatoz bilatzen zaituztenean, edo ezustean.
Mila ongietorri aurkituko dituzu.
Eta zenbat eta sarriago etorri,
Orduan eta gehiago maiteko zaitugu.
Eta besteak, oihal urrezkoaren gainean suzko letrez, honela zioen:
Izan ere, Jainkoak hain maite zuen mundua, non Bere Seme bakarra eman baitzion. Harengan sinesten duen inor hil ez dadin, baizik betiko bizitza izan dezan.
Joan III, 16
Elkarrekin lotura handirik ez zuten gogoeta haiek, zilarrezko argimutilengatik apur bat ilunduta, mahai-oihalaren bi muturrak apaintzen zituzten. Bi muturren artean, zorion-txartelak, urtero-urtero, Eguberritan, Pazkoan, urtemugetan hartuak, beren berri onak aldarrikatzen zituzten; metalezko suge berdeak, berriz, etengabe gaizto, harrotasunez jasotzen zuen burua, erasotzeko tenore egokiaren zain. Ispiluaren aurka, prozesioan bezala, argazkiak zeuden.
Argazki haiek ziren familiaren benetako antigoaleko gauzak; familiaren ustez argazki batek iraganik urrunena bakarrik oroitu beharko balu bezala. Roy eta Johnen argazkiak, eta bi neskenak, ahoskatu gabeko lege hura hausten zutela iruditu arren, errealitatean modurik gordinenean frogatzen zuten: izan ere, denak haurtzaroan eginak ziren, haurrek ezin gogora zezaketen garai eta egoeran. Bere argazkian John biluzik agertzen zen ohe-estalki zuri baten gainean, eta jendeak barre egiten zuen, oso polita zela esanez. Baina Johnek begiratzen zion bakoitzean lotsa eta erresumina sentitzen zuen, bertan bere biluztasuna hain modu zakarrez agertzen zelako. Besteetako inor ez zen biluzik agertzen; ez, John sehaskan zegoen etzanda, jantzi zuria soinean eta kamerari hortzik gabeko irribarrea zuzentzen, eta Sara, serio bere sei hilabeterekin, txano zuria zeraman, eta Ruth amaren besoetan zegoen. Jendeak argazki hauei begiratu eta barre egiten zienean, barre hura John biluziaren aurrean egiten zuen barrea ez bezalakoa izaten zen. Honengatik, bisitariak Johnekin adiskidetzen saiatzen zirenean Johnek uzkur jokatzen zuen, eta haiek, arrazoiren bat zela medio atsegin ez zituela pentsatuz, ume «xelebrea» zela esanez mendekatzen ziren.
Beste argazkien arteko batean izeba Florence agertzen zen, aitaren arreba, ilea gorantz altxatuta eta xingola batez lotuta zeramala, garai bateko moduan; oso gaztea zen argazkia egin ziotenean, Iparraldera etorri berria. Batzuetan, bisita egitera etortzen zenean, argazkira jotzen zuen gaztaroan zein polita izan zen erakusteko. Bazegoen amaren argazki bat ere, ez Johnek atsegin zuena, behin bakarrik ikusitakoa, baizik eta ezkondu eta berehala egindako bat. Beste argazki batean aita agertzen zen, beltzez jantzita, landetxe bateko atarian eserita, eskuak pisuki altzora bilduta. Argazkia egun eguzkitsu batean egina zen, eta eguzkiak modu basatian areagotzen zituen aitaren aurpegiko plano desberdinak. Eguzkiari tinko begira zegoen, burua jasota, argia jasan ezinik, eta nahiz gaztetan egindako argazkia izan, ez zen gizon gazte baten aurpegia; jantziaren halako arkaikotasun bat zen argazkia aspaldi egina zela adierazten zuen aztarna bakarra. Argazkia egin zioten garaian, esaten zuen izeba Florencek, jadanik predikatzailea zen, eta emaztea zuen, orain Zeruan zegoena. Garai hartan predikatzailea izana ez zen harritzekoa, inoiz beste ezer izan zela irudikatzea ezinezkoa baitzen; baina hain iragan urrun batean orain hilik zegoen beste emazte bat izanak batere atsegina ez zen harriduraz betetzen zuen John. Hura bizirik egon balitz, pentsatzen zuen Johnek, orduan bera ez zatekeen inoiz jaioko; aita ez baitzatekeen inoiz Iparraldera etorriko eta bere ama ezagutuko. Eta zuela hainbeste urte hildako emakume misteriotsu hark, Debora izena zuela bazekiena, bere hilobiaren sendotasunean gordetzen zuen, Johnen ustez, berak askatu nahi zituen misterio haien guztien gakoa. Emakume hark Johnek gabeko bizitza batean ezagutu zuen aita, Johnek inoiz ikusi ez zuen lurraldean. Bera inon ez zegoenean, ez zenean deus, hauts, hodei, aire eta eguzki, eta euri, amak zioen bezala beraz pentsatu ere egiten ez zutenean, izeba Florencek zioen bezala Zeruan aingeruekin zegoenean, orduan bere aita ezagutu zuen eta aitaren etxea partekatu zuen. Aita maite izan zuen. Aita ezagutu zuen zeruan barrena tximistek distiratu eta trumoiek burrunbatzen zutenean, eta aitak esaten zuen: «Entzun. Jainkoa mintzo da». Lurralde urrun hartako goizetan ezagutu zuen, aita ohean jiratu eta begiak zabaltzen zituenean, eta begi haiei so geratu zen, haien barrean zer zegoen ikusiz, eta ez zuen beldurrik izan. Aitaren bataioa ikusi zuen, garrasika eta mandoa bezala ostikoka, eta negar egiten ere ikusi zuen ama hil zitzaionean; gizon gaztea zen orduan, esan ohi zuen Florencek. Begi haietara begiratu baitzuen haiek Johni begiratu aurretik, eta Johnek inoiz jakingo ez zuena zekien: aitaren begien garbitasuna beren sakontasunean John islatzen ez zenean. Izebak esan ziezaiokeen Johnek bere ezkutalekutik galdetzen ausartu izan balitz!— aitaren maitasuna nola lortu. Baina orain beranduegi zen. Ez zuen hitz egingo epai-eguna arte. Eta hainbeste ahotsen artean, bere ahots dardaratia barne, Johnek ez zion jaramonik egingo haren lekukotasunari.
Bukatu zuenean, gela iganderako prest utziz, John haustsu eta nekatuta sentitu zen, eta leiho parean eseri zen aitaren besaulkian. Eguzki izoztu batek betetzen zituen kaleak, eta haize zakarrak paper zimurtuz eta hauts izoztuz betetzen zuen airea, denda eta elizetako txartel-oholak mugiaraziz. Neguaren amaiera zen, eta zaborrez betetako elurra, bide-bazterretan zehar pilatua, gesaltzen ari zen orain, kale-erretenak gainezkatuz. Mutilak beisbolean ari ziren kale heze hotzetan; artilezko jertse astunak eta galtza astunak soinean, dantzan eta oihuka ari ziren, eta pilotak krak egiten zuen bateak jo eta airean barrena ziztu bizian bidaltzen zuenean. Mutil batek txano luze gorri-gorria zeraman, eta artile-bola handia, atzealdean zintzilik, jauzika hasten zen berak saltatu ahala, etorkizun distiratsu baten zantzua baiatzen. Eguzki hotzak letoi eta brontzezko bihurtzen zizkien aurpegiak, eta Johnek haien ahots latz lotsagabeak aditzen zituen leiho itxia zeharkatzen. Haiek bezalakoa izan nahi zuen, kalean jolastu nahi zuen beldurrik gabe, halako grazia eta indarrez mugitu, baina bazekien ezinezkoa zela. Baina haien jolasetan aritu ezin bazen ere, haiek ezin egin zezaketen zerbait egin zezakeen berak: pentsatu. Hala ere kontsolamendu makala zen hura, gaurkoan bere gogoetek izutzen baitzuten. Mutil haiekin egon nahi zuen kalean, axolagabe, arduragabe, bere gorputz azpikari eta harrigarria nekatzen.
Baina goizeko hamaikak ziren, eta bi ordu barru aita etxean izango zen. Gero agian bazkaldu egingo zuten, eta gero aitak otoitzean gidatuko zituen, eta Bibliako pasarteren bat irakurriko zien. Pixkana-pixkana ilunabarra helduko zen eta aita eliza garbitzera eta arratseko elizkizuna egitera abiatuko zen. Kolpetik, leiho ondoan eserita eta inoiz ez sentitutako biolentziaz, sumin eta malkozko ibai batek gainezkatu zuen John, eta honek burua makurtu zuen, ukabilak kristalaren aurka estutuz, hortzen artean amorruz zotinkatuz: «Zer egin dezaket? Zer egin dezaket?»
Gero amak deitu zion; orduan gogoratu zen hura sukaldean zegoela gobara egiten, eta ziur aski izango zuela berarentzako zereginen bat. Astiro zutitu eta sukaldera sartu zen. Ama lixiba-ontzi gainean makurtuta zegoen, besoak bustita eta xaboiz beteta ukondoraino, eta kopeta izerdiz estalita. Haren mantala, maindire zahar batez egina, bustita zegoen lixiba-oholaren gainean jardundako lekuan. John sartu zenean, ama zutitu egin zen, eskuak mantalaren ertzean lehortuz.
«Bukatu al duzu lana, John?», galdetu zion.
«Bai, ama», erantzun zion Johnek, amak modu bitxi batez begiratzen ziola pentsatuz; beste norbaiten umeari begiratuko balio bezala.
«Han mutil zintzoa», esan zion. Irribarre lotsati behartu bat egin zuen. «Badakizu amaren kuttuna zarela?»
Johnek ez zuen ezer esan, ezta irribarre egin ere, baina begira geratu zitzaion, bere buruari galdetuz hura zein zereginen sarrera ote zen.
Ama jiratu egin zen, esku bustia kopetatik pasatuz, eta armairura joan zen. Bizkarra ematen ari zitzaion, eta John aman so geratu zen hura lorontzi distiratsu estanpatua, okasio berezienetan bakarrik lorez betetzen zena, hartu eta haren edukiak ahurrean husten zituen bitartean. Txanpon-hotsa aditu zuen, eta hark dendara bidaliko zuela esan nahi zuen. Ama lorontzia bere lekuan utzi, jiratu eta aurrez aurre geratu zitzaion, esku erdi itxia aurreratuz.
«Ez dizut galdetu ea zer nahi zenuen zure urteetarako», esan zion. «Baina har ezazu hau, eta eros ezazu nahi duzun zer edo zer».
Eta semearen eskuharra zabaldu eta bertan utzi zituen bere eskuan egoteagatik oraindik bero eta bustita zeuden txanponak. Txanpon bero leunak eta amaren eskua berearen gainean sentitu zituenean, John, itsu, begira geratu zitzaion hain goian zegoen aurpegi hari. Bihotza hautsi zitzaion, eta burua amaren sabelean jarri, zati bustia zegoen lekuan, eta negar egin nahi izan zuen. Baina begirada jaitsi eta eskuharrari so geratu zitzaion, txanpon-pila txikiari so.
«Ez da askorik, badakit», esan zion amak.
«Berdin dio». Gero begirada jaso, eta amak burua makurtu eta musu eman zion kopetan.
«Mutil handia egiten ari zara», esan zion, eskua semearen kokots azpian jarriz eta haren aurpegiari urrutitik behatuz. «Gizon fina izango zara, ba al zenekien? Amatxok konfiantza du zuregan».
Eta Johnek berriro ere jakin zuen ama ez zitzaiola pentsatzen zuen guztia esaten ari; hizkera sekretu gisako batez, ama gaur berak gogoan hartu eta bihar ulertu beharreko zerbait ari zitzaion esaten. Aurpegi hari begiratu zion, bihotza amarenganako maitasunez puztuta, eta oraindik arrotz egiten zitzaion larridura ulertezin eta ikaragarri bat nagusitzen zitzaiolarik.
«Bai, ama», esan zion, mihia trabatu arren berari atsegin emateko zuen irrikaren sakonaz jabetuko zelakoan.
«Badakit ulertzen ez dituzun gauza asko daudela», esan zion amak. «Baina ez estutu. Jaunak jakin behar duzun guztia argituko dizu Berak tenore egokia dela uste duenean. Jar ezazu fedea Jaunarengan, Johnny, eta Hark lagundu egingo dizu inondik ere. Gauzak gogara ateratzen zaizkie Jauna maite duten guztiei».
Lehenago ere entzuna zion hura esaten —haren esaldi kuttuna zen, aitarena Konpondu etxeko arazoak zen bezalaxe—, baina bazekien gaurkoan berari esaten ari zitzaiola bereziki; laguntzen ahalegintzen ari zen, bazekielako arazoak zituela. Eta arazo haiek amarenak berarenak ziren, Johni inoiz kontatuko ez zizkionak. Eta nahiz John seguru egon ezin zirela gauza berez hitz egiten ari —zeren orduan ama haserre egongo zen, Johnenganako harrotasuna jadanik zapuztuta—, amaren intuizio hark eta berarenganako sentitzen zuen maitasun aitortuak halako errealtasun ikaragarri bat ematen zion Johnen asaldurari, halako duintasun kontsolagarri bat. Zehaztugabeki, ama kontsolatu beharko zuela begitandu zitzaion, eta txundituta aditu zituen bere ezpainetatik irten ziren hitzok:
«Bai, ama. Jauna maitatzen ahaleginduko naiz».
Hau entzutean, amaren aurpegian harrigarria, ederra eta izugarri tristea zen zerbait marraztu zen; Johnen atzean, oso urruti zegoen errepide luze ilun bati begira bailegoen, eta errepide hartan etengabe arriskuan zegoen bidaiaria ikusiko balu bezala. Semea ote zen bidaiaria? Edo ama bera? Edo Jesusen gurutzea ote zuen gogoan? Harraskara jiratu zen, tristura bitxi hura oraindik aurpegian.
«Tira, zoaz orain, aita itzuli aurretik», esan zion.
Central Parkeko bere muino kuttunean elurra ez zen oraindik gesaldu. Parkearen erdian zegoen muinoa, eta hara iristeko atzean utzi behar zuen urmael zirkularra; bertan, burdinsarezko hesi garaiaren beste aldean, beti ikusten zituen andre zuriak, larruzko berokiak soinean eta zakur handiekin pasiera egiten, eta agure fin zuriak eskumakilekin. Senari eta parke inguruko eraikinen itxurari esker ezagutzen zuen gune batean, zuhaitzez estalitako bide malkartsu batetik abiatu zen, eta gora egin zuen muinora zeraman soilgunera iritsi arte. Handik gora soilgunea gorantz zabaltzen zen, eta haren gainetik zeru distiratsua ikusi zuen, eta haratago, hodeitsu eta oso urrun, New Yorken silueta. Ez zekien zergatik, baina barne-berotasuna eta botere-zirrara bat piztu zitzaion, eta gailurrerantz abiatu zen korrika motorra bezala, edo eroa bezala, aurrean distiratzen zuen hiri gainera buruz behera bota nahian.
Baina tontorrera iritsitakoan gelditu egin zen; gailurrean zutik zegoen, eskuak kokots azpian lotuta, behera begira. Orduan John erraldoia bezala sentitu zen, hiri hura bere suminaz birrin zezakeen erraldoia bezala, bere orpoez hiri hura txiki zezakeen tiranoa bezala; luzaro espero izan den konkistatzailea bezala sentitu zen, oinetara loreak jaurtitzen zizkioten eta jendetzak bere aurrean «Hosanna!» deiadarka hasten zenekoa bezala. Denen artean indartsuena izango zen, maitatuena, Jaunak gantzutua; eta bere arbasoek urrutitik desiraz ikusitako hiri distiratsu hartan biziko zen. Berea baitzen; deiadarka jaitsi besterik ez zuen, eta bihotzak zabalduko zizkioten, eta bere begiek inoiz ikusi gabeko mirariak erakutsiko zizkioten.
Eta hala ere muino-tontorrean geratu zen. Hiri hartan ikusitako jendeaz gogoratu zen, begietan berarenganako maitasunik ez zeraman jendeaz. Eta haien oin bizkor eta zakarretan pentsatu zuen, eta soinean zeramatzaten jantzi gris ilunez, eta nola ez zuten ikusten aldamenetik pasatzen zitzaizkionean, edo ikusten bazuten, irribarre faltsua zuzentzen zioten. Eta nola haien argiak pizten eta itzaltzen ziren etenik gabe bere gainean, eta nolako arrotza zen han. Gero aitaz eta amaz gogoratu zen, haien esku luzatuez, berari eusteko, haien esanetan bere arimak hondamendia aurkitu behar zuen hiri hartatik salbatzeko.
Eta egia zen hondamendia zabaltzen zitzaiela han zebiltzanen oinei; hondamendiak oihuka ziharduen argi haietan, dorre erraldoi haietan; Satanen aztarnak ikusten ziren zinema-aretoetako ateetan zain zegoen jendearen aurpegietan; haren hitzak inprimatuta zeuden jendea bekatu egitera gonbidatzen zuten film-txartel handietan. Kondenatuen orroek betetzen zuten Broadway, eta bertan autoak eta autobusak eta presaka zebilen jendea heriotzarekin lehiatzen ziren zentimetro bakoitza irabazteko. Broadway: heriotzara zeraman bidea zabala zen, bai, eta jende asko aurki zitekeen bertan; estua zen, ordea, bizitza eternalera zeraman bidea, eta gutxik aurkitzen zuten. Baina berak ez zuen bere senideak zebiltzan bide estua nahi; hartan etxeak ez ziren altxatzen, hodei aldaezinak zulatu nahi balute bezala, lur zikinaren gainean pilatzen baizik, apal eta doilor, kaleak eta atariak eta gelak beti ilun, eta izerdiaren, gernuaren, eta etxean egindako ginebraren kiratsak nagusi. Bide estuan, gurutzearen bidean, umilazioa besterik ez zuen zain; egunen batean zain izango zituen halaber aitarena bezalako etxea, eta aitarena bezalako eliza, eta aitarena bezalako lana, zeinean goseak eta beharrak zaharkitu eta belztu egingo zuten. Gurutzearen bideak haizez betetako sabela eman zion aitari, eta bizkarra okertu amari; ez zuten inoiz arropa finik jantzi, baina han, eraikinek Jainkoaren botereari aurre egiten zioten lekuan, gizon-emakumeek Jainkoaren beldur ez ziren lekuan, han gogara jan eta edan ahal izango zuen, han oihal zoragarriak, tankeraz aberatsak eta ukitzeko atseginak, jantzi ahal izango zituen. Baina orduan zer gertatuko zitzaion arimari, egunen batean hil eta epai-mahaiaren aurrean biluzik aurkeztu beharko zuenean? Hiria konkistatzeak zertarako balioko zion egun hartan? Gloria eternala une atsegin baten truke pikutara bidaltzeko!
Gloria hura irudikaezina zen... baina hiria erreala zen. Une batean egon zen zutik gesaltzen hasia zen elurraren gainean, adigabetuta, eta gero muinoan behera korrika hasi zen, jaitsiera bizkortu ahala hegan zihoala sentituz, eta pentsatuz: «Berriz igo ahal izango naiz. Oker egin badut, atzera igo ahal izango naiz». Muinoaren oinean lurra lautu egiten zen hartxintxarrezko bidexka bat eratuz, eta hara iristean bultzatu eta ia lurrera bota zuen eskumakilaren laguntzaz astiro-astiro zebilen bizar zuriko agure zuri bat. Biak gelditu ziren, harrituta, elkarri begira. John barkamen eskatzeko arnasa eskuratzen saiatu zen, baina agureak irribarre egin zion. Johnek irribarrea bihurtu zion. Berak eta agureak beren artean sekretu handi bat balute bezala zen. Agureak aurrera segitu zuen. Elurguneek dirdira egiten zuten parke osoan zehar. Eguzki zurbil indartsuaren azpian, zuhaitzen adar eta enborretako izotza gesalduz zihoan astiro.
Bosgarren Hiribidean irten zen parketik. Bertan, beti bezala, antigoaleko zalgurdiek ilara egiten zuten espaloian barrena, gurdizainak aulki garaietan eserita eta belaun gainean tapakiak ezarrita, edo bizpahiru laguneko taldeak osatuz zaldien ondoan, oinak lurraren kontra kolpatzen, pipa erretzen eta elkarrekin hizketan. Uda garaian ikusten zuen gurdi haietan ibiltzen zen jendea, liburuetako edo filmetako pertsonaien antzera, antzinako jantziak soinean, arratsean errepide izoztuetatik barrena abiada bizian, heriotzara itzularazi nahi zituzten beren arerioek hurbiletik jarraitzen zietela. «Begira atzera, begira atzera», oihukatu zuen ile kizkur luzeko emakume horail eder batek, «ea jarraitzen diguten!». Eta Johnek gogoan zeukan nolako amaiera izugarria izan zuen emakumeak. Noizean behin apatx distiratsuaz zorua kolpatzen zuten zaldi marroi eskerga eta lasaiei begira geratu zen orain, eta pentsatu zuen nolakoa izango ote zen noizbait bere zaldia edukitzea. «Rider» jarriko zion izena, eta goizean zamalkatuko ziren, belarra bustita zegoenean, eta zaldi gainetik begiratuko zuen soro eguzkitsu zabaletara, bere soroetara. Atzean etxea zegoen, handia, irregularra eta oso berria, eta sukaldean emaztea, emakume ederra, gosaria prestatzen, eta tximiniatik gora altxatzen zen kea, goizeko airearekin bat eginez. Haurrak zituzten, aita deitzen ziotenak, eta Eguberritan tren elektrikoak erosten zizkien. Eta bazituen indioilarrak eta behiak, eta oiloak eta antzarak, eta beste zenbait zaldi ere bai, «Rider» ez ezik. Armairu bat zuten ardoz eta whiskyz beteta; autoak zituzten... baina zein elizatara joaten ziren, eta zer irakatsiko zien umeei arratsean bere ingurura biltzen zirenean? Aurrera begiratu zuen, Bosgarren Hiribidera; han zebiltzan emakume lirainak larruzko berokiez jantzita, zetazko soinekoak, erlojuak eta eraztunak erakusten zituzten leihoei begira. Zer elizatara ote zihoazen? Eta nolakoak ote ziren haien etxeak arratsean beroki haiek eta zetazko soineko haiek eranzten zituztenean, eta harribitxiak kaxa batean sartu eta ohe leunetan etzaten zirenean, lokartu aurretik joandako egunaz une batez pentsatzeko? Bibliako bertso bat irakurtzen al zuten gauero, eta belaunikatzen ote ziren otoitz egiteko? Ez, haien gogoetak ez baitzeuden Jainkoarengan, eta haien bidea ez zen Jainkoaren bidea. Munduan zeuden, eta munduarenak ziren, eta haien oinak Infernuan zeuden bermatuta.
Hala ere eskolan haietako batzuk atseginak izan ziren berarekin, eta zaila zen haiek Infernuan betiko erretzen irudikatzea, orain hain lirain eta ederrak baitziren. Behiala, katarro oso gogor bat zela eta gainetik kendu ezinik gaixo egon zen negualdi batean, bere irakasle batek bakailao-gibel olio botila bat eraman zion, almibar oso lodi batekin nahasia hain zapore txarra izan ez zezan: hura bai ekintza kristaua. Amak esan zuen Jainkoak bedeinkatu egingo zuela emakume hura; eta hobetu egin zen. Atseginak ziren, bera seguru zegoen atseginak zirela, eta haien arreta erakartzea lortuko zuen egunean maite eta errespetatu egingo zuten inondik ere. Aitak, ordea, ez zuen hala uste. Aitak esan ohi zuen zuri guztiak gaiztoak zirela, eta Jainkoak umilarazi egingo zituela. Esaten zuen jende zuria ez zela fidatzeko modukoa, gezurra besterik ez zutela esaten, eta haietako bakar batek ere ez zuela inoiz beltz bat maitatu. Bera, John, beltza zen, eta apur bat hazten zenean konturatuko zen jende zuria zein gaiztoa izan zitekeen. Johnek irakurriak zituen jende zuriak beltzei egiten zizkien gauzak; nola Hegoaldean, gurasoen sorterrian, zuriek iruzur egiten zieten soldatan, nola erre egiten zituzten, eta tiroz hil... eta are gauza okerragoak ere, esaten zion aitak, mihiak ezin konta zitzakeenak. Irakurriak zituen berek ez egindako gauzengatik aulki elektrikoan hildako gizon beltzen kasuak; matxinadetan nola kolpatzen zituzten makilez; nola torturatzen zituzten espetxeetan; nola ziren azkenak lana aurkitzen eta lehenak lana galtzen. Beltzak ez ziren bizi John orain zebilen kaleetan, debekatuta zegoen; hala ere, han zebilen une hartan, eta ez zuen inork bere aurka eskurik altxatzen. Baina ausartuko al zen emakume bat kaxa biribil handi batekin lasai-lasai irteten ari zen denda hartara sartzen? Edo, uniforme distiratsua soinean, zutik zegoen gizon zuriaren aurreko apartamentuetara sartzen? Johnek bazekien ez zela ausartzen, ez gaur behintzat, eta aitaren barrea entzun zuen: «Ez, ezta bihar ere!» Beretzat atzeko atea zegoen, eta eskailera ilunak, eta sukaldea sotoan. Mundu hura ez zen berarentzat egina. Ez bazuen sinetsi nahi, eta lepoa hautsi nahi bazuen ahalegintzen, orduan ahalegin zitekeen eguzkia itzali arte; ez zioten inoiz sartzen utziko. Orduan, Johnen gogoan, aldaketa gertatu zen hiribidean, eta beldur izan zien, eta jakin zuen egunen batean gorroto izango ziela, Jainkoak bihotza aldarazten ez bazion.
Bosgarren Hiribidea utzi eta mendebaldera jo zuen, zinema-aretoen aldera. Hura, 42. kalea, ez zen hain dotorea, baina oso bitxia zen halaber. Oso gogoko zuen kale hura, ez jendearengatik edo dendengatik, Liburutegi Publikoaren eraikin handia zaintzen zuten harrizko lehoiengatik baizik. Izugarri handia zen eta liburuz betetako eraikin hartara ez zen oraindik inoiz sartzen ausartu. Sar zitekeen, bazekien, Harlemeko liburutegiko bazkidea zen aldetik hiriko edozein liburutegitako liburuak etxera eramateko eskubidea baitzuen. Baina ez zen inoiz sartu, eraikina hain handia izanik pasabide eta marmolezko eskailerez beteta egongo zela uste zuelako, eta labirintu hartan galdu egingo zela, nahi zuen liburua inoiz aurkitu ahal izan gabe. Eta orduan denek, barruko zuri guztiek, jakingo zuten ez zegoela ohituta eraikin handietara, edo liburu askotara, eta errukiz begiratuko zioten. Beste noizbait sartuko zen, auzoko liburu guztiak irakurri ondoren, lorpen hark, bere ustetan, munduko edozein eraikinetara sartzeko lasaitasuna emango baitzion. Jendea, gizonezkoak batik bat, liburutegia inguratzen zuen parkeko harrizko hormetan bermatuta zegoen, edo batera eta bestera ibiltzen ari zen, tarteka iturri publikoetako ura edateko makurtuz. Uso zilartsuak une batez pausatzen ziren lehoien buruetan edo iturrien ertzetan, eta harro-harro ibiltzen ziren bidean zehar. Woolworth erostetxearen aurrean gelditu zen, gozokiz betetako erakusleihoari begira, zer gozoki erosi erabaki nahian, baina bat ere erosi gabe, denda gainezka baitzegoen, eta ziur zen saltzaileak ez zuela berarengan inoiz erreparatuko. Ondoren lore artifizial saltzaile baten aurrean gelditu zen, eta Seigarren Hiribidea gurutzatu zuen, Automat jatetxea zegoen lekua, eta taxi aparkatuak, eta dendak, gaurkoan begira geratuko ez zen dendak, leihoetan postal lizunak eta txantxetarako gauzak erakusten zituztenak. Seigarren Hiribidetik harantzago zinema-aretoak hasten ziren, eta film-argazkiei adi begira geratu zen, antzoki haien guztien artean zeinetara sartu behar zuen erabaki nahian. Azkenean kolorezko txartel erraldoi baten aurrean gelditu zen; bertan agertzen zen emakume gaizto bat, erdi biluzik, atarian bermatuta, kalera zorigaizto aurpegiz begira zegoen gizon horail batekin liskar bizian, antza. Buruen gainean honako hau zegoen idatzita: «Familia guztietan dago gizon hau bezalako ergela, eta aldamenean etxera eramateko prest dagoen emakumea!» Hura ikustea erabaki zuen, identifikatuta sentitzen baitzen gazte horailarekin, bere familiako ergela, eta gehixeago jakin nahi zuen haren patu hain nabarmenki zorigaitzari buruz.
Orduan txartel-saltzailearen leihatila gaineko prezioari begiratu, eta bere txanponak erakutsitakoan, ateak zabaltzeko ahalmena zuen paper-zatia lortu zuen. Sartzea erabakitakoan, ez zuen atzera begiratu, santuetakoren bat kaletik pasa, bera ikusi, oihuka deitu eta besotik helduz handik eramango ote zuen beldurrez. Ziztu bizian zeharkatu zuen harrera-gela tapizez jantzia, ezeri begiratu gabe, eta txartela zati ziezaioten bakarrik geldituz, erdi bat zilar-antzeko kutxa batera bota eta bestea bihurtzen ziotelarik. Ondoren, laguntzaileak jauregi ilun haren ateak zabaldu eta linterna atzerantz zuzenduz jarlekuraino eraman zuen. Orduan ere, belaun eta oin kontaezin bultzatuz zegokion jarlekura iritsi zenean, ez zen arnasa egiten ausartu, eta pantailari ere ez zion begiratu, azken barkamen-itxaropen gaizpera batek bultzatuta. Inguratzen zuen iluntasunari so geratu zen, Infernuko ilunpeen hain antzekoa zen ilunpe hartatik pixkanaka agertuz zihoazen profilei begira. Zain geratu zen iluntasuna Mesiasen bigarren etorreraren argiak noiz hautsiko zain, sabaia gorantz noiz arrailduko zain, guztien begien aurrean Jainko suminkorra eta Zeruko gorte osoa suzko zalgurditan jaisten agerian uztearren. Jarlekuan hondoratu zen, bere kukubilkatzeak ikusiezin bihurtuko balu bezala, bertan zegoela ukatuz. Baina gero pentsatu zuen: «Oraindik ez. Epaiaren eguna ez da oraindik iritsi», eta ahotsak entzun zituen, zorigaitzeko gizonaren eta emakume gaiztoaren ahotsak inolaz ere, eta saihestu ezinik begiak jaso eta pantailari begira geratu zen.
Emakumea ezin gaiztoagoa zen. Horaila zen, larruazal zurbilekoa. Londresen bizia zen, Ingalaterran, eta haren arropei begiratuz urte asko lehenago. Eztul egiten zuen; gaitz izugarri batek jota zegoen, tuberkulosia, Johnek inoiz entzundako gaitza. Izan ere, bere amaren sendiko norbait hil baitzen hark jota. Filmeko emakumea mutil askorekin ibiltzen zen, eta zigarroak erretzen zituen, baita edan ere. Hain maite zuen ikasle gazte hura ezagutu zuenean, anker jokatu zuen harekin. Barre egiten zion elbarrituta zegoelako. Dirua kentzen zion eta beste zenbait gizonekin ibiltzen zen, eta gezurrak esaten zizkion inondik ere arrunt ergela zen ikasleari. Ikaslea herrenka ibiltzen zen batera eta bestera, bigun eta triste, eta luze gabe Johnek emakume bortitz eta zorigabe harengan jarri zuen sinpatia osoa. Ulertu egiten zuen suminaldiren bat zuenean, eta aldakak astintzen zituenean, eta burua atzera eramanez barrez hasten zenean halako grinaz, non lepoko zainak lehertu behar zitzaizkiola baitzirudien. Emakume txiki eta itsusi samar hura kale hotz lainotsuetan ibiltzen zen aldakak harro eta lizun astinduz, mundu osoari esanez «Zoazte denak pikutara». Ezin zuen ezerk hezi, ez zuen ezerk hunkitzen, ez adeitasunak, ez mesprezuak, ez gorrotoak, ez maitasunak. Ez zuen inoiz otoitz egiten pentsatu. Irudikaezina zen inoiz belaunikatu eta lurrean arrastaka inoren aldareraino joango zenik, negarrez, barkamen eske. Beharbada haren bekatua hain zen larria, ezin barka zitekeen; beharbada haren harrotasuna hain handia zen, ez zuen barkamen premiarik. Eroria zen Jainkoak gizon-emakumeentzat pentsatutako maila garaitik, eta erorketa gloriatsu bihurtu zuen hain erabatekoa izan zelako. Johnek ezin aurkituko zuen bere bihotzean, bila hasten ausartu izan balitz, emakumea askatzeko inongo desirarik. Hura bezalakoa izan nahi zuen, baina indartsuagoa, erabatekoagoa, eta ankerragoa; inguruan zituen eta mindu egiten zuten guztiei sufriarazteko, emakumeak ikasleari sufriarazten zion bezala, eta aurpegira barre egiteko sufrikarioaren aurrean errukia eskatzen ziotenean. Berak ez zukeen errukirik eskatuko, nahiz bere oinazea besteena baino handiagoa izan. Aurrera, neska, xuxurlatu zuen, ikaslea, neskaren gogo gaizto krudelari aurre eginez, hasperenka eta negarrez hasi zenean. Aurrera, neska. Egunen batean bera ere hala mintzatuko zen, aurre egingo zion jende hari, esan egingo zien nolako gorrotoa zien, iraganean zenbat sufriarazi zioten, eta nolako ordaina emango zien!
Edonola ere, emakumea hiltzen zenean, azkenean hil egiten baitzen, inoiz baino tankera groteskoagorekin, merezi zuen bezala, Johnen gogoetak kolpetik gelditu ziren, eta izoztuta geratu zen emakumearen aurpegiera ikusiz. Bazirudien amaigabe kanpora eta behera begira zegoela, aurre egin beharrean bezala bizitzan ezagututako haizerik sendoena baino zorrotzago bati; abiadura handiz bultzatuta sentitzen zela ezerk, ez bere harrotasunak, ez bere adoreak, ez bere gaiztakeria gloriatsuak, lagundu ezingo zion erresumara batera. Hura zihoan lekuan gauza haiek ez zuten axola, beste zerbaitek zuen garrantzia; zerbait haren izena, ordea, ez zekien emakumeak, aztarna hotz bat besterik ez zen, berak inola ere ezin alda zezakeena, eta ez zuen inoiz hartaz pentsatu. Negarrez hasi zen, eta aurpegi gaiztoan haur-imintzio bat marratu zitzaion; eta bakarrik utzi zuten, zikinduta gela zikin batean, bakarrik bere Egilearen aurrean. Irudia beltzera funditu zen, emakumea desagertu zelarik; eta nahiz filmak jarraitzen zuen, ikaslea beste neska batekin ezkon zedin, neska beltzaranago eta oso atsegin baina inola ere ez bestea bezain deigarri batekin, Johnek emakume hartaz eta haren amaiera izugarriaz pentsatu zuen. Eta gogoeta blasfemoa izan ez balitz, pentsatuko zukeen Jaunak berak gidatu zuela antzoki hartara, bekatuaren ordaina zein zen ikus zezan. Pelikula bukatu zen eta inguruko jendea mugitzen hasi zen; gero albiste-laburmetraia hasi zen, eta bere aurretik bainujantzia soinean zeramaten neska batzuek desfilatzen zuten bitartean, boxeolariek marmarka borrokatzen zuten bitartean, beisbol jokalariek jokaldi bikainak biribiltzen zituzten bitartean eta beretzat izenak besterik ez ziren herrialdeetako erregeak eta presidenteak argizko lauki dardaratitik bizkor pasatzen ziren bitartean, Johnek Infernuan pentsatzen zuen, bere arimaren salbazioaz, eta senperrenak egiten zituen bizitza eternalera zeraman bidearen eta amildegian amaitzen zen bidearen artean konpromiso bat aurkitzeko. Ez zegoen, ordea, halakorik, bera egian hazi baitzuten. Berak ezin zuen argudiatu, Afrikako basatiek egin zezaketen modura, inork ez ziola Ebanjelioa irakatsi. Bere gurasoek eta santu guztiek irakatsi zioten lehen haurtzarotik hasita zein zen Jainkoaren nahia. Bitatik bat, zinema-areto hartatik altxatu behar zuen inoiz ez itzultzeko, mundua eta bere plazerak, haren ohore eta gloriak atzean utziz, ala han geratu behar zuen gaiztoekin, jasoko zuten zigorrean parte hartuz. Bide meharra zen, bai; eta John jarlekuan mugitzen zen, halako aukera krudela egin behar izatea Jainkoaren bidegabekeriatzat hartzen ausartu gabe.
Ilunabar partean John etxera hurbilduz zihoala, Sara txikia ikusi zuen, berokia itxi gabe, etxetik ziztu bizian irteten eta kaleko beste norabiderantz jotzen eta bertako botikan sartzen. Bat-batean ikaratu egin zen; une batez gelditu zen, kalean behera begirada hutsa zuzenduz, bere buruari galdetuz zein izan zitekeen halako presa histerikoaren arrazoia. Egia zen Sarak garrantzi handia ematen ziola egiten zuen guztiari, eta egin beharreko edozein mandatu hil ala biziko gauza balitz bezala jarduten zuela; nolanahi ere, erosketaren bat egitera bidalia zen, eta halako abian, non amak ez baitzuen berokia guztiz itxi zezan lortu.
John ahul sentitu zen; benetan zerbait gertatu bazen, orain etxean ez zen giro izango, eta ez zuen bertan egon nahi. Baina agian amak buruko mina sentitu eta Sara botikara aspirina bila bidali besterik ez zuen egin. Hala izango balitz, esan nahiko luke berak prestatu beharko zuela afaria, eta umeez arduratu, eta arrats osoan zehar aitaren begien mende egon. Eta ibilera moteltzeari ekin zion.
Mutil batzuk zeuden atarian. Begira geratu zitzaizkion hurbiltzen zen bitartean, eta bera saiatu zen ez begiratzen eta haien ibilera harroxko hura imitatzen. Harrizko maila motzak igo eta harrera-gelan sartzera zihoala, haietako batek esan zion, «Gaurkoan ederki jipoitu diate anaia, txo».
Begira geratu zitzaien izututa bezala, xehetasunak eskatzen ausartu gabe; eta erreparatu zuen haien itxura ere borrokan aritu balira bezalakoa zela. Haien itxura lotsatuak ihes egin behar izan zutela iradokitzen zuen. Gero behera begiratu zuen, eta odola ikusi zuen atarian, baita harrera-gelako zoru baldosatuan zipriztinduta ere. Berari etengabe so egon ziren mutilei ostera begiratu, eta eskailerak lasterka igo zituen.
Atea erdi zabalik zegoen, Sara itzuliko zenerako inolaz ere, eta hotsik egin gabe sartu zen, ihes egiteko bulkada nahasia sentituz. Sukaldean ez zegoen inor, lanpa piztuta egon arren; etxe osoko argiak zeuden piztuta. Bertako mahai gainean barazkiz betetako erosketa-poltsa bat zegoen, eta izeba Florence iritsi zela jakin zuen. Lixiba-ontzia, lehen ama garbiketa egiten ibilitakoa, hustu gabe zegoen oraindik, eta bertako kirats garratzak sukaldeko airea betetzen zuen.
Zoruan ere odol-tantak zeuden, eta eskailerak igo zituenean, han ere odolezko orban biribil batzuk ikusi zituen.
Hark guztiak izugarri ikaratu zuen. Sukalde erdian geratu zen, zer gertatu ote zen irudikatu nahian, eta bere burua egongelara sartzeko prestatzen, familia osoa bertan zegoela baitzirudien. Roy saltsetan ibilia zen lehenago ere, baina arazo berri hark profezia baten gauzatzearen hasiera ematen zuen. Berokia erantzi, aulki baten gainera bota, eta egongelara sartzeko zorian zegoen Sara eskailerak igotzen entzun zuenean.
Zain geratu zen, eta arreba arrapaladan sartu zen atetik, eskuan pakete zatar bat zeramala.
«Zer gertatu da?», xuxurlatu zion Johnek.
Arreba txundituta eta halako poz basati batez geratu zitzaion begira. Berriro pentsatu zuen arreba ez zuela batere gogoko. Arnasa hartu gabe eta garaile-kutsuaz bota zion: «Roy sastakatu egin dute!», eta korrika pasa zen egongelara.
Roy sastakatu egin zutela. Haren esanahia edozein zela ere, ziur zegoen gau hartan aita ezin jasanezinago egongo zela. John egongelara sartu zen astiro.
Aita eta ama, bion artean ur ontzi txiki bat zutela, belaunikatuta zeuden Roy etzanda zegoen sofa ondoan, eta aita Royk kopetan zuen odola garbitzen ari zen. Antza zenez aita, beste inork bere seme zauritua ukitzea jasan ezinik, alde batera utzi zuen ama, zeinaren ukitua askoz leunagoa zen. Eta orain ama, esku bat uretan eta bestea, larritua bezala, oraindik goizeko mantal inprobisatuak inguratzen zuen gerrian, begira zegoen. Haren aurpegian marrazten ziren mina eta beldurra, tentsio ia jasanezina, eta errukia, mundu osoa bere malkoz bete izan balu ere nekez adierazi ahal izango zuen errukia. Aita gauza goxo eta eldarniozkoak xuxurlatzen ari zitzaion Royri, eta eskuak ontzian sartu eta zapia xukatzen zutenean, dardaraka zeuden. Izeba Florence, oraindik kapela jantzia eta poltsa eskuan, urrutixeago zegoen, aurpegi izugarri larrituaz besteei begira.
Sara bere aurretik sartu zen gelara, eta amak gora begiratu, paketeari heldu, eta orduan ikusi zuen John. Ez zuen ezer esan, baina arreta bereziko begirada azkarra bidali zion, ia-ia mihi puntan gaztiguren bat balu bezala, oraindik ahoskatzen ausartzen ez zena. Izeba Florencek begirada altxatu eta esan zion, «Non ote zinen galdezka geunden, mutiko. Zure anaia gaizto hau saltsetan sartu da eta mina egin diote».
Baina haren tonutik Johnek ondorioztatu zuen ziur aski arriskua ez zela izan zirudien bezain larria. Azken batean, Roy ez zen hilko. Eta adorea berreskuratu zuen. Gero aita jiratu eta begira geratu zitzaion.
«Non egon zara denbora honetan guztian?», oihukatu zion. «Ez al zara konturatzen etxean zure premia genuela?»
Aitaren hitzek baino gehiago, aurpegiak zurrunarazi zuen John, gorrotoz eta beldurrez. Aitaren aurpegia izugarria izaten zen haserre zegoenean, baina orain are haserre gehiago zegoen bertan. Johnek han ikusi zuena ez zuen inoiz ikusi, mendekuzko bere fantasietan izan ezik: izu basa eta errukarri gisakoa, aurpegia gaztetzen ziona, baina aldi berean neurriz kanpo zahartuz eta ankertuz. Eta Johnek jakin zuen, aitaren begiak gainetik pasa zitzaizkion unean bertan, aitak gorroto zuela Roy etzanda zegoen sofan bera, John, ez zegoelako. Nekez topa zitzakeen aitaren begiak, baina hala ere, une labur batean, begira geratu zitzaion, ezer esan gabe, bihotzean garaipenezko zirrara arraroa sentituz, eta Roy hiltzea bihotz-bihotzez desiratuz, aita lur jota uztearren.
Amak paketea ireki eta ur oxigenatu botila irekitzen ari zen. «Tori», esan zuen, «hobe izango da honekin garbitzea». Lasai eta lehorra zuen ahotsa; senarrari labur begiratu zion, aurpegi zundaezinez, eta botila eta kotoia luzatu zizkion.
«Honek min emango dizu», esan zion aitak Royri —halako ahots bestelakoz, hain triste eta samur!—, atzera sofarantz jiratuz. «Baina gizontxo moduan jardun eta ez mugitu; laster bukatuko dut».
John begira zegoen, dena adituz, aita gorrotatuz. Roy intzirika hasi zen. Izeba Florence kebide aldera mugitu zen, eta poltsa bertako apalean ipini zuen, metalezko sugearen ondoan. Johnek txikia negarrez aditu zuen atzeko gelan.
«John», esan zion amak, «ona izan eta altxa ezazu». Haren eskuek, inongo dardararik gabe, lanpetuta segitzen zuten; iodo-botila ireki eta benda-zerrendak ebakitzen ari zen.
John gurasoen gelara sartu eta garrasika ari zen haurra altxatu zuen; pixa eginda zegoen. Ruth altxatzen zutela sentitu bezain laster negar egiteari utzi eta begira geratu zitzaion, begiak era patetiko batez zabalik, etxean komeriak zeudela jakingo balu bezala. Johnek barre egin zion Ruthen atsekabe itxuraz antzinakoari —oso harro zegoen arreba txikiaz, eta egongelara zihoazela, belarrira xuxurlatu zion: «Hara, neba zaharrak gauza bat esango dizu, txiki. Zutik egoteko gauza zaren bezain laster, zoaz etxe honetatik, zoaz urrutira». Ez zekien ongi zergatik esan zion hura, edo nora nahi zuen arreba txikia joatea, baina une batez hobeto sentitzen lagundu zion.
John gelara sartu zenean, aita hizketan ari zen. «Galdera batzuk egin beharko dizkizut, emazte maitea. Jakin nahi nuke ea nolatan utzi diozun mutilari irteten, ia hil zezaten».
«A, inola ere ez», esan zuen izeba Florencek. «Gaur ez zara istorio horiekin hasiko. Ondo baino hobeto dakizu-eta Royk ez diola inori eskatzen ezer egiteko baimenik; beti egiten du gogoak ematen diona. Elizabethek ezin du behintzat katez lotu. Nahikoa lan du etxe honetan, eta ez da haren errua Royren kaskoa bere aitarena bezain gogorra baldin bada».
«Ahoa hitzez beteta daukazu, baina behingoz utzi egin zeniezaioke sudurra besteen kontuetan sartzeari». Florenceri begiratu gabe esan zuen hau.
«Ez da nire errua», erantzun zion honek, «ergel jaio bazinen, eta beti ergela izan bazara, eta inoiz aldatuko ez bazara. Jainkoarren, Joben pazientzia ere agortuko zenuke zuk».
«Esan dizut lehenago ere». Aita Roy intzirikariari zauria garbitzen aritua zen, eta orain iodoa emateko zorian zegoen. «Esan dizut ez dudala nahi zu hona etortzea umeen aurrean kaleko hizkera hori erabiliz».
«Ez nire hizkeraz larritu, neba», esan zion energiaz. «Hobe izango duzu zeure bizitzaz kezkatzen hasi. Ume hauei aditzen dutenak ez die ikusten dutenak adina kalte egingo».
«Ikusten dutena», esan zuen aitak marmarka, «Jauna zerbitzatzen ahalegintzen den gizajoa da. Horixe da nire bizitza».
«Orduan zalantzarik ez dago», esan zuen izebak, «senperrenak egingo dituztela beren bizitza horrelakoa izan ez dadin. Ez ahaztu, gero».
Aita jiratu eta arrebari begira geratu zen, bi emakumeen artean gurutzatutako begirada etenez. Johnen amak, aitarenekin zerikusirik ez zuten arrazoiak zirela medio, izeba Florence isilik egotea nahi zuen. Aitak beste alde batera begiratu zuen, ironiaz. Johnek amak ezpainak saminez estutzen eta begirada jaisten ikusi zuen. Aita, isilik, kopeta bendatzen hasi zitzaion Royri.
«Jainkoak nahi izan ez duelako ez du begia galdu», esan zuen azkenik. «Begira».
Ama makurtu eta aurpegira begiratu zion Royri marmar triste ulerkor batez. Johnen ustez, ordea, berehalakoan jabetu zen Royren begiak eta bizitzak jasan zezaketen arriskuaz, eta jadanik gainditua zuen kezka hura. Orain denbora aurreratzen ari zen, nolabait esateko, eta bere burua prestatzen senarraren erresumina, oldarraren oldarraz, bere aurka zuzenduko zen unerako.
Orain aita Johnengana jiratu zen, beirazko ateen ondoan Ruth besoetan zuena.
«Zatoz hona, motel», esan zion, «eta ikusi zuriek zer egin dioten anaiari».
John sofara hurbildu zen, aitaren begi suminduen azpian urkamendira doan printzearen harrotasuna mantenduz.
«Begira», esan zion aitak besotik zakar helduz, «begiraiozu anaiari».
Johnek Royri begiratu zion, eta honek begirada itzuli zion, begi ilunetan ia espresiorik gabe. Baina Johnek bazekien, Royren ezpain gazteen keinu aspertu eta ezinegonezkoari erreparatuz, anaia guztiaren errua berari ez botatzeko eskatzen ari zela. Ez zen bere errua, ezta Johnena ere, zioten Royren begiek, halako aita eroa baldin bazuten.
Aita, bekataria erori behar duen amildegira begiratzera behartzen duen baten keinuaz, apur bat mugitu zen aldera, Johnek Royren zauria ikusi ahal izan zezan.
Labanak, zorionez kamuts samarra, kopetaren erditik, ilea hasten zen gunetik, ezkerreko begiaren gaineko hezurreraino egin zion ebakia: zauriak igitai-ilargi bitxi bat marrazten zuen, Royren bekaina hondatzen zuen isats bortitz zehaztugabe batez amaituz. Denboraren joanak ilunduko zuen, bai, igitai-ilargia, Royren azal ilunarekin bat egin arte, baina ezingo zuen ezerk hain era bortitzez banatutako bekaina berrelkartu. Galderazko keinu hura betiko geratuko zitzaion, Royren aurpegian zerbait barregarri eta beldurgarri betiko nabarmenduz. Johnek irribarre egiteko bulkada bat-batekoa sentitu zuen, baina gainean zeuzkan aitaren begiak eta aurre egin zion bulkadari. Orain ebakia oso itsusia zegoen, bai horixe, eta oso gorria, eta Johnek pentsatu zuen, Royrenganako sinpatia bizkor batez, ez baitzuen garrasirik egin, oso mingarria izan beharko zuela. Irudika zezakeen Roy etxera balantzaka eta bere odolaz itsututa sartu zenean eragindako kalapita; baina hala ere ez zegoen hilda, ez zen aldatu, hobeto egon bezain laster kalean izango zen ostera.
«Ikusten?», esan zion aitak. «Zuriak izan dira, zuk hain gogoko dituzun zuri horietako batzuek moztu nahi izan diote lepoa anaiari».
Johnek pentsatu zuen, berehalako suminaz eta bere aitaren zehaztasun ezak eragindako destaina harrigarriaz, erasotzaileak itsua izan behar zuela, zuria izanda ere, Royren lepoa destatu bazuen; eta amak, lasaitasunaz, ekin zion:
«Bera ere besteena moztu nahian zebilen. Bera eta beste Lime gaiztoak».
«Hori», esan zuen izeba Florencek. «Ez dizut aditu mutilari behin ere galdetzen ea nola gertatu den. Badirudi edonola ere bazterrak nahastea eta etxe honetako denei sufriaraztea erabaki duzula zure begi-niniari zerbait gertatu zaiolako».
«Esana dizut», oihukatu zion aitak sumindura beldurgarriaz, «ni bakean uzteko. Honek guztiak ez du zurekin zerikusirik. Nire familia da, eta nire etxean nago. Belarrondokoa nahi duzu, ala?»
«Emadazu belarrondokoa», esan zion arrebak lasai bezain beldurgarri, «eta zaude ziur hurrengoa eman aurretik ondo pentsatuko duzula».
«Tira, isil zaitezte», esan zuen amak, altxatuz, «ez dago honetarako premiarik. Eginda dago, eta kito. Belaunikatu egin beharko genuke, Jaunari okerragoa ez izatea eskertzeko».
«Konforme», esan zuen izeba Florencek, «baina esaiozue zerbait beltz memelo horri».
«Esaiozu zuk zerbait zure seme memelo horri», esan zion aitak emazteari pozoiz betetako ahotsaz, deliberatua baitzuen, antza, arrebari jaramonik ez egitea. «Bai, begiak zabal-zabalik dagoen horri. Esaiozu Jaunaren gaztigutzat har dezala hau. Honelakoak egiten baitizkiete zuriek beltzei. Askotan esan dizut, eta begira».
«Berak hartzeko Jaunaren gaztigutzat?», garrasi egin zuen izeba Florencek. «Berak? Aizu, Gabriel, ez da bera joan ia-ia hiriko beste muturreraino mutil zuriekin borroka egitera. Sofan dagoen mutila, ordea, nahita joan da, beste zenbait mutilekin batera, mendebal alderaino, borroka baten bila. Ene bada, ez dakit zer duzun buruan».
«Ondotxo dakizu» esan zion amak aitari, zuzen begiratuz, «Johnny ez dela Royren lagunak bezalako mutilekin ibiltzen. Makina bat aldiz egurtu duzu Roy hemen, gela honetantxe, mutil gaizto horiekin ibiltzeagatik. Royk min hartu du arratsaldean zertan eginik ez zuen zerbait egiten ari zelako, eta kito. Eskerrak eman beharko zenizkioke Salbatzaileari hilik ez dagoelako».
«Eta zuk hartzen duzun arduragatik balitz», erantzun zion aitak, «hilik egon liteke. Ez dirudi asko axola zaizunik bizitzen edo hiltzen den».
«Jainkoa lagun dakigula!», esan zuen izeba Florencek.
«Nire semea ere bada», esan zuen amak grinaz. «Bederatzi hilabetez eraman nuen sabelean eta ongi ezagutzen dut, bere aita bezain ongi, eta berdin-berdinak dira. Aizu, ez duzu niri horrela hitz egiteko inongo eskubiderik».
«Ziur naiz», esan zuen aitak, itota, arnasa sendoz, «dena dakizula ama-maitasunaz. Ziur naiz azal zenezakeela nola egon daitekeen emakumea egun osoan etxean, eta bere hezur eta mamiari kalera irteten utzi egundoko sarraskia egin diezaioten. Ez esan ez dakizula nola geldiarazi, neure ama baitatorkit burura, Jainkoak bedeinka dezala, eta hark aurkituko zukeen geldiarazteko biderik».
«Nire ama ere bazen hura», esan zuen izeba Florencek, «eta gogoan dut, zu ahaztuxe bazaude ere, sarri askotan ekarri zintuztela etxera erdi-hilik. Hark ez zuen zu geldiarazteko biderik aurkitu. Ezintasun hura zu jipoituz konpontzen zuen, zuk mutil hori jipoituz konpontzen duzun era berean».
«Ene bada, ene bada», esan zuen aitak, «berba ederra duzu gero».
«Egiten ari naizen gauza bakarra», esan zuen izebak, «zure buru handi gogor beltz horretan zentzu pixka bat sartzea da. Hobe zenuke guztiaren errua Elizabethi bota beharrean zeure okerrei erreparatuko bazenie».
«Uztazu, Florence», esan zuen amak, «dagoeneko gauza pasea da».
Aita oihuka hasi zen. «Etxetik kanpo nago Jainkoak bidaltzen digun egun oro, lan egiten ume horien ahoetara janaria eraman ahal izateko. Ez duzu uste badudala eskubidea ume hauen amari eskatzeko zain ditzala eta ardura dadila kanpoan naizen bitartean lepoa hautsi ez diezaieten?»
«Lepoa hauts diezaioten gai den ume bakarra duzu», erantzun zion amak, «eta hori Roy da, sobera dakizu. Eta ez dakit nola demontre nahi duzun etxea eramatea eta umeak zaintzeaz gain beti Royren atzetik ibiltzea. Ez, ezin dut geldiarazi, esana dizut lehenago ere, eta zerorrek ere ezin duzu geldiarazi. Ez dakizu zer egin mutil horrekin, eta horregatik ari zara etengabe errua beste norbaiti botatzen. Errua ez da morena, Gabriel. Otoitz egizu Jainkoak geldiaraz dezan norbaitek berriro labana sartu eta hilobira bidali baino lehen».
Elkarri begira geratu ziren isilune izugarri batean, amaren begietan erreguzko eskaera beldurtia marrazten zelarik. Orduan aitak, bere indar osoz, aurreratu eta belarrondokoa eman zion. Ama lurrera uzkurtu zen, aurpegia esku mehe batez ezkutatuz, eta izeba Florencek zutik mantentzen lagundu zion. Sara begi gosetiez begiratzen zion hari guztiari. Orduan Roy agondu eta ahots dardaratiz esan zuen:
«Ez gero ama jo. Ama dut hori. Berriro jotzen baduzu, beltz kabroi horrek, zin degizut hil egingo zaitudala».
Hitz hauek gela bete zuten unean, bertan zintzilik geratuz, leherketa baten aurretik une infinitesimal batean zintzilik geratzen den argi zorrotzaren antzera, John eta bere aita elkarren begiei so zeuden. Johnek pentsatu zuen une hartan aitak uste zuela hitzok berak esan zituela, begietan halako ankerkeria eta gaiztakeria marraztu baitzitzaion, ahoa oinaze-orro batez okertuz. Gero, Royren hitzen osteko isiltasun erabatekoan, John ohartu zen aitak ez zuela bera ikusten, ez zuela ezer ikusten, ikuspenen bat izan ezik. Johnek jiratu eta ihes egin nahi izan zuen, oihanean basapizti bat topatu balu bezala, makurtuta eta goseti, begiak Infernua ikusi balute bezala; eta errepide-bihurgune batean suntsiketa ziurrari begira geratu balitz bezala, konturatu zen ezin zela mugitu. Orduan aitak jiratu eta Royri begiratu zion.
«Zer esan duzu?», galdetu zion aitak.
«Esan dizut ama ez ukitzeko», esan zuen Royk.
«Madarikatu egin nauzu», esan zion aitak.
Royk ez zuen ezer esan; ezta begiak jaitsi ere.
«Gabriel», esan zuen amak. «Otoitz egin dezagun, Gabriel...»
Aitak gerrira eraman zituen eskuak, gerrikoa askatuz. Begiak malkotan zituen.
«Gabriel», oihukatu zion izeba Florencek, «ez al duzu gaurkoz nahiko ergelkeria egin?»
Orduan aitak gerrikoa jaso zuen, eta txistukari erori zen Royren gainera; hau dardara egin eta atzera erori zen, aurpegia hormari begira. Baina ez zuen garrasirik egin. Eta gerrikoa berriz altxatu zen, eta berriro ere. Zigorraren hots txistukariek eta Royren larruazalaren aurkako krakek airea bete zuten. Eta txikia, Ruth, oihuka hasi zen.
«Ene Jainkoa, ene Jainkoa», xuxurlatu zuen aitak, «ene Jainkoa, ene Jainkoa».
Ostera altxatu zuen gerrikoa, baina izeba Florencek atzetik heldu eta eutsi egin zion. Ama sofara joan zen korrika eta Roy besoetan hartu zuen negarrez, Johnek inoiz ikusi zuen ez bezalako negar batean. Royk amari lepotik heldu zion, itotzen ariko balitz bezala hari eutsiz.
Izeba Florence eta haren neba elkarri begira geratu ziren.
«Bai, alajainkoa», esan zuen izeba Florencek, «basati jaio zinen, eta basati hilko zara. Baina mundu osoa zurekin arrastaka eramateak ez dizu ezertarako balioko. Ezin duzu ezer aldatu, Gabriel. Dagoeneko jakin beharko zenuke hori».
Johnek aitaren giltzaz zabaldu zuen elizako atea seietan. Arratseko elizkizuna zortzietan hasten zen ofizialki, baina edozein unetan has zitekeen, Jaunak santuren bat elizara otoitz egitera bultzatzen zuen unean. Baina gutxitan iristen zen inor zortzi t'erdiak baino lehenago, Jaunaren Izpiritua nahikoa tolerante izanik santuei denbora ematen baitzien larunbat arratsaldeko erosketak egin, etxeak txukundu eta umeak ohera zitzaten.
John area itxi zuen eta zutik geratu zen elizako pasabide estuan, atzean ahotsak entzuten zituelarik, umeenak jolasetan, eta zakarragoak ere bai, haien gurasoenak, biraoka eta oihuka kalean. Eliza ilun zegoen; hiribide jendetsuan inguruko argiak pizten joan zitzaizkion harako bidean, eta eguzki argia desagertu zen. Bazirudien oinak zurezko zorura iltzatuta zeudela, ez zutela beste urrats bat ere egin nahi. Elizako ilunak eta isiltasunak, epaia bezain hotzak, zirrara eragiten zioten, eta leihotik oihuka aditzen zituen ahotsak beste mundu batekoak izan zitezkeen. Johnek bere oinek zoru-ohol okertuen gainean egiten zuten kirrinkak adituz, aurrera egin zuen aldare-oihal gorrian zegoen urrezko gurutzeak sua bezala distiratzen zuen lekuraino, eta argi txiki bat piztu zuen.
Elizako airean beti egoten zen zintzilik hauts eta izerdi usaina; izan ere, amaren egongelako tapizekoa bezalaxe, eliza hartako hautsa gaindiezina baitzen; eta santuak otoitz egiten edo Jaunaren aintza ospatzen ari zirenean, haien gorputzetatik halako usain min hezea irteten zen, gorputz izerditsuen usainen eta arropa zuri jantzi berri almidoituaren nahasketa. Denda-fatxada zuen elizak eta hantxe egon zen Johnen bizitza osoan, bekatariez jositako hiribide haren kantoian, ia gauero zaurituta edo hiltzeko zorian zeuden gaizkileak eramaten zituzten ospitalearen aurrean. Elizartekoak bere garaian iritsi zirenean alokatu egin zuten utzitako biltegi hura, bertan zeuden gauzak eramanez; hormak pintatu eta pulpitua eraiki, pianoa eta zenbait aulki tolesgarri sartu, eta ahal zuten Bibliarik handiena erosi zuten. Erakusleihoan errezel zuriak ipini, eta SU BATAIATUAREN TENPLUA idatzi zuten mutur batetik bestera. Orduan egon ziren Jaunaren lana egiteko prest.
Eta Jaunak, bildu ziren lehenengo bi edo hiruei agindu zien bezala, gehiago bidali zizkien; eta haiek beste zenbait eraman zituzten, eliza bat sortuz. Adar nagusi hartatik, Jaunaren onespenaz, beste zenbait adar haz zitezkeen, hasitako lan eskerga hura hirian zehar eta herrialde osoan barrena zabalduz. Tenpluaren historian zehar, Jaunak ebanjelizatzaileak, irakasleak eta profetak sortu zituen, eta kanpora eraman Bere lana egin zezaten; landetan gora eta behera ibiltzeko Ebanjelioa predikatuz, edo tenplu berriak eraikitzeko; Filadelfian, Georgian, Bostonen edo Brooklynen. Jaunak nora gidatu, hara joaten ziren. Lantzean behin, haietako bat etxera itzultzen zen Jaunak berarengan sortutako mirarien lekukotasuna ematera. Eta batzuetan, igande bereziren batean, denak abiatzen ziren Anaiarteko beste eliza hurbilen batera bisita egitera.
Garai batean, John jaio aurretik, haren aita ere predikatzen ibilia zen; orain, ordea, etxekoentzat eguneroko ogia eraman behar zuenez, gutxitan bidaiatu ahal izaten zuen Filadelfiara baino harantzago, eta betiere epe oso labur baterako. Jadanik aitak ez zituen, behiala bezala, erlijio-bilera handiak zuzentzen, haren izena Jainkoaren gizonaren etorrera iragartzen zuten txarteletan letra handiz idatzia. Bere aitak ospe handia izan zuen behiala; baina hura guztia, zirudienez, aldatu egin zen Hegoaldea atzean utzi zuenean. Agian orain bere eliza propioa eduki ahal izango zuen. Johnek bere buruari galdetzen zion aitak hori nahi ote zuen; beharbada, artalde handia eraman beharko luke Erresumara, Aita Jamesek orain bezala. Baina aita Jainkoaren etxearen zaindaria besterik ez zen. Haren eginbeharrak ziren bonbilla fundituak berritzea, eta elizaren txukuntasunaz arduratzea, eta Bibliak, kanta-liburuak eta hormetako txartelak zaintzea. Ostiral arratsetan Ministro Gazteen Elizkizuna zuzentzen zuen, haiekin batera predikatuz. Gutxitan egiten zuen predikua igande goizetan; hitz egiteko beste inor ez zegoenean bakarrik deitzen zioten aitari. Hutsuneak betetzeko hizlaria zen, eskura zegoen gizon santua.
Baina, Johnek ikusten zuenez, begirune handiz tratatzen zuten. Bere aita ez zuen inork, ez beste ezein elizartekok bederen, kritikatu, ezta haren bizitzan orbanik zegoenik iradoki ere. Hala ere gizon hark, Jainkoaren ministroa, Johnen ama kolpatu zuen, eta Johnek hil egin nahi izan zuen; eta oraindik ere hil egin nahi zuen.
Johnek elizako alde batean erratza pasatu ondoren aulkiak aldarearen aurreko espazioan metatuta zeuzkanean, atea jo zuten. Atea zabaltzean Elisha ikusi zuen, berari laguntzera etorria.
«Goretsia bedi Jaunaren izena», esan zion Elishak, irribarrez, ate ondotik.
«Goretsia bedi betiko», esan zuen Johnek. Hura zen elizartekoen artean beti erabiltzen zuten agurra.
Anai Elisha sartu zen, atea kolpe batez itxiz eta oinak zoruan kolpatuz. Ziur aski saskibaloi-zelai batetik zetorren; bekokia distiratsu zeukan izerdi berriaz, eta ileak tente. Artilezko jertse berdea zeraman soinean, bere institutuko iniziala estanpatuta zeukana, eta alkandoraren lepoa askatuta.
«Ez al duzu hotzik horrela?», galdetu zion Johnek, tinko begiratuz.
«Ez, anaiatxo, ez diat hotzik. Zer uste duk, denok hi bezain makalak garela, ala?»
«Ahulak ez dira hilobira joaten diren bakarrak», esan zuen Johnek. Ausardia eta poz ohigabea sentitzen zituen; Elisharen etorrerak ekarri zion umore-aldaketa.
Elisha, pasabidetik atzeko gelarantz abiatua, jiratu egin zen Johni harriduraz eta mehatxu-aireaz begiratzera. «Hara», esan zuen, «gaur Anai Elisharekin lotsagabe jardutea erabaki duk, ezta? Ba zigortxo bat ezarri beharko diat. Egon hadi eskuak garbitzen ditudan arte».
«Lan egitera etorri bazara alferrik garbituko dituzu eskuak. Har ezazu xuka makila eta bota ura eta lixiba ontzi horretara».
«Jainkoa», esan zuen Elishak kanila irekiz eta, itxuraz, urari hitz eginez, «a zer nolako beltz lotsagabea dugun hemen. Espero dezagun edozein egunetan okerrik ez gertatzea, erabiltzen duen hizkera dela eta. Badirudi ez dela geldituko norbaitek begia ubeldu arte». Hasperen sakona egin, eta eskuak lixibatzen hasi zen. «Hemen nator ni korrika eta presaka, aulkiak altxatzen lehertu ez dadin, eta «bota ura ontzi horretara» esatea besterik ez zaio bururatzen. Beltzekin ez da giro mola ere». Gelditu eta jiratu egin zen, Johnen aurrez aurre geldituz. «Moduzkotasunik ez duk ezagutzen, ala? Ea noiz ikasten duan nagusien aurrean hitz egiten, txo».
«Ea noiz hasten zaren garbiketa lanetan. Ez dugu gau osoa».
«Hik segi horrela», esan zuen Elishak. «Ikusten ari nauk gaurkoan berotu egin beharko haudala».
Desagertu egin zen. Johnek komunean aditu zuen, eta gero, uraren zalapartaren gainetik, gauzak iraultzen aditu zuen atzeko gelan.
«Baina zertan ari zara?»
«Utz nazak bakean, txo. Lana prestatzen ari nauk».
«Zaratagatik halaxe dirudi, bai». John erratza utzi eta atzealdera joan zen. Elishak bazter batean pilatutako aulki tolesgarri batzuekin estropezu egin zuen, eta haien gainean zegoen haserre, eskuan xuka makila zuela.
«Zenbat aldiz esan behar diat xuka makila ez hemen gordetzeko? Aurkitzerik ez zegok».
«Nik beti aurkitzen dut. Denok ez gara zu bezain baldarrak».
Elisha xuka makila gris lehortua utzi eta Johnengana lastertu zen, gerritik heldu eta zorutik altxatuz. Bi besoez gerria estutzen ziola, John arnasarik gabe uzten saiatu zen, bitartean Johnen astindu eta bihurritzeek imintzio tinko eta anker bihurtu zuten irribarre batez begiratuz. Johnek bi eskuez bultzatu eta kolpatzen zituen Elisharen sorbalda eta bizepsak, belaunez Elisharen sabela jo nahian. Normalean halako borrokak laster amaitzen ziren, Elisha askoz handiago eta indartsuagoa baitzen, eta borrokalari bezala askoz trebatuagoa; baina gau hartan John guztiz erabakita zegoen garaitua ez izatera, edo bederen garaipena zaila egitera. Bere baitan zuen indar guztiaz borrokatu zen Elisharen aurka, ia-ia gorrotozkoa zen indar batez beteta. Ostikoka hasi zen, kolpeka, bihurrituz, bultzatuz, bere tamaina txikiaz baliatuz Elisha nahasi eta asaldatzeko, eta honen ukabil izerdituek laster askatu zuten Johnen gerria. Berdinketa zen hura; Elishak ezin zuen gehiago estutu, eta John ezin zen askatu. Eta han jardun zuten, zilipurdika gela meharrean, Elisharen izerdi-usain astuna Johni sudur-zuloetan sartzen zitzaiolarik. Honek ikusi zuen Elishari zainak puzten zitzaizkiola kopetan eta lepoan; arnasa sakondu eta estutu egiten zitzaiola, eta aurpegiko imintzioa ankerragotu egiten zitzaiola. Eta Johni, bere indarraren adierazpen haiek ikusiz, atsegin basati bat nagusitu zitzaion. Aulki tolesgarrien aurka joan ziren, Elisharen oinak irrist egin zuen eta John askatu behar izan zuen. Elkarri begira geratu ziren, erdi barrezka. John lurrera amildu zen, burua eskuen artean hartuz.
«Ez nian minik emango, ezta?», galdetu zuen Elishak.
Johnek gora begiratu zuen. «Niri? Ez, arnasa berreskuratu nahi dut bakarrik».
Elisha harraskara joan eta ur hotzez freskatu zituen aurpegia eta lepoa. «Orain lan egiten utziko didak noski», esan zuen.
«Ez zaitut nik geldiarazi», esan zuen Johnek zutituz. Hankak dardara bizian zituela konturatu zen. Eskuoihal batez lehortzen ari zen Elishari begiratu zion. «Egunen batean borrokan egiten irakatsiko didazu, ezta?»
«Ez horixe» esan zion Elishak barrez. «Ez diat hirekin borrokatu nahi. Indartsuegia haiz niretzat». Eta baldea ur beroz betetzen hasi zen.
John haren ondotik joan zen aurrealdera, erratza hartuz. Luze gabe Elishak jarraitu zion, ate-ondoa xukatuz. Johnek eskobatzen bukatu zuen, eta pulpitura igo zen, bertan zeuden tronu-antzeko hiru aulki purpurei, burukoa eta beso mardulak zapi zuri batez estaliak, hautsa kentzera. Pulpitutik eliza osoa ikusten zen: zurezko plataforma zen, eliztarren gainean eraikia, eta erdian liburu-euskarri bat zegoen Biblia ezartzeko, apaiza honen aurrean egoten zelarik. Altuera hartatik, elizartekoei begira, jaisten zen aldare-oihal eskarlata, urrezko gurutzea eta JESUS DA GURE SALBAZIOA hitzak zeramatzana. Pulpitua sakratua zen. Ezin zen inor maila hartara igo, Jainkoaren zigilua eraman ezean.
Pianoari hautsa kendu eta bertako aulkian eseri zen, Elishak elizaren zoruko alde bat xukatu zain aulkiak beren lekura eramateko. Kolpetik, Elishak esan zion, begiratu gabe:
«Aizak, ez al zaik heure arimaz pentsatzeko garaia iritsi?»
«Honez gero iritsiko zitzaidan», esan zuen Johnek izutu egin zuen lasaitasunaz.
«Bazekiat kanpotik ikusita gogorra dirudiela», esan zion Elishak, «batez ere gaztea haizenean. Baina sinetsidak, txo, Jainkoa zerbitzatzen aurkituko duan poza ez duk beste inon aurkituko».
Johnek ez zuen ezer esan. Pianoko tekla beltz bat sakatu eta hots sor bat entzun zen, danbor urrun baten antzekoa.
«Ez duk ahaztu behar», esan zion Elishak berarengana jiratuz, «orain haragizko mentalitateaz pentsatzen duala horretan. Adanen mentalitateaz, eta beti hago hire lagunengan pentsatzen, haiek egiten dutena egin nahi duk, zinera joan nahi duk, eta ziur nauk neskatan pentsatzen duala, ezta, Johnny? Jakina bada», esan zuen, erdi irribarrez, erantzuna Johnen aurpegian aurkituz, «eta ez duk hori guztia bertan behera utzi nahi. Baina Jaunak salbatzen hauenean, Adan zahar hori guztia erretzen dik, gogo berria eta bihotz berria ematen ditik, eta orduan ez duk munduan atseginik aurkitzen, Jesusekin egunero hitz eginez eta ibiliz hartzen duk poz guztia».
Johnek izu mugiezin batez begiratu zion Elisharen gorputzari. Ikusi zuen —ahaztuta ote zegoen Elisha?— zutik, Ella Maeren alboan aldare aurrean, Aita Jamesek errieta egiten zion bitartean, haragian bizi zen gaitza zela eta. Elishari aurpegira begiratu zion, inoiz galdetuko ez zituen galderez beteta. Eta Elisharen aurpegiak ez zion ezer esan.
«Jendeak latza dela esaten dik», esan zuen Elishak xuka makilarantz makurtuz, «baina gauza bat esango diat: latzagoa duk mundu gaizto honetan bizitzea, atseginik ez dagoen mundu triste honetan bizitzea eta gero hiltzea eta Infernura joatea. Hori baino latzagorik ez baitago». Eta Johni begiratu zion ostera. «Ikusten duk Deabruak nola engainatzen duen jendea arima gal dezan?»
«Bai», esan zuen Johnek azkenik, ia-ia haserre, bere gogoetak jasan ezinik, Elishak begiratzen zion isiltasuna jasan ezinik.
Elishak barre egin zuen. «Ni noan eskolan ere bazeudek neskak» —elizako alde bat eginda zegoen, eta keinu batez esan zion Johni aulkiak beren lekuan jartzeko—, «eta neska atseginak dituk, baina ez ditek gogoa Jaunarengan, eta beti esaten zieat damutzeko tenorea ez dela bihar, gaur bertan baizik. Haiek uste ditek ez duela merezi orain kezkatzea, eta ohean hiltzen daudenean moldatuko direla Zerura igotzeko. Baina nik esaten zieat ezetz, mundu guztia ez dela ohean hiltzen; jendea etengabe ari dela joaten, besterik gabe, gaur ikusten dituk eta bihar jadanik ez zeudek. Eta haiek ez zekitek Elisha zaharrarekin zer egin, zinera joaten ez delako, dantza egiten ez duelako, kartetan aritzen ez delako eta haiekin eskailera atzera joaten ez delako». Atseden hartu eta Johni begiratu zion, zeina begira baitzeukan etsita, zer esan ez zekiela. «Eta hi, horietako batzuk neska atseginak dituk, neska politak, baina haien tentazioei gogor egiteko adina indarra daukaanean, orduan badakik salbatuta hagoela inolaz ere. Nik haiei begiratu eta esaten zieat Jesusek salbatu egin ninduela egun batean, eta Harekin egingo dudala bide osoa. Ez zegok emakumerik, ez, ezta gizonik ere, iritziz aldaraziko nauenik». Berriro isildu, irribarre egin eta begirada jaitsi zuen. «Igande hartan», esan zuen, «gogoratzen al haiz igande hartaz? James Aita pulpitura igo eta Ella Maeri eta niri errieta egin zigunekoa bekatua egiteko zorian geundela uste zuelako? Ba hara, txo, ez diat gezurrik esango, sutan egon ninduan berarekin igande hartan. Baina hartaz pentsatu nian, eta Jaunak hura zuzen zegoela ikustarazi zidaan. Ella Maek eta nik ez geneukaan buruan asmo gaiztorik, inola ere ez, baina badakik, deabrua nonahi egoten duk; batzuetan deabruak atzaparrez jotzen hau eta ezin izaten duk arnasa egin. Iruditzen zaik kiskaltzen ari haizela, eta zerbait egin behar duala, baina ezin duk ezertxo ere egin. Askotan egon nauk belaunikatuta, negarrez eta borroka bizian Jaunaren aurrean —negarrez, Johnny—, eta Jesusen izena aldarrikatuz. Hori baita Satanen aurrean indarra duen izen bakarra. Garai batean horrelakoak gertatzen zitzaizkidaan, baina salbatu egin nauk. Nolakoa uste duk izango dela hiretzat, txo?» Johni begira geratu zen honek aulkiak ezartzen zituen bitartean. «Salbatua izan nahi al duk, Johnny?»
«Ez dakit», esan zuen Johnek.
«Egingo al duk proba? Egun batean belaunikatu eta eskatuko al diok otoitz egiten laguntzeko?»
John jiratu eta elizari begira geratu zen, orain soro zabal garai bat zirudiena, uztarako prest. Lehen Igande batez gogoratu zen; Jaunartze Igande hartan, ez hain aspaldi, santuek, denak zuriz jantzita, gatzik eta legamiarik gabeko ogi judua jan zuten, Jaunaren gorputza, eta mahats-ur gorria edan zuten, Haren odola. Eta egun hartarako bereziki jarritako mahaitik altxatu zirenean, banatu egin ziren, gizonak alde batera eta emakumeak bestera, eta bi ontzi bete ziren urez, elkarren oinak garbitu ahal izan zitzaten, Jesusek Bere dizipuluei agindu zien bezala. Elkarren aurrean belaunikatu ziren, emakumea emakumearen aurrean, gizona gizonaren aurrean, eta oinak garbitu eta lehortu egin zizkioten batak besteari. Anai Elisha Johnen aitaren aurrean belaunikatu zen. Elizkizuna amaitu zenean, musu sakratu bat eman zioten elkarri. John berriz jiratu eta Elishari begiratu zion.
Elishak begiratu zion, irribarre eginez. «Pentsa ezak nik esandakoaz, txo».
Bukatu zutenean Elisha pianoan eseri eta bere buruarentzat jotzen has] zen. John lehen lerroko aulki batean eseri zen Elishari begiratzera.
«Ez dirudi gaurkoan inor etorriko denik», esan zuen denbora luzea pasara. Elishak ez zion utzi kanta triste bat jotzeari. «Oi, Jauna, erruki zaitez nitaz».
«Etorriko dituk», esan zuen Elishak.
Eta orduantxe kolpe bat izan zen atean. Elishak jotzeari utzi zion. Johnek atea ireki zuen, eta han zeuden elizarteko bi arreba, Arreba McCandless eta Arreba Price.
«Goraipatua bedi Jainkoa, semea», esan zuten.
«Goraipatua bedi betiko», esan zuen Johnek.
Buruak makur eta eskuak aurrean gurutzatuta, Bibliari helduz, sartu ziren. Aste osoan zehar eramaten zituzten beroki beltzak zeramatzaten soinean, eta feldrozko kapela zaharrak buruan. Johnek hotzikara bat sentitu zuen ondotik pasa zitzaizkionean, eta atea itxi zuen.
Elisha altxatu zen, eta bi emakumeek ostera oihukatu zuten: «Goraipatua bedi Jainkoa» Gero une batez belaunikatu ziren beren aulkien aurrean otoitz egitera. Hau ere errito grinatsua zen. Sartzen zen eliztar bakoitzak, elizkizunean parte hartu ahal izateko, lehendabizi Jaunarekin komunikatu behar zuen une batez. John begira geratu zitzaien bi emakumeei. Elisha berriz pianora eseri eta kanta goibelari berrekin zion. Emakumeak altxatu ziren, lehenik Arreba Price, eta gero Arreba McCandless, eta elizan barrena begiratu zuten.
«Lehenak al gara?», galdetu zuen Arreba Pricek. Ahots eztia zuen, larruazal kobrezkoa. Ezkongabea zen, Arreba McCandless baino urte batzuk gazteagoa eta, aitortu zuenez, ez zuen inoiz gizonik ezagutu.
«Ez, Arreba Price», esan zion irribarrez Anai Elishak, «Anai Johnny etorri da lehena. Biok arduratu gara garbiketaz gaurkoan».
«Anai Johnnyk fede handia du», esan zuen Arreba McCandlessek. «Jaunak gauza ikusgarriak obratuko ditu berarengan, ikusiko duzue».
Zenbait alditan —egia esan, Jaunak haren bidez mintzatuz Bere maitasuna erakusten zuen bakoitzean— Arreba McCandlessek esaten zuen guztiak mehatxu kutsua izaten zuen. Gaur aurreko gauean egindako sermoiaren eraginpean zegoen oraindik. Emakume eskerga zen, Jainkoak egindako emakume handi eta beltzenetako bat, kantatzeko eta predikatzeko ahots indartsu bat eman ziolarik, eta laster abiatuko zen Haren hitza zabaltzera. Urte askotan zehar Jaunak bultzatu zuen, Arreba McCandlessek zioen bezala, altxatu eta mugitzera; honek, ordea, izaeraz nahiko uzkurra izanik, beldur zion bere burua besteen gainetik jartzeari. Harik eta Hark, aldare haren aurrean hain zuzen, apalarazi zuen arte; orduan ausartu zen altxatu eta Ebanjelioa predikatzera abiatzen. Baina orain bidaiari-oinetakoak zituen soinean. Ozen egingo zuen deiadar, mugarik gabe, bere ahotsa Sioneko tronpeta bailitzen altxatuko zelarik.
«Bai», esan zuen Arreba Pricek irribarre ezti hartaz, «Berak ere halaxe baitio, alegia, gauza xumeetan fedea erakusten duena gauza askotan nagusituko dela».
Johnek irribarrea itzuli zion, igorri nahi zuen eskerron lotsatiaren gainetik ironikoa eta are bihurria ere bazen irribarrea. Baina Arreba Pricek ez zuen ikusi, eta hark areagotu egin zuen Johnen mesprezu ezkutua.
«Zuek bakarrik garbitu al duzue eliza?», galdetu zuen Arreba McCandlessek irribarre apalgarri batez, gizonen bihotzetan ezkutatutako sekretuak ikusten dituen profetaren irribarreaz.
«Baina, Arreba McCandless», esan zuen Elishak, «beti izaten gara gu biok bakarrik. Ez dakit beste gazteek zer egiten duten larunbat arratsetan, baina hona behintzat ez dira hurbiltzen».
Elisha bera ere ez zen larunbat arratsetan elizara hurbiltzen; baina pastorearen iloba izanik zenbait pribilejio zituen; bere kasuan nahikoa zuen noizbehinka azaltzearekin.
«Iritsi da, bai, gure gazteen artean ebanjelioa bultzatzeko garaia», esan zuen Arreba McCandlessek. «Izugarri epeltzen ari zaie debozioa. Jainkoak ez du bedeinkatuko bere gazteei hain lasa ibiltzen uzten dien eliza, ez horixe. Ez hotz ez bero izanagatik ahotik tu eginez kanporatuko zaitut. Hark esana». Eta ingurura begiratu zuen, zorrotz, eta Arreba Pricek buruarekin baiezka egin zuen.
«Eta Anai Johnny oraindik ez da salbatu», esan zuen Elishak. «Salbatuta dauden gazteek lotsatuta egon beharko lukete Jainkoaren etxean berek baino fede handiagoa erakusten duelako».
«Halaxe esan zuen Hark, azkenekoak lehenak izango zirela, eta lehenak azkenekoak izango zirela», esan zuen Arreba Pricek irribarre garaile batez.
«Halaxe esan zuen, bai», baieztatu zuen Arreba McCandlessek. «Mutil hau besteetako edonor baino lehen iritsiko da Erresumara, ikusiko duzue».
«Amen», esan zuen Anai Elishak, Johni irribarre eginez.
«Aita James gurekin elkartzekoa al da gaur?», galdetu zuen Arreba McCandlessek isilune baten ondoren.
Elishak kopeta zimurtu eta beheko ezpainetik tira egin zuen. «Ez dut uste, Arreba», esan zuen. «Uste dut etxean geratuko dela gaur, indarrak bihar goizeko elizkizunerako gordetzearren. Azken honetan Jauna ikuspenez eta ametsez mintzatzen aritu zaio, eta ez du lo askorik egin».
«Bai, hori bai dela gizon otoizgilea», esan zuen Arreba McCandlessek. «Gutxi dira beren artaldea Aita Jamesek bezala Jaunaren aurrean babesten duten artzainak».
«Hori bai egia», esan zuen Arreba Pricek suspertuta. «Jaunak artzain on baten bedeinkazioa bidali digu».
«Gogorra izan daiteke tarteka», esan zuen Arreba McCandlessek, «baina Haren Hitza ere gogorra da. Santutasuneko bidea ez da txantxetako gauza».
«Argi eta garbi esan zidan Aita Jamesek», esan zuen Anai Elishak irribarre batez.
Arreba McCandless begira geratu zitzaion. Gero barrez hasi zen. «Ene, ez dut dudarik egiten!», esan zuen.
«Eta estimatzekoa da», esan zuen Arreba Pricek. «Edozein pastorek ez du bere iloba umilarazten, non eta eliza osoaren aurrean. Eta Elisharena ez zen oker larria izan».
«Kontuz gero; oker larriak eta arinak berdinak dira», esan zuen Arreba McCandlessek. «Behin Satanek oina atean jarri duenean, ez du atsedenik izango egongelaraino sartu arte. Bitatik bat, edo Hitzarekin zaude, edo ez zaude. Jainkoarekin ez dago erdiko biderik».
«Ez al genuke hasi behar?», galdetu zuen Arreba Pricek zalantzati, isilune baten ostean. «Ez zait iruditzen beste inor azalduko denik».
«Tira, ez ezazu hain fede gutxi izan», esan zion barreka Arreba McCandlessek. «Ziur naiz Jaunak elizkizun bikaina eskainiko digula gaurkoan». Johnengana jiratu zen. «Zure aita ez al da gaur etortzekoa?»
«Bai», esan zuen Johnek, «etorriko zela esan du».
«Ikusten?», esan zuen Arreba McCandlessek. «Eta zure ama ere etortzekoa al da?»
«Ez dakit», esan zuen Johnek. «Oso nekatuta dago».
«Nekatuta egonda ere, ez zaio hainbeste kostatzen otoitz pixka bat egitera etortzea», esan zuen Arreba McCandlessek.
Une batez Johnek gorrotatu egin zuen, eta suminduraz begiratu zion haren perfil lodi beltzari. Arreba Pricek esan zuen:
«Hala ere, benetako miraria da emakume horrek nola egin dezakeen hainbeste lan, egunez umeak txukun eta garbi mantenduz eta ia gauero Jainkoaren etxera etorriz. Horretarako behar-beharrezkoa du Jaunaren laguntza».
«Agian kantatxo batez has gintezke, berotuz joateko», esan zuen Arreba McCandlessek. «Nik behintzat ez dut gustuko jendea eserita hizketan dagoen eliza batean sartzea. Izpiritua erabat hozten dit horrek».
«Amen», esan zuen Arreba Pricek.
Elishak «Azken aldia izan daiteke» kantatzeari ekin zion, eta besteak ere kantatzen hasi ziren:
«Zurekin otoitz egiten dudan azken aldia izan daiteke,
Niretzat azken aldia izan daiteke, ez dakit».
Abestearekin batera eskuak txalotzen zituzten, eta Johnek ikusi zuen Arreba McCandless ingurura begira ari zela pandero baten bila. Orduan zutitu, pulpituko eskailerak igo eta pulpitu azpian zegoen irekiune txikitik hiru pandero atera zituen. Bat eman zion Arreba McCandlessi honek irribarrez, erritmoa galdu gabe, buruaz baietz egin ziolarik, eta gainerakoak aulki batean utzi zituen, Arreba Priceren alboan.
«Zurekin kantatzen dudan azken aldia izan daiteke,
Niretzat azken aldia izan daiteke, ez dakit».
Begira geratu zitzaien, haiekin batera kantatuz —bestela kantatzera behartu egingo baitzuten— eta eztarritik irteten zitzaizkion hitzak ez aditzeko ahaleginduz. Eta eskuak txalotzea pentsatu zuen, baina ezin zuen; altzoan gurutzatuta geratu zitzaizkion. Kantatzen ez bazuen gainera etorriko zitzaizkion denak, baina bihotzak esaten zion ez zuela kantatzeko edo pozteko eskubiderik.
«Oi, nire
Azken aldia izan daiteke
Nire
Azken aldia izan daiteke
Oi, nire
Azken aldia izan daiteke...»
Eta Elishari begiratu zion, Jaunaren zerbitzuko gaztea; hark, Melkisedeken ordenako apaiza izanik, herio eta Infernuaren gaineko boterea baitzuen. Jaunak altxatu, jirarazi eta bide distiratsuan ezarria zen. Zein ziren Elisharen gogoetak gaua zetorrenean, eta bakarrik zegoenean ezein begik ikusiko ez zuen eta ezein mihik lekukotasuna emango ez zuen lekuan, Jainkoaren tronpeta-antzeko mihiak izan ezik? Lohiak al ziren haren gogoetak, haren ohea, haren gorputza? Nolako ametsak zituen?
«Nire azken aldia izan daiteke,
Ez dakit».
Atzean, atea zabaldu eta negu-haizea sartu zen. Jiratu zenean ikusi zituen, atetik sartzen, bere aita, ama eta izeba. Izebaren presentziak bakarrik harritu zuen, ez baitzen inoiz eliza hartan sartu: bazirudien ekintza odoltsuren bat ikustera eraman zutela. Haren itxurak, isiltasun beldurgarri batez mugituz amaren atzean elizako pasabidean zehar, edo aita eta amaren ondoan une batez otoitz egitera belaunikatzen zenean, hala adierazten zuen. Johnek bazekien Jaunaren eskuak eraman zuela leku hartara, eta bihotza hoztu egin zitzaion. Gau hartan Jauna haizean zamalkatzen zen. Zer esango ote zuen haize hark goiza iritsi baino lehen?
© James Baldwin
© itzulpenarena: Juan Mari Mendizabal