ELURRETAKO ERREGINA
Zazpi istorioko ipuin bat
LEHEN ISTORIOA
Ispilu hautsiarena eta haren zatiez gertatu zena
Erne belarriak, ipuina hastera doa! Amaitzen denerako orain dakiguna baino gehiago jakingo dugu. Behinola ba omen zen iratxo bat, iratxo guztien artean gaiztoena; deabrua bera zen, izan ere. Egun batean oso umore oneko zegoen, ispilu miragarri bat asmatu zuelako. Ispilu hartan islatzen zen gauza on eta eder oro txikiagotu eta ia ezdeusaren hurrengo bihurtzen zen, eta txar eta hutsal zen oro, berriz, handiagotu eta txarrago bihurtzen zen. Paisaje ederrenek espinaka egosiaren itxura hartzen zuten, eta jenderik xarmagarriena higuingarri bihurtzen zen, edo barregarri bestela: buruz behera eta sabelik gabe agertzen ziren, eta aurpegiak erabat desitxuraturik, nork ezaguturik ez zegoela. Eta bakarren batek orin bat baldin bazuen, aho-sudurrak estaltzeraino zabaldurik agertuko zitzaion. «Hau bai denborapasa polita», esan zuen deabruak berekiko. Edonori asmo onen bat bururatzen bazitzaion, berehala ikus zitekeen imintzio zatar bat ispiluan, eta horrek pozez zoratu beharrean jartzen zuen deabrua. Deabrugaien eskolan —bazuen eta deabruak eskola bat— mirari bat gertatu zela zioten ikasleek: munduaren eta gizakien benetako irudia ikus zitekeela orain. Bazter guztiak korritu zituzten ispiluarekin. Eta azkenean ez zen geratu herririk ez gizakirik ispilu hark islatu eta itxuratxartu ez zuenik. Orduan, ispilua hartuta, zerurantz abiatu ziren, aingeruez eta Jainkoaz trufatzera. Zenbat eta gorago igo, orduan eta imintzio gogorragoak egiten zituen ispiluak, eta eskuetan eustea ere kosta egiten zitzaien deabrugaiei. Hegan segitu zuten, gero eta gorago, aingeruengandik eta Jainkoarengandik gero eta gertuago. Halako batean, imintzio bortitzek eraginda, deabrugaiei eskuetatik erori ispilua eta lurraren kontra hautsi zen, ehundaka mila pusketatan, bilioika eta gehiago zatitan. Lehen baino kaltegarriago bihurtu zen hartara. Zatietako batzuk hondar-ale bat baino txikiago zirenez, lau haizetara barreiatu ziren mundu osoan zehar, eta jendeari begietan sartzen bazitzaizkion, han geratzen ziren, eta jende hark dena itxuratxarturik ikusten zuen, edo gauzen alderdi makurra soilik, kristal-printza ñimiño bakoitzak ispiluaren dohai osoa gorde zuelako. Kristal-printza norbaiten bihotzean sartzen bazen, askoz okerragoa zen orduan, bihotza izozten baitzion. Ispiluaren beste pusketa batzuk kristalen neurrikoak ziren, eta leihoetan jarri zituen jendeak, baina ez zen komeni handik adiskideei begiratzea. Beste zenbait pusketa antiojo gisa erabili zen, eta ezbeharrik asko izaten zuen jendeak gauzak ondo ikusi eta zuzen jokatzeko asmoz antiojo haiek janzten bazituen. Horrek guztiak izugarrizko grazia egiten zion deabruari, eta tripak bota beharrean egiten zuen barre. Ispiluaren izpi ñimiñoetako batzuk, baina, airean segitzen zuten oraindik, eta ikusiko duzue zer gertatu zen.
BIGARREN ISTORIOA
Mutikoa eta neskatila
Hiri handi batean, horrenbeste jende eta etxe dagoen lekuan, ez da izaten nork bere lorategia edukitzeko aukerarik, eta, horregatik, jende gehienak landareak poteetan hartzearekin konformatu behar izaten du. Hiri horietako batean, baziren bi ume pobre, lorontzi bat baino askoz handiago ez zen lorategi bat zutenak. Ez ziren neba-arrebak, baina balira bezala maite zuten elkar. Beren gurasoak elkarren aurrez aurre bizi ziren, teilatupeko etxebizitza banatan. Etxe bateko teilatuak ia bestearena ukitzen zuen, ur-hodia baino ez zuten bien artean. Etxebizitza bakoitzak leiho txiki bana zuen, eta nahikoa zen ur-hodiaren gainetik igarotzea etxe batetik bestera joateko.
Familia bakoitzak, leiho aurrean, zurezko ontzi handi bana zuen, eta ontzi haietan sukalderako belarrak eta arrosa-landare txiki bat: arrosa-landare bat ontzi bakoitzean, eta eder askoak gainera. Umeen gurasoei zer, eta ontzi haiek luzetara jartzea bururatu zitzaien, ur-hodiaren gainean leihotik leihora, eta hartara benetako lorategia ematen zuen. Ilar usaintsuak ontzietatik zintzilik zeuden, eta arrosen adar luzeak leihoen inguruan zabaltzen ziren batzuk besteekin korapilaturik, hostoek eta loreek arku handios bat osatzen zutela. Lore-kutxak oso altu zeuden eta haurrek bazekiten ezin zutela ertzera arrimatu, baina sarritan izaten zuten baimena beren aulki txikiak atera eta arrosen azpian esertzeko. Leku aparta zen hura jolaserako.
Baina, jakina, neguan akabo gozamen hura. Sarritan izotzak erabat estaltzen zituen leihoak. Orduan, kobrezko txanponak sutontzian berotu eta leiar izoztuetan jartzen zituzten, eta behatxulo polit bat irekitzen zen han, biribil-biribila. Eta haren atzetik begi bizi batek egiten zuen kirik; begi batek leiho bakoitzaren atzetik. Neskatila eta mutikoa ziren. Mutikoak Kay zuen izena eta neskatilak Gerda.
Udan nahikoa zuten salto bat ematea elkarrekin egoteko, baina neguan etxeko eskailera guztiak jaitsi behar zituzten eta beste etxekoak igo, eta kanpoan bisutsa zurrunbilotsu aritzen zuen.
— Begira! Erlakume zuria bizitoki berri baten bila! —esan zien amonatxok.
— Horiek ere ba al dute erregina? —galdetu zuen mutikoak, bazekielako benetako erleek izaten zutela.
— Izango ez dute, ba! —esan zuen amonak—. Erladia itxiena den tokian joaten da! Besteak baino handiagoa da eta ez da inoiz lurreratzen; zeru ilunerantz egiten du hegan beti. Neguko gau askotan, hiriko kaleetan zehar hegaldaka doala, leihoetatik kirikatzen du, eta, orduan, izotz ederrez estaltzen ditu leihoak, lorez estaliko balitu bezala.
— Bai, nik ere ikusia dut! —esan zuten haurrek, eta konturatu ziren amonak egia zioela.
— Etor daiteke hona elurretako erregina? —galdetu zuen neskatilak.
— Etor dadila —esan zuen mutikoak—, sutontzi gainean jarriko dut bertan urtu dadin.
Baina amonak mutikoaren adatsa laztandu zuen eta beste ipuin batzuk kontatu zizkien.
Iluntzean, Kay txikia bere etxean arropak eranzten ari zela, leiho ondoko aulki batera igo eta zulotxotik kirikatu zuen. Elur-maluta bi erori ziren kanpoan, eta bietarik bat, handiena, lorontziaren ertzean pausatu zen. Maluta hazten hasi zen, hazten eta hazten, eta, azkenean, dama baten itxura hartu zuen, milioika izar-malutaz egina zirudien mihise zuri finez jantziriko dama batena. Izugarri ederra zen, eta fin-fina, baina izotzezkoa dena, itsutzeraino distiratsua; bizirik zegoen, ordea. Haren begiek dir-dir egiten zuten bi izar arraitsu bailiran, baina ez zen naretasunik ez lasaitasunik haietan. Keinu egin zuen buruaz leihora, eta eskua jaso zuen. Mutikoa izutu egin zen eta aulkitik jaitsi; eta iruditu zitzaion hegazti itzel bat pasatu zela leiho paretik.
Hurrengo goizean izotza egin zuen, urtu zen gero, eta udaberria etorri zen. Eguzkia irten zen, zuhaitzak berdatzen hasi ziren eta enarak habiak egiten. Jendea leihoak zabaltzen hasi zen, eta gure bi laguntxoak berriro eseri ziren lorategi txikian, ur-hodiaren gainean, teilatu guztien gainetik.
Arrosek lore eder ugari eman zuten uda hartan; salmo bat ikasi zuen neskatilak, arrosei buruzkoa, eta bere arrosetan pentsatu zuen. Salmoa mutikoari kantatu zion, eta geroxeago biek elkarrekin kantatu zuten:
Arrosak haranean loretan,
Jesus Haurtxoa bertan pozetan!
Eta elkarri eskua emanda, musu ematen zieten arrosei, eta bozkarioz begiratzen Jainkoaren eguzki gozoari, eta hitz ere egiten zioten, Jesus Haurtxoa han balitz bezala. Zein atseginak udako egun haiek, zer gozamena han kanpoan egotea, arrosa urrintsu haien ondoan! Izan ere, loreak eman eta eman ari ziren, inoiz agortzeko itxurarik gabe.
Egun batean, Kay eta Gerda animalien eta hegaztien irudi-liburu bat begiratzen ari zirela, erlojuak bostak jo zituen elizako kanpandorrean, eta Kayk esan zuen:
— Ai! Sastada bat sentitu dut bihotzean, eta zerbait sartu zait begian!
Neskatilak lepo inguruan jarri zizkion eskuak. Kayk begiak kliskatu zituen: ez, han ez zen ezer ikusten.
— Irten zaidala uste dut! —esan zuen Kayk. Baina bai zera! Zer izango, eta iratxoen ispilu hautsiaren printza bat. Badakizue, ispilu ikaragarri harena, gauza on eta eder oro zantar eta itsusi bihurtu, eta gauza txarrak eta akatsak nabarmendu eta areagotzen zituen harena.
Kay gizajoari ere printzetako bat sartu zitzaion bihotzean. Bihotza izotz-puska bilakatu zitzaion berehala. Ez zion minik ematen, baina hantxe zuen kristaltxoa.
— Zergatik egiten duzu negar? —galdetu zuen—. Zein itsusi ematen duzun! Ez zait ezer gertatzen. Ene! Begira! —egin zuen garrasi bat-batean—. Arrosa hori harrak jota dago, eta, begira hango beste hura zein okerra den! Egia esan, oso arrosa itsusiak dira, beren ontziak bezain itsusiak.
Eta ostikada eman zion ontziari, eta erauzi egin zituen bi arrosa haiek.
— Zertan ari zara, Kay? —egin zuen garrasi neskatilak. Haren larria ikusi zuenean, mutikoak beste arrosa bat erauzi eta bizkor-bizkor leihotik barrura egin zuen, Gerda maitagarria bakarrik utzita.
Geroxeago, Gerdak irudi-liburu hura eraman zionean, Kayk liburu hura umetxoentzat zela esan zion. Eta amonak ipuinen bat kontatzen bazuen, beti aurkituko zion bainaren bat. Eta hori baino okerragoa: ahal zuenetan, amonaren aulkiaren atzean jarri, antiojo batzuk jantzi eta haren hitz egiteko era imitatzen zuen. Eta hain ondo egiten zuen, ezen jendeak barre egiten baitzuen. Oso trebea zen kaleko edonor antzeratzen. Inoren alderdi berezi eta barregarrienak imitatzen zituen, eta jendeak esaten zuen:
— Hau mutiko argia!
Baina hori guztia bihotzean eta begian sartu zitzaizkion kristal-printzen eragina zen, eta horrek berak eramaten zuen, nori, eta bera horrenbeste maite zuen Gerdari ere burla egitera.
Kayren jolasak arras desberdinak ziren orain, ez zuten lehengoen antzik, helduenak ziruditen. Neguko egun batean, elurra gogoz ari zuela, lupa handi bat hartuta irten zen, eta bere beroki urdinaren barrena jaso zuen, elur-malutak bertan eror zitezen.
— Begira ezazu orain, Gerda, begiratu kristaletik! —esan zuen. Malutak handi-handiak ikusten ziren; lore zoragarriak edo hamar puntako izarrak ematen zuten. Ikusgarriak ziren benetan.
— Bai gauza bitxia, ezta? —esan zuen Kayk—, benetako loreak baino askoz interesgarriagoak dira, eta ez dute narrio txikienik ere; akatsgabeak erabat, baldin eta urtuko ez balira!
Geroxeago, eskularru handi batzuk jantzita eta bizkarrean lera zuela agertu zen, eta, belarri-zulora garrasi eginez, esan zion Gerdari:
— Plazara joateko baimena dut. Leraz ibiltzera noa besteak ibiltzen diren lekuan! —eta alde egin zuen.
Plazan, mutiko ausartenek nekazarien gurdietara lotzen zituzten beren lerak eta bide-zati luzeak egiten zituzten horrela. Gauza gustagarriagorik! Jolasaren unerik animatuenean lera handi bat etorri zen, zuri-zuria goitik behera, eta gidaria larru iletsuzko berokia eta txanoa jantzita zetorren. Lera handi hark bi buelta eman zituen plazaren inguruan, eta Kayk bizkor-bizkor lotu zion atzealdean bere lera txikia. Orduan, azkar, gero eta azkarrago, ondoko kaletik sartu ziren. Gidariak burua jiratu eta agur egin zion Kayri oso abegitsu, elkar ezagutuko balute bezala. Kay lera handitik askatzen saiatzen zen bakoitzean, ezezagunak diosala egiten zion, eta berriro esertzen zen. Halaxe irten ziren hiriko atetik. Elurra lodi-lodi hasi zuen une horretan, hainbeste, non Kayk ez baitzuen bere sudurra baino haratago ikusten. Lera handira lotzen zuen soka askatzen saiatu zen; alferrik, ordea: ez zuen, horratik, askatzerik lortu; lera handiari lotuta jarraitzen zuen, eta haizea baino azkarrago zihoazen. Indar guztiekin egin zuen garrasi, baina inork ez zion aditu, eta elurrak mara-mara segitzen zuen, eta lerak ere etengabe aurrera bere laster eroan. Lantzean behin brastakoa egiten zuen lerak, lubaki eta itxituren gainetik jauzika joango balitz bezala. Kay beldurrak airean zihoan, eta aitagure bat errezatu nahi izango zukeen, baina biderketa-taula baino ez zitzaion etortzen burura.
Elur-malutak gero eta handiagoak ziren, eta azkenean oilo zuri handien itxura hartu zuten. Bat-batean lera bide bazterrean geratu zen, eta gidatzen zuen pertsona jaiki egin zen; haren berokia eta kapelua elur soila ziren. Dama bat zen, oso garaia eta liraina, zuriaren zuriaz distiranta: elurretako erregina zen.
— Lasterketa bikaina izan da —esan zion Kayri—, baina hotzak al zaude? Bildu zaitez nire hartz-larruzko berokian! —eta bere ondoan jarri zuen leran, eta larruan bildu zuen, eta Kayri elur-meta batean murgildu zela iruditu zitzaion.
— Hotzak al zaude oraindik? —galdetu zion erreginak, eta musu eman zion bekokian. Ui!, izotza bera baino hotzagoa izan zen musua, eta zuzenean joan zitzaion bihotzaren erdiraino, ordurako bihotza ia izozturik baldin bazuen ere. Hiltzear zegoela iruditu zitzaion Kayri, baina lipar batez bakarrik, zeren berehala zen onik berriro, eta handik aurrera ez zuen hotzik sentitu.
— Nire lera! Ez ahaztu nire lera! —horixe etorri zitzaion gogora, baina lera txikia, oilo zurietako bati loturik, handiaren atzetik zihoan. Elurretako erreginak beste musu bat eman zion Kayri, eta orduan bai, orduan Kay Gerda txikiaz ahaztu zen, eta amonaz, eta etxeko guztiez.
— Ez dizut musu gehiagorik emango, hilko zintuzket bestela!
Kayk begiratu egin zion. Politetan politena iruditu zitzaion. Ez zuen hura baino aurpegi argi eta ederragorik inoiz ikusi; orain ez zitzaion iruditzen izotzezkoa, leiho ertzean eseri eta keinua egin zion hartan bezala. Kayren iritzirako akatsgabea zen, eta ez zion inolako beldurrik. Kayk esan zion bazekiela buruketa zailak egiten, baita zatikien bidez ere, eta bazekiela Europako herrialde bakoitzaren hedadura milia karratutan, eta baita zenbat biztanle zituen bakoitzak ere. Erreginak irribarre egiten zion, eta Kayk pentsatu zuen berak zekien guztia ez zela nahikoa, eta orduan zeru zabalera begiratu zuen, eta han joan ziren biak hegan, gora eta gora, hodei ilun baten gainean, eta trumoiak burrunba eta orro egiten zuen, antzinako kantak kantatuz bezala.
Oihanen eta lakuen gainetik egin zuten hegan, itsasoen eta irlen gainetik. Han behean, beren azpian, firrindaka zebilen iparbeltza, uluka otsoa; erlantz egiten zuen elurrak, eta haren gainetik, bele beltza hegan zihoan karranka; baina denen gainetik ilargia ageri zen, handi eta eder, eta Kayk harixe begira eman zuen neguko gau luzea. Eguna urratu zuenean, elurretako erreginaren oinetan lo zegoen Kay.
HIRUGARREN ISTORIOA
Magia zekien emakumearen baratzea
Zer gertatu zen Gerda txikiarekin Kay itzultzen ez zela ikusi zuenean? Non egon zitekeen mutikoa? Inork ez zekien ezer, inork ezin zuen argibiderik eman. Beste mutikoek zekiten gauza bakarra zen Kay bere leratxoa lera handi eta eder bati lotzen ikusi zutela, kalean aurrera egin zutela gero, eta hiriko atetik irten zirela. Inork ez zekien non zegoen, eta malko ugari isuri zen hirian. Gerda txikia negar eta negar aritu zen luzaroan. Azkenean, zabaldu zen Kay hil egin zela, hiri ondoko ibaian hondoratu zela. Oi, zein luzeak eta ilunak izan ziren neguko egunak!
Azkenik udaberria iritsi zen, eta eguzki epela harekin.
— Kay joan egin zaigu, hilda dago! —esan zuen Gerda txikiak.
— Ez dut uste! —esan zuen eguzkiak.
— Joan egin zaigu, hilda dago! —esan zien enarei.
— Ba, guk ez dugu hori uste! —erantzun zuten, eta azkenean Gerdak berak ere ez zuen horrela zenik uste.
— Oinetako berriak jantziko ditut, neure oinetako gorriak —esan zuen goiz batean—, Kayk inoiz ikusi ez dizkidanak, eta ibaiari galdetzera joango naiz.
Goizean goiz, amona artean lo zegoela, Gerdak amonari musu eman eta oinetako gorriak jantzi zituen. Eta, bakar-bakarrik, hiriko atetik irten eta ibairaino joan zen.
— Egia al da zuk eraman zenuela nire jolaslaguna? Hura itzultzen badidazu, nire oinetako gorriak emango dizkizut.
Eta iruditu zitzaion olatuek baietz moduko bat egin ziotela. Beraz, erantzi zituen oinetako gorriak, hain kuttunak zituen haiek, eta ibaira bota zituen, baina ur-ertzean erori ziren, eta olatu txikiek lehorrera, ondora, ekarri zizkioten berriro. Bazirudien ibaiak ez zuela oparia onartu, ez ziola Kay txikia itzuli nahi.
Baina Gerdak pentsatu zuen oinetakoak ez zituela, agian, behar beste urrun jaurti. Horregatik, kanabera artean zegoen txalupa batera igo, brankaraino joan eta oinetakoak uretara jaurti zituen berriro. Txalupa, antza denez, ez zegoen ondo lotuta, eta neskatilak egin zuen mugimenduarekin, askatu eta ur-ertzetik urrundu zen. Gerda berehala ohartu eta handik irteten ahalegindu zen, baina txaluparen beste muturrera iristerako, txalupa ur-ertzetik kana batera baino gehiagora zegoen, eta gero eta azkarrago zihoan.
Gerda txikia erabat beldurtu eta negarrez hasi zen, baina inork ez zion aditzen, txolarreek izan ezik, eta haiek ezin zuten lehorrera eraman, baina ibai-ertzeraino hegan joan eta kantuan hasi ziren, neskatila kontsolatu nahian bezala:
— Hemen gauzkazu, hemen gauzkazu!
Txalupa arin-arin zeraman ur-korronteak; Gerda txikia han zihoan, eserita eta geldi, galtzerdi hutsetan. Zapatatxo gorriak atzetik zetozkion ur-gainean, baina ezin zuten txalupa iritsi, txalupa azkarrago baitzihoan.
Ibai-bazterrak ikusgarriak ziren, hango loreak zoragarriak, arbolak tantaiak, eta mendi-maldetan ardiak eta behiak ikusten ziren, baina han ez zen inor ageri.
— Apika, ibaiak Kay maitearengana narama —pentsatu zuen Gerdak, eta horrekin oso poztu zen: zutitu eta bazter berde eder haiek begiratu zituen ordu luzez.
Halaxe, bada, gereziondo batzuetara heldu zen. Etxetxo bat bazen han, leiho gorri-urdin bitxiak eta lastozko teilatua zituena. Etxaurrean zurezko bi soldadu zeuden, paretik pasatzen zen edonori armak erakusten zizkiotela. Gerdak garrasi egin zien, bizirik zeudelakoan, baina, noski, haiek ez zioten erantzun. Nahiko gertu zegoen soldaduengandik, urak ibai-ertzeraino eraman baitzuen txalupa. Deiadar egin zien berriro, arestian baino ozenago, eta, orduan, emakume zahar-zahar bat irten zen etxetik, makila handi eta oker bat euskarri harturik, eta lore polit pintatuz beteriko eguzki-kapelu handi bat buruan zuela.
— Ume gaixoa! —esan zuen andre zaharrak—. Nolatan iritsi zara halako korronte indartsua duen ibaitzar horretatik munduaren bazter galdu honetaraino zu bakar-bakarrik?
Gero uretan sartu zen, eta makila makotu hartaz baliatuz, txalupa geldiarazi zuen. Txalupa ur-ertzeraino eraman eta besoetan hartu zuen Gerda.
Gerda izugarri poztu zen berriro lehorrean egoteaz. Hala ere, beldur apur bat bazion amona ezezagun hari.
— Ea, esaidazu nor zaren eta nondik zatozen! —esan zion emakume zaharrak.
Eta Gerdak dena kontatu zion; eta amona zaharrak buruaz baietz egin eta esaten zuen: «Aha, aha!» Eta Gerdak den-dena kontatu zionean, Kay txikia ikusi ote zuen galdetu zion, eta emakumeak handik ez zela igaro erantzun zion, baina igaroko zela, noizbait; triste egon beharrean, bere gereziak jan behar zituela, eta bere loreak ikusi, edozein irudi-liburutan baino ikusgarriagoak zirela haiek, eta lore bakoitzak, gainera, bere historia kontatuko ziola. Horrela, amona zaharrak Gerdari eskutik oratu, etxera eraman eta atea itxi zuen.
Leihoak oso garaiak ziren, eta beirak gorrixkak, urdinak eta beilegiak. Kolore haiek argitasun bitxia zabaltzen zuten etxe barruan. Mahaian, emakume zaharraren gerezi gozo haiek zeuden, eta Gerdak nahi beste jan ahal izan zuen. Eta jaten zuen bitartean, emakumeak urrezko orrazi batez orrazten zuen, eta urre-koloreko adatsak sorta kiribilak egiten zizkion aurpegi arrosa bezain polit eta biribilaren inguruan.
— Nola desio izan dudan beti zu bezalako neskatila panpoxa bat izatea, nola, baina! —esan zion atsoak—. Ikusiko duzu zein ederki pasatuko dugun elkarrekin!
Eta emakume zaharrak ilea orrazten zion bitartean, Gerda txikiari ahaztuz joan zitzaion Kay, bere jolaslagun maitea. Izan ere, andre zahar hark magia zekien, baina ez zen sorgin gaizto bat, magia denborapasarako soilik erabiltzen baitzuen, eta orain Gerda berekin geratzea nahi zuen. Horregatik, baratzera irten eta makila makotuaz arrosa-landareak ukitu eta, lorez lore gainezka bazeuden ere, lur beltzean hondoratu zituen denak, eta ematen zuen han ez zela sekula arrosarik egon. Beldur baitzen andre zahar hura Gerdak arrosak ikusiz gero, ez ote zen bereekin oroituko, eta Kay txikiarekin gero, eta azkenean ez ote zion handik aldegingo.
Hori egin eta gero, lorategira eraman zuen Gerda. Hangoa bai usain goxoa, hango dena bai polita! Irudika daitezkeen lore guztiak zeuden baratze zoragarri hartan, urte-sasoi guztietakoak eta denak loretan; ezein irudi-liburuk ezin zuen horren ederra eta anitza izan. Gerda pozez jauzika hasi zen, eta jolasean aritu zen bertan, eguzkia gereziondo garaien atzean gorde zen arte. Orduan ohe txiki liluragarri batera eraman zuen amonak. Oheak seda gorriko estalki harro-harro bat zuen, bioleta urdinez zipriztindua, eta hantxe egin zuen lo Gerdak, gozo-gozo, eta, erregina batek bere eztei-gauean nola, amets eztiak izan zituen.
Biharamunean ere eguzkitan aritu zen loreekin jolasean, eta baita ondorengo egun askotan ere. Gerdak lore guztiak ezagutzen zituen, eta asko izan arren, iruditzen zitzaion bat falta zela; ezin esan zein, ordea. Harik eta egun batean, eserita zegoela, emakume zaharraren lorez pintatutako eguzki-kapelua ikusi zuen arte, kapeluko lorerik politena arrosa bat baitzen. Andre zaharrari ahaztu egin zitzaion hangoa kentzea beste guztiak lurpean desagertarazi zituenean. Hala gertatu ohi da sarri: ezin izaten dela den-dena gogoan eduki!
— Zeer?! —esan zuen Gerdak—. Nolatan ez dago hemen arrosarik?!
Eta lasterka joan zen lore-moltsoen artera, eta bila eta bila hasi zen. Alferrik, ordea: baratzean ez zen arrosarik. Azkenean negarrari eman zion, eta haren malkoak lehen arrosak egon ziren lekuan erori ziren, eta malko beroek lurra hezetu zutenean, bat-batean ernatu ziren arrosa-landareak, lurperatuak izan zirenean bezain loretsu. Arrosak besarkatu eta musukatu egin zituen Gerda txikiak, eta etxeko arrosa ederretan pentsatu zuen, eta baita Kay txikiarengan ere.
— Ai, ama! Zenbat denbora galdu dudan! —esan zuen neskatilak—. Kay aurkitu behar dut. Ba al dakizue non den? —galdetu zien arrosei—. Zuek ere uste duzue hil egin dela?
— Ez da hil —erantzun zioten arrosek—. Gu lurpean izan gara, hildako guztiak egoten diren lekuan, eta han ez zegoen Kay.
— Mila esker! —esan zien Gerda txikiak, eta beste loreetara joan zen, eta haien kalizetan begiratu eta galdetu zien:
— Ba al dakizue Kay txikia non den?
Baina loreak, eguzkitara begira zabal-zabal, ametsetan zeuden, zein bere ametsean murgildurik. Gerdak amets ugari entzun zuen, baina Kayri buruz bat ere ez.
Eta zer kontatzen zuen lili gorriak?
— Entzun danborra: porron-pon! Bi nota baino ez ditu, porron-pon! ari da beti. Aditu emakumeen samin-kantua! Aditu abadeen deia! Emakume hindua, sari gorria soinean, su-metaren gainean dago zutik; bera eta bere senarraren hilotza sugarretan bildurik. Emakumeak, ordea, inguruko jende artean dagoen gizon batengan du gogoa, begiak su-lamak baino distiratsuagoak dituen harexengan. Emakumeari gizon horren begietako sugarrak erretzen dio bihotza, aurki errauts bihurtuko duten su-lamek bainoago. Hil ote dezakete su-lamek bihotzeko garra?
— Ez dut piperrik ere ulertzen! —esan zuen Gerda txikiak.
— Hori da nire istorioa! —esan zuen lili gorriak.
Zer dio ezkerte beltzak?
— Han, mendiaren bidezidor estuaren gainean, gaztelu zahar bat dago. Gazteluko horma zahar gorrietan gora hedatzen da huntz berde sarria, hostorik hosto, balkoiraino, eta balkoian neska lirain bat dago, besoak barandan jarrita eta bideari so. Adarrean den arrosa ere ez da hura bezain eder; ez eta haizeak mugitzen duen sagar-lorea ere hura bezain airos; neska higitzen denean, haren sedazko soineko dotorearen xuxurlak dio: Noiz etorriko ote da?
— Nor? Kay? —galdetu zuen Gerda txikiak.
— Nik neure istorioa kontatzen dut soilik, neure ametsa, ez besterik! —erantzun zuen ezkerte beltzak.
Zer kontatzen du negu-txilintxak?
— Han, arbola artean, soketatik dilin-dalan, ohol luze bat dago zintzilik: zabu bat da. Bi neskato pinpirin, soinekoak elurra bezain zuri eta kapeluen sedazko xingola berde luzeak firurika, zanbuluka dabiltza zabuan eserita. Nesken neba, haiek baino zahartxoagoa, zutik dago zabuan. Soken inguruan jarri ditu mutilak besoak, ez jausteko, esku batean kikaratxo bat baitu, eta bestean buztinezko pipa bat, xaboi-punpuluak egiteko. Zabuaren kulunkarekin batera, kolore ñabarreko punpuluak zabaltzen dira airean; azken punpulua piparen giderrean geratu da eta haizeak emeki eragiten dio. Zabua kulunkan ari da. Txakur txiki beltz bat, punpuluak bezain arina, atzeko hanken gainean jarri eta zabura igo nahian dabil. Zabuak kulunkan segitzen du, eta txakurrak irrist egiten du; zaunka hasten da, haserre; neska-mutilek barre egiten dute; punpuluak lehertu egiten dira. Ohol bat kulunkan, bitsezko eszena bizi bat, hori da nire kanta!
— Gauza politak izango dira esan dituzunak, baina oso doinu tristean kontatu dituzu, eta Kay ez duzu aipatu ere egin. Zer ote diote jazintoek?
— Baziren behin hiru ahizpa eder, oso gardenak eta delikatuak. Baten soinekoa gorria zen, beste batena urdina eta hirugarrenarena txit zuria. Eskutik oratuta dantzan ari ziren laku nare baten ertzean, ilargi-argitan. Ez ziren silfideak, gizakiak baizik. Urrin ezin goxoago bat zabaldu zen airean, eta neskak basoan desagertu ziren; han urrina are sarkorragoa zen. Hiru zerraldo datoz irristan oihanetik aintzira alderantz, eta zerraldoetan luze, hiru neskak. Ipurtargiak inguru-minguru dabiltza hegan, airean dindilizka dauden kriseilu ttipiak bailiran. Dantzan ari ziren neskatilak lo ala hilik ote daude? Loreen usainak hil direla esaten du; arratsaldeko kanpaiak hil-kanpaia jotzen du!
— Oso tristetzen nauzu —esan zion Gerda txikiak—. Zure usain sarkorrak hildako neskak gogorazten dizkit. Ai! Egia ote Kay hilik dela? Arrosak lurpean egon dira eta ezetz esaten dute.
— Din-dan! —egin zuten jazintoen txilinek—. Hil-kanpaia ez dugu Kay txikiarengatik jotzen; Kay ez dugu-eta ezagutu ere egiten! Gure kantua kantatzen ari gara, ez dugu besterik ezagutzen eta!
Eta Gerda urrebotoiarengana joan zen; urrebotoiak dir-dir egiten zuen bere hosto berde distiranteen artean.
— Eguzki txiki dirdaitsu bat ematen duzu! Esaidazu: ba al dakizu non aurki dezakedan nire jolaslagun maitea?
Eta urrebotoiak dizdiz bizi bat egin eta Gerdari begiratu zion. Zer kanta zezakeen urrebotoiak? Kayri buruzko kanturik ez behintzat.
— Jainkoaren eguzki alaiak gozo berotzen zuen etxetxo baten barrua udaberriko lehen egunean. Errainuak auzoaren horma zuriaren gaineraino iristen ziren, eta hormaren ondoan hazten ziren lehen lore beilegiek urre distiratsua ziruditen eguzkitan. Etxe aurrean amona zahar bat zegoen, bere kadiran eserita. Iloba etorri zitzaion —neskame txiro polita bera— bisitatxo bat egitera, eta musu eman zion. Urrea zen, bihotzeko urrea, musu bedeinkatu hura. Urrea zegoen ezpainetan, lurrean, urrea han goian, goiz oskarbi hartan. Hori da nire istorioa! —esan zuen urrebotoiak.
— Nire amonatxo xahar gaixoa! —egin zuen hasperen Gerdak—. Faltan izango nau; triste izango da niregatik, Kayrengatik triste egon zen bezalaxe. Baina laster itzuliko naiz etxera, eta Kayrekin itzuliko naiz gainera! Alferrik ari naiz loreei galdezka, beren kantuak baino ez dakizkite, ez dute niretzako albisterik!
Eta soinekotxoa jaso zuen azkarrago joan ahal izateko; baina liliparen gainetik pasatzean, lilipak hanketan jo zuen. Orduan, Gerda gelditu egin zen. Lore luzeari begiratu eta galdetu zion:
— Zuk zerbait dakizu, ala? —eta harengana makurtu zen. Eta zer kontatu zion lilipak?
— Neure burua ikusten dut! Neure burua ikusten dut! —esan zuen lilipak—. Oi, oi, oi, hau usain gozoa dudana! Han goian, teilatupeko gelatxoan, neskato dantzari bat dago, erdi jantzirik. Hanka bakar baten gainean jartzen da, gero bi hankan, eta ematen du mundu osoa daukala bere oinen azpian. Dantzaria itxurapen hutsa da, ordea. Te-ontzitik ura isurtzen du eskuan duen jantzi baten gainera; jantzi hori bere gerruntzea da. «Gauza ona da garbitasuna!» esaten du dantzariak. Haren soineko zuria gako batetik zintzilik dago; hura ere te-ontzian garbitu izan da, eta teilatuan sikatu. Dantzariak soinekoa jantzi eta azafrai-koloreko zapi bat jartzen du gero lepo-bueltan, soinekoaren zuria nabarmentzeko. Hanka bat jasotzen du gora-gora! Begira nola jartzen den tente zurtoin bakarraren gainean! Neure burua ikusten dut! Neure burua ikusten dut!
— Hori guztia ez zait piperrik ere axola! Ez dit ezertarako balio —esan zuen Gerdak.
Eta baratzearen amaieraraino joan zen arineketan. Atea itxita zegoen, baina krisketa zahar herdoilduari eragin eta eragin, azkenean brastakoan zabaldu zen, eta Gerda txikia mundu zabalera irten zen ortozik eta lasterka. Hiru bider begiratu zuen atzera, baina ez zuen inor ondoren segika. Handik gutxira, ordea, lasterrean ezin segi, eta, harri handi baten gainean jarririk, ingurura begiratu zuen, eta ikusi zuen uda joana zela eta udazkena ere aurrera zihoala. Baratze liluragarri hartan ezin izan zen horretaz jabetu; izan ere, han eguzkia egin ohi zuen beti, eta urte-sasoi guztietako loreak batera egon ohi ziren loretan.
— Jainko maitea! Bai berandu nabilela! —esan zuen Gerda txikiak—. Udazkena gainean da eta! Ezin dut atsedenik hartu! —eta jaiki eta bidean jarri zen.
Ui, zein minduak eta nekatuak zituen hankatxoak, eta nolako hotza egiten zuen, eta zein goibel ageri zen dena! Sahatsen hosto luzeak zeharo horituta zeuden, eta behelaino umela tantaka jausten zen arboletatik euria bezala, eta hostoak, bata bestearen ondoren, denak erortzen ari ziren, eta elorri beltzak bakarrik zuen fruitua, baina mingotsa eta hozkia ematen duena. Oi, bai grisa eta tristea zela mundu zabala!
LAUGARREN ISTORIOA
Printzea eta printzesa
Gerdak atseden hartu behar izan zuen berriro. Bele beltz batek jauzi egin zuen elur gainera, Gerdaren aurre-aurrera. Hantxe pausaturik egon zen denbora luzez, Gerdari begira eta buruari eragiten. Halako batean, esan zion:
— Kra-kra! Eunon! Eunon!
Ez zekien hobeto esaten, baina atsegin zitzaion neskatila eta galdetu zion ea nolatan zihoan bakar-bakarrik mundu zabalean zehar. Gerdak «bakarrik» hitza aditu zion, eta berehala ulertu zuen horrek esan nahi zuen guztia. Gerdak bere bizitza osoko abenturak kontatu zizkion beleari, eta Kay ikusi ote zuen ere galdetu zion.
Eta beleak, pentsati, buruari eragin eta esan zion:
— Baliteke! Baliteke!
— Zer?! Ziur al zaude? —egin zuen deiadar neskatilak, eta beleari eman zion besarkadarekin, ia itotzen du.
— Astiro, astiro! —esan zuen beleak—. Kay txikia dela esango nuke! Printzesa ezagutu eta ahaztu egingo zintuen, jakina!
— Printzesa batekin bizi al da? —galdetu zion Gerdak.
— Bai, entzun ondo —esan zuen beleak—. Baina izugarri kostatzen zait zure hizkuntza mintzatzea. Bele-elea ulertuko bazenu, askoz ere hobeto kontatuko nizuke.
— Ezin, ez dut ikasi eta —esan zuen Gerdak—, baina amonak badaki, baita Ahuntz-erdara ere. Nahiago nuke nik ere baneki.
— Ez dio axola —esan zion beleak—; ahal dudan moduan kontatuko dizut, gaizki samar, alegia.
Eta, halaxe, zekien guztia kontatu zion:
— Erreinu honetan bada printzesa bat, oso, baina oso, bizkorra; munduko egunkari guztiak leitu ezezik, guztiak ahaztu ere egiten ditu, hain da azkarra. Behin batean, tronuan eserita zegoela, eta ez pentsa jende guztiak uste duen bezain gauza atsegina denik hori, kantuan hasi zen ahopetik: «zergatik ez naiz ezkontzen, zergatik?».
«— Ez da burutazio txarra, alajaina! —esan zuen printzesak berekiko, eta ezkontzea erabaki zuen, baina hitz egiten zitzaionean erantzuna ematen jakingo zuen gizon batekin behar zuen izan, ez soilik itxura ederra izango zuen batekin, hori benetan aspergarria izango zen eta. Orduan, gorteko dama guztiei dei egin zien, eta damak, haren asmoa zein zen jakin zutenean, pozarren jarri ziren.»
«— Hau poza! —esan zuten damek—. Horixe bera aritu nintzen pentsatzen neu ere orain hurrena!»
— Sinetsidazu, egia hutsa diotsut —esan zion beleak Gerdari—. Emaztegaia dut. Ongi hezia dago eta jauregian aske ibiltzen uzten diote; harexek esan dit dena!
Jakina, haren emaztegaia bele bat zen; izan ere, bele batek emaztea bilatzen duenean beti bilatu ohi du bele eme bat.
«Berehala argitaratu zituzten egunkariak, bihotz-zerrenda batez apaindurik ertzak eta printzesaren inizialekin, jakinarazteko itxura oneko edozein mutil joan zitekeela jauregira printzesarekin hitz egitera; etxean balitz bezala patxadaz hitz egin eta ongien mintzatuko zen huraxe hautatuko zuela printzesak senartzat.»
— Bai, bai! —esan zuen beleak—. Sinetsidazu, egia da eta, ni hementxe nagoela bezain egia.
«Tropelean joan omen ziren mutilak, eta, zein lehenago iritsiko, bultzaka eta arrapataka ibili baziren ere, ez zen zorterik izan ez lehen egunean ez bigarrenean. Gazteak gauza ziren primeran mintzatzeko kalean zeudenean, baina jauregiko atea pasa eta ikusi orduko hango zilar-koloreko uniformedun goardiak, eta eskailburuan urre-kolorez jantzitako lekaioak, eta areto handi argitsu ederrak, sorgorturik geratzen omen ziren, harri bihurturik, printzesa eserita zegoen tronuaren aurrean. Zer esan ez zekitela gelditzen ziren, printzesak esandako azken hitza errepikatzeko ez bazen, eta hori ez zitzaion batere gustatzen hari, batere ez, baina. Ematen zuen mutilek tabako-hauts lelagarri bat hartu zutela eta lozorroan egoten zirela, harik eta kalera irten eta beren onera etorrita mintzamena itzultzen zitzaien arte. Ilara luze bat zegoen hiriko atetik hasi eta jauregiraino.»
— Neuk ikusia! —esan zuen beleak.
«Goseak eta egarriak zeuden, baina jauregitik ez zuten lortu ezta basoerdi ur epel bat ere. Bizkorrenek ogitartekoak eraman zituzten, baina ez zituzten ondokoekin banatu.»
«— Gosetu-itxuran agertzen badira printzesaren aurrera, hark ez ditu aukeratuko! —esaten zuten berekiko.»
— Baina Kay, Kay txikia? —galdetu zion Gerdak—. Noiz etorri zen? Jendetza horren artean al zen hura ere?
— Itxaron apur bat, itxaron apur bat, oraintxe dator harena eta!
«Hirugarren egunean gaztetxo bat agertu zen, zaldirik eta zalgurdirik gabe, baina bipil eta alegera hartu zuen jauregirako bidea. Haren begiek zureek bezalaxe egiten zuten dir-dir, eta adats luze zoragarria zuen, baina arropa umil-umilak.»
— Bai, hori Kay zen! —egin zuen deiadar Gerdak pozaren pozez aztoraturik—. Oi, ama, azkenean aurkitu dut! —eta txaloka hasi zen.
— Motxila txiki bat zeraman bizkarrean —esan zuen beleak.
— Ez, segur aski lera izango zen —erantzun zuen Gerdak—, berekin baitzeraman desagertu zenean!
— Baliteke —esan zuen beleak—, ez nion arretaz begiratu, baina nire emaztegai heziak esandakoagatik dakit jauregiko ateraino iritsi zela eta ikusi zituela zilar-koloreko uniformedun goardiak eta eskailburuan urre-kolorez jantziriko lekaioak, eta ez omen zen izutu batere; buru-keinu bat eginez agurtu eta esan omen zien:
«— Aspergarria izan behar du eskaileretan geratzeak; nahiago dut barrura joan!»
«Areto handi haiek dirdai egiten zuten kriseilu ugariren argitan. Isilpeko aholkulariak eta jaun txit prestuak ortozik zebiltzan, urrezko erretiluak zeramatzatela batetik bestera. Konturatuko zinenez, hangoa ez zen txantxetakoa! Mutilaren botek karraska-hots negargarria ateratzen zuten, baina bera ez zen, horratik, larritu.»
— Kay zen, ziur! —esan zuen Gerdak—. Gogoan dut bota berriak jantzi zituela egun hartan, eta amonaren gelan karraska-hotsa egiten ziotela!
— Karraska-hotsa egiten zuten, bai, eta nola, gainera! —esan zuen beleak.
«Hala ere, patxadarik handienaz, izukaitz, printzesaren aurrera joan zen. Printzesa errotarriaren neurriko perla handi batean eserita zegoen. Mutil gizajoa! Gorteko dama guztiak, beren ganbarazainekin eta ganbarazainen ganbarazainekin, eta zaldun guztiak, beren otseinekin eta otseinen otseinekin, eta hauek ere zein bere morroiarekin, den-denak printzesaren inguruan zeuden. Eta zenbat eta atetik gertuago egon, orduan eta tenteago gainera. Otseinen otseinen morroiari, beti txapinetan dabilen horri, ezin zitzaion begiratu ere egin; pentsa zein harro zegoen atean!»
— Izugarria izango zen! —esan zuen Gerda txikiak—. Baina lortu al zuen Kayk printzesaren eskua?
— Belea naizelako, niretzat izango zen bestela, eta hori beste bati hitza emanda nagoelarik. Ni bele-elean aritzen naizenean bezain ondo mintzatu omen zen; hala esan zuen nire emaztegai heziak. Mutil ausarta eta atsegina omen da. Eta ez omen zen printzesaren eskua lortzeko asmoz etorri, haren buru-argitasuna ezagutzera baizik. Eta asko gustatu zitzaion printzesa, printzesari bera adina gustatu ere.
— Bai, ziur-ziur, Kay zen! —esan zuen Gerdak—. Oso argia da; pentsa, zatikiak ere buruz dakizki! Zer, ez nauzu jauregi barrura eraman behar, ala?
— Errazagoa da esaten! —esan zuen beleak—. Baina nola sartu? Nire emaztegai heziarekin hitz egingo dut; hark emango digu aholku. Baina jakin behar duzu han ez diotela sekula sartzen utziko zu bezalako neskatila bati.
— Sartuko naiz, bai horixe! —esan zuen Gerdak—. Kayk hemen nagoela jakiten duenean, nire bila etorriko da berehala.
— Itxaroidazu langa haren ondoan! —esan zion beleak. Eta jiratu zuen burua eta hegan joan zen.
Gautzen ari zuenean itzuli zen belea.
— Kra-kra! —esan zuen—. Goraintziak nire emaztegaiaren partetik! Eta hona hemen ogi-opiltxo bat zuretzat; sukaldetik hartu du, han soberan ere izaten da, eta zu gosez zaude segur aski. Ezinezkoa da zu jauregian sartzea, badakizu: ortozik zaude. Goardia zilarreztatuek eta lekaio urreztatuek ez lizukete utziko. Baina ez egin negarrik, nola edo hala sartuko zara eta. Nire emaztegaiak ezkutuko eskailera estu bat ezagutzen du, logelaraino doana, eta badaki hango giltza ere nola lortu.
Eta lorategian sartu ziren, etorbide nagusian, han non hostoak banan-banan erortzen ari ziren. Eta jauregiko argiak banaka-banaka itzali zirenean, beleak jauregi ostera eraman zuen Gerda, erdi zabalik zegoen ate bateraino.
Ene, nola egiten zuen tunpaka Gerdaren bihotzak, egonezinak eta gogoak astindurik! Ematen zuen zerbait txarra egitera zihoala, baina haren asmo bakarra mutil hura Kay ote zen jakitea zen. Bai, Kay behar zuen izan. Harengan pentsatu zuen, haren begi jakinduriz beteetan, haren adats luzean; begien aurrean balu bezala ikus zezakeen haren irribarrea, etxeko arrosen azpian esertzen zirenean bezala. Kay ere poztuko zen, bai, bera ikustean, eta entzutean beragatik egina zuen bidaia luzea, eta jakitean zein triste geratu ziren etxeko guztiak bera itzultzen ez zela ikustean. Ene, hura egonezina eta poza!
Eskailerara iritsi ziren orduan; han, apal batean, kriseilu txiki bat zegoen piztuta. Eta zoruan bele hezia zegoen, buruari alde batera eta bestera eragiten eta Gerdari begira. Eta Gerdak burua makurtu zuen, amonak erakutsi bezala.
— Senargaiak oso ongi hitz egin dit zuri buruz, andereño —esan zuen bele heziak—, zure curriculum vitæ, esaten den bezala, zirraragarria da; zinez! Har ezazu, arren, kriseilua eta aurretik joango natzaizu. Zuzen-zuzen joango gara, inorekin topo egin gabe.
— Norbait datorrela iruditzen zait! —esan zuen Gerdak. Izan ere, zurrumurru-moduko bat sumatu zuen bere ondotik igarotzen, eta itzal batzuk hormetan. Han zihoazen zaldi txanka-meheak, kima haizetan izurturik; eta haien gainean, zamalka, ehiza-mutilak, zaldunak eta damak.
— Ametsak baino ez dira! —esan zuen bele emeak—. Jaun-andereen pentsamenduak harrapatzera datoz. Aukera aparta, inondik ere, suertatu zaizuna; hartara, oso eroso ikusiko baitituzu pentsamenduok, jaun-andereak ohean daudela. Baina espero dut egunen batean ohorea eta loria iristen badituzu, jakingo duzula zure esker ona erakusten!
— Zertara dator hori orain? —esan zuen basoko beleak.
Eta lehenengo gelan sartu ziren. Hormetatik zintzilik arrosa koloreko saten-oihalak zeuden, lore bordatuez apainduak. Ametsak beren aurretik igaro ziren berriro, baina oso bizkor igaro ziren, eta Gerdak ezin izan zuen ezer garbi ikusi. Gelak zein baino zein dotoreagoak ziren, edonor ahozabalik uzteko modukoak. Eta, azkenik, logelara iritsi ziren. Sabaiak palmondo handi bat zirudien, oso kristal fineko hostoak zituena; eta gelaren erdian, urrezko zurtoin antzeko batetik dilindan, liliak ziruditen bi ohe zeuden. Bat zuria zen eta han printzesa zegoen lo. Bestea gorria zen, eta hantxe bilatu behar zuen Gerdak Kay! Lore gorriaren hosto bat alderatu zuen eskuaz, eta garondo beltzaran bat ikusi zuen. Bai, Kay zen! Bere izenez deitu eta kriseilua hurreratu zion. Ametsek, zaldi gainean xuxurla, alde egin zuten burrunbaka. Orduan mutila esnatu egin zen, burua jiratu zuen eta... ez zen Kay.
Printzeak garondoan baino ez zuen haren antzik; gaztea eta lerdena zen, hala ere. Printzesak kirika egin zuen lili zuri antzeko ohe ertzetik, eta zer gertatzen zen galdetu zuen. Orduan Gerda txikia negarrez hasi zen, eta historia osoa kontatu zuen, eta nola beleek lagundu zioten.
— Neskato gajoa! —esan zuten printzeak eta printzesak, eta beleek egindakoari ederretsi zioten, eta esan zieten ez zeudela, inolaz ere, haiek egindakoagatik haserre, baina ez zutela berriro horrelakorik egin behar. Nolanahi ere, saria eman zieten.
— Zer nahiago duzue —galdetu zien printzesak—, libre geratu ala behin betiko lana ganbara-bele gisa, sukaldeko hondarren truke?
Eta bele biek gur egin zioten eta behin betiko lanpostua hautatu zuten, zahartzaroan pentsatuta.
— Ona izaten da agurearentzako zerbait gordetzea —esan zuten, halaxe deitzen baitzioten zahartzaroari.
Eta printzea ohetik jaiki zen, Gerdak bertan lo egin zezan, beste ezer ezin baitzuen harengatik egin. Gerdak eskutxoak elkartu eta pentsatu zuen:
— Zein onak diren gizakiak eta animaliak! —eta, halaxe, begiak itxi eta ondo baino hobeto egin zuen lo. Amets guztiak hegan itzuli ziren. Oraingoan Jainkoaren aingeruen antza zuten; lera txiki bati tiraka zetozen, eta leran eserita Kay, buruaz agur eginez. Baina amets hutsa izan zen, Gerda esnatzean desegin egin zena.
Biharamunean sedaz eta belusez jantzi zuten Gerda, burutik hasi eta oinetaraino. Jauregian geratzea eskaini zioten; han ondo pasatuko zuela. Baina berak erantzun zien zalgurdi txiki bat eta bota pare bat besterik ez zuela behar Kayren bila joateko mundu zabalean zehar.
Eta botak eta esku-berogarri bat eman zizkioten. Zoragarri polit jantzita geratu zen, eta alde egiteko ateraino joan zenean, han, ate aurrean, urre gorrizko zalgurdi berri bat zuen zain. Printze-printzesen armek dizdiz egiten zuten zalgurdiaren atean, izarrak bailiran. Gidaria, lekaioak, eta postiloiak, —postiloiak ere bai baitziren—, hantxe zeuden urrezko koroa bana jantzita. Printzeak eta printzesak berek lagundu zioten Gerdari zalgurdira igotzen eta zorterik onena opatu zioten. Basoko beleak —ordurako ezkondua— konpainia egin zion lehen hiru legoatan. Gerdaren aldamenean eseri zen, zaldiei bizkarra ez ematearren. Beste belea atarian geratu zen, hegalak astinduz; ezin izan zen besteekin joan, buruko minez egoten zelako behin-betiko lana eta jakiak soberan zituenetik. Zalgurdiaren barrua azukre-erroskilaz beterik zegoen, eta eserlekuaren kutxan frutak eta jengibrezko opiltxoak zeuden.
— Adio! Adio! —egin zioten deiadar printze-printzesek, eta Gerda txikiak negar egin zuen, eta bele beltzak negar egin zuen. Halaxe egin zituzten lehen legoak; orduan, beleak ere agur esan zion eta oso agur tristea izan zen, triste-tristea. Arbola baten gainera egin zuen hegan eta hego beltz luzeak astindu zituen, zalgurdia, eguzki-errainua bezain distiratsu, bistatik galdu zuen arte.
BOSGARREN ISTORIOA
Neskato bidelapurra
Baso ospelean zehar zihoazen. Zalgurdiak zuzi baten moduan egiten zuen argi eta bidelapurrak itsutzen zituen bere distiraz, eta hori larregi izan zen haientzat.
— Urrea! Urrea! —egin zuten garrasi, eta zalgurdiaren gainera joan eta eraso egin zioten. Zaldiak gerarazi, postiloiak, gidaria eta lekaioak hil eta zalgurditik atera zuten Gerda txikia.
— Bai potolotxoa eta ederra dagoela; intxaurrez haziko zuten! —esan zuen atso bidelapurrak. Atsoak bizar luze sarri bat zuen eta bekainak begien gainera eroriak—. Bildots gizendu bat bezain guria dago! Gozoa egon behar du honek nahitaez! —eta hori esanez bat, aizto zorrotz bat atera zuen zorrotik eta aiztoak dirdai lazgarri bat egin zuen.
— Ai! —egin zuen atsoak une horretan bertan, bizkar gainean zeraman alabatxoak belarrian haginka egin baitzion; neskatoa halakoxea zen eta, inon den ume basati eta lotsagabeena.
— Ume zapoa! —esan zuen amak, baina kontua da ezin izan zuela Gerda hil.
— Nirekin jolastuko da! —esan zuen neskato bidelapurrak—. Esku-berogarria emango dit, eta soineko eder hori, eta nire ohean egingo du lo! —eta haginka egin zion berriro amari, eta atsoak jauzi eta txilinbuelta egin zuen airean, eta bidelapur guztiek, barre batean, esan zuten:
— Hara nola egiten duen dantza bere txikiarekin!
— Zalgurdian joan nahi dut! —esan zuen neskato bidelapurrak, eta, ohi zuen legez, gogoak eman ziona egin zuen, gaizki ohitutako umea baitzen eta burugogorra.
Gerdarekin zalgurdian eseri eta, sasi eta arantza artetik, baso barrenera joan ziren. Bidelapurtxoa Gerda bezain garaia zen, baina indartsuagoa; bizkargainak sendoagoak zituen eta azala ilunagoa; eta haren begi ikatza bezain beltzek bazuten halako aire triste bat. Gerdari beso bat gerritik pasa eta esan zion:
— Ez zaituzte hilko, zurekin haserretzen ez naizen bitartean behintzat! Benetako printzesa al zara?
— Ez —esan zuen Gerda txikiak, eta gertatu zitzaion guztia kontatu zion, eta baita Kay txikia zenbat maite zuen ere.
Bidelapurtxoak aurpegi serioz begiratu zion; buruaz imintzio arin bat egin eta esan zuen:
— Ez zaituzte hilko haserrarazten banauzu ere; hori gertatuko balitz, neronek hilko zintuzket eta! —eta Gerdaren malkoak sikatu eta eskuak haren esku-berogarri leun epelean sartu zituen.
Halako batean zalgurdia gelditu egin zen; lapur-gaztelu baten atariaren erdian zeuden. Gazteluaren hormak goitik beheraino arrakalaturik zeuden. Belabeltzak eta erroiak hegan zebiltzan arrakaletan sartu-irtenean, eta bi zakurtzar, gizon bat osorik irensteko adinakoak, jauzika. Jauzi itzelak ematen zituzten, baina zaunkarik ez zuten egiten, debekaturik zuten eta.
Gela handi zahar kedartsu batean, su handi bat zegoen harrizko zoruaren gainean. Kea sabairantz igotzen zen eta han zebilen, jira eta bira, irteera bila. Galdara eskerga batean salda ari zen egosten, eta burduntzian erbiak eta untxiak erretzen.
— Gaur nirekin eta nire aberetxoekin egingo duzu lo! —esan zuen neskato lapurrak.
Zerbait jan eta edan ondoren, bazter batera joan ziren. Lastairak eta ohe-estalkiak zabaldurik zeuden han. Goian, kotetan eta hagetan pausaturik, baziren ehundik gora uso, eta denak lotan zeudela zirudien arren, zertxobait higitu egin ziren neskatilak agertu zirenean.
— Nireak dira; den-denak! —esan zuen lapur txikiak, eta gertuen zuenetako bat hartu, hanketatik oratu eta astindu egin zuen, eta usoak hegoei eragin zien.
— Emaiozu musu! —egin zuen garrasi, eta usoarekin, zapla, aurpegian eman zion Gerdari.
— Hemen basoko alprojak! —jarraitu zuen, murruaren garaieneko zulo batean zegoen barrote ilara bat seinalatuz—. Basoko alproja hutsak dira bi-biak! Aske utzi orduko ihes egingo lidakete; eta hona hemen nire Be zahar maitea! —eta adarretatik oratu zion elur-orein bati. Elur-oreina lotuta zegoen, eta lepo-bueltan kobrezko uztai bat zuen—. Hau ere lotuta eduki beharra daukagu, ospa egiten du bestela. Gauero-gauero kili-kili egiten diot lepoan nire aizto zorrotzaren puntaz! Sekulako beldurra dio!
Eta neskatoak aizto luze bat hartu zuen hormako arrakala batetik eta elur-oreinari pasatu zion lepo inguruan. Animalia gaixoa marruka eta putinka hasi zen, eta neskato lapurrak, algara batean, Gerda hartu eta ohera eraman zuen bultzaka.
— Lo ere aiztoarekin egiten al duzu? —galdetu zion Gerdak, artega samar.
— Aiztoarekin joaten naiz lotara beti! —esan zuen lapur txikiak—. Sekula ezin da jakin zer gertatuko den. Baina orain kontaidazu berriro Kay txikiari buruz lehen kontatu didazuna eta zergatik irten zinen mundu zabalera.
Eta Gerdak hasieratik kontatu zion dena berriro, eta basoko usoek urrumaka ziharduten, neskatilen gainean zegoen kaiolan, eta beste usoak, berriz, lo zeuden. Bidelapur txikiak lepotik pasatu zion besoa Gerdari, eta, beste eskuan aiztoa zuela, berehala hasi zen zurrungaka. Baina Gerdak ezin zuen begirik bildu, ez zekien bizirik ala hilik irtengo ote zen handik. Bidelapurrak suaren inguruan eserita zeuden, kantari eta zurrutean, eta atso lapurra txilinbueltaka ari zen. Ene, hura beldurra! Begiratze hutsak ere beldurra ematen zion Gerdari.
Orduan basoko usoek esan zuten:
— Urru! Urru! Kay txikia ikusi dugu. Oilo zuri batek zeraman haren lera, eta Kay elurretako erreginaren leran eserita zihoan. Airean zihoazen, behe samarretik; gu basoan habian geundela, arbolen gainetik pasatu ziren. Erreginak kume guztioi putz egin zigun, eta gu ez beste guztiak hil egin ziren. Urru! Urru!
— Zer esaten ari zarete hor goian? —egin zuen garrasi Gerdak—. Nora joan da elurretako erregina? Ba al dakizue nora joan den?
— Segur aski Laponiara, han beti baita elurra eta izotza! Galdeiozu hor behean loturik dagoen elur-oreinari.
— Han bada, bai, izotza eta elurra! Paraje ezin hobea, inondik ere! —esan zuen elur-oreinak—. Hango zabaldi elurtuetan bada aske eta libre korrika egiteko aukera! Hantxe dauka elurretako erreginak udako kanpa-denda, baina jauregia urrunago dago, Ipar Polo aldean, Spitsberg deituriko irlan.
— Ene, Kay, nire Kay maitea! —egin zuen hasperen Gerdak.
— Geldi egon! —esan zuen neskato lapurrak—. Bestela aiztoa sartuko dizut sabelean!
Biharamun goizean, Gerdak usoek esandako guztia kontatu zion bidelapurtxoari, eta neskatoa oso serio geratu zen, baina buruaz baiezkoa egin eta esan zion:
— Berdin dio, berdin dio!
— Ba al dakizu non dagoen Laponia? —galdetu zion elur-oreinari.
— Nork nik baino hobeto? —erantzun zuen abereak, begiak bris-bris—. Han jaio nintzen, han hazi, eta han egiten nuen jauzi alor elurtuetan.
— Entzun! —esan zion neskatoak Gerdari—. Ikusten duzun moduan, gure gizon guztiek alde egin dute. Ama, ordea, hemen dago oraindik, eta geroago ere bai, baina eguerdi aldera, botila handitik edaten duenean, lo-kuluska bat egin ohi du. Orduan egingo dut zerbait zure alde.
Eta ohetik jauzi egin, amaren lepotik zintzilik jarri eta bizarretik tiraka esan zion:
— Egun on, ahuntz maitea!
Eta amak sekulako zaplatekoa eman zion masailan, eta masaila urdindu eta gorritu egin zitzaion neskatoari, baina maitasunezko adierazpen bat baino ez zen izan.
Ama, botilatik edan ondoren biaoa egitera joan zenean, neskato bidelapurra elur-oreina zegoen tokira joan zen, eta honela esan zion abereari:
— Oso gustura segituko nuke zuri lepoan aiztoaz kilimak egiten, benetan barregarri jartzen baitzara, baina berdin dio, soka askatu eta jaregingo dizut, Laponiara joan zaitezen, baina arin baino arinago ibili behar duzu, neskatila hau elurretako erreginaren jauregira eramateko, hantxe baitago bere jolaslaguna. Egingo nuke badakizula zer esan zidan Gerdak, ozen samar hitz egin baitzuen, eta zu beti izan zara belarri-luzea.
Elur-oreinak, poz-pozik, jauzi-putinkak egin zituen. Neskato lapurrak haren gainera igotzen lagundu zion Gerdari, eta arreta handiz lotu, eta, gainera, kuxin txiki bat eman zion eroso joan zedin.
— Beno, tira —esan zuen—, hartu zeure larruzko botak berriro, hotz egingo du eta, baina zure esku-berogarria niretzat. Oso polita da eta ez dut hori gabe geratu nahi! Baina lasai, ez zara hotzak hilko. Tori nire amaren mitoi handiak, ukalondoraino iritsiko zaizkizu. Jantzi itzazu! Orain nire amaren esku zatarrak dituzula ematen du!
Eta Gerdak negar egin zuen pozaren pozez.
— Ez ezazu mainarik egin! —esan zion bidelapurtxoak—. Pozez zoratzen egon behar zenuke! Eta hemen dituzu bi opil, eta urdaiazpiko bat, goserik ez pasatzeko.
Gauza horiek ere elur-oreinaren bizkar gainean lotu zituzten. Lapur txikiak atea zabaldu, zakur itzel haiek barrura eraman eta elur-oreina lotuta zegoen soka ebaki zuen aiztoaz. Honela esan zion gero elur-oreinari:
— Hasi korrika! Baina zaindu ondo neskatila!
Eta Gerdak mitoi handiez estaliriko eskuak luzatu eta agur egin zion neskato lapurrari. Eta elur-oreina arrapalada bizian joan zen arantza eta sasi guztien gainetik, oihan handietan barna, zingira eta ordokietan zehar, ahal zuen azkarren. Otsoak uluka ari ziren, eta erroiak krazka. «Atxu! Atxu!», egin zuen zeruak, gorri-gorri, doministikuka ari balitz bezala.
— Nire aspaldiko egunsenti boreal maitea! —esan zuen elur-oreinak—. Soizu! Hori dirdira!
Eta han joan zen, are azkarrago, gau eta egun lasterka. Ogi-opilak jan zituzten, eta baita urdaiazpikoa ere, eta Laponiara iritsi ziren.
SEIGARREN ISTORIOA
Laponiako emakumea eta Finlandiako emakumea
Etxetxo baten ondoan geratu ziren. Oso etxe pobrea zen. Teilatua lurreraino iristen zen eta familiak arrastaka sartu eta irten behar izaten zuen, hain zen baxua atea. Barruan emakume laponiar zahar bat zegoen bakarrik, olio-lanpara gainean arraina frijitzen. Elur-oreinak Gerdaren historia osoa kontatu zion, baina lehen-lehenik berea, askoz ere garrantzitsuagoa iruditzen zitzaiolako. Gerdak ezin zuen hitzik ere egin, hain zegoen hozmindurik!
— Ai, gaixoak zuek! —esan zien Laponiako emakumeak—. Bide luzea duzue oraindik! Ehun legoa baino gehiago egin beharko duzue Finlandiara iristeko, hango lurretan baitabil elurretako erregina, gauero su urdinak isiotzen. Pare bat hitz idatziko diot bakailao idortu batean, paperik ez dut eta. Zeuok eramango diozue emakume finlandiarrari, hark nik baino aholku hobeak emango dizkizue eta.
Gerda berotu zenean eta zerbait jan eta edan zuenean, Laponiako emakumeak bakailao idortu batean lerro pare bat idatzi eta Gerdari eman zion, ondo gordetzeko esanez. Eta elur-oreinaren bizkar gainean lotu zuen neska, eta elur-oreinak jauzi egin eta arrapaladari ekin zion. «Atxu! Atxu!», entzuten zen goian, eta gau luze hartan egunsenti boreal urdin paregabea ikusi zen, distirant. Eta halako batean Finlandiara iritsi ziren, eta emakume finlandiarraren tximinian jo zuten, aterik ez zuen eta.
Barruan izugarrizko beroa egiten zuen eta Finlandiako emakumea ia biluzik zebilen. Txikia zen, eta ugerdoa. Berehala erantzi zizkion arropak Gerda txikiari. Mitoiak eta botak hartu zizkion, bero larregi izango baitzuen osterantzean. Gero izotz-pusketa bat jarri zion elur-oreinari buruan, eta azkenik, bakailaoan idatzitakoa leitu zuen. Hiru bider leitu zuen idatzia, eta buruz ikasi zuenean, pote batean sartu zuen bakailaoa, jatekoa nola zen, emakume hark ez baitzuen inoiz ezer alferrik galtzen.
Emakume hari ere bere historia kontatu zion lehen-lehenik elur-oreinak, eta gero Gerda txikiarena, eta Finlandiako emakumeak bere begi adimenez beteak kliskatu zituen, baina ez zuen deus ere esan.
— Emakume bizkorra zara —esan zion elur-oreinak—, badakit munduko haize guztiak sedazko hari batez lotzeko ahalmena duzula. Itsasontzi-kapitain batek korapiloetako bat askatzen badu, aldeko haizea izango du; bigarren bat askatzen badu, haizea zakartu egingo da; eta hirugarrena eta laugarrena askatzen baditu, basoak ere erauziko lituzkeen haize bortitza harrotuko da. Ez al diozu emango neskatilari edabe bat, hamaika gizonen indarra eman eta elurretako erregina gailentzen lagunduko diona?
— Hamaika gizonen indarra —esan zuen finlandiarrak—. Bai, horrekin aski izango da!
Eta emakumea apalategi bateraino joan zen; handik larru handi bildu bat hartu eta zabaldu egin zuen. Ikur arraroak zeuden idatzirik larruan, eta emakume finlandiarra haiek leitzen aritu zen, bekokitik izerdia zeriola.
Baina elur-oreina Gerda txikiaren alde erreguka hasi zitzaion berriro; Gerdak halako begirada errukarriz begiratzen zion, eta emakume finlandiarra keinuka hasi zen berriro. Elur-oreina bazter batera eraman eta izotz gehiago jarri zion buruan, eta honela xuxurlatu zion:
— Egia da. Kay txikia elurretako erreginarekin dago, eta bikaina iruditzen zaio hango guztia, eta munduko lekurik hoberena irizten dio hari, baina hori bihotzean kristalezko printza bat eta begi batean kristal-hauts aletxo bat duelako da. Horiek biak atera behar zaizkio aurrena, hori egin ezean ez baita berriro gizakia izango eta elurretako erreginaren mende segituko baitu.
— Ez al daukazu Gerda txikiari hori guztia gainditzeko ahalmena emango dion zerbait?
— Ezin diot eman daukana baino ahalmen handiagorik! Ez al duzu ikusten zein handia den? Ez al duzu ikusten gizakiek eta animaliek kasu egiten diotela? Nola iritsi da, bestela, ortozik, munduaren amaieraraino? Ez diogu guk esan behar zenbaterainoko ahalmena duen; bihotzean du eta. Ahalmen indartsu hori haur xalo eta onbera izateak ematen dio. Bere kasa elurretako erreginarengana joan eta Kay txikiari kristalak kentzeko gauza ez bada, guk ezin diogu lagundu. Hemendik bi legoara hasten da elurretako erreginaren baratzea; eraman ezazu haurra haraino. Utz ezazu elurretan, baia gorridun zuhaixkaren ondoan. Eta itzul zaitez lehenbailehen, berriketan geratu gabe!
Eta Finlandiako emakumeak elur-oreinaren gainean jarri zuen Gerda txikia, eta elur-oreina ahal zuen azkarren joan zen lasterka.
— Ene, botarik gabe nago eta! Ez dut mitoirik ere! —egin zuen garrasi Gerda txikiak.
Kanpoan egiten zuen hotz zorrotzagatik ohartu zen falta zituela, baina elur-oreina ez zen ausartu gelditzen, eta baia gorridun zuhaixkaraino segitu zuen lasterka bizian. Hantxe utzi zuen Gerda, eta patxo bat eman zion ahoan, eta malko lodi distiratsuak irristatu zitzaizkion elur-oreinari masailan behera. Buelta hartu eta ahal zuen azkarren itzuli zen. Han geratu zen Gerda gajoa, oinetakorik gabe, eskularrurik gabe, Finlandiako paraje izoztu hartan.
Gerda gorputz eta arima hasi zen antxitxiketan. Eta orduan elur-maluta saldo bat hurbildu zitzaion. Malutak ziren, baina ez zetozen zerutik, zerua oskarbi baitzegoen, egunsenti borealaren argitan dizdiz. Elur-maluta haiek lur arrasean zetozen, eta zenbat eta gertuago, orduan eta handiagoak ziruditen. Gerdak ondo gogoan zuen luparen laguntzaz begiratu zien hartan zein handi eta eder ikusi zituen! Baina oraingo hauen handitasuna lazgarria zen, maluta haiek bizirik baitzeuden: elurretako erreginaren aitzintaldeko soldaduak ziren. Arraroetan arraroenak ziren itxurari dagokionez: zenbaitzuek kirikiño eskerga beldurgarriak ziruditen; bestetzuek sugetzar korapilatuak, lepoak luzatuta, eta beste batzuek hartz txiki lodikoteak, ileak laztuta; baina denak elur-maluta zuri-zuri biziak ziren.
Gerda txikia Aitagurea esaten hasi zen. Hura zen hotzaren handia! Gerdak bere hatsa ikusten zuen, nola izozten zen ahotik irten orduko, lurrin-zutabe bat bailitzan. Hats-zirimola hura, gero eta lodiagoa egiten zen, eta ezin konta ahalako aingerutxo distirant bilakatzen; eta gero, aingeru txiki haiek lurra ukitu bezain agudo, handitu egiten ziren. Kasko bana zuten buruan denek, eta lantza eta ezkutua eskuetan. Gero eta aingeru gehiago zetorren, gero eta gehiago, eta Gerdak Aitagurea amaitu zuenerako, legio oso bat zuen inguruan. Astindu ederra eman zieten maluta beldurgarri haiei! Beren lantzez zulatu eta ehundaka puska txikitan desegin zituzten. Eta Gerda txikia bidean jarri zen berriro, askoz ere lasaiago eta bipilago. Aingeruek txapladatxoak eman zizkioten eskuetan eta oinetan eta horri esker ez zuen horrenbesteko hotza sentitzen, eta, bizkor-bizkor, elurretako erreginaren jauregirantz abiatu zen.
Baina ikus dezagun zer gertatu zen Kayrekin, beste ezer baino lehen. Jakina, Kayk ez zuen Gerda txikiarengan pentsatzen, eta are gutxiago hura jauregiko ateetan egon zitekeenik.
ZAZPIGARREN ISTORIOA
Elurretako erreginaren jauregian gertatu zena eta gerokoak
Jauregiko hormak elur-pikorrez eginak ziren, eta ate-leihoak haize zorrotzez. Ehundik gora areto zuen jauregiak, elur-zirimolek eratuak denak. Handienak legoa batzuetako luzera zuen. Egunsenti borealak argitzen zituen denak, eta oso handiak ziren, huts-hutsak, hotz-hotzak eta distira bizikoak. Han ez zen inoiz jai-girorik izaten, ezta hartz-dantza bakar bat ere, ekaitzak musika jo eta hartz zuriek, atzeko hanken gainean jarririk, beren manera onak erakutsi ahal izateko modukorik. Ez zen inoiz joko-saiorik, aho-keinuka eta txaloka aritzekorik; behin ere ez azeri zuri andereñoen kafe-orduko solasaldirik. Hutsak, handiak eta hotzak ziren elurretako erreginaren gelak. Egunsenti borealak beti berdin gertatu ohi ziren, eta aldez aurretik jakin zitekeen, zehatz-mehatz jakin ere, noiz izango zen argiaren unerik gorena eta noiz apalena. Elur hutsezko areto eskergaren erdian aintzira izoztu bat zegoen. Azaleko izotza mila puskatan zegoen zartatuta, baina puska guztiak berdin-berdinak ziren: artelan ikusgarria osatzen zuten. Eta aintzira erdian elurretako erregina esertzen zen, etxean izaten zenean, behinik behin, eta esaten zuen arrazoiaren ispiluaren gainean esertzen zela, eta hura zela mundu osoan bakarra eta onena noski.
Kay txikia hotzak erabat ubelduta zegoen, ia beltz, baina ez zuen nabaritu ere egiten, erreginak musu eman zionean hozkirria kendu baitzion, eta Kayk izotz-puska baten pareko bihurturik zuen bihotza. Han zebilen izotz-zati zorrotz zapalak hartu eta era guztietan jartzen, zeregin hartatik emaitza jakin bat lortu nahian, gu, txinatar jokoan, zurezko pieza txikiekin irudiak osatzen ari garenean bezala. Kayk ere irudiak osatzen zituen, baina oso irudi zailak, arrazoiaren joko hotza baitzen. Kayren begietarako, irudi haiek ezin ederragoak ziren eta berebiziko garrantzia zuten. Begian sartu zitzaion kristal-printzagatik zen hori! Kayk osatzen zituen irudiak hitz idatziak ziren, baina behin ere ez zuen lortu nahi zuen hitza osatzea, Betikotasuna hitza hain zuzen. Eta esana zion elurretako erreginak:
— Irudi hori osatzen badidazu, zeure buruaren jabe izango zara, eta mundu osoa emango dizut opari, eta patin berri batzuk.
Baina Kayk ezin zuen.
— Lurralde epeletara noa! —esan zuen elurretako erreginak—. Begiratu bat eman behar diet hango lapiko beltzei! —Etna eta Vesubio izeneko sumendiez ari zen—. Zuritu bat eman behar diet! Bada garaia eta. On egingo die limoiondoei eta mahastiei!
Eta joan zen hegan elurretako erregina, eta han geratu zen Kay, bakar-bakarrik milia batzuetako elurzulo eskerga huts hartan, bere izotz-puskei begira, eta pentsatzen eta pentsatzen aritu zen, harik eta bere baitan zerbait kraskatu zen arte. Eserita geratu zen, zurrun eta geldi-geldi. Hotzak hilik zegoela zirudien.
Gerda txikia sartu zen orduan jauregiko ate handitik, haize zorrotzezko atetik; baina Gerdak arratseko otoitza egin zuen eta haizea etzan egin zen, lotarako bezala, eta neskatoa barrura sartu zen, areto eskerga, huts izoztura, eta Kay ikusi zuen. Berehalaxe ezagutu zuen, eta lepora jauzi egin zion eta, bere besoen artean estutzen zuela, garrasika esan zion:
— Kay, Kay maitea! Aurkitu zaitut, azkenean!
Baina Kayk eserita jarraitu zuen, geldirik, zurrun eta hotz. Gerda negarrez hasi zen, eta haren malko epelak Kayren paparrean erori eta bihotzeraino iritsi ziren, eta han zuen izotz-puska urtu eta ispilu-zatitxoa desegin zioten. Kayk Gerdari begiratu zion eta neskatoak salmoa kantatu zuen:
Arrosak haranean loretan,
Jesus Haurtxoa bertan pozetan!
Kay ere negarrez hasi zen eta malko ugari isuri zuen, negar eta negar aritu zen, eta azkenean han irten zen ispilu-alea begitik, eta orduan Kayk Gerda ezagutu eta algaraka esan zuen:
— Gerda! Nire Gerdatxo laztana! Non egon zara horrenbeste denboran? Eta ni, non egon naiz ni? —eta ingurura begiratu zuen—. Hau da leku hotza! Hau da leku handia eta hutsa!
Eta estu-estu besarkatu zuen Gerda, eta Gerdak, pozaren pozez, negar eta barre batera egiten zuen. Izan ere, zorion handiko unea zen hura; eta izotz-puskak, pozaren pozez haiek ere, dantzan hasi ziren bien inguruan, eta nekaturik zoruan etzan zirenean, han osatu zuten elurretako erreginak Kayri eskatu zion hitza. Kay bere buruaren jabe zen beraz, eta elurretako erreginak mundu osoa eman beharko zion opari, eta patin pare berri bat.
Eta Gerdak musu eman zion Kayri matrailetan, eta anpolaien pareko jarri zitzaizkion; musu eman zion begietan, eta begiek dir-dir egin zuten neskarenek bezala; musu eman zion esku-oinetan, eta Kay bere onera etorri zen; osaturik zegoen. Itzul zedila elurretako erregina nahi zuenean etxera, Kayren askatasun-agindua zoruan zegoen eta, izotz-pusketa distiratsuetan idatzita.
Eta, eskutik oratuta, jauregi itzel hartatik irten ziren neska-mutikoak. Amonari buruz eta teilatupean loratzen ziren larrosei buruz egin zuten berba. Eta iragaiten ziren lekuan haizea baretu egiten zen eta eguzkia irten. Baia gorridun zuhaixkara iritsi zirenean, han zeukaten elur-oreina zain. Beste elur-orein gazte batekin zegoen. Elur-orein gazteak gainezka zituen errapeak eta esne epel gozoa eman zien neska-mutikoei. Gero musu bana eman zien ahoan. Elur-oreinek emakume finlandiarraren etxera eraman zituzten Gerda eta Kay lehenengo. Hango barru epelean berotu ostean, etxerako bidea egiteko zehaztasunak jaso zituzten, eta handik, emakume laponiarrarengana joan ziren. Laponiako andreak prest zituen neska-mutikoentzako jantzi berriak eta lera.
Elur-oreinek, neska-mutikoen aldamenean alai jauzika, beraien herrialdeko mugaraino lagundu zieten. Lehen berdeguneak azaltzen hasi ziren, eta Kayk eta Gerdak agur esan behar izan zieten elur-oreinei eta emakume laponiarrari.
— Adio! —esan zioten elkarri.
Eta lehen txoritxoen txioak entzun zituzten, eta basoan kimu berriak ikusi zituzten, eta basotik irteten, Gerdak ondo ezagutzen zuen zaldi bikain bat —urrezko karrozari lotuta joan zen hura— ikusi zuten, eta haren gainean neskato bat zamalka, txano gorri distiratsu bat buruan eta pistolak gerrian. Neskato bidelapurra zen, etxean egoteaz gogaiturik iparraldeko bidea hartuta, baina iparrekoa aspergarria suertatzen bazitzaion, beste norabaitekoa hartzeko prest. Berehala ezagutu zuen Gerdak lapurtxoa, eta baita lapurtxoak Gerda ere. Hura poza!
— Alproja ederra eginda zaude zu! —esan zion Kay txikiari—. Ez dakit merezi duzun inor zuregatik mundu akaberaraino joatea!
Baina Gerdak txapladatxo bat eman zion masailan bidelapurtxoari, eta printzearen eta printzesaren galde egin zion.
— Atzerrira joan dira! —esan zuen neskato lapurrak.
— Eta belea? —galdetu zuen Gerda txikiak.
— Ai, belea! Hil egin zen! —erantzun zuen neskatoak—. Haren emaztea alargun geratu da, eta zapi beltz bat jarri du hanka batean. Aieneka batean dabil. Egundo halako lelokeriarik! Baina kontaidazu zer moduz ibili zaren eta nola aurkitu duzun Kay!
Eta Gerdak eta Kayk dena kontatu zioten.
— Eta, hala bazan, ez bazan, sar dadila kalabazan! —neskato lapurrak hori esan eta, biei eskua emanez, agindu zien, noizbait hiri aldera joaten bazen, egingo ziela bisita. Zaldi gainera igo eta mundu zabalera joan zen trostan. Eta Kayk eta Gerdak, elkarri eskua emanik, aurrera egin zuten zorioneko udaberri berde eta loretsu hartan. Elizetako kanpaiak dilindan entzun zituzten, eta berehala ezagutu zituzten kanpandorre garaiak, eta hiri handia, beren hiria. Halaxe, bada, sartu ziren hirian, eta amonaren etxeko ateraino joan, eskailerak igo eta gelan sartu ziren. Betiko moduan zegoen dena. Erlojuaren penduluak «Dik! Dik!» egiten zuen, eta orratzek jira eta bira segitzen zuten. Baina atea igaro orduko, pertsona helduak zirela ohartu ziren Kay eta Gerda. Ur-hodi gaineko arrosa-landareek leihoa inguraturik zuten beren lore ederrekin, eta hantxe zeuden bien txikitako aulkitxoak ere, eta han eseri ziren Kay eta Gerda elkarri eskua emanda. Amesgaizto bat uxatzen den bezala uxatu zuten oroimenetik elurretako erreginaren jauregi handi, hotz eta huts hura.
Amona, Jainkoaren eguzkiaren epelean eserita, Biblia leitzen ari zen ahots ozenez:
— «Berriro haurren antzeko bihurtzen ez bazarete, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.»
Eta Kayk eta Gerdak elkarri begiratu zioten, eta orduan ulertu zuten salmo zaharraren esanahia:
Arrosak haranean loretan,
Jesus Haurtxoa bertan pozetan!
Han zeuden eserita, pertsona heldu bihurturik biak, baina aldi berean haur ziren, haur bihotzez, eta uda zen, uda epel bedeinkatua.
(Sneedronningen)
© H.C. Andersen
© itzulpenarena: Martxel Eguen (taldea)