ERREKA ALBOKO ZURGIÑOLA
Eskoriatza'ko zurgiña,
zarra bezin beargiña...
Errira sartzean, ara
bere zurgiñola zarra,
bideko zubi alboan...
Gauaz an lo t'egunez lan,
aterpe artan yaioa,
bertan iltzeko asmoa...
Ta artean... errekako ura
ba-dator ta ba-diua...
Goizetik, zarra-karraxi,
errekako-otsakin nasi...
Gauaz, erreka kantari
yarrai arotzan loari...
Goiz-goizetik, zurgiñolan
ba-dute norbait atean,
baserritik datozela
esnezaleak kalera...
Yainkoa zuekin bedi.
Egunon, Joxepa-lñaxi,
poz-arpegia dakartzu.
Bai; zorionez gaituzu:
alaba det emaztegai,
ta arentzat, oe eder bat nai!
Baserri ta amar beiduna,
gurea andratzat nai duna...!
Ta artean... errekako ura
ba-dator ta ba-diua...
Eberdion, andra-gazte.
Bero zera. Yarri zaite...
Eskerrikasko... ara ba...
Zuk esan gabe nik asma.
Ta noizko? Garrillan edo...
Azkar zabiltzate gero;
oraindik atzo andragai...
Ta gaur ara... seaska nai.
Ta artean... errekako ura
ba-dator ta ba-diua...
Sartu zaite. Gabon...! Gabon...!
Zerk ote dakartzu, gizon,
garai onetan gurera?
Gaua bezin illun zera.
Illuntzi aldeko il-kanpai,
aita gendunaren amai...!!
Arentzat kutxa-eskian
nator, zurgin, gauerdian.
Ta artean... errekako ura
ba-dator ta ba-diua...
© Telesforo Monzon