DONIBANE LOHITZUNE ETA INGURUAK
Gizonak bizitzeari har liezaiokeen goxoa hartzeko, bai ote, munduan, Donibane Lohitzune bezalako bertze herririk? Ez dakit ba. Euliak eztian bezalaxe, gelditu izan dira anitz Donibanen: oinak hemen ipinita, gero ezin irten.
Izango dira hau baino leku egokiagoak, bai lanerako, bai «gizon handien» semeek behar izaten duten (?) adina eskola hartzeko, bai diru egiteko ere. Baina, bizitzeko? Bakean, erraz, leun, ia-ia konturatzeke bizitzeko? Honetarako ez munduan ezta munduaren inguruetan Donibane Lohitzune bezalako herri egoki ta... xarmantik!
Itsasertzean, mendi politak hurbil, (noranahi jota, ibilleku zoragarriak) herri baitan behar eta nahi beste, Donibaneko seme-alabak atsegin eta leunak dituzu. Hemen
bospasei neskazahar «intellectuelle» alde batera utzita ez zaizu inor galdezka etorriko: «Que pensez-vous de l'avenir de la Russie?» edo «Et alors, cette bombe atomique?» Ez. Hemen bakoitzak bere bizitza, edo herriko bizitza bizi du, buruhauste handi horiek zer nahi duzu ba! pittat alde batera utzita. Errusiako bizimodua, Donibandarrek alda al lezakete ba? Hobe dugu, beraz, txarto bizi direnengatik gaizki esaten ibiltzea baino, mundu honetan nola hobekixeago bizi litekeen erakusten saiatu. Ez al da lan hobea?
Negu aspaldi honetan eguzkitsuak ditugu, udaberri zerutar eta beti bezalako hego-udazken gorri berdingabeak. (Lagunak bezala maite ditut nik urte-sasoiak, eta haiekin lagun bezala ibiltzen naiz mintzo: Kaixo Udazken! Agur Negu! Zer dugu ba, zer dugu, aspaldiko Udaberri!)
Udaz, prakamotz hodeiak heltzen hasi orduko, hemen denda edo jatetxerik ez dugunok, goiz-goizetik mendirat edo norabait, urrun hiritik alde egitea hobe: turisten besape-izerdi horrek, pufff!, ez usain eder. Sudurrak itxi ta mendira. Baina, zer nahi duzu ba? Udaz, bi hilabetez, kanpotarrek utzitako urin eta koipez bizi baikara urte guzian gero, donibandarrok, lanean «sobera » estutu gabe... Alors! Voyons! Il faut être raisonnable, tout de même...!
Gure Donibane honetan, bakoitzak (Jainkoari behar beldur, ez jendarmeari) zernahi pentsa, egin eta irakur lezake; nolanahi jantzi; orotatik jan-edan... Ba! esango didazue dirua izan ezkero bai! Jakina: sosik gabe, ez da hemen ere jaterik. Baina joan zaitez, eguerdiz, Donibaneko langile baten etxerat, eta ikusiko diezu: elurra bezain mahai-zapi zuriaren gain, eltzekari bero begidun, haragi biguin odoltsu, arno gorri eder, eta... nolako ogi zuria!
Inguruko zenbait baserritan ere, markesarenean bezain dir-dir atzemanen dituzue hemen, argizariz igurtziak, etxe barne-beheak. Eta jan? Galde hemengo baserritar mutil gazteei, behar denean erretore jauna datorrela-edo nola antolatzen dituzten amak edo arrebak, «Le canard à l'orange», «Les couchées à la reine» eta nolanahiko pastixa gozoak. Parisen nonahi bezain ongi. Jantzi berriz? Ikustekoa da baserritarrak, igandez, zaldi-gurdi polit horietan, bezperetara nola jantzita etortzen diren. Lehen ez hala, noski «Gure denboran esaten zidan hirurogei bat urteko emazteki kanpañatar batek ahizpa bi etxean, eta bientzat soineko bat: ahizpa bat Elizan zela, bestea etxean behar. Orain berriz!»
Arrantzaleak, hemen ere, arloteenak: «Dagoenean bonbon, ez dagoenean egon». Ontzia hutsik dakartela, gerrikoa estutu behar. Sardinaz-edo bete-betean baldin badatoz, harrapagarri hustuko dira, gau hartan, Donibaneko haragitegi ta goxotegiak. Zer nahi duzue, ba? «Jainkoak egin zuen Martin, bere prakekin». Arloteak bai baina...? Bai al da, gure Herrian, arrantzaleok bezain bihotz eta esku zabalekorik? Euren Kantauri itsasoa ere, zabala baita...!
Itsasaldetik etortzen zaizkio Donibaneri arrain usain eta builarta haizearekin batera egun ilun eta larrienak ere. Ekaitzetan, haserreak zuritutako itsaso harroan barrena gora ta behera, ontziak kairaino sartu ezinik, hartan ibiltzen direla, ai ama!, entzutekoak dira Zokoa, Ziburu ta Donibaneko emaztekien oihu ta negarrak!
Arrainak, itsasoaren ume,
guk, arrantzaleok, ostu...
Ez da harritzeko, amak, haserre,
noizbait itotzen bagaitu!
(Bospasei egun hauetan, atunez bete-beteak datoz, itsasotik, ontziak. Halakorik ez omen orain artean ikusi. «Horrela bizi bagina beti...»)
Harritzekoa da: arrantzale ta baserritar bat ez dituzu inoiz, Donibane inguruetan behintzat, elkarrekin ikusiko. Baserritarrak ez dio itsasoari begiratuko ere, ta itsas arrantzalerik ez dugu, oraino, mendian edo baserri inguru batean atzeman. Elkarri bizkarra emanda bizi dituzu Donibaneko itsas eta mendi-gizonak. Ez elkarren gorrotoz: bata bizi denik ere, bestea ez ohartzez. Honela gertatzen al da Mutriku, Lekeitio ta horietan ere? Soin eta gogoz, lehor-gizonak garenoi, ez itsasertzeko berri galde. Ez baitira anitz, Karlos Solano izanaren antzekoak: Erdiz arrantzale, erdiz baserritar, oso-osorik jaun!, geure Herri osoa zeraman harek bere baitan.
Leku baketsua, Donibane Lohitzune!
Elkarrenganako gorrotorik hemen? Alaiegi bizi dira alde honetan gehienok, eta heziegiak dira, gu han bezela politika dela ez delaelkarri begi ta tripak atera nahian beti bizi behar izateko.
Usted pertenece a «Unión Republicana»?
Yo sí señor, y a usted qué le importa?
Pues para que vea, grandísimo sinvergüenza, si me importa o no me importa, ahora mismo le meto este caldero por la cabeza, pafff!!
»Conque de «Unión Republicana»! Sabiendo, además, que es un partido que a mí me revienta! Pues espérese a que nos hagamos con el mando: Usted al paredón, y su viuda a dormir a la calle. Entre otras razones, porque mi señora y yo hemos decidido instalarnos en su piso, me oye?, que ya sabemos que es aseado y tiene baño con «bidet».
Edo:
Estuvo usted en misa esta mañana?
Pues mire, señor, resulta...
Basta. Entendido. Desde mañana se busca usted trabajo en otra parte.
Y mi mujer, y mis hijos?
Ya los atenderemos cuando aprendan a vivir «en cristiano».
Eta jakina; besteen txanda datorrela, gero:
«Ya lo sabéis, compañeros! Desde ayer mandan los nuestros, así que desde mañana se deja el trabajo y se sale a la calle. Que no quede fábrica en pie, ni convento apagado... Ah! Burgués o fraile que encontréis, cazarlo y derechitos al pescuezo, rau!, como a las gallinas. A ver si el mundo se da cuenta de que vivimos en Democracia...»
Eta odola! Odola beti! Odola ikus, usain, ukitu. Ogirik ez baina... «Ta-ra-riii! Viva la muerte! Pregón: Y aquí puede pensar cada cual como le dé la gana... a condición de que todos piensen como yo. Arrrrrriba el Caudillo!!»
Mais c'est de la sauvagerie... Et vous êtes obligés à crier tous comme ça: Viva el Codiyo! chez vous?
Nosotros sí Mesié, ¿Y ustedes en Francia?
Hou-la-la! En France, au moins, on peut encore dire Merd à celui qu'on veut.
Soineko txukun eta aurpegi alaiez joaten dira hemen, Donibaneko neskatila ta mutilak eskolara. Haien poza! Hara lehengoan, nik ikusi ta entzun ondokoa: goizean goiz, eskolara zekarren Balbino Barriolak bere alabatxo polita masailetan bi sagar, mototxetan txori bi ta eskola-ateraino heldu zirela, alabak aita agurtu, muxu emanez. Hamar pauso ez genituen eginak: negarrez eta oihuka genuen haurra gure atzetik. Aitari lepotik eutsi ta barneko berri ezin hari eman. Zotinak ez uzten. Azkenik, malko garratzetan: «Ai-ta, ai-ta! Gaur es-ko-la-rik ez omen!!»
Gogoan dut, Bergaran mutikoak eskolara nola eraman behar izaten zituzten. Irakasleari beldur, eta eskolan aspertzeari beldurrago, arrastaka karriatzen zituzten, askotan, mutiko gizajo haiek eskola-ateraino. Haien oihu ta ostikoak! Infernuak ez zuen, ume errukigarri haientzat, herriko eskola baino iduri antzekoagorik. Piper egitea, berriz... Zerua! Baina, zeru-aldi laburrak izaten haiek: Geroko makilada eta astinaldiek gehiegitxo berotzen zerutik jaitsiak izateko haurren bizkar eta ipurtaldeak.
Bai haurrak eta hilak ere, ez al dira hemen alaiago bizi?
Gurekin batera bizi dira hilak, Lapurdin. Elizari hurbil, pilotalekuaren albo, herriaren erdi-erdian. Leku polit, alai, eguzkitsuenak, hilek izaten dituzte. Hilerrietatik ageri baitira, hemen, inguru zabal eta mendi ederrenak. Han gure alde hartan, kanposantu-zokoetan, hilek urtean behin izaten euren eguna: egun ilun, euritsu ta negartia. Jantzi beltz eta kandelargi-eguna. Hemen, berriz, egunero dituzu biziak hilen artean: elizarakoan, etxerako bidez, lanetik itzul, dantza aitzin eta ondoren... Haurrak ere, hilerriko bidezidorretan ibil jostatzen; eta igande arratsaldez, senar-emaztegai politak sei bat aldiz hilerri alderat ibilian joango. Ta hantxe, bata-bertze gurasoen hilobi ondoan eseriko; eta egonean egon, otoitzean ez bada mendiei edo elkarri begira iluntzeak hartuko. Horiek, ezkon-egunez, elizatik irtenda, etxeko hilak agurtuko dituzte lehenik. Oi hilak biziekin bat egite ederra! Oi eten gabeko lehenaren orain eta geroa! Gure Euskalerri zahar eta gazte!
Non dira, aspalditik, Donibaneko hilak? Lohitzuneko elizak ez baitu, orain, hilerria hurbil. Ostu zizkiguten, hemen ere, hilak biziei. Ez baina, nolanahi.
Baionako Apezpikuak 1793garrenean Donibaneko hilerria eliza ondotik hiritik kanporat eraman nahi izan zuela, jaiki ziren, eta nola!, herri baketsu ta alai honetako biziak euren hilen alde; ta herriaren haserreari beldur, lehengo tokian eliza ondoan utzi behar izan zituzten hilak berriz. Geroxeago ere Frantziako Matxinada Nagusi urteetan eraman nahi izan zituzten, atzera, hilak biziengandik urrun. Alferrik oraingoan ere: berriz biziak altxa ta hilek, atzera, irabazi. (Mais Messieurs de la Révolution Française! Pourquoi pas un peu de «Fraternité» aussi entre les vivants et les morts?)
1825garrenean, azkenik!, lapurtu zituzten donibandar hilak eta hiritik kanpo, «Haize-Errota» kanposanturat eraman. Marmol zurizko kanposantua, hura ere! Hango hotza! Bakar-bakarrik, hantxe dagoz geroztik hilak, herriko plaza ta eliza itzalpetik urrun, biziengandik zokoratuta.
Gure bertze alde hartan bezalaxe...
El inspector de sanidad. Señor Otea, no atente usted contra los sagrados derechos de la Higiene Pública.
El señor Otea. ¡La higiene pública! También las almas pueden enfermar de peste, señor inspector. Peste de tedio, de melancolía, de soledad; vértigo del que mira al futuro sin apoyo en el pasado; vacío de Eternidad... Que nos dejen vivir alegres con nuestros muertos...
L'inspecteur de la sanité publique. Qu'est-ce qu'il veut faire de ses morts celui-là?
Lagun batek. Hator. Horiekin alferrik ari haiz-eta.
Ainhoako andre gazte bati entzuna. Nondik heldu zara, haurra, izerditan?
Haurrak. Elizarakoan, ama, hilerrian ibiliak gira pinpilinpausak biltzen...
1949
© Telesforo Monzon