ZATI BAKARRA

 

 

 

I. AGERRALDIA

 

Aita-Alabak

 

MAIXAN: Aski! Askiii! Marruma oiek sartzen zaizkit... Sartzen zaizkit... errainetaraino, ezurretaraino. Gaixo behia! Naiago nuke ni ba nego eri. Ez bera. Ni gabe ere, biziko bai litazke etxe huntan. Bi gizon dire. Baina gure «Katxo» gabe, gure behi gaixo orren gabe nola bizi? (Behiaren marrumak ez dira ixiltzen).

AITATXI: Maixan!

MAIXAN: Ze-uzu, aita?

AITATXI: Zato!

MAIXAN: Baina... ze-uzu orain ere, aita?

AITATXI: (Gogorki). Nik «zato» erraitean, «zato» dut errana.

MAIXAN: Iduri zaio zazpi urte ditugula orain ere. (Aitari oiuka.) Bainan aita, harat-hunat ibilki nork egin behar du boketa?

AITATXI: «Zato» errana dut, eta zato!

MAIXAN: Pazientzia? Orgaka behar da emen pazientzia, orgaka. (Urbiltzen zaio.) Ze behar duzu, aita?

AITATXI: Ze behar dutan? Belarri berriak behar nituzke nik, belarri berriak. Ez bai dut aditzen. Eta zuek, ez nahi nik aditzea! Argati zaizte beti ixilka mintzatzen. Zer ziren astiko oiu hoiek? Behiaren marrumak?

MAIXAN: Ze ba! Hola ibilki zaigu, aita, egun guzian. Zainak ere asiak zaizkit neri nausitzen. Gaixo behia!... lau egun erdia dela! errapia du harri bezela, eta aragia abantxu gosiak hila! Leher eginen balu, a ze bakea! Gaizki errana da; baina, erran beti.

AITATXI: Mihia, mihia orain ere zuk dantzan. Leher? Obe zinuteke, behiak baino, neronek leher egiten. Orrek atxikitzen gaitu xutik, doi-doia. Orren errapetik ez balitz, nundik behar ginuen bizi. Leher! Aixe erraiten duzute zuek leher. Geroko mixeri hua ez litake goxoa.

MAIXAN: Geroko mixeria? Lehengoa zer zen ba? Eta oraingoa zer? Behazu aita, zainak nausituko zaizkit bai, eta obe dut lanean lotu!

AITATXI: Zaude emen!

MAIXAN: Bainan aita, zainak ere...

AITATXI: Ez ditut nik zure zainak aipatu. Gure behia aipatu dut nik, ez zure zainak.

MAIXAN: Aitaren eta Semearen...

AITATXI: Semea utzazu bere gisa. Aitakin ari zera orain. Maixan, zato hunat.

MAIXAN: Baina aita...

AITATXI: «Zato hunat» erran diñat, eta nik... (Behiaren marrumak aditu bitez).

MAIXAN: Orrek ez du ba «zato» erraiten. «Banoa» erraiten du horrek, «banoa»!

AITATXI: Zer zen? Behia marrumaka berriz? Bakarrik utzia duzute, orain ere?

MAIXAN: Bakarrik? Noiz egondu da behia bakarrik, aita? Gau ta egun, an egoki zaio Xanpier nere haur gaixoa, begieri beha, beharrieri so, errapeari loturik, antxe, bere sahetsean. Eltzekari xorta bat eremana nion astian. Gaixo mutikoak, ez du ezpainetarat eraman nahi izan ere. Behia sendatzean eginen omen du jan eta lo. Artean ez. Eta marexala ez ageri! Orrek ere...

AITATXI: Utzatzute marexala bakean. Ez dugu emen kanpoko marexalaren beharrik. Errian berean badugu gure San Bladi. Eta San Bladik iltzen utzitako behia, ez du marexalak aixe sendatuko.

MAIXAN: Bai, zuek zaharrak ola zaizte, aita. Ez midikuak, ez marexalik. Apezakin aski duzute. Nik ere maite dut apeza. Baina behiak ezpaitu apez beharrik.

MAIXAN: Behiak?

AITATXI: Behiak, bai, behiak. Gure Jaun Erretor zaharragatik ez balitz, aspaldi galdua genuen gure «Gorri» ere. Arek otoitzak eginda xutitu zen hua. Oraingo marexalaren gona xuri ta, eskunarru gora ta, tresna zikin oiek ikusirik, izitzen bai dire behi gaixoak, izitzen. Eta izidurak berak gal-arazten. Ekatzu bertze makila hua. Behar dinat barrukiraino ene burua arrastaka ereman.

MAIXAN: Bainan aita... bihotza eri duzu ta, erran dizu midikuak...

AITATXI: Mi-di-kuak? Ze behar du horrek emen? Midikua-gatik zare zu alargun. Eta nago ni gohortua. Zure senarra zena ere, orgazpian golpatu ta menditik ekarri ziotela, zer egin zion midikuak? Tripa ideki ta sosa atera. Guk zerriari egiten dioguna, harek egiten guri.

MAIXAN: Geroztik ez da etxe huntan gauz onik. Zu zahartua, ni emazteki bakarra izaki ta gure Xanpier... oino haurra. Eta bera bakarrik etxean... belarrak egiteko, artoak jorratzeko, iratzeak sartzeko. Eta bortz behi gosetuak etxean. Bortz behi... Ze behi! Batek errapea gohortua, bertzea mainguriak artua, irugarrena ez ernari gelditzen. Auxe genuen esperantza: «Katxo». Lehen umaldian amasei pinta esne emanikako behia! Eta horra, lurrean nola dagoen sukarrak artua, zazpi gizonen artean ezin altxaraziz. Lurretik bizi? Lurretik bizi beharra baino gauza ilunagorik ez duzu munduan, aita. Eta ez dakit. Ez dakit irurak ola elgarrekin, etxe zahar untan, noiz arte, iraunen dugun.

AITATXI: (Hatsa ezin artuz). Ez gare luzaroko, nik uste.

MAIXAN: Semea ere aspertuko bai zaigu egun batez. Eta hola bizi baino —lanean leher eta zorretan itoak— nahiago izanen baitu, gizontzean, bertze bideren bat artu.

AITATXI: Ago ixilik, mihi luze ergela! Barneak leher eginen dit eta. Xanpier nerea dinat. Aitu dun? Nerea. Arek beharko dio etxeari segida eman.

MAIXAN: Segida? Zeri segida? Mixeriari segida? Hola zaizte zuek zaharrak, aita. Laneko on zaiztelarik, osagarrian zaiztela, axolarik ez gazten erranari. Zuena behar egin; zuen lege zaharrari behar atxiki, gazten oldarra bazterturik. Eta gero kontuak: Zahartzean. Orduan bai. Orduan gazteak behar, segidako. Eta hauek, zuen oitura zaharrekin nazkaturik, egun batez alde egiten ba dizue, orduantxe nigarrak...

AITATXI: Nigarrak? Noiz ikusi naun ni nigarrez?

MAIXAN: Kanpotik sekulan; barnetik maiz. Midikua? Zetako. Marexala? Doala zakurraren ipurdirat. Maxineria? Infernutik eldu den lege berri zikina. Xori-ongarriak? Lurrak zikintzeko on. Zuek egiaren jabe, zuek laneko nausi, zuek etxeko buruzagi, zuek jainkoaren ordezko. Bainan aita, ez bai zaizte betiko zuek ere. Eta egun batez, xaharturik, nagusi berri baten ondotik ibiliko zaiztela, esperantza gabeko mutil nazkatu batzuek atsematen inguruan. Besterik ez.

AITATXI: Ago ixilik! Aitak ez du alabaren prediku beharrik. Zure semea ez da bere buruaren jabe. Ni naiz aren nagusi. Beharko ditu, orain bezela, gero ere nere erranak egin.

MAIXAN: Ikusiko dugu, aita, behi ori hiltzen ba zaigu. Lehendik mutiko illuna ba zen, illunduko zaigu geiago. Eta ez dakit, aita, behi hilaren usainak berak ez ote duen etxetik urrun-araziko.

AITATXI: Nork erran dizu zuri behia hilgo zaigunik. Ekatzu makila ori.

MAIXAN: Bainan aita, midikuak...

AITATXI: Ekatzu makila ori, erran diñat! Behar diñat ene burua errekaraino ereman.

MAIXAN: Elurra duzu, aita...

AITATXI: Behar dizkiñat an, erreka egian, belar zonbeit bildu. Horiek gero arnoan ehosi. Hua behar zaio behiari edan-arazi, bero-beroa. Harek azkartuko dio behiari barnea. Ekatzu makila ori...!

MAIXAN: Bainan, aita... zaude emen! Ekarriko dizkitzut nik belarrak.

AITATXI: Behar bai dire ezagutu.

MAIXAN: Atsemanen ditut, aita.

AITATXI: Entzun, ba, ongi. Zoaz erreka beitik, intzaurrondoraino! Kenduiozu ari goholdia! Eta ekar! Hua behar duzu arnoan ehosi. Zoaz! (Pausa zahar bat bizkarrean eman, atea ideki eta badoa, gure Marixan, erreka beitik elurretan.)

 

 

II. AGERRALDIA

 

Aitatxi bakarrik

 

AITATXI: (Txapela kendu, errosarioa sarpatik atera eta «Aitaren» eginik) Agur Jauna. Huna hemen zure mutil zaharra. Ni belauniko behar nintzaizuke mintzatu; baina, ez bai naute geiago zangoek atxikitzen.

        Mutila beti eskean nagusiari. Eta ni ere gauza bera: eskean eldu. Erran zaharrak ola dio: Eman lezakenari behar omen zaio eskea gin. (Pausa.)

        «Katxo» dugu aspaldi huntan ez ongi. Umatuz geroztik. Esnegolpea izatu zuen eta, aren ondotik aizeak odolakin nahasi, nik uste. Bakizu bai zuk, Jauna, guk baino obekiago, zer duen. Hua sendatuko ba zinu! Holako behia lurrean ikustea ere... Horren errapetik bizi beharra bai dugu. (Pausa.)

        Eta beldur naiz... behia hiltzen ba zaigu... gure Xanpier-ek... (Begiak xukatuko ditu). Bertzen aintzinean ahalkatuko nindake hola nigar egiten baina; zure aintzinean, Jauna, ez da gauza bera.

        Erranen duzu, Jauna, berriz ere: «Ni beti ematen eta hoiek beti eskean.» Gu ez bai gira sekulan asetzen! Eta orain, Jauna, zure barkamenduakin, nahi nioke San Bladi-ri itz erdiño bat egin.

 

                «Otxarti-ko Patroin Bladi handia,

                Sainduetan guziz maitagarria,

                Zuri oiuz dago laboraria,

                Zerutik zitzaion othoi balia.»

 

(Xapela eman buruan eta Errosario Saindua sakelan sartu. Orduantxe, barrukiko atetik Xanpier ageriko.)

 

 

 

III. AGERRALDIA

 

Aitatxi eta Xanpier

 

AITATXI: Zer duk ola, gaua bezin illun? Gazteak irria behar likek ezpainetan. Ez illuna.

XANPIER: Irria? Gure behia lurrean ikusita, ez litzaizuke zuri ere aitatxi, irria ezpainetarat etorriko. Holako umea eginikako behia! Marexala ba ginu hemen...

AITATXI: Utzak marexala bakean. Ez diagu marexalaren beharrik. Adarrak ukitu diozkak?

XANPIER: Otz-otzak ditu.

AITATXI: Odol-golpea. Beharriak?

XANPIER: Sua bezin beroak.

AITATXI: Izerdia du orrek nunbaiten gelditua. Begiak?

XANPIER: Ez ditu, antxu, igitzen.

AITATXI: Ze ba! urak eta aizeak bai zaizkio barnean nahasi. Igitzen du bera?

XANPIER: Egiten ditu, tarteka, jautsi zonbeit.

AITATXI: Zainak nausitu. Bederatziurrena gaur du ta... ilargiaren gohorapenak ez dio kalte eginen. Odola kendu diok?

XANPIER: Astian ateratua diot pinta bat.

AITATXI: Orrek arinduko dik behia.

XANPIER: Behia arindu? Ez du pasako gaua.

AITATXI: (Illun). Eta zer? Hola izanik ere zer? Bertze etxetan ere hiltzen tuk ba behiak.

XANPIER: Bai, bai.

AITATXI: Oa irirat. Oa karrikarat. Zer uste duk? An ez dela makurrik gertatzen? Maxina zikin oiek ere, bakarrak lehertuak dizkitek beren atzaparretan. Baina... ire burua ezpaita geldi. Bazekiat nik, aspaldi, ire barneko berri. Ator unat... ator unat... pareta zahar auek ikusten dituk? Auek behar dituk ik xutik atxiki. Aitu duk?

XANPIER: (Illun). Bai, bai.

AITATXI: Errak azkarrago. Odolik ere ez duzute zuek, oraingo gazteak. Ekarrak beso ori. Behar diat ene burua behiaren ondoraino arrastaka ereman.

XANPIER: Bainan aitatxi, amak errana dizu...

AITATXI: Utzak ama bakean. Ama baino lehenagotik duk aitatxi lurrean. (Xanpier-ek eman aitatxi-ri besoa; eta badoatzi barruki alderat.) Iri-amets oiek baztertu itzak. Aditu duk? Emen duk ik ire egin beharra. Etxea xutik atxiki, inguruko lur oiek pittat aberastu, oian oiek ere argitu pittat. Eta ondasuna zabaldu nahi ba duk, badituk lantzeko larre-lurrak.

XANPIER: (Alegera). Maxineria ba genu... Jaun Bikarioak errana dit, aitatxi; behar bezala antolatzeko, atsemanen digula berak sosa.

AITATXI: Ma-xi-ne-ri-a? Sosa erran duk? Ez diagu hemen maxina beharrik. Sosa atxeman! Zer sosa? Irea ez den sosa. Eta hartako eskean ibili? Eskean! Etzaiz ahalkatzen? Presta artutako sosa, ebatsitako dirua duk. Bazekiat bai nik, nor ibilia den emen ire burua nahasten. Jaun bikario gazte ori. Orrek ditu hemengo bazterrak ondatzen asiak. Orrek berotzen ditu zuen buru ariñak. Orrek ez baitu zaharren erranarentzat errespeturik. Gure Jaun Erretor xaharrak ere, behar dik orrekin pazientzia franko. Hemen eginak ez dituk maxinaz eginak. Besoz eginak dituk. Aski duk ik ere bertze ainbertze egitea. Ire burua zorretan sartu gabe. Eta ire besoak ez ba dituk aski, adina artzean ekarriko dituk bertze bi. Heiek emanen iri laguntza. Eta etxeari segida. Artako ez duk urrun joan beharrilr Aspaldi errana diat nun Behar ditukan begiak kokatu.

XANPIER: (Golpez). Ez!

AITATXI: (Arritua) Ez? Noiz ikasi duk ik ezetz erraiten?

XANPIER: Noiz? Egun. Oraintxe. Zure odolekoa bai naiz ni ere, aitatxi. Eta zu baino gazteago. Baina zu bezin gizon. Bertze norbaiti eskeinia diot, aspaldi, nere amodioa.

AITATXI: Amodioa! Oraingo itzak dituk oiek. Gure denboran, etzizkitek itz oiek aipatzen ere. Amodioa! Gero etorri behar dik amodioa, gero. Eginda gero. Ez aintzinetik. Aintzinetik aski duk burua ibiltzea? Lehengo hua bera duk ik gogoan? Pinpirin, irri goxoko neskato hua? Nork ekarria dik iri, arendako amodio? Asmatuko nikek bai nik: Jaun Bikarioak.

XANPIER: Ez daute ekarria, aitatxi. Sortu egin zait.

AITATXI: Sortu! Belar tzarrak ere sortzen tuk. Artako duk aintzurra. Aditu duk? Goazen (Barrukitik behiaren marrumak) Hauek ez ditukala lehengo marrumak! ... Goxatu zaiola hatsa ere. Odola kentzearekin, arindu egin dik behia, arindu. Ta... errak... ilargia ere ezpaita geldi. Ari baita hua ere lanean. (Sortu bitez biak barrukian.)

 

 

 

IV. AGERRALDIA

 

Gaxuxa bakarrik

 

GAXUXA: Nun dire hoiek, alfer zikin oiek? To! Barrukian izanen dituk, behiari azken otoitzak egiten. (Lotzen da irriz.) Ori! (Ikusleri mintzo) Ze ari zaizte zuek emen, sukalde zahar zikin uni beba? Ez duzute gauza oberik egiteko? Obe zinuteke lanean lot, etxe huntako iru boemi zikineri aho zabalik egoiten baino. Boemiak, bai. Boemi zikinak. Alfer ustelak. Zekenak. Zikoitzak. Mixerian tzartuak. Eta dutenetik ez jakin emaiten. Nik ditut ongi ezagutzen. Nik. Auzoa bainiz. Ortxe naiz bizi. Xola hortan. Bakarrik. Nihorren beharrik gabe. Ze uste dute ergel auek? Egunean pinta erdi esne emanda bilduko nautela ni? Zetako behar dut nik esnea? Barnea zikintzeko. Besterik ez. Pinta bat esne baino, naiago diat nik... baso erdi bat arno. Hua bai, hua gauza! Harek emaiten... bizi-gogoa. Eta hoiek ez eman nahi neri arnorik. Bainan, egon, egon! Eman beharko daute. Nere mihia ezpaita lo egonen. Xo! Behar diat ikusi zertan ari diren. (Barrukiko ate-xilotik beha.) Nik errana! Nik errana!! Behiari anuntzioa ematen. Leher eginen baitu horrek ere. Ze ba! Ezpaituzte bazkatzen. Gaixo behiak! kakaz urratuak, ezurrak ageri. Bazka-emaile ona baidute: Etxeko printzia! Ez al da horrentzat erre-alabarik? Aitatxi zaharrak ere, bere denboran, bakizute nola bazkatzen zituen behiak? Makilaka!! (Trufaz) Eta Ma-ri-xan... A-ze-ba-ba-lo-rea! Horrek baino buru obea izaki baratzeko aza tzarrenak ere. Xo! Heldu da. Behar diot pinta bat arno kendu. Eta ematen ez ba dit, amat gaixto beretzat. Jorratuko bai ditut nik ongi, nere aintzurrakin. (Mihia erakutsiz.)

 

 

V. AGERRALDIA

 

Gaxuxa eta Marixan. Gero Xanpier

 

MAIXAN: (Belarrak eskuan eldu. Gero emango ditu egosten). Ori! Ze ari ze, Gaxuxa? Hemengo aldi?

GAXUXA: (Erdi nigarrez). Bai, gaixoa! Zuen behi orren berri jakin nahiz etorria nintzaizun. Orren griñaz ez dizut ez jan ez lo egiten. Sendatuko zaizue, dudaike?

MAIXAN: Agian bai! Bertzela...

GAXUXA: Ze ba! Sendatuko etzaizue ba! Hola bazkatutako behi xoragarria! Etzen emen olako behirik. Eta zueri gerta behar! Zuek bezalako giristino langile ta prestueri! Hoek biltzen dituzte beti ez-beharrak: zuek bezalako jendeki zintzo eta xuxenek. Etzaiote «Olatxarri»-koeri halakorik gertatuko. Heieri behar litzaioteke ba holakoak gerta, ez zueri. Ahalge gabeko jende ustel zikina. Joan den igandean ere, gau-erdiz jina zaiote alaba dantzatik. Eta nik ikusi noren besotik eldu: «Larre-Buru»-ko mutil begi-oker orren besotik. Eta...

MAIXAN: Zaude ixilik, Gaxuxa! zaude ixilik...!

GAXUXA: Ixilik? Jainkoak zetako digu ba mihia emana? Egiak erraiteko. Nik erraiten ditudan bezala: buruz-buru, aintzinetik. Ez bertze ainitz bezala: gibeletik zernahi erranka ari. «Aritzaga»-ko atso zaharra bezela. Igandean ere...

MAIXAN: Zer behar zinuen, Gaxuxa?

GAXUXA: Ta... zuek ikusi. Holakoetan behar izanen bai da lagunenganat agertu.

MAIXAN: Zoaz, gaixoa! Etxean izanen duzu zer egin. Ikusiko dugu geroak zer ekarki duen. Zaude. Hortxe dut zuretako esnea.

GAXUXA: Ez, ez, ez, ez, ez, ez... Behia lurrean eta auzoari esnea ematen? Ez, ez, ez, ez, ez, ez...

MAIXAN: Ar zazu, Gaxuxa. Gutti delarik behar omen da jakin ematen.

GAXUXA: Ez, ez, ez, ez, ez...Zurentzat naikoa ez eta, bertzeri esnea ematen ibilki? Ez, ez, ez, ez... Ze behar zinuten zuek esne gaberik egin? Nik egia erraiten dut! Esnea duzu gauzarik garbiena, azkarrena, osagarriena...

MAIXAN: Argati ba...

GAXUXA: Ez, ez, ez, ez... Hori ebastea litake.

MAIXAN: Ar zazu, Gaxuxa.

GAXUXA: Ezetz eta ezetz! Orra: zerbeit artzeko behartzen ba nauzu, hartuko dizut, estimatzeagatik... pinta erdiño bat arno. Bertzerik ez.

MAIXAN: Eta... guk ez egun arnorik izaki.

GAXUXA: Ez kexa, gaixoa! Gertatzen dire holakoak. Berdin du. Ez naiz batere hartako etorria. Bainan... etzaitut, gaixoa, ezker tzarrik egin nahi. Plazako arnotik ez ba duzu, artuko dizut gaixoa etxeko-arnorik xorta bat. Horra. Zuri atsegin egiteko.

MAIXAN: Gaxuxa, garbi erranen dut: ez dautzut arnorik emanen.

GAXUXA: Zer zare? Mozkortuko naizen beldur?

MAIXAN: Arnoak ez du emaztekia edertzen.

GAXUXA: Zer zaitut zu, apeza?

MAIXAN: Osasuneko ere, arnoa baino obea duzu esnea. (Katillo esnea ematen dio.)

GAXUXA: Zer zare zu, midikua? Gorde zuen arnoa, gorde! Emanen diozute, nere partez, mademasel «Katxo»-ri. Aren indarrakin xutituko baita beharba. Eta ez bada egiten... aski duzute... behiarekin batean zuek ere... leher egitea.

MAIXAN: Zaude ixilik, otoi, Gaxuxa! zaude ixilik!

GAXUXA: (Barrukiko ate-xilotik, behiari.): Ni baino geiago ez ba duk San Bladi. Adi nazak, behia, eta... leher adi!

XANPIER: (Barrukiko atean ageri.) Ze behar duzu, zuk emen?

GAXUXA: (Goxoki). Zuen «Katxo»-ren berriak artzerat etorria ninduxun haurra.

MAIXAN: (Nigarrez). Ate-zilotik igorria dio, astian, zorte-gaiztoa.

XANPIER: (Kanpoko atea etxirik). Zoaz barrukirat, ama! Aitatxi beha duzu.

GAXUXA: (Izitua). Ze behar nuzu egin, haurra?

XANPIER: Zoaz barrukirat, ama!

MAIXAN: Utzazu ateratzen, Xanpier.

XANPIER: (Sutan). Aterako da, ateratzen bada, bere gaizki-eginari ukoegin eta gero. (Maixan sar bedi izitua barrukian, belar ehosiak eskuan daramazkiala.)

 

 

 

VI. AGERRALDIA

 

Gaxuxa eta Xanpier

 

GAXUXA: (Izitua eta goxoki, zoko batetik). Ze behar nuxu egin, haurra? Holako mutiko pullita... Nik badiat, Bordelen, iloba beltzarana, Izarra bezin neska ederra duxu eta... aberatsa. Nik hau gordeko nixuke zuretako, haurra...!

XANPIER: Zer ari zinen zu, barrukiko ate-gibeletik?

GAXUXA: Zuen behiari osasuna eman deion... Xan Bladi-ri otoitzean ninduxun, haurra.

XANPIER: Zuregatik gare gu mixerian, lurrean, burua altxa ezinik. Zure madarikazio ta zorte gaiztoengatik.

GAXUXA: Gezurra!

XANPIER: Hola hil zaizkigu guri, aurten, bertze bi behiak ere: zu gauaz barrukirat etorri eta, behiari «leher-adi» erranda.

GAXUXA: Gezurra!

XANPIER: Gezurra? Erakutsiko dizut nik orain egia.

GAXUXA: (Ikaraz zokotik). Bainan ze behar nuxu egin, haurra?

XANPIER: Eman zaite hortxe belauniko, barrutiko ate ondoan. Eta egiozu, nerekin, San Bladi-ri otoitza.

GAXUXA: Beaz... ez zaharrak bakarrik... Ik ere, gazte eskolatu ori, baduk sinistea sorginetzaz? Zuk uste baino indar ttipiago dautzut, haurra. Ez naiz sorgin. Bakar-bakarrik bizi, atso zahar gaixo bat nuxu, haurra.

XANPIER: Mozkor ona.

GAXUXA: Eta kantari hobea! Nahi nuxu kantuz entzun, haurra?

XANPIER: Eman zaite belauniko, hortxet. Barruki ondoan, Eta errazu nerekin: «Otxartiko Patroin Bladi handia... »

GAXUXA: San Bladi, nere lagun handia duxu, haurra.

XANPIER: Obe! Eman zaite hor, belauniko!

GAXUXA: (Belauniko emanik)

        «Otxartiko Patroin Bladi handia...

        Sainduetan guziz (Ixilik) "madarikagarria"

        Zuri oiuz dago laboraria».

        (Ixilik). Behia ito dadin, luzatuz mihia. (Altxatzen da).

        Othoitza egin diat. Orain... emanidak ordaina. (Kolkotik aterako du bonbila utsa). Erdiraino ez nuxu beteko, haurra?

XANPIER: Zoaz emendik! Esnea ez dizut ebatsi nahi. Amak emana bai dizu. (Emanen dio esne-ontzia.)

GAXUXA: (Badoa, ixil-ixilik, ateraino. Eta handik itzulikatzen du lurrerat esnea, oiu eginez) Horra zuen esnea! Nahi baduzute bil, mihika zazute lurra. Nere otoitzak etzikan balio. Aitu duk? Etzikan balio. Ez bainian barnetik egina! Huna nere egiazko otoitza. (Oihuka) «Katxo»!! Leher adiii!!! (Eta badoa. Xanpier abiatzen zaio ondotik. Orduantxe ama ageriko, barrukitik eldu.)

 

 

 

VII. AGERRALDIA

 

Ama-Semeak

 

MAIXAN: (Semeari). Norat oa? Ago emen! Zer dire oihu hoek? Aitatxi izituko duzute. Zer zinaten ola?

XANPIER: Sorgin zahar orrek, gure behiari igorri, orain ere, zorte gaixtoa.

MAIXAN: Eta ik sinets? Eta izitu? Nor da hemen lege zaharrekoa? Aitatxi edo hi? Ez dakik ez dela sorginik?

XANPIER: Ori bai. Ori sorgina duzu, ama.

MAIXAN: Sorgina! Huna emen, gure mutiko eskolatua. Etxeko oitura eta lege zaharrak berritu nahi lituzkena! Ori ez duk sorgina. Zoritzarreko atso zahar eta mozkor bat duzu ori. Hire otoitzak ez ba du, horren zorte gaixtoa baino indar aundiagorik! Yarri adi supazterrean. Eta ar zak eltzekari bero xortat. (Emanen dio mahainean eltzekaria.) Zain oiek lasatu ditezen pittat. Baduk beharra-ta.

XANPIER: (Supazterretik). Bizi da?

MAIXAN: Bizi duk bai, bizi duk. Ori duk ik buruan: behia! Eta horren galtzea ezin etsi, ezin jasan. Beharko duk ik ere ikasi, haurra, Jainkoak igorritakoak behar bezala artzen.

XANPIER: Ez dire hoiek, Jainkoak igorriak. Emazteki ustel orrek ekarraziak dire gure makur eta ez-beharrak oro. Ez dut emen bizi nahi, ama. Mendi puntta huntan. Bekaizkeriz eta herraz betetako auzo eta lagun zitalen artean. Ganen niz irirat. Irirat edo... Ameriketarat.

MAIXAN: Eta zer uste duk, haur gaixoa? Han aingeruekin biziko aizela? Nor ibilli duk emen, ire burua berotzen? Badiat uste, aitatxik egia ote zuen: Jaun Bikario gazte ori...

XANPIER: Jaun Bikarioa? Harengatik ez balitz, ama, etzenuten aspaldi nere berririk izanen.

MAIXAN: Hori ere behar nian entzun?

XANPIER: Mixeriari diot beldur.

MAIXAN: Nik ez ba, haurra. Nik ez diat ez mixeriari eta ez lanari beldur izan. Seme bakarraren ezkergaitzari bai. Ari izan diat beti beldur. Eta huna! Etorria zait hua ere. Ez nauk, haurra, ire bizitza osoan luzaro jarrita ikusi. Oraintxe jarriko nindake ba. Belaunak ez bai naute atxikitzen. Baina... Jainkoak emanen dit indarra orain ere. Zerriak behar dizkiat bazkatu. Artzak eltzekaria oztu gabe. (Eta abiatzen da.)

XANPIER: Zu oztuko zare, ama, elurretan.

MAIXAN: Elurraren otzari ere, haurra, ez diat sekulan beldur izan. Badituk, munduan, elurraren otza baino otzagoak. (Gaki da.)

 

 

 

VIII. AGERRALDIA

 

Xanpier bakarrik. Gero hau eta Jaun Bikarioa

 

XANPIER: (Jaiki eta joanen da ateraino. Handik ikusiko du ama urruntzen. Mahainean jarri gero, eta erranen dio eltzekariari:)

        Agur etxeko eltzekari

        Gure eltzekari gaixoa...!

        Amaren usaina duzu

        Ta etxe barneko beroa.

        Zugandik urruntzen ba naiz

        Mixeriak izitua

        Gorde zazu zure baitan

        Amaren nigar-malkoa!

 

(Hau erranik, illun eta goibel, asiko da Xanpier eltzekaria jaten. Atean, Jaun Bikarioa agertuko.)

 

JAUN BIKARIA: Xanpier! Bakarrik ago?

XANPIER: To! Sar zaite, Jaun Bikaria. Jarri zaite ementxe, supazterrean.

JAUN BIKARIA: Sua? Odolean badiat naiko.

XANPIER: Artzazu ba eltzekari sortat.

JAUN BIKARIA: Gogotik. (Jartzen dire biak). Adizak ongi, Xanpier. Zuen behi hori diagu behar bizirik atera. Eskualde huntan ez diagu hoin odol garbiko behirik. Ori hiltzen ba zaizue, erranen dute berriz inguruko zaharrek: Xertutik eldu dela ta, ez dela bazter auetan holako behirik behar, eta bertze. Ta egonen gaituk lehengoan beti! Lege zaharraren buztanari lotuak. Aintzina behar diagu egin: Etxeak berritu, abereak obetu, laborants-moldeak alda, maxineria sar. Aitu duk? Orra! (Aterako du zarpatik zerbeit). Zuen aitatxik ez bai lioke marexalari ongi-etorri eginen, irirat joan eta neronek ekarria diot behiari osagarria. Azala irakur zak eta barnekoa emaiok bereala.

XANPIER: Ez du balio, Jaun Bikaria.

JAUN BIKARIA: Ze ba?

XANPIER: Behia galdua dugu. Eta ni, berriz, zurekin mintza nahiean.

JAUN BIKARIA: Zer duk?

XANPIER: Gaki naiz, Jaun Bikaria.

JAUN BIKARIA: Ba-oala? Norat?

XANPIER: Ameriketarat. Argatik, nahi nintzaizun mintza. Badakit-eta lagunduko nauzula.

JAUN BIKARIA: Nik lagundu? Zertan?

XANPIER: Ameriketarako bide egiten.

JAUN BIKARIA: Zer nahi duk? Ihes egin?

XANPIER: Bai.

JAUN BIKARIA: Ez dizkiat iheslariak lagun.

XANPIER: Ameika aldiz entzuna dautzut: Eskualerriko laborari gazteak ere badutela bizi-eskubidea.

JAUN BIKARIA: Eta ez diat ene itza janen.

XANPIER: Emengo ameika gazte, zuhaurrek emanak dituzu Ameriketako bidean.

JAUN BIKARIA: Eta etzait urriki.

XANPIER: Bertze anitz badituzu Paris eta Bordelerat igorriak.

JAUN BIKARIA: Ez bai zuten Eskualerrian lanik.

XANPIER: Hartan naiz ni ere.

JAUN BIKARIA: Gezurra. Ik baduk etxea eta badituk lurrak. Seme bakarra aiz-eta.

XANPIER: Hemengo lan eta miseriari diot beldur.

JAUN BIKARIA: Nik ez dizkiat beldurtiak lagun.

XANPIER: Ez nuen uste hoin gogorra zinanik, Jaun Bikaria.

JAUN BIKARIA: Ni hola nauk: Egiaren mutil bakarra. Maiteago ta gogorrago egiten diat, egiazko lagunari. Badakik beaz: Hol-ola nahi ba nauk, ar nazak; eta bertzela, utzi.

XANPIER: Etzaitue gaztek ongi ezagutzen.

JAUN BIKARIA: Ez eta zaharrek, nik uste. Gure Jainkoak ezagutzen ba nau aski diat. Eta... ez ninduke behar, arek ere, sobera ezagutu.

XANPIER: Zahar oiekin ez da bizitzen ahal.

JAUN BIKARIA: Zaharren aitzekia duk, ik ere?

XANPIER: Zuk ez duzu nik bezela, —hau egin, bertzea egin— zahar bat ondoan zuri mokoka beti.

JAUN BIKARIA: A, gaixoa! Ez diat nik ere urrun... gure Jaun Erretor xaharra!! Adi zak ongi, Xanpier, eta gorde zak au iretako. Herritik kanporat igorri nahi naute.

XANPIER: Herritik kanporat? Nork?

JAUN BIKARIA: Inguruko aberatsek oro eta haiek bildutako zahar zonbaitek. Aberatsak eta zaharrak elgarren lagunak izan baidituk beti. Hemengo bazterrak nahastekatzen ibili omen nauk. Langilen buruak berotzen. Eskualerria omen diat geiegi maita. Eta Yauregi-ko jauntxoa berriz... ez aski.

XANPIER: Eta argatik igorri nahi zaitue?

JAUN BIKARIA: Etxerik etxe ibiliak dituk aren mutilek, siñadura-biltzen. Galdea igorria dute. Huna ageria emen. (Papera erakusten dio.) Irakur zak zortzigarren izena. Beharba ezagutuko duk.

XANPIER: (Irakurriz). Xanpier... Iturriberribeherekokortakoa! Gure zaharra!!

JAUN BIKARIA: (Goxoki). Ze nahi duk! Nerea ere... ez duk urrun izanen.

XANPIER: Zer egin dizue!

JAUN BIKARIA: Deusik ez. Gu zahartzean, orduko gazteri eginen diotegun gauza bera. Berek ez ba digute lehenik egiten.

XANPIER: Etzera joanen, Jaun Bikaria. Guk atxikiko baizaitugu.

JAUN BIKARIA: Nundik...? Ameriketa-tik?

XANPIER: (Pausu baten ondotik). Apez zaharrek amorrainkétan bezin ongi dakizu zuk, Jaun Bikaria, mutiko gazteak biltzen.

JAUN BIKARIA: (Kanpoko aterat urbildu eta hua idekiz). Behazak an, urrun, elurretan beltza... Zerriak bazkatzen bi esku dabiltza.

XANPIER: (Ari urbilduz). Urrunetik ere ezautzen dut, Ama! Lurrean lagun bat izena du: lana. Ez dizut sekulan jarririk ikusi. Berak nahi lukena, bertzientzat utzi. Gure amak iduri mendiko iturria, sekulan ez geldi ta beti garbia.

 

 

 

IX. AGERRALDIA

 

Lehengoak, Aitatxi eta Marexala

 

AITATXI: (Barrukiko atetik). No, mexie, ta no, mexie! Aproxé no!

MAREXALA: (Agertzen da, aitatxi-ren gibeletik. Xuriz jantzi eta eskunarru gorriekin. Buruan xapel zuri bat ekarki du. Sukaldarien gisakoa). Mais porquoi ne voulez-vous pas, Monsieur, que je m'approche de la vache?

AITATXI: Paské la bache si elle bou boi, il ba krébé.

MAREXALA: Oh! pardon, Monsieur le Vicaire. Je ne vous avais pas aperçu. Je vous présente mes hommages, Monsieur l'abbé. Je ne suis pas un homme d'Eglise. Mais je respecte votre Foi, comme je demande que l'on respecte ma science. (Xanpier-i) Bonjour, grand jeune homme.

AITATXI: Xanpier! Xanpier!

XANPIER: Ze-uzu, aitatxi?

AITATXI: Erraiok, ilargia gohorapenean diagula

MAREXALA: Qu'est-ce qu'il dit?

XANPIER: Il dit que la lune...

MAREXALA: Oh! Je vous en prie!!! Ne me parlez pas de la lune! II y a trois mois que je suis dans le pays. Hélas! Je n'entends parler que de la lune. J'avoue en avoir assez: et de la piperade et de la lune.

JAUN BIKARIA: Comment avez-vous trouvé la vache, Monsieur le Vétérinaire?

MAREXALA: Docteur, s'il vous plait. Que penseriez-vous que je vous appelle... Monsieur le sacristain?

JAUN BIKARIA: Oh, vous savez...! J'aimerais mieux cela que de me faire appeler Monseigneur! Et la vache, docteur, croyez-vous qu'elle va mourir?

MAREXALA: Ah, non! Lá, je vous rassure tout de suite. Puisque... la mort, messieurs, n'existe pas. La mort n'est pas une idée positive. (Aitatxiri begira). Nous sommes bien d'accord? La mort n'est qu'une absence de vie. C'est pour cela que je proclame trés haut: aucun danger de mort pour votre vache. Le seul danger que je craigne c'est que, á n'importe quel instant, elle puisse... cesser de vivre. J'espére, Messieurs, (aitatxiri begira) que vous avez tous, ici, saisi la nuance.

AITATXI: Ze erran dik?

XANPIER: Orain arte deusik ez.

AITATXI: Erraiok, egun betetzen dikala behiak bederatziurrena.

MAREXALA: Qu'est-ce qu'il di?

XANPIER: Il dit que c'est la neuviéme jour, aujourd'hui...

MAREXALA: Oh, je vous en prie!! Ne me parlez pas surtout de neuviéme jour! Ne confondons pas, Messieurs, la science de la médicine avec la neuvaine de saint- Antoine. Peut-on se laver les mains, ici? Et voici mon diagnostic. La vache souffre d'une tiroiditite hipereerviev-grastromical, que vous ne pourrez combattre, Monsieur (papera ateratzen du zarpatik) Iturriberribehekokortakoa, quavec de la superstoip... pardon... de la superstoitop... pardon... j'ai une déformation de la langue qui proviendrait, paraît-il, de la répétition constante de noms patronimiques basques mélangés á ceux des médicamente modernes. Il n'est pas facile, comme il m'est arrivé hier, de recommander á Monsieur Larretxeberri, de la ferme Gainekoborda, de traiter sa vache Gorrittipi avec de la salicyliqueacaliptolanolinalonge. (Jarriko da eta idatzi. Papera emanen, dio aitatxiri). La science s'étant largement exprimée, Messieurs, je me retire.

XANPIER: II neige, je vous accompagne jusqu'á la route.

MAREXALA: La jeunesse m'accompagne. Sensible á la courtoisie, je salue le symbole. (Badoa.)

 

 

 

X. AGERRALDIA

 

Aitatxi eta Bikaria. Gero Maixan eta Xanpier

 

AITATXI: Nork ekarri du ori hunat? Jaun Erretor zaharrak errana zuen ba: ez dugula guk, eskualde huntan, orren beharrik. Baina... ezpaita geio zaharrentzat errespeturik... elizan ere.

JAUN BIKARIA: Neretzat ari ze?

AITATXI: Bakarrik gare biak, nik uste. Zu ari zare, Jaun Bikarioa, hemengo bazterrak nahastekatzen. Baina jakizu ongi: ez gagozela gu ere lo. Eta egun batez... gure Xanpier... norbaitek burua beroturik... legorrez edo itsasoz urrunduko balitzadake... jakinen nukela nik... nork aireatua duen.

JAUN BIKARIA: Salbat, lagunduko zaitut kadiraraino besotik

AITATXI: Milesker. Joanen naiz neroni, batxe-batxe, bakarrik (Abiatzen da.)

MAIXAN: (Barrukiko atetik). Xanpier, Xanpier!!

AITATXI: Ze-uzu? Mintza zaite! Ze-uzu!!

MAIXAN: Gure behia hila da!

AITATXI: Zer diat nik? Ez diat ikusten. Ez diat geiago ikusten. (Xanpier sartzen da kanpotik. Deneri behatu eta abiatuko da lasterka barrukirat erranez:) Umea ba zuen!

JAUN BIKARIA: (Txapela erantzi). Behiak ez du otoitza beharrik, bainan etxekoek bai.

XANPIER: (Barrukitik atera bedi, xala besotan dakarkiela. Eman bedi belauniko aitatxiren aintzinean.) Aitatxi! Behazu, aitatxi!!

AITATXI: Ez diat geio ikusten.

XANPIER: Ukizu, ukizu, aitatxi!

AITATXI: Zer duk?

XANPIER: «Katxo» zenaren umea. Nik aziko dut, aitatxi. Hau eta hunen umien umiak ere.

AITATXI: Zatozte! Urbil zaizte. Zoin ederrak zaizten biak! Biak nahi zaituztet perekatu. Jainko maitea! Nori zor diot hau?

XANPIER: (Bikarioai beha). Ez duzu urrun, aitatxi...

AITATXI: Bai. Bazekiat... Ez diat urrun, ez... Orain ere ez duk lo egon... gure jaun Erretor xaharra!

XANPIER: Bainan, aitatxi...

JAUN BIKARIA: Xooo!! Utzazu, Xanpier. Bego, berean, ol-ola.

AITATXI:

                «Otxarti-ko Patroin Bladi handia

                Sainduetan guziz maitagarria»

                Gaur begietarat iluna jina zaut

                Baina... Nonbaitetik eldu zait argia!

 

 

© Telesforo Monzon

 

 

"Gure begia hila da!"

"Telesforo Monzon - Literatur lanen bilduma" orrialde nagusia