TRANKART
Joxe Austin Arrieta

armiarma.eus, 2014

 

 

Bigarren agerraldia

 

(Norbait, gizonezko nahiz emakumezko, lanerako buzoa jantzita daraman tramoiako kideren bat, edo aurikularrak belarrian jarrita dauzkan soinu-teknikariren bat, oihala zabaldu edo agertokia argiztatu aurretik, lehen planoan paratuta dagoen kartela kentzera aterako da: berau kendu berri edo kentzear duenean, mezuren bat jasoko du aurikularretatik, edo “txist” eginez abisua pasako diote oihalaren atze aldetik, esanez ezetz, uzteko atzera berriz kartela bere tokian —publikoak ez du mezua entzungo, keinuak eta ekintza bera aski bitez—. Hala egingo du, noski, sorbaldei gora eragin eta ezer ulertzen ez duelako keinua eginez. Ondoren, langile hau erretiratu, eta oihala zabalduko da. )

 

ANDER ELIZALDE: (Egilea, Ander Elizalde, gaitzizenez Ahal-igeri deitua, laster ikusiko dugun arrazoiarengatik, bere lan-gelan dago. Hirurogei urte inguruko gizona, ile urdina, luze eta ugaria, txima erromantiko “beethoven”-estilodunaren antzera ez-orraztua, nahiko txukun jantzia halere, trajez, gorbatarik gabe. Betaurrekoak sokatxo batetik zintzilik lepoaren bueltan bular alderantz, irakurtzerakoan jantzi, ez irakurtzerakoan erantziko dituenak: ohiko keinuok lagungarri gerta daitezke para-pertsonaia honen unean uneko aldartea azpimarratzeko. Lan-gela agertokiaren erdi aldean ageri da, baina ez agertokiaren zoruaren alturan, gorago baizik: bospasei eskailera-maila igo behar dira bertara iristeko. Lan-mahai arrunt bat da, zurezkoa nahiz metakrilatozkoa, eta berdin da zein kolore. Mahai gainean, ohiko paisaia: ordenagailu eramangarria zabalik eta piztuta (trabeska ikus bedi hala dagoela), argi-flexo bat halaber piztuta, eta mahaiaren gain-azalera ia guztia liburu-dorrez mukuru. Liburuok zeinahi izan daitezke, baina antzerki-egileenak izatea komeni, urrunetik ere publikoak beharbada ikus baititzake tomoen bizkarretako izenak (Fo, Brecht, Süskind, Ibsen, Pirandello, Sastre, Ionesco... ad libitum)(A.Elizalde harat-honat dabil bere mahaiaren aurrean, liburu bat eskuetan —Danteren “Divina Comedia”ren euskarazko bertsioa dela ikus bedi ahal bada, “Jainko Antzerkia”, Aita Onaindiarena—. Irakurtzen ari den liburuko pasarteak eta gogoan darabiltzan gogoetak elkarrekin uztartzen ari da, monologo klasiko baten parodia modukoa eginez, oharkabean bada ere. Urrats batzuk egin ondoren, publikoari begira jartzen da, eta imintzioka mintzatzen: )

          O, ederraren ederra. Hau bai dela izan ala ez izan noraezekoa, inarroslea, durduzagarria. Infernuko ateko iragarkia, “lasciate ogni speranza” ezin ospetsuagoa. Zeinen gihartsu durunditzen duen gure sartaldeko euskara mamitsuan Alighieriren mintzo hilezkorrak! (irakurtzen eta deklamatzen) “Neuk daroat oiñazezko urira; neuk daroat betiko nekera; neuk daroat osabiderik ez dabenen bizitegira. Zuzentasunak ortaratu eban nire Egille gurena; Jainko-indarrak, jakituri garaiak eta len-maitasunak egin ninduen. Nire aurretik etzan ezer irazanik, betikoa baizen; eta nik beti dirauket. Zuok, ona zatozenok, itxi emen itxarokizun oro”

          (Ahots bat, ilunpetik, ia ahapeka: Zer diño, baiña, zoro honek? Nox egin behar deusku jaramon?... (Amaiarena dela ezagun)

          (Beste ahots bat, ilunpetik ere: Ez dizüt jeus e'endelegatzen, zer dio? (Nathalie, noski)

          (Hirugarren ahots bat, berria, neskatxa gazte batena: Hori dun hori tipo plasta, Hegoaldean erraiten duten bezala...)

          (Laugarren ahots bat, hau ere berria, neskatxa gazte batena berau ere: Ixo. Igurika dezagun apur bat, itxaron daigun amiñi bat...)

 

(Ander Elizaldek entzun bide ditu ahotsok, baina zer dioten ulertu gabe, antza. Belarriak zorrozten ditu, keinu nabarmenez, alde batera eta bestera, baina, berriro isiltasuna nagusitu denez, aurrera darrai berak ere:)

 

          Eta honako hau ere, bai bikaina! Hitzik ez hitzon edertasuna luze-laburrean neurtzeko. Beste olerkari goren hark zioen modura: nork lekuskez ikusi urte urdin igesak! Nork leukake nerrake nik halako arnasa jaukala, halako hats biziraunkorra, mintzoaren iturburu oparoa jariarazteko (irakurtzen du, tonu arranditsu bertsuan:) “Solas au amaitu ebanekoxe, zabaldi goibela zakar iñarrosi zan; ta nik orduan asmatu neban izu-laborriak, oindiño be, izerdiz beteten daust bekokia. Negar-lur atatik oiñeztu gorriskak sortu ebazan aizea atera zan, ni konorte bage, loak goi-azpiratutako gizon baten gisan lurrera egotzirik”

 

(Ander Elizalde brau amiltzen da lurrera, bere lan-gela goreneko mahaiaren ondoan; ozta-ozta ez da binbilikatzen eskailera-mailetan behera. Erorikoaren ondorioz, betaurrekoak puskatzen zaizkiola ere antzez liteke, aukeran —gero, lan-mahaiaren gainean dituzkeen beste betaurreko batzuk erabili beharko—. Ahots-marmarrak aditzen dira, kezka eta asaldurazkoak; are, ilunpetan dauden agertokiko alde banatan eskuargi edo supizteko bana piz daiteke, han dauden pertsonen itzalei antzemateko beste. Segundo batzuk isiltasunean, baina berehala adituko da, ozenki —esajerazio histrionikoraino—, A. Elizalderen zurrunga-hots lasaia.) (Argiak piztu, eta agertoki osoa ikus bedi)

 

(Agertokiaren ezker aldera, talde hau dakusagu:

 

Nathalie, eskuinaz hamasei urteko neskatxa bati eskutik helduta; Sylvie/Oihane alaba du, noski, hamar urte geroago; Oihane, neskatila beltxarana, pertxenta, blue jeanak eta niki idazkidun kolore bizikoa soinean —edozein kolore, zeinahi esakune—; orrazkera, bere ama Nathalierenaren ildokoa, oso modernoa; nerabe lasaia dirudi, baina jakin-minez aztertzen dihardu begiradaz agertoki osoa: bere aitari erreparatzen dio berehala, eta beronen egoera ikusita, kezka- eta gaitzidura-keinua dagi buruaz; Mikeli ere erreparatzen dio, askoz ere gertuagotik —soka berean baitoa—, eta beronekiko begiradan, kezkaz gain, erakarmenaren distira ere ageri da. Nathaliek, ezkerreko eskuaz, kable edo hariari oratzen dio. Nathalie eta Oihaneren segidan, bere gorputz-atalekiko harien konexioak ahalik eta agerien, Mikel doa, automata-txotxongilo gisa soilik oraingoz, “atoian” eramana, hots, Nathalie-Oihane bikoteari bizkarra emanda, ezker aldeko banbalinetara begira. Eta, azkenik, haritik at, eszena osoari begira baina batez ere Mikeli begirik kendu gabe, polizia bat —Sebas izenekoa, nahiz eta polizion kasuan izenak esanguratsuak ez izan, elkarren artean trukagarriak baizik—, ohiko karakterizazio ia topikoaz: trajea, gorbata, kapelua, betaurreko beltzak; borra ere badarama gerrikotik zintzilik; eskuburdinak ere agerian, gerriaren atze aldera bilduta dauzkan bere bi eskuetatik dilindan, noiznahi erabiltzeko prest; are gehiago, eszena aurreratu ahala, zeharo aspertzen ari dela garbi erakutsiz, jolastu egingo da eskuburdinokin —jirabiraka astinduz airean—, tarteka bere gerrikotik borra atera ere bai —airean dantzatuz—, bere jakaren ezker aldea haztatu ere bai, pistola atera ere bai, klik-klak batzuk eragin ere bai —ongi ote dabilen egiaztatzearren baino areago, armarekiko miresmenez, agian—, eta Mikelen zaindaritzatik gehiegi urrundu gabe noski, pauso batzuk ere egingo ditu harat eta honat, aharrausika, baita agertokiaren erdi aldean topo egingo ere, joan-etorri horietako bakoitzean, orain azalduko dugun beste taldetik, keinu eta imintzio berberak eginez, erdi alde horretaraxe hurbilduko den beste poliziarekin.

 

Agertokiaren eskuin aldera, izan ere, beste talde bat dago, deskribatu berri dugunaren berdina, ia klonikoa esan genezake. Pertsonaiak aldatzen dira, baina bai jarrerak, bai kokaerak, bai keinuak, bai mugimenduak oro, berdinak dira. Amaia-Maddi, eskutik eta hariari helduta. Maddi hogeita bi urteko neska zoritua da, “bilho holli, larru xuri eta begi nabarrak”, gure herri-kantutegiko neska-edertasunari buruzko kanon guztiak betetzen dituena, nolabait esan. Janzkera, ad libitum. Blue jeanak eta blusa, beharbada; azkeneko hau idazkunik gabe. Askoz ere urduriagoa dirudi: zorrotz behatzen du agertokia, eta berantespen-seinaleak nabariagoak dira beronengan: etengabe begiratzen dio bere aitari —bere soka berean, ondoan baitoa— eta etengabe aurpegia laztantzen ere bai; beste aldean dagoen Mikel mutil gazteari ere erreparatu dio, eta gustuko duela ere ezagun. Segidan, beraz, esan berri dugun bezala, Koldo “automata” hariztatua dator, Mikel bezalaxe “atoian” eramana, eskuin aldeko banbalinetara begira. Eta, haritik at, beste polizia bat —Celes izenekoa, demagun, kasu honetan: Sebas bezala karakterizatua, eta Sebasek egiten dituen keinu eta mugimenduen erreplika hutsa —ahal bada, kadentzia eta sekuentzia berberaren arabera joka bezate bi poliziek: bai aharrausiak, bai eskuburdinekiko nahiz borra nahiz pistolarekiko jolasak, bai harat honatak, bai agertokiaren erdi aldeko enkontruak: elkarri buru-makurtze adeitsua egingo diote, eta buelta eman, bakoitza bere aldera itzuliz, beti ere nork bere zaintzapeko atxilotuari —Mikeli nahiz Koldori, hauek zirkinik egiten ez badute ere— behin eta berriro urrunetik zein gertutik nabarmenki begiratuz.)

 

 

AMAIA: (eskailera-mailak arin igoz Ander Elizalde lo datzan tokiraino) Baina, baina... zer da hau? Lokartu egin zaigu-eta! (astintzen du Ander: honek zirkinik ez, zurrunga eten baina berriro ekin) “Ahal-Igeri” jauna (deitzen dio, esnatzearren; erantzunik ez, eta ozenkiago) “Ahal-Igeri” jaunaaa! (alferrik, nonbait)(Amaia, bere antzezle-kideei eta, oro har, publikoari mintzo) Hau marka! Txepel hantuste halakoa! Beti berdin! Beti gauza bera egiten du! Ez zerurako, ez lurrerako! Halaxe uzten gaitu beti bere kumeok, linboan bueltaka! A, baina ez, oraingoan ez...

NATHALIE: (mesfidati, bere tokian geldi, alaba Oihaneri eta kable-hariari tinko oratuz) Zer egin nahi duzu, Amaia?

AMAIA: (bere jakako mahukak ukondoetaraino jasoz, indartsu baina apur bat urduri ere mintzo ) Zer egin nahi dudan? Ba, garbi zagon, neska: honako gure jaunskila hau, gure “Ahal-Igeri” petral hau, eskaileran behera jaitsarazi.

MADDI: (deliberatuki) Lagunduko dizugu, ama (soka utzi eta eskailera-mailetara abiatzen da bizkor)

AMAIA: (alaba bertan behera geraraziz, gozo baina larderiatsu) Ez, ez, bihotza. Hau gure ardura dun. Gurasoona, ez zuona.

 

(Maddi zerbait erantzutera edo protestatzera doala ageri da, baina Nathaliek hartzen du hitza: )

 

NATHALIE: (oraindik zirkinik egin gabe) Eta hori zendako nahi duzu egin?

AMAIA: (pazientzia galdurik edo) Zertarako? Hi tuntuna haiz, ala? Esna dadin, noski! Eta konta diezagun “Trankart” honen historia osoa, goitik behera, eta ordena minimo batez, arranopola!

OIHANE: (nerabe batengan harrigarria dirudien patxadazko ahotsean) Baina historia hau gurea ere bada, izeba.

AMAIA: (hunkiturik, eta samurturik, hitz honen zentzu bikoitzean: hots, ezti eta mingots aldi berean, haserre bezain amultsu) Oihane, politt hori, neskatila eder hazi haiz eta laster emakume are ederrago bilakatuko. Badun garaia jakin dezanan ni ez naizela hire izeba. “Amaia” deitu'idan aurrerantzean, mesedez.

OIHANE: (erabat bare, espanturik gabe) Banekien, izeba. Badakit, Amaia.

NATHALIE: (lasaitasun osoz berau ere, bere alabari muxu eman eta ilea laztandu ondoren, agertoki erdira hurbiltzen da, A. Elizalderen lan-gelara igotzeko eskailera-mailen oinera, eta jaisteko keinua degio Amaiari) Ez, Amaia. Ez dugu sasi-egile horren beharrik. Guk biok kontatzen ahal dugu historia osoa. Edo, osoa ez bada, guri doakiguna bederen. Gainera, hemen behean ditugu gure alabak. Eta hemen behean gure Koldo eta Mikel ere.

AMAIA: (zakar samar) Mikel hori hik jakingo dun nondik norakoa den. Nik ez dinat inondik inora ezagutzen... (bere asmoan etsi nahi ez eta berriro ekiten dio Ander Elizalde bultzaka inarrosteari; honek lozorroan jarraitzen du) (ahuspez, betaurrekoak bere soinaz zapaltzen dago etzanda Elizalde; haiek ikusi eta kendu egiten dizkio Amaiak, egile lokartuak lepoaren bueltan zintzilik daukan sokatxoa buru gainetik aterata; bi aukera: a) puskatuta badaude, “hau desastrea” esanez bezalako keinua egin beza Amaiak, eta betaurrekook mahai gainean utzi, ordezkorik ba ote duen arduratuz: bai, han bertan aurkitzen ditu beste batzuk eta,“eskerrak” esanez bezala, berriro pausatzen ditu zeuden tokian; b) betaurrekoak osorik badaude, utz bitza mahai gainean, sinpleki) (egilearen buruaren azpitik kable- edo hari-multzo bat aurkitzen du: hari-mutur bat ordenagailura konektatua dago eta gainerako hari-multzotik mutur bana ateratzen dira —berauei gora eta behera eragiterakoan, uhin modukoa ikus dadila, eta lurrean jotzerakoan zarata pixka bat atera badaiteke, hainbat hobe—, eta hari-muturrok bata Mikelenganaino eta bestea Koldorenganaino doazela ikus bedi halaber: bai Mikel bai Koldo mugitu egingo baitira nor bere hariaren eraginez)(azken ahalegin bat egingo du Amaiak Ander Elizalde egilea esnatzeko —adibidez, ostikada bat joz— baina alferrik. Orduan, kable-mataza eskuan haztatuz, zalantza-une batzuen ondoren, hari guztiak erauzten hasiko da, deliberatuki, frenetikoki, amorruz. Inarrosaldien eraginez, esnatzen da horratik, halako batean ere, Egilea: tentel-aurpegia hasieran, harridurazkoa segidan, asaldurazkoa ondoren, jaikitzen da Amaiari bere erauzte-lana eragotzi nahian, baina beranduegi da: “sabotaia, sabotaia” edo “ez, ez, mesedez” oihuka, edo hitzik gabe ere, keinu hutsez, azaleratuz bere etsipena; Amaiarekiko gatazkaren erdian —eta beronekiko kontrapuntu komikoan—, ikus bedi bere betaurrekoez ere oroitu dela Elizalde: haien bilaketa eta Amaiarekiko “borroka” konbina bitez, beraz; azkenean topatu ditu, lepotik zintzilikatuditu, eta plataformako azken eskailera-mailan eseri da, burua eskuen artean ezkutaturik) (eszena honek dirauen bitartean, entzun bedi berriro, hondo-musika gisa, “The Gambler”eko piano-piccicato melodia)

AMAIA: (eskaileran behera dator, burua tente, egin duenaz harro, Nathalieri mintzo:) Beharbada, arrazoi dun. Guk geuk kontatuko dinagu geure historia. Utikan “deus ex machina” guztiak!

NATHALIE: Bai, debrutarat doala “deus ex machina” oro! (eskailera guztiak jaitsi eta bere parera iritsitakoan, besarkatu egin nahi du Nathaliek Amaia, baina honek muzin egiten dio besarkada-nahiari. Maddi eta Oihane ere inguratzen zaizkio: onartzen du bien besarkada. Neskatxa gazteak elkarrekin gustura daudela ezagun du: baztertzen dira agertokiaren albo batera, eskuinera konkretuki, eta hantxe gelditzen dira, elkarri belarrira txutxumutxuka eta ikustear dugun “mustraka”z jakin-mintsu, guk aditzen ez dugun beren elkarrizketa elkarri xuxurlatuan tarteka beren amak seinalatuz, interesez baina inolako ahakar-, gaitzespen- nahiz onirizpen-keinurik gabe, aparteko grinarik gabe, alegia, itxuraz behintzat)


(Aldi berean, oso aldaketa garrantzitsua gertatu da agertokian pertsonaia maskulinoei dagokienez ere. Hariak “moztu” dizkietenez geroztik, Mikel eta Koldo, poliki-poliki hasieran, beren kasa mugitzen hasiak baitira, biziberriturik: beren soin-adarrak laxatu eta luzatzeko ariketa moduko batzuk egiten dituzte aurrena, ondoren emakumeak eta neskak ikusten dituzte, eta haiengana hurbildu nahi dute noski, Koldok batez ere —normala denez— lehia bizian, baina baita Mikelek ere haienganantz urrats batzuk eginez.

 

Hasieran, amak eta alabak ez dira ohartzen: binaka ari dira, elkarrekin hizketan, amak “mustraka” prestatzen, alabak bazter batean “mustraka”ren zain. Halako batean ordea, ohartzen dira noski. Neska biak, aita mugitzen hasia dela ohartu orduko, ziztu bizian oldartzen dira harengana. Baina ezin elkartu. Polizia biek eragozten diete. Bultzaka, indarka, borrekin eta are pistolekin ere mehatxuka, azkenean Koldo eta Mikel agertokiaren albo banatara itzularazten dituzte poliziek (ad libitum, variatio enfatiko gisa, antzez daiteke gatazka horren ondorioz Koldori eskuburdinak jartzen dizkiotela bi polizien artean, eta une hori aprobetxatuz, Mikel hurbiltzen dela bi emakumeengana eta bi neska gazteengana, bere burua aurkeztu eta muxu bana ematera. Bultzaka apartatzen du haiengandik “bere” zaindariak, Sebasek, eta zigor gisa berari ere jartzen dizkio eskuburdinak. Neskak, berriro, beren amen ingurura itzultzen dira, haiek hots egiten baitiete: Nathaliek: zauztie hunat, Sylvie, Maddi! eta Amaiak: zatozte hona, Maddi, Oihane... Eta segidan Nathalieri eransten:)

 

AMAIA: (delikadeziaz, ohartu baita Nathaliek bere alabari izen zaharraz —Sylvie— deitu izanaren arrazoiaz) Hamar urte iragan ditun, Nathalie ... Ez gauden Clermont-en... Hire alaba Oihane dun berriro... Nahiz eta... horien jokabidea... betikoa izan... Bazakinagu...

NATHALIE: (baiezko keinua degio Amaiari, arrazoi emanez. Baina, segidan, publikoa seinalatuz, halaxe diotsa: ) Has gaiten, Amaia. Guri beha dizügü popülü maitagarria...

AMAIA: (erregu doinuz) Bai, Nathalie... baina manexez, othoi, ez üskaraz...

NATHALIE: (kalipuz beterik, kategorikoki) Manex bürümentsak! Emanen deizüet, bai, gostia... A, baina lehen pheredikia ez! Hori üskaraz! Ez manexez!

                    “Jinkoak deiziela gai hun

                      Popülü maitagarria

                      Eta eman dizaziela

 

                      Bere grazia saintia.”

AMAIA: (umoretsu samar) Ene bada! Ederki gatxiauden! Ni Beterrin jaioa naun, ez Basaburuan ... edo Basabürüan, esan beharko. Nire ahots kaxkar honekin, nola lehiatuko naun, ba, amaren sabeletik dagoeneko zazpi jauzika eta kantoreka ikasia datorren xiberutarsa demontre honekin?

NATHALIE: (kantari erantzuten, doinu berean)

                    Ez dugu zertan lehia

                    Manexez mintza gaitezen

                    Ontsalaz gure zauriak

 

                    Amultsu senda daitezen.

AMAIA: (Habanera doinuan arrapostu)

                    Nik ez dakit nola lortu

                    Zauri horien sendatzea

                    Senarra kendu zenidan

                    Nola nahi duzu ahaztea

 

                    Badakit, ez da bidezko

                    Inoren jabe izatea

                    Amodioa libre da

                    Ez da izan behar katea

 

                    Baina ni gau t'egun negar

                    Hori ere bada kaltea!

                    Onartu nahi eta ezin,

                    Zu beti zara “Bestea”!

 

                    Alaba eder bana du

                    Gugandiko ondarea,

                    Biontzat, baina, senar ohi:

                    Kartzela du emaztea.

 

NATHALIE: (hunkiturik, ahotsa apur bat kraskaturik, baina irmo erantzuten dio, pastoralen elkhialdi gehienetako doinu ohikoenean, ondorengo ahapaldi-sortarekin. Kantatzen duen bitartean, hara eta hona ibili beharra du Nathaliek —pastoraletako arizaleek bezalaxe hain juxtu—, eta are, makilarik ez daraman arren, berau balerama bezalakoxe keinuak egingo ditu bai lurrean “kolpeak” joaz, bai buru gainean firurika “dantzaraziz” makila balizko hori) (“promenadan” kantari: )

 

 

                    Clermont Ferrand-en aspaldi

                    Gostü eijerrean bizi

                    Koldo paperez Fernando

                    Ez ginen polizaz izi.

 

 

(pausa, eta berriro promenadan:)

 

                    Martínez deiturapean

                    Han zen sasian emana

                    Entrepresa puxant baten

                    Komertzial zian lana.         

 

 

(pausa, eta berriro promenadan:)

 

                    Ene sorterria ere

                    Dokumentaz omen Sarlat

                    Errijenta niz lanbidez

                    Egiaz sasiz bezainbat.

 

 

(pausa, eta berriro promenadan:)

 

                    Egun maluraz betea,

                    Zorionaren hauslea,

 

                    ... ... 

 

(ibilera baldartu, alderotu egin zaio Nathalieri, indarrak huts egin, ezin du ahapaldia bukatu, belaunikatu egiten da lehenik, eta segidan halamoduz esertzen, ondoezik, mintxuriturik) (neska gazte biak inguratzen zaizkio, eta nola edo hala bixkortzen dute, eserita jarri ahal izateko beste) (Koldo eta Mikel ere heriosuhar ari dira ahaleginean: oihuka ari direla ezagun, besoen eta ezpainen mugimenduengatik, “Nathalie, Nathalie, zer duzu?” edo antzeko zerbait esaten, baina ez da deus ere entzuten: ezin bi polizia gangar erraldoien hesia gainditu, ezta hitzez ere.)

 

AMAIA: (aztoraturik, zer egin ez dakiela gelditu da, Nathalieren ondoeza gertatu ondoren. Ez da inguratu hura laguntzera. Ezagun du erabaki gordin bat hartu beharraren estutasuna bizi duela: berak segitu behar du historia kontatzen, edo kantatzen, baina ez daki nola. Pastoraleko pausuak eta mugimenduak entseatzen ditu une batez, baina oso baldarki, noski... Saiatzen da, halere, Nathaliek hasitako bertsoa bukatzen, doinua nola edo hala imitatuz —desafinatzen edo nolabait desitxuratzen duela ere antzez liteke, ad libitum—)

 

 

                    Malura zer den hain juxtu

                    Beharbada ez gatoz bat

                    Zorigaitza zer den baina

                    Denok dakigu erabat.

 

 

(promenadarakoan eta makila firurika mugitzerakoan estropezuka eta baldarka bada ere, aurrera darrai. Denak adi dagozkio, begira: Oihane, Maddi, Nathalie, Mikel, Koldo, poliziak, baita Egilea ere: hau zutik dago bere “idulkian”, eszenari arreta osoa eskainiz, eta are, tarteka, bere lan-mahai gaineko ordenagailuaren pantailan eta liburu-multzoan aztarrika, zerbaiten bila: Pirandelloren tomo bat hartzen duela ikus daiteke, baita koaderno bat ere, eta liburua eta koadernoa erkatzen ditu, eszenan gertatzen ari denarekiko erne betiere)(Amaia, pastoraletako doinuan, bigarren bertsoa kantari: )

 

 

                    Beti uste izan duzu

                    Nire erruz izan zela

                    Polizia Clermontera

                    Nik erakarri nuela.

 

 

(Nathalie jaiki da, eta badoa, itxura guztien arabera, kantuari berrekitera, baina Amaiak, arrapataka, aurrea hartzen dio eta beste honako hau kantatzen: )

 

                    Alabak aita alaitu

                    Aitak halaber alaba

                    Horixe nik asmo bakar:

                    Zein besterik ote, bada?

 

 

NATHALIE: (in crescendo, pastoralaren eguratsak erabat susperturik antza, mugimendu azkarragoz, ahots zorrotzagoz, euskara xiberutarragoz: )

 

 

                    Nik ez deizüt jaukikatzen

                    Zure asmuen onura

                    Zuhur ez zinen jokatü

                    T'horrek sortü zin malura!

 

 

AMAIA: (idem, in crescendo)(baina ostera Habanera doinura aldatuz, bere buruaren defentsarako molde egokiagoa iritziz nonbait: )

 

                    Zu jaio baino lehenago

                    Zuhurtzian trebatua

                    Hogeita hamaika urtez

                    Hara ta hona uxatua

 

                    Iheslarion bizitza

                    Ondotxo barneratua,

                    Urrats bat egin aurretik,

                    Ezker-eskuin aztertua

 

                    Zer uste duzu, Nathali(e),

                    Nenbilela zoratua?         

                    Jeloskeriaren mende

                    Nengoela itsutua?

 

                    Bada, oker zaude guztiz:

                    Bihotza nun urratua,

                    Baina gutarrik inola

                    Sekula ez dut salatua.

 

          MOZTU! MOZTU! MOZTU! (Ander Elizalde da, oihuka. Bere lan-gela goitituan jaulki ditu garrasiok, modu patetiko ia komikoan haserre, bere onetik at erabat. Esku artean zerabilen liburua lurrera jaurti du. Eskaileretan behera dator. Zoru-heinera iritsitakoan, atzera berriz gora doa. Liburu bat hartzen du: Danteren “Jainko Antzerkia” ostera ere. Buruari ezetz eragin, eta berriro uzten du liburua mahai gainean (lurrera jaurti ez: preziatuegia du, bistan da). Berriro hasten da eskaileretan behera. Berriro gelditzen da, ezbaian, eskailera erdian. Eta orduan ozenki honako diatriba edo pleinu hau erasaten. Bitartean, agertokian zeuden eta ari ziren pertsonaia guztiak geldi-geldirik, oinazturak jo izan balitu bezala)

 

          O, Pirandello, o, Luigi, ene maisu gidari lagun helduleku iparrorratz! Zergatik abandonatu nauzu? Ez dabiltza eurak, hauek (seinalatzen ditu agertokian perlesiak jota dauden pertsonaiak) a la cerca di autore, ez, ez dira eurak nire bila dabiltzanak. Baizik eta ni neu beraien! Ni neu... Eta ezin beraiengana iritsi! Vaudeville bat bihurtua da Trankart hau. Eta ez zen Vaudeville bat izatekoa. Ez horixe!... Vaudeville, vaudeville, izan ere, zer esan nahi du hitz horrek? Vau-de-ville... Vau, veau idatzita, ez al da, ba, txahala-edo, bigantxa-edo, frantsesez?..Begira dezadan hiztegira... (urrats batzuk eskailera-mailetan gora, baina bertan behera geratzen da eta bere buruari erasiaka segitzen, histrionikoki errietan:) Ez, ez, ez zagok horretarako premiarik! Inportanteena hauxe, hauxe besterik ez: hau ez dela, ez dela izan behar!, vau-de-ville bat, “hiriko bigantxa” bat, alegia, soka-muturrean eramana. Ezta bertso-performance hinki-hankati bat ere, noski: ez da hori nire ofizioa. Ezta pasturaleko mustraka herren hatsantu bat ere, prefosta: alferrik saiatuko gara sua berotzen hango berezko garrik ez dugunok. Ez ba, baitezpada, badaezpada... Hau teatro-obra bat da! Hau antzerkia da! Eta ez “Jainko Antzerkia”! Hauek ez dira su-leizearen jirabiran dabiltzan arima erratuak! Pertsonak dira, per-so-nna-k, maskara jantzita daramaten izaki bizidunak, nik neuk asmatuak, baina balizko benetakoekin dituzketen antzekotasunak halabeharrezko txiripatik harantzagokoak. Ea, bada. Da capo. Nire kreatura gaixook berriro Ahal-Igeri gaitzizenaz nitaz trufatuko badira ere halakorik esaten entzuten badiet, ordea... haien errukarri!... Da capo, bai. Hirugarren agerraldia. Hirugarren ekitaldia. Hirugarren esetsaldi... aaaa (deliberamenduzko eta desesperozko hasperena, eskuez ile urdin sarria ildokatuz: eskailera-mailak arrapataka igo eta bere lan-mahaira doa, aulkian eseri, eta ordenagailuko sagua mugitzen eta pantailan zerbait begiratzen hasten da)

 

(une horretan, bigarren agerraldi honen hasieran “Barka eragozpenak” delako kartela* kentzera eta ostera ipintzera atera den tramoiako lankidea edo teknikaria azalduko da berriro, eta kartelarekin zer egin behar duen galdetuko dio, keinuz, Ander Elizalderi; honek jaramonik ez, bere eginkizunean murgilduta; langileak orduan txistu egingo dio —ahalik eta ozenena izan bedi txistukada, bi atzamar ezpain ertzetan paratuz egin ohi direnetarikoa, ahal bada—. A. Elizaldek orduantxe burua altxatu eta erreparatuko dio han behean dagoen langileari, eta “kentzeko, kentzeko” adieraziko dio keinuka, haserre puntuan —horrelako ñimiñokeriekin distraitu dutelako gaitzitu antzean edo—. Lankideak kartela hartu, sorbaldak berriro goratu, eta mutis foroan barrena.)


(* Bigarren agerraldi osoan kartela agertokiaren aurre aldeko erdi-erdian egotea beharbada eragozgarri gerta daiteke publikoaren ikusmenerako —edo arretarako—. Traba egiten ez badu, utz daiteke bertan. Baina, badaezpada ere, hobe honako hau egitea: Sebas eta Celes bi polizia klonikoek beren erronda egiterakoan —ezker eskuin, borra, eskuburdina eta pistolarekin jolasean, parada militarrean bezalako pausaje arranditsu bezain aharrausikarian— topo egingo dute kartelarekin, eta zapaldu egingo dute, ez berariaz, baina bai axolagabekeriaz: zapaldu, zer dioen begiratu ere egin gabe, eta behin eta berriro igaroko dira kartel etzanaren gainetik. Konpainiako langileak, agerraldiaren bukaeran, hura jasotzera ateratzen denean, lehenik kartel etzana eta zangopilatua zutitu, zapi batekin edo eskuz hautsa kendu, eta ondoren galdegin biezaio A Elizalderi ea zer egin behar duen kartelarekin.)

 

 

 

Iluna, edo oihala

 

 

TRANKART
Joxe Austin Arrieta

armiarma.eus, 2014