TRANKART
Joxe Austin Arrieta

armiarma.eus, 2014

 

 

TRANKART

 

(Xaribari-airea

ahairez emokatua

hiru agerralditan)

 

 

 

 

Lehen agerraldia

 

(Mutil gazte bat, Mikel, 25 urte ingurukoa, casual samar jantzia —blue jean tarratatuak, kasurako, eta kamiseta gris edo beltz lasaia—, mahai gaineko ordenagailu baten pantaila aurrean. Agertokiaren ezker aldean mahai luze bat dago, zeharretara jarria, eta honen kanpoko aldetik dago eserita mutila. Publikoak, beraz, alboz, soslaiz, ikusten du. Beste hiruzpalau ordenagailu ere sumatzen dira mahaiaren gainean, baina erdi-ilunpean, mutila dagoen gunea bakarrik baitago argiztatua. Mutila bizkar-euskarririk gabeko aulki luze batean eserita, zerbait tekleatzen eta sagua klikatzen ari)


(Gizon heldu bat, Koldo, 55 urte ingurukoa, zarpail samar jantzia —panazko galtzak eta niki zuri zimurtua— bizkar-euskarridun aulki batean eserita, agertokiaren eskuin aldean, publikoari begira. Gizonaren atzean beste mahai bat dago, perpendikularki jarria, ordenagailurik gabe; lanpara pare bat mahai gainean, itzalita. Mahai honen eskuin aldean, edo agertokiaren hondoan —alakan nahiz lerroan— altzari bat dago, arasa bat, liburuz betea. Aspertu aurpegiera du gizonak. Edo, aspertuarena baino areago, distraituarena, bere gogoeta eta gomutetan galduta. Liburu bat du belaunen gainean pausatua —euskal historiakoa, edo Fontes Linguae Vasconum tomoren bat— baina ez da irakurtzen ari)

 

 

(Argi-foku banak argiztatzen ditu bai mutila, Mikel, bai gizona, Koldo. Agertokiaren gainerako espazioa ilun)

 

MIKEL: (tekleatzeari utzi, eta une batez pentsakor egon ondoren) Idatzi egin beharko zenieke, nik uste.

KOLDO: (ondo entzun du, baina segundo batzuk uzten ditu igarotzen, bere gogoeta sakonetatik bat-batean aldenarazia izan izana gaitzetsiz edo, ahots axolagabetu itxurakoaz erantzun baino lehen) Idatzi? Nori?

MIKEL: (segundo batzuk tartean utziz honek ere) Ondo baino hobeto dakizu zertaz ari naizen (pausa) Nathalieri eta Amaiari (pausa) Vis-a-visera laurek egun berean etorri beharrik ez dutela, ama biek eta ume biek (pausa) Nahiz eta umeak ahizpak izan...

KOLDO: (erretxindurik, soraiotasunak alde batera utzita) Hori ez duk hire afera, mutiko! Lanean segi ezak, eta bakea eman ezak.

MIKEL: (ironiaz) Zure aginduetara, Maisu.

KOLDO: (buruari eraginez) Zenbat bider esan behar diat “Maisu” ez deitzeko?

MIKEL: (azkar, “tantoa” bereganatuz) Zuk niri “mutiko” deitzeari uzten diozunean utziko diot nik ere zuri “Maisu” deitzeari.

 

(isilunea)

 

 

(Koldo argiztatzen ari den fokua * atzealdera mugituko da tupustean —edo foku hori itzali eta beste bat** piztuko— eta bi neskato —bata 12 urteko ia nerabea, bestea 6 urteko haurra— argiztatuko ditu. Haurren karakterizazioa, janzkera eta orrazkera, ad libitum; bata kaxkagorria —zaharrena— eta bestea beltxarana izatea komeni, dena den. Elkarrekin jolasten ari dira, zaharrena txikienaren jolas-gidari edo: haurrak neskatilaren keinuak eta mugimenduak errepikatzen ditu. Kantari ari da ahizpa zaharrena, Maddi: “Joli tambour” frantses haur-abestia. Lehen ahapaldia: “Joli tambour s'en revenait de guerre (bis) et ran et ran ran pata plan”, desfile- eta danbor jotze-plantak eginez, eta jarraian doakio Oihane/Sylvie ahizpa gazteena, letraren esaldia ez, baina danbor-soinuaren pasartea bai, ozenki kantatuz. Abesti honek beste sei ahapaldi ditu, baina oraingoz aski bedi lehena eta azkena kantatzea eta antzeztea. Azken ahapaldia: “Dans mon pays y'en a de plus jolies (bis) et ran et ran ran pata plan” : hau kantatzerakoan, Maddik kilimusi edo erreberentzia dotore bat egingo du —antigoaleko areto-dantzetan bezalatsu—, gona-barrenaren alozak ezker-eskuin eskuetako erpuru-erakusleez altxatuz. Eta Oihane/Sylviek ere gauza bera egingo du jarraian; aldi berean irri ere egiten badu, desfile-dantzaren seriotasun formalari eutsi ezinik-edo, berezko bere haur-pozaren adierazgarri, hainbat hobe) (argi-fokua berriro Koldorengana)

 

 

(* argi zuria, “ohikoa”) (**tonalitate ezberdina, “ez ohikoa”: sepia edo malba kolorekoa izan liteke, leun samarra, ez nabarmenegia) (foku bakar batekin egiten bada, garaiz egin bedi tonalitate-aldaketa) 

 

KOLDO: (amets-aireak burutik uxatu eta deliberamenduzko tonuan) Tira, lan pixka bat ere egin beharko diagu, ba (aulkitik altxa eta Mikel dagoen aldera hurbiltzen da, pausu nagian: ikus aurrerago, mugimendu hauei dagokienez, kontuan hartu beharreko faktorea: hariena, kableena) Ea, hemen benetako maixua heu haiz-eta, esplikatu'idak nola egin behar diren ditxosozko ariketa horiek... (Mutilaren bizkar aldean zutik paratu, pantailara begiratu eta, berehala, purrustaka ekiten dio:) Baina, baina... hau duk hau bitxoa, intsumiso arraioa? Informatika-ikastarora apuntatu gaituk, hi! Eta biharko egin behar ditiagu ariketa horiek. Zer uste duk? Kolpe zorrik ere jo gabe hona etortzen segi dezakegula asteak joan eta asteak etorri, mutiko?

MIKEL: (umoretsu) Horra, ba. Gure zaindari txit prestuei ziria sartzea ez dut uste hain azio txarra denik ere, Maisu. Gure literaturaren onerako baldin bada behinik behin, ez al zaizu iruditzen?

KOLDO: (Mutilak pantailan idatzita duena irakurriz, tarteka hitz bat edo beste ahots entzungarrian ahoskatuz, batzuetan baiezko keinua eta bestetan ezezko keinua eginez)... Ahaide Nagusien garaian... Jak, emak, erak... Gatza, gatza... Pointe de Gave... Dena nahasten duk, mutiko, dena! Zer saltsa klase da hau, gero?

MIKEL: (irmoki, baina ez haserre) Zeuk kontatutako gauzak dira, Maisu. Neure erara jarriak.  


(Aulkitik altxa eta agertokiaren aurreko aldera dator Mikel, poliki, besoak dantza-erritmoan, kantari. Kanta hauxe —60. hamarkadaren bukaera aldekoa, Iparraldekoa, ez naiz gogoratzen nork abesten zuen, baina diskoa aski aise lokaliza litekeela uste dut— :

 

 

                    Zer gizon mota den Ttakulin

                    Behar duzue jakin

                    Zakur tropa badu berekin

 

                    Ta denak zintzilekin... 

 

Koldo ere, kantaren xaramelaz liluraturik bezala edo, publikoaren aurrera dator, eta hizkera eta antzezte-era ia hipnotikoz hasten da bere pheredikia jaulkitzen —bitartean, Mikelek bere “Ttakulin” ahapaldia behin eta berriro errepikatuko du, Koldoren jardunaren kontrapuntu gisa—. Hauxe Koldoren jaulkipena. Hasteko, De Gaulleren imitazioa egingo du, goraki eta arranditsuki, honako hau deklamatuz:)

 

KOLDO: “La France jamais oublira l'exploit... extraordinaire...

MIKEL: (Koldoren hipnosia kontrolatu nahian, bistan da) Euskaraz, Koldo, euskaraz (eta kantari jarraituz: ...“behar duzue jakin”...)

KOLDO: (zalantzakor) Nola esan zuen? (De Gaulleren modura berriro) “l'exploit extraordinaire que vous, basques, avez fait”? Edo... “que vous, basques, avez accompli”?... Nathalieri galdetu behar diot..., accompli?, fait?... nola esan zuen zehazki?...

MIKEL: (etengabe saiatuko da Koldoren “eldarnio” hipnotikoa euskarara ulerbideratzen. Halako moldez non Koldoren hitzak eta Mikelen kanta-errepikak eta aginduak elkarrekin nahasita eta elkarri traba eginez adituko baititugu ikusleok. Ad libitum, beraz: ) Euskaraz, Koldo, euskaraz... ”zakur tropa badu berekin, ta denak zintzilekin”... 

 

(Halako batean behintzat, badirudi lortzen duela Mikelek Koldoren jarduna bezatzea. Mikeli begiratzen ez badio ere —begirada noraezean du, gomutan tinkatua, publikoari ere zuzendu gabe—, Koldok, izan ere, obeditu egiten dio, ezagutzen du Mikelen ahotsa nonbait, eta honela diotsa: )

 

KOLDO: Bai, bai, Mikel. Bai. Arrazoi duk. Euskaraz, euskaraz... Nola esango ditiat, baina, euskaraz De Gaulleren hitzak?

 

(“zer gizon mota den Ttakulin”... darrai Mikelek)

 

KOLDO: (bere tonu “eldarniotuan” beti ere, baina Mikelekin elkarrizketan eta, beraz, komunikazioa erraztuz, zalantzak, etenak eta diskurtso-jauziak gorabehera) Itsaspeko alemanen base bat zuan. Unterseeboot famatuen, itsas otso arre mitikoen habia bat, Mikel... Edo hala uste diat ...ez nauk oso ongi oroitzen... Pointe de Gave. Bordele ondoan. Garona ibaiaren bokalean... Gerra amaitzear. Berrogeita bosgarren urtea... Armada Gorria Berlinen atarian. Anglo-amerikanoak ere Elbara iritsiak... Eta gu, beti gu, euskaldunok... Munduko herririk tontoena! (haserre bizian, in crescendo) Munduko herririk ergelena!!... (senez edo, bere burua baretuz ostera)... Irungoa zela uste diat... Ibarla auzokoa... Ordoki?... Edo Beldarrain?... Nola deitzen zen?... Ordoki, Ordoki zela uste diat. ANV-ko komandantea... Domina jarri zioan De Gaullek. Legion d'Honneur, hi. Gure ikurrinari ere egin omen zioan ohorezko agurra inoizko frantses Heroi Nazionalik jainkotuena izan den Jeneral luzanga sorbalda estu bibote ñimiñodun hark (sarkasmoa eta haserrea batera) O bai,... la France jamais oublira… Frantziak ez omen zian inoiz ahantziko euskaldunon balentria hura... To... Zer premia zegoen, ordea? Handik aste batzuetara bere burua errenditu behar bazuen Hirugarren Reich osoak, ama zantarren seme-koadrila nazi nazkante hark guztiak?... Zer premia zegoen... hainbeste gudari euskaldun Pointe de Gaven hiltzeko... (negar-bulkoa sentitzen du baina eusten dio)... Tontoenak, Mikel, horixe, munduko tontoenak... Halaxe gaituk euskaldunok... Baina e'tzakela berriro hire “vae victis, vae victis, vae victis” malapartatu hori errepika! Belea ematen duk-eta, beti karranka: “vae victis, vae victis, vae victis”... Ze, jakin'tzak hura behintzat garaipena izan zela. Garaipen handia. Ordokik eta konpainiak konkistatu egin ziaten sumarino alemanen base gotortu hura, ordura arte beste ezein indar aliatuk lortu ahal izan ez zuena... je... ze'uste'uk ba... jo-ta-ke irabazi arte, hori ez duk, gero, atzo goizeko kontua... jo-ta... 


(Sirena-hotsa entzun bedi une honetan, grabazio batetik. Hots zoli, zizkolatsua —aire-erasoa datorrela abisatzeko erabiltzen den sirena-hotsa—. Berau entzun orduko, “esnatu” egiten da Koldo, eta Mikelek ere bertan behera uzten du Koldoren mintzaldiarekiko bere arreta-jarrera, asaldaturik. Arrapataka doaz, ahalik eta bizkorren (nahiz eta hari-kableak dingilizka eraman: ikus aurreraxeago), Mikelen mahaira, ordenagailuaren aurrera, eta mahaiaren alde banatara esertzen dira.)

 

 

KOLDO: (mutilaren aurrez aurre, mahai luzearen barruko aldean) Egiten ari garena arriskutsua duk, arriskutsua oso, ez al haiz konturatzen? Kamerak eta mikrofonoak zaudek nonahi. Honezkero susmoa hartu zigutek. Ez garela ari excel eta word-ekin bueltaka bakarrik. Funtzionarioren bat hona sartu eta hire pantaila hori ikusten badu, zer ?

MIKEL: (lasai antzean) Ezer ez. Parrafoa nola antolatu ikasten ari naizela esango nioke. Sangría, tabuladoreak, eta hori dena. Kito. Arazorik ez. 

KOLDO: (tonu normalean, gaztea zentzarazi nahian edo) Hik bai hala uste. Baina usteekin zer gertatzen den badakik. Ergelak direlakoan, ala? Horietako bik gutxienez, Sebasek eta Celesek, euskaraz bazakitek, tamainan, baina bazakitek. Berehala igarriko diate zertan ari haizen.

MIKEL: (oilarturik) Eta zertan ari naiz, ba? Espetxe madarikatu honek eskaintzen didan actividad formativa horietako bat aprobetxatzen, idazte-kontu hau pixka bat praktikatzeko!

KOLDO: (burla-kutsu apur batez) Ez al dakik boligrafoz idazten, denok bezala, ziegako bakardadean?

MIKEL: (“touché” samar, baina zangar halere) Bai, badakit, baina hori lagunei eta etxekoei idazteko gordetzen dut. Zerbait asmatzeko edo sortzeko, ordenagailua erabili ohi dut zuzenean. Beno, erabili ohi nuen, hona ekarri ninduten arte.

KOLDO: (tonu normalean, baina in crescendo) “Asmatu edo sortu”, oraintxe jo duk iltzea buruan. Literaturak asmatu edo sortu egin behar baitik, egia. Baina, literatura historikoa baldin bada, datu errealetan eta frogagarritan oinarrituz, noski! Gauzak, gertakariak, pertsonaiak, garaiak... nahastu gabe, mutiko!

MIKEL: (defentsatik kontraerasora igaroz) Ba, nik uste dut, Maisu, guztiz zilegi dela fantasia historikoaz baliatzea gaur egungo errealitatearen metafora gisa.

KOLDO: (zorrotz) Eta zein duk hire izkribu horretan jaso nahi duan “gaur egungo errealitate” hori?

MIKEL: (zalantzakor) Oraindik ez dakit, Koldo, baina nik uste dut gure egoera hau azaldu nahi dudala.

KOLDO: (irribarrez, eta adeitsu antzean) Estimatua zagok, mutil, nire ponte-izenaz deitu izana. Mila esker, Mikel... (zorroztasunari bir-helduz) Eta zein duk gure egoera?

MIKEL: (aulkitik altxa eta harat-honat hasten da, gogoetatsu, mintzo den bitartean) Bistan da bukatu direla “jak, emak, erak, ta zegiok trankart” garaiak...

KOLDO: (eserita, baina jarrera tenkatuan, mutilaren joan-etorriei eta hitzei erne erreparatuz) Eufemismorik ez, Mikel. Nahiago haut “vae victis” errepikatzen duanean. Haserretzen banauk ere.

MIKEL: (ez entzunarena eginez bezala) Aspaldi ereindako hazitik hazitako gari-sailen uzta-garaia dugu, inondik ere...

KOLDO: (kontrapuntuan, zorrotz) Utzi alde batera nekazari-metafora horiek, Mikel, ez ditek-eta zipitzik ere balio...

MIKEL: (bere kasa darrai, aurpegian entusiasmoa gero eta ageriago, lehenik errezitatzen:) Askatasun eguzkia basotik urten da, haren indarrez argia arin zabaltzen da... 

KOLDO: (kontrapuntuan, eskuak burura eramanik eta ezezko keinua eginez) Baina, baina... nondik ikasi duk hik, ume mukizu horrek, kanta zahar hori?...

MIKEL: (jadanik kantari) itxartu zaiz, euzkotarra, aupa euskaldun guzia, gora, gora, antxinako lagia... 

          ASKI! ASKI! (oihu ozen bat butaka-patiotik. Emakume bat altxatzen da hirugarren edo laugarren ilaran. Argi-foku batek argizta dezala berehala ikusle ustezkoa, berau protestan eta butaka-patioko korridorera irteten ari den bitartean. Agertokian dauden bi antzezleak, Koldo eta Mikel, bertan behera gelditu dira, egiten ari ziren keinuan paralizaturik, stand by, estatua bizien modura.)

          BAI! ASKI! ADOS, AMAIA! ONGI EGIN DUZU! (beste emakume bat da orain mintzo dena: butaka-patioan hau ere, beste aldean; altxatu da, eta korridorera doa, Amaiarekin elkartu, eta biak —bai Amaia eta bai bigarren emakume hau, Nathalie deritzala laster jakingo duguna— agertokira igotzen dira. Argi-fokuaren jarraipen egokia ezinbestekoa da.)

AMAIA: (agertokiaren erdian jadanik. Emakume heldua da, berrogeita hamarren bat urte ingurukoa, dotore jantzia, galtza- eta jakadun trajea, orrazkera modernoa, berezko ile-adats kizkur blonda, metxaz tindatua. Publikoari mintzo hasten da, Gipuzkoa eta Bizkai ekialdeko euskalkiaren ezaugarriez: “j” guturalaz, eta Hegoaldeko prosodia estandarraz. Goraki, eta solemneki nolabait: ) Jaun-andreok, edo andre-jaunok. Barka, arren, lehen agerraldi honen ausiabartza. Ezagutzen dut egilea, eta zinez esan diezazueket...

NATHALIE: (berau ere agertokian, baina hara eta hona mugitzen, gero azalduko dugun eran. Emakume gazteagoa da, berrogei urte ingurukoa, beharbada informalago baina bestea bezain chic jantzia; orrazkera modernoagoa: adats liso puntadunak, bizpahiru kolore diferentez tindatuak, adibidez. Lapurtera-behenafarreraz mintzo da, nahiz eta bere jatorri zuberotarra ere deblauki agertuko duen obra osoan barrena: “erreak” guturalizatuz, “j”ak palatalizatuz, “h”ak aspiratuz, eta Iparraldeko prosodia estandarraz.) (Bere harat-honaten erdian, erdi ahapeka, baina publikoak ere entzuteko moduan, halaxe diotsa Amaiari: ) Ez dut uste, Amaia, desenkusatzeko tenorea denik. Aktuatzekoa baizik.

AMAIA: (Nathalieri eta publikoari mintzo, aldikal: lehenari tonu normalean, bigarrenari deklamaziozkoan) Hi ere hemen, beraz, Nathalie. Ez naun harritzen. Baina ez espero nigandik ongi etorri berorik. Kaixo, besterik gabe. (publikoari) Arestian niotsuen bezala, barka ezazue, arren, lehen agerraldi honetako kaosa. Izan ere, antzerki honen egileak, zeina oso ongi ezagutzen baitut,...

NATHALIE: (bizkor tartekatuz, bere zereginetan badarrai ere)... baitugu, naski...

AMAIA: (Nathalieren etenaldiaz apur bat gaitziturik, baina esaldiari irmo berreutsiz) hots, egile honek, zeina oso ongi ezagutzen baitugu (azpimarra enfatiko txikia), beti egiten du gauza bera bere fantasia nahasizko lan guztietan. In medias res hastea oso du gogoko. Gogokoegi, nik esango nuke.

NATHALIE: (Amaiaren diskurtsoaren tonua eta haria bere eginik, publikoari beha oraingoan) Sobera du atsegin, bai.

AMAIA: (aurrera darrai) In medias res: alegia, ikus-entzuleok tupustean sartzen zaituzte historiaren erdi-erdian, berau nondik norakoa den inolako aurre-azalpenik eman gabe, eta gero... je... (mespretxuzko edozein keinu edo interjekzio) gero ez du sekula jakiten embroglio-tik nola irten. Guk bai, guk badakigu historiaren parte garelako, baina zuek ez, zuek ez duzue zertan jakin nor diren hemengo bi pertsonaia hauek...

NATHALIE: (hariari jarraituz, baina Amaiaren berbaldia etenez)... bi marionette hauek, erranen nuke nik, segurkiago. Nola da marionette euskaraz, Amaia?

AMAIA: (desgogara, pipertu samarturik, eta Nathalieri soilik mintzo) “Txotxongilo” dun euskaraz, Nathalie. Baina, otoi, ez nazan gehiago eten. (Publikoari ostera) Niotsuenez, aurrekari batzuk jakitea ezinbestekoa da, historia modu ulergarri eta erakargarrian aditzera eman nahi bada. Eta, zentzu honetan, esan beharra dago...

 

NATHALIE: (“eureka” moduko oihu bat dagi bat-batean: zerbait aurkitu du. Izan ere, agertokira igo direnez geroztik, Amaiaren jarrera publikoari zuzentzea izan den bezala, Nathalierena, berriz, “aktuatzekoa” izan da, tarteka Amaiaren esaldiei zerbait erantsiz bada ere, gehienbat hara eta hona ibili baita agertokian barrena: hurbildu da bai Koldo bai Mikel “estatua” bihurtuengana, begirada zorrotz banaz ikertu ditu, Mikeli, berau zutik gelditua baita, aulki bat inguratu dio eta eserarazten ere saiatu da —alferrik: ikus bedi Mikel eserarazteko Nathaliek dagien ahalegina, baina keinu-enfasi gehiegizkorik gabe—, Koldori, berriz, eserita baitago, postura, jarrera, aldatzen saiatu da: hankak tolesten, bizkarra zuzentzen, ahoko rictus mingotsa eztitzen —honekin ere huts—. Laztan moduko bana ere egin die aurpegian ea erreakzionatzen ote duten —erreakziorik ez—. Laztanaren ondoren, zerbait aurkitu bai, ordea, Koldoren bizkarraldean, lehenik. Une horretan dagi harridura eta pozezko oihua: “Mon Dieu” topikoa izan daiteke, berehala euskarara birmoldatua:“Zelüko Jinko Jauna!”) Zaugi fite, Amaia! Zatoz! So'izu zer kausitu dudan heben!

AMAIA: (artega eta asaldaturik, baina bere esaldiari eutsiz, boza goragotuz) esan beharra dagooo...

NATHALIE: (imintzioka, erabat kitzikaturik, Amaiari hurbil dadin eske, ia aginduz)Ez duzu deus erran beharrik, Amaia! Oraintxe jakinen dugu guzia!

AMAIA: (begirada Nathalieri eta publikoari, aldikal) Baina publikoa, Nathalie, publikoari errespetua zor zionagu...

NATHALIE: (ia euforikoki) Bai, naski. Horrexegatik, hain xuxen ere! (Amaia hurbiltzen ez zaiola ikusita, beste zerbaiti ekiten dio: korrika doa agertokiaren bazter batean —edo mahai luzearen oinetan— dagoen kartel baten bila, eta agertokiaren aurrealdean paratzen du, tripode edo pintore-asto baten gainean —hau ere handik edo hemendik eskuratu ondoren, arrapaladan—. “Berritze-lanengatik itxita. Barka eragozpenak” dauka idatzita kartelak, edozein obratan erabili ohi direnen antzekoak, letra handiz)

 

(musika bat hasten da, oso ezaguna, amerikar 30. hamarkadakoa, Paul Newman protagonista den “The Gambler” filmeko soinu-bandakoa, oker ez banago: piano-melodia piccicato-erritmodun horren konpasetan egingo dituzte emakume biek, lehenik Nathaliek baina segidan baita Amaiak ere, beren mugimendu guztiak, harik eta, ondoren diogunaren arabera, beste musika bat sartuko den arte).

 

 

(Amaia, Nathalieren lehen deialdirakoan, ez da bere tokitik mugitu; ezta, segidan, Nathalie kartela ipintzen ibili den bitartean ere. Zur eta lur begira egon zaio, besterik gabe. Baina orain, Nathaliek bere aurkikundea erakusten dionean, hurbiltzen da noski: hari batzuk dauzkate lotuta orkatiletara, bizkarrera, ukondoetara eta lepoaldetik gora belarri-atzealdeetaraino, bai Koldok bai Mikelek. Orain arte hariok ez ziren ikusgai, ongi kamuflatuak izaki —hari meheegiak ez daitezela izan, publikoak kableak-edo direla antzeman behar baitu aretoko distantziatik: gardenak izatea komeni da, gutxienez bi pertsonaia gizonezkoen gorputz-ataletara itsatsiak dauden partean, nahiz eta gero lurrean hedaturik doazen hari-kableon jarraipenak kolore ilunekoak ere izan daitezkeen. Kontu handia eduki bedi hari-kableok trabagarri gerta ez daitezen, ezta ikusgarri ere ahal dela, Mikelek eta Koldok aurretik egin dituzten mugimenduetarako: dena den, kamuflaje-efektu perfektua lortzen ez bada ere, peccata minuta. Publikoaren harridurazko konplizitatea ere faktore positiboa izan liteke, bi gizon haiek, spiderman-en gisa, hari-kable batzuk dingilizka daramatzatela agertokian hara eta hona dabiltzala ikusi izana. Kontua da Nathaliek deskubritu egin dituela, Mikelen eta Koldoren buru-aldea laztantzerakoan —lehenbizi batengan aurkitu ditu hariok, eta segidan bestearengana jo eta hark ere badituela egiaztatu—. Orain, Amaiarekin elkar-lanean jadanik, tira egiten diete hari horiei, eta hariok “zartaka”, hots, ahalik eta ikusgarrien, ateratzen dira zorutik: Mikelen hariek agertokiaren ezker aldeko banbalinetara daramate; Koldorenek, berriz, eskuin aldekoetara. Harioi tira egin ahala, bai Koldo, bai Mikel, mugitu egingo dira, automata gisa, edo txotxongilo gisa, zehazkiago esanda; pauso batzuk egingo dituzte hari-tirakada bakoitzaren eraginez; hariak nora, eurak ere hara, eszenaren bukaeran agertokitik aterako diren arte. Antzezleek —ez bi emakumeek, ez bi gizon “estatuek”, ez laster berrazalduko diren bi haurrek ere— eszena honetan hitzik egingo ez dutenez, keinuka gera bedi azpimarratua beronen esanahia, hots, Nathaliek eta Amaiak elkarri berretsiko diote, behar bezainbateko enfasiarekin, behin baino gehiagotan, ezen baietz, zuzen zeudela: bi gizon haiek “txotxongiloak” dira, egilearen “marionette”ak. Unerik hunkigarriena honexek beharko luke izan: Koldoren aldetiko hariek, altxatzerakoan, neskato biak —Sylvie/Oihane eta Maddi— dauden agertoki-hondoko gunea argiztatzen eta biziberritzen dutenean: ahizpa biak eserita daude, jolasten, irakasle eta ikasle rolak markatu gabe kasu honetan, hau da, zaharrena eta gazteena berdintsu, elkarren artean lego-zko etxetxo bat eraikitzen. Amaiak, ikusi orduko, emozio-oihu bat dagi (Ene...!) eta berehala Maddi besarkatzen; Nathalie ere konturatu da, eta, bere aldetiko “hariak” utzita, bera ere badoa Sylvie/Oihane besarkatzera. Garbi ikus dadila, hitzik gabe ere, haur banaren amak direla Amaia eta Nathalie: nork bere alaba besarkatu eta estutuko du lehenik, baina beste haurrari ere muxu eman eta laztan eginez. Bitarte honetan, musika aldatu egin da: jadanik ez da melodia amerikano ezaguna, “Joli tambour” frantses haur-kanta baizik (kanta osoa egon bedi grabatua, hots, lehen neskatila biek “a capella” kantatu dituzten bi ahapaldiak ez ezik baita besteak ere. Eta entzun, pertsonaiak agertokitik erretiratu arte entzun bedi, denborak ahalbidetzen duen neurrian, osorik nahiz ez, eta errepikatuz, behar bada). Ama biak eta neskato biak elkarrekin doaz ereti batez, hariei tiraka, eta desfile-plantak eginez, baina halako batean banatu egiten dira agertokiaren albo banatara: Amaia-Maddi eskuin aldeko banbalinetatik desagertzen dira, Koldo “atoian” daramatela, eta Nathalie-Sylvie ezker aldekoetatik, Mikel idem eramanez.)

 

Iluna, edo oihala

 

(“Berritze-lanengatik itxita. Barka eragozpenak”
kartela publikoaren begi bistan gera bedi)

 

 

TRANKART
Joxe Austin Arrieta

armiarma.eus, 2014