MINDURA GAUR Laugarren Triptikoa - Lo hartzen detanean LO HARTZEN DETANEAN
Lo hartzen detanean ta ez esnatzeko... Mila galdera datoz burura orratz sastada antzeko. Bainan bihotza beti prest dago datorrenari heltzeko. Loaren ordez gugan danean bizi iraunean amur, buruak dio: «beldur ote naiz?». Eta bihotzak: «zeri beldur?». «Itolarri ote naiz?». «Bainan zer dala ta ito?». «Naizelakoan egon eta ez banintz? Kito?». «Izan nahi honek ez ote nau egin nerekikoegi?». «Bainan azken arduraz asalda leike gizona gehiegi?». Barru marmar honetan ez dezaket segi.
Lo hartzen detanean... Susmo sakonaz aurrean gordin danori zaigu nabari misteriozko atari. Izkutapena izkutu dala hartu behar erabaki. Geroa gorde ohi dun zapia bizi-labanez ebaki. Zenbat eratako bidez! Bizi nindeke geroaz ahantz, ezer ez balitz bezela. Edo eta pentsa zeru oinordez Aitak jarriak gaudela. Edo eta bizi-borroka latza agoni estu eta garratza... Lo hartzen detanean eta ez esnatzeko... Nola nindeke mintza gai honetaz, maitasunezko arretaz, bakea sortzeko gisaz? Umildadean, otoitz legean, misteriozko giro batean. Geroko izkutu atarikoan, hau nahi det esan: bizi diranak lasai, nahikoan, eta kezkatiak, maite bagera guztiak, egiaz maite jadanik, ez izan beldurrik: ez esnatzeko lo hartzeak ez du problemarik!
MINDURA GAUR |