MINDURA GAUR Banakoa JAINKOA HIL DA
Jainkoa hil da bihotz askotan. Hileta hotsa senti det nonahi —tenplu santuan ere bai—. Batzuek azkena eman diote bortxazko heriotzaz. Besteek, berriz, ahantzi dute ardurik ezako hotzaz. Egiaz degu ostiral santu: barru askotan hezurmendia; Kalbarioko etena, Jaungoikoaren azkena.
Jainkoa hil da bihotz askotan, badanik ere oroitu gabe bizi diran askorentzat, batez ere gaizkileentzat... Hoien jokerak adierazten du: mundua ez da inoren bihotz, mundua ez da inoren hitza, ez da inoren ardatzez eiho gure bizitza... Ertzaz haruntzik ez duan mundu itxia: eguzkipean erabaki ohi txarra eta onaren auzia, zigorra eta saria. Aita gabeko mundu umezurtz, mundu itxia.
Jainkoa hil dute herri askotan bera dalako jakin ezaren tapaki, gizon nagien osaki, kalte emateko aitzaki, lokartutzeko opio. Bestalde, berriz, nola diteke hainbeste negar Jainkorik bada? Nondik gerrate, heriotz astun, on izateko hainbeste traba Jainkorik bada? Aberatsen mahaikide omen... (Birau zakar hau barkatu) Bainan askotan (gurea da errua) hori ez al da gertatu?
Jainkoa hil dute aurrerapenak, bihotz sentipenak, mindura zuzenak... Bedeinkatzen ditut denak! Hil bitez betiko hilkor ziran eranspenak. Ez dan gauzarik ez dezala adieraz Jainkoaren izenak!
«Jainkoa hil da» diotenekin behar det mintza alkarrizketa batean, arrisku artean; maitasun berak hortaratzen nau onginahi betean. Bizitz berri bat sortzera doa. T’egunsentian, nahi nuke nigandik irten, inoiz galdezka, inoiz azalduz sinismen kezka, sagaratua non arki, korapiloa non eten... Gaurko giroko ahots zabalak hau esaten dit: «Sagaratuaren leku, ez aldare aurrean, baizikan munduan dezu; hor, gizartean, behartsu artean, hori ta zuri, beltzen tartean, berdin izateko arrazek dagiten borroka latzean. Hurietako giza-piloen amets berritan, edertilarien bihozkada argitan... Hau da Jainkoa arkitzea: gizarte-uretan murgiltzea». Leial izan nahi det pentsamen hauekin. Lehenago ere Jainkozalea, lagun hurkoa maite ezean, gezurti zala banenkin. Bestea baldin bada Egile baten sorkera argi nere burua detan hainean estimagarri, bide-urrats jakina det: maitasuna. Hau ez duanak, zail izango du Jainko zentzuna.
Bainan nerea esan dezadan. Aitor biziro sinistun baten samina: Jainkoaz ziur biziki eta Jainko susmoak izaki eta ezer azaldu ezina. Aitortzen det: pentsatzeak gu bakarrikan gaudela egian, Jainko-egian, pentsatu hutsak lotsa ematen dit, jardun gogorik ez det inondik, isildutzea nahiago det nik... Zenbat eta ziurrago Jainkoaz senti, hainbat eta umilago jardun behar beti. Sinisgabeko lagun hurkoak, gehienak ditut jantziagoak, gizalegean osoagoak, jakintsuago, hobeagoak... Hau da neregan misterioa: Jainkoa bera dohaia detela, bizilagun bat nigan bezela. Nere hutsean maite nauela; maite, jakiteko eran. Bainan bizi naiz minberan naizen ontziaz, nere «izan» da «egin» guziaz; edozertako lurrontzi, makurkeri eta eskastasunak ezin utzi!
Hasiko banintz hemen esaten senti ez detan gauzikan, konzeptu soilak baizikan, neri ez sinista: tupiki hots joa besterik ez naiz ta. Ez badezu ikusten nigan maitasunik, nigan ez bada agertzen pozarik, bakerik, espirituzko fruiturik, ez nauzu egiaz pikondo huts bat besterik...
Jainkoa hil da bihotz askotan. Nigan ote du arrisku? Auzi garratz hau ez leike egon edozerkerien esku. Gaur eguneko bidegurutzak esperantza baizik ez du. Jainkoa hil zan Kalbarioan... Zer da hil zana? Gizakuntz legez hilkorra zana. Jainkoa hil da bihotz askotan. Bainan sinismendunentzat, inoiz bada ta gaur, ez leike eman Jainkoa hiltzat. Sagaratuen heriotz trazan galzorian degu, horra, giza-eranskun hilkorra... Mundu berriko atarikoan badakust eguna beste aitormen bat emango deguna. Beste Jainko bat Jainkoagoa, beste gizon bat gizonagoa... Ostiral santu ondoren, ikus goizargiz Kalbarioan, lehen zapi beltzez zegon muinoan, pazko egun, udaberri, Jainkoa Jainko nahi dutenentzat pozgarri; mundu muinean argituago Jainko berri!
MINDURA GAUR |