MINDURA GAUR Hirugarren Triptikoa - Porlandi PORLANDI
Errai gabeko lur gogor, antzu, zementukiko zolera. Harkaitza bezain tinko gerora; aurretik, bigun buztinaren arabera... Porlandi sorra: pozik dagiot nere aitorra, ogibidean pobreentzako bera baitegu lur emankorra.
Ez det ikusten gauean izarrik, egunez belarrik. Nere barrutia, inguru hesia, zementuzkoa det bakarrik. Zementuz eginak etxea, atari; zementuz galtzara, zementuz sorterri. Bizikera berri.
Zementu herrian ez dago kabirik, ibai ustelean arrairik, udazken pausoan usorik... Bainan utz dezadan artzai bizitz ezti, baserri birako bakezko barruti. Mindura berrian kanta nahi det beti. Min det egiazki. Bainan hobe degu gauza asko galtzea eta ez pobreak goseak hiltzea.
Min det egiaz utzi beharra baserria... Artaldeari labaina sartu. Atzen pagoak orpotik moztu. Etxeko tresnak erre edo saldu. Arbaso zaharren sua itzaldu. Ategaineko sarrail nagia herdoitzen utzi... Iturria jan osinak, huntzak horma zahar berdinak. Gurdibideak urak ebaki...
Mindura hau zer dan pasa zaionak bakarrak daki! Gero herrira, kabi berrira. Nola onartu nago begira. Maitasunezko utzitzea det baserriari agurra. Bihotzetikan onetsi nahi det zementuzko lurra. Ez det ukatzen galera dala; badu, ordea, etekin. Baserritikan gutxi dira bizimodua dutenak; ta hemen bizi, ahal dan ondoen bizi behar degu denak. Buka dedila egoitz tristea: gizonak lan jakinik gabe, umeak ezin jarri eskolaren jabe, sendakuntzak nahi-ta —gogor da hau ere— huri haundiz kanpo, non daude?
Bedeinkatzen det porlandiak dun galera. Izadiaren aberastasun hori galtzea hobe da, eta gehienak iritsi bitez giza-neurriz bizitzera. Utziko ditut baserria-ta nentorke dana uztera, utzi agian euskera; bainan iritsi bitez, pobre guziak eguneroko ogia izatera.
Min det gauza asko utzi beharra. Bainan hau dago bide bakarra maitaleek etxe bat lortzeko, gure umetxoak zaldun bihurtzeko, danontzat zer jana sortzeko. Porlandi hesiak duan zigorra: txoriak kaioletan, loreak ontzitan, jan-gauzak pototan.
Bainan infernura zenbait edergailu pobreen lepoa estutuko balu. Zenbait bizikera nik ezin inola onetsi, gutxiren onean pobreek odola behar baluteke utzi. Deabruarentzat guzia! Betor zementua. Gauean ez det izarrik, egunez belarrik; bainan pobreak, hain sail luzeak, horla bakarrik giza-neurritan litezke bizi!
MINDURA GAUR |