MINDURA GAUR Bigarren Triptikoa - Ez neri esan EZ NERI ESAN!
Zergatik ez naiz oso-osoko? Gorrotatzen det egirik eza, maskarapeko heresi beltza. Grinak baditut; gizon bat nauzu (zorionean!) ez nabil beti arauditako legemenean. Badet, ordea, nere bidea, borondatezko gizalegea: nadin gizon bat bete-betea. Gogaikarri zait bekatu izkutua: itxura! Makurra izanda, bihotz grinetan mila demanda; ta gero azaldu santu modura.
Penagarri zait apaizen joko txit aldrebesa, leialtasun eza, bekatuan Meza.
Penagarri zait guraso errespetukeriz josia eta etxean, berriz, elkarrengandik urrun, ez bake, ez maitasun. Penagarri zait gizalegean zer eskastasun: diruak diru, gorputzak gorputz; gugan daukagun norgeretasun. Gezurra. Umildadeari diogun beldurra. Penagarri zait maitasunari diogun harrera txarra: ezin ikusian bizi beharra.
(Aitortu ere aitortuko det nere egia: ni naiz lehenengo pekataria. Jaurti dezaidala mundu osoak bere harria. Neronena det erru guzia).
Bainan mesedez: entzun guziek nere eskea. Ez gezurrikan esan arazi on egiteko. Ez neri eska gaizki dagona bedeinkatzeko.
Ez neri eman bide lasairik nere grinetan, zer egin eta eskakizunak minbera dauden garai onetan. Gizon osoa azaldu bedi nigan benetan.
Euskalerria: neri ez esan izan pobrea. Lagun zaidazu ulert dezadan bide hobea; espirituzko dohai bat baita pobre izatea. «Jauna detela, laguntza aski... ». Bainan egi hau ez bortxaz, baizik goiko emariz behar det arki.
Euskalerria: ez neri esan maite bat gabe zaude bakarrik. Hori ez dago esan beharrik. Eska hakidazu, nere bizitza dedin aitormen, maite langintza; biziaz nadin zeruaz mintza. Bakardadean dezaitzudala erabateko bihotz emaitza. Euskalerria: ez neri esan nadin mendeko; nere nortasuna (ez al naiz inor?) ukatutzeko. Eska hakidazu: nik dezadala goiko dohaia: esanekoan dakusadala bete detala Aitaren nahia...
Euskalerria: ez neri esan... (Aski det gaurkoz letani latza; Bihotz-mindurak eragindako lelo garratza. Dezaken Harek susper dezala nere esperantza!).
MINDURA GAUR |