MINDURA GAUR Lehen Triptikoa - Meretriz hila MERETRIZ HILA
Ile horiko eme oparo: gure gurariz hilikan hago. Hilotza: ostu dinagu bihotza!
Ikusi haunagu biluts-bilutsean, larru lotsean, eme giroko bipil hutsean. Gaur gorputz datzan, mila begien izormen latzan, nahi dastakorrak duan baratzan...
Ederra hintzan ta ezin ezkuta; jarri beharra denen eskuta. Hire ez hintzan; ez hintzan jabe. Ezin gelditu eskeini gabe orori. Denen saretan behar erori! Diru truke baliosa hintzana merke. Sabel beteak galtzen din lotsa. Diruak harri bihur bihotza. Maite eza den odolustu haun labain zorrotza. Ederrak hau din hamarren: ororentzat izan aurren, hiretzako urren, gain da barren. Gogaikarria sentitu den nazka. Ezin inola estura hau aska. Ezin iritsi: Enpu albokan gozamen gutxi. Hil zorian guk jarri haunagu, mila losintxa, mila palagu. Nazkatu haiz da kendu den bizia. Pastilak irentsi, ahaztu guzia. Erabaki den hire auzia... Hartu den betiko egun luzia! Eme oparo: guk eraginda hilikan hago. Meretriz opari triste. Ez hintzan haurdun, guziekiko bidean jardun... Egigun barka. Nere bihotza den deadarka. Meretriz hila: Hiretzat dinat otoitz isila: «Betoz zeruko birjinen sailak gaur hire bila!».
MINDURA GAUR |