OTO ZAHAR BATI ADIO
Marijane Minaberri

Herria, 1969

 

             1

Oto zahar maitea, biziko laguna,
Elgar uzteko zauku tenorea jina.
Elgarrekin ginuen pare on egina,
Zure uzteaz daukat bihotzean pena.

            2

Bienak ginintuen huts eta dohainak,
Bati eginak ziren bieri eginak.
Afruntu hartzen nuen, ikusiz bertzeak,
Zu baino zaluago, pasatzen bideak.

            3

Eztulkari bazinen patar xut batean,
Koropilo bat nuen lotua papuan.
Kolpatua bazinen ixkina batean,
Mina senditzen nuen barna gorputzean.

            4

Jakin dut egun hautan itsaso zabala,
Otoen ehortz-leku bilakatu dela;
Arrainen ihes-leku izanen zirela;
Aitor dut horrek pena eztitzen dautala.

            5

Jainkoari galdegin diot zuhurtzia
Berriz ez ukaiteko oto gutizia.
Ikas dezadan zer den funtsezko bizia,
Bidez bide ibiliz baitut ahantzia.

            6

Ezantz-bafada kirets, aire-eskas latzak,
Nintuen egun guziz lagun segur beltzak.
Urrin horien orde loren usain onak,
Hala sendi nezazke denetan erainak.

            7

Motur-azantz tarratez nintzan akitua,
Kontur gainean begi nuen landatua.
Orai adituko dut xorien kantua,
Prezatuko hain maite dutan zeru blua.

            8

Ene etxeko borta ardura hetsia,
Adixkidea zer den ez dut ikasia.
Izan dadila zabal dener idekia,
Orok ukan dezaten ongi etorria.

            9

Berriki ikusi dut oto bat ederra,
Zaintsu eta pinpirin, zarion pindarra.
Geroztik ene baitan, aments xixtakorra:
Ene eskuetan noiz izanen den hura...

 

OTO ZAHAR BATI ADIO
Marijane Minaberri

Herria, 1969