POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884

 

I

 

Arrats iluna, amets beltz eta negargarriak,

Ekaitz gaiztoa, tximist ta turmoi izugarriak,

Utzi nazute, asko dirade ditudan penak,

Utzi nazute, Jainkoagatik, zoazte denak.

Utzi nazute bakar bakarrik nere minakin,

Dolore garratz, oinaze gogor ta saminakin;

Zoazte laster, ta hil behar badet, izan dedila

Nere heriotza ahal dan lehenena ta isil-isila.

Heriotza, ai! zein gogorra dan ta lazgarria

Ama batentzat laja beharra mundu tristia!

Laja beharra! Ta noiz ta nola? baso ilunean,

Ikusi gabe ume bat ere bere aurrean,

Guraso denak nahaspila haundian hemen utzirik

Gorrotoz ezin bata bestea ia ikusirik,

Gure antzinako lege zahar haiek oinazpituak,

Gure asaben ohitura ederrak betiko ahaztuak.

Ai, nere umeak! Nere ume triste zoragarriak,

Haur zentzugabe behin ta mila aldiz kupigarriak!

Zer ari zerate bata bestea purrukatutzen?

Zer zabiltzate zuen herria lurperatutzen,

Zuen gaitzakin malkoz beterik bazter guziak,

Negar saminez, dolu galantaz, bihotz guriak?

Ze etsai gaizto sartu da hemen zuen artean?

Zeinek ekarri zaituzte hontara zuen kaltean?

Ai, nere umeak! Jainkoagatik, aski dezute,

Gorroto txarrak alde batera laja itzazute

Ta anai hiltzaile armak botarik eskuetatik

Ta etsaitasungo pozoi guztiak bihotzetatik,

Atozte denak, noizbait bezela, bat eginikan

Guztiok alkar, anaien legez laztandurikan;

Besarkaturik, pake santuan, atozte denak

Txukatutzera, seme maiteak, Amaren penak.

Atozte, atozte; begira hemen haritz santua

Gure Jainkoak bere eskuakin behin landatua,

Errege frankok agurtu duen arbol zuzena,

Euskaldun fuero eta legeen iduripena;

Honek ematen duen itzalpe gozo-gozoan

Danok batean biziko gera pake osoan,

Izanik beti, lehen bezelaxe, gudarik gabe,

Gure mendi ta ibar ederren jaun eta jabe.

Ez dezute aditzen? Orretaraino itsumusturik

Zaudezte ezin Amaren boza ezaguturik?

Ez dirade ere zuen bihotzak oso samurtzen

Ikusirikan nerea honela negarrez urtzen?

Ume tristeak, galdu zerazte beti-betiko,

Zuen artean pakea inoiz ez da ikusiko;

Galdu zerazte, galdu dezute Euskal Herria,

Galdu dezute, azkenen, zuen Ama tristia.

Jaun Jaungoikoa, hoen okerrak barka itzazu

Ta zure eskuaz euren bihotzak ikutu itzazu;

Itsuak daude gorrotoa ta etsaitasunez,

Gogarrituak ez duten ikusten pozoitasunez;

Zabalarazi zazkizu bada beren begiak

Berriro ta ongi gorde ditzaten zure legiak,

Geraturikan izugarrizko guda honetan

Ta anai arteko deserakida gogor hoietan.

Argi itzatzu zure dohaiaz Jaun on ta haundia

Isuririkan euren bihotzetan zure grazia,

Ta hoien erruak kitatutzeko, Jaun on nerea,

Hemen naukazu, hau balitz zere borondatea.

Jaun ahalmentsua, nere bizia arren har zazu,

Mundu hortatik zure ondora eraman nazu…           

Agur betiko bihotz-bihotzeko Euskal Herria...        

Agur umeak, gorde zazute.... hizkuntz neria.

 

POST TENEBRAS SPERO LUCEM
Jose Manterola

Euskal-Erria, 1884