Manifestu atzeratua
Joxe Azurmendi

Makina zoriontsuak
armiarma.eus 2015

 

 

Gure herriak ez dauka historiarik.

Pobrea da. Ez dauka

pirata koxkor pare bat

langile sufritu batzuk,

muga zentzugabe asko,

mila zorigaizto

besterik. Ez da gutxi.

Euri gortina batek ixten du

gure kalendarioa.

Ez, ba, bilatu historia unibertsalen

liburu handietan gure inperiorik.

 

Aginako zero bat zen

gure inperio guztia.

 

Eta euskalduna konforme zegoen.

Eta libre izan nahi zuen.

 

Baina libre izatea

gauza ikaragarri zaila da

Marx bat

edo 1789 bat izan ez duen

herri zorigaiztokoarentzat.

Zerekin pagatu behar du?

 

Ikaragarri zaila da.

Ze guk ez daukagu

pirata pare bat, langile on batzuk,

muga txar gehiago eta holako zerbait

besterik. Kalderilla hutsa.

 

Baina libre izan nahi dugu,

zer kulpa daukat nik.

(…)

 

Eta San Inazioren, Xabierren, Txurrukaren

eta Elkanoren eta Habeas Corpusen

eta nik dakit noren

gomendio guztiak biltzen

eta banatzen

saiatu zaizkigu gure kausaren

abokatuok. Libre izateko

inoren baimenik beharko balitz bezala.

Herri izateko inoren gomendiorik

beharko bagenu bezala.

Horiek libertaterik

ekarriko baligute bezala.

Eta ez horiengatik, ezpada

guzti horien kontra

nahi dugu libre izan

historia guztiaren kontra.

 

Oi, libre izatea eta handi izatea

nahasi diguten gureak!

Libertatea handitasunarekin

edo historiarekin

edota agian norbaitek (oi, bi aldiz gaixo!)

moralarekin

defendatzen digutenak!

 

Poema txar batean

deklaratu behar diot

gure gauari ezetz.

Goizaren kontra,

Gernikako arbolaren kontra

eta herriaren alde.

Deklaratu behar diot kaleari

gure jauntxoak ez direla

sekula gure herria izan eta izango.

 

Gure jendea pobrea da, tristea da.

Gure jendea ez da poesia batean kabitzen.

Gure jendea ona da. Kulpa gabe

hiltzen da, handitasunik gabe

bizi da, sekretuan maite du

(tabuak errespetatzen ditu),

errezatzen du (tradizionalista da)

engainatu egin dute,

ez da asko fiatzen. Gure jendea

bulgaritate hutsa da.

Inpresionistek bakarrik pintatu dute.

Edozein etnologoren armario batean

dago, eskuliburu batean

deskribatzen da.

 

Hau zen nire Gernikako arbola guztia.

 

(…)

Hau guztia esan eta gero

ez da faltako oraindik

ez dugula maite aberria

botako digunik. Aberriaren maitasuna

 (…)

poltsikoan eramango balitz bezala.

 

Manifestu atzeratua
Joxe Azurmendi

Makina zoriontsuak
armiarma.eus 2015