Uda gau bat fabrikan II EKITALDIA
Jose Luis Otamendi

Antzezleak: Xanti Agirrezabala eta Haizea Egiguren
Datu esatariak: Jon Gurrutxaga eta Nekane Zinkunegi
Makina zoriontsuak
armiarma.eus 2015

 

(Eskenatokia hutsik dago, To eta No txirrinduz iritsiko dira, oholtzara igo eta pentsakor neke handiarekin aurreratuko da To, oinak arrastaka dituela, bakarrizketan bezala.)

To- Fabrika hustua noiz bihurtzen da fabrika abandonatua. Pertsona bat hustuta dagoela noiz esaten da, eta pertsona abandonatua zer da? Inork ba ote daki hori? (Pentsakor.) Zer ote da makinen zoriona? Aspaldi irakurri nuen, noizbait makinak zoriontsu zirela baina jendea ez, dirua zoriontsua dela baina jendea ez. (Buruan hazka eginez.) Ez dakit ba, ez dakit ba... (Jende aldera begira jarrita, jendeari mintzo.) Bai, fabrika hau hutsik dago, teknikoki hutsik, baina hor barruan gauza mordoa dago. Eta ba al dakizue gauza bat?, ba fabrika hori ez dela fabrikaren mugen barruan kabitzen, fabrika horrek hemen kanpoan ere jarraitzen duela fabrika izaten, eta gu ere bagarela abandonatu nahi ez dugun fabrika honen parte. (Astiro dabil eskenatokian, pentsatzeari utzi gabe.) Izan ere hemen hasi gara No eta To, To eta No jendea bildu nahian, baina denok, edo ia denok, jende asko nolanahi ere, lan horretara jartzen ez bagara, ez dugu ezer txukunik aterako. (Hoska.) No! No!, non habilen? Etorri hona!, jendeari azaldu egin behar zionagu zertan ari garen.

(No, lepoan aitzurra hartuta, atzetik agertu eta aurreratu egingo da.)

No- Aizak To, lagundu iezadak, hartu pala azkar. Fabrikaren defentsa antolatu behar diagu, hor barruan dauden makinak, tresnak, zomorroak, mamuak, hitzak, babestu egin behar dizkiagu, gureak dituk!!! (Besotik helduta tiraka hasiko zaio.) Orain ekin beharra zagok, ez duk esplikazioak ematen hasteko garaia. Azkar, mugi!

To- Aizan, laxaitu hadi, e! Nik, berriz, uste dinat baietz, oraintxe dela esplikazioak emateko unea. Heuk esan dun lehen duintasunaren industria piztu behar dugula, horretara gatozela. Ba hori egiteko indar handia behar dun, eztarri asko, ahots mordoa, oinak eta hankak erruz, urrats ugari, pauso pila… Bestela dena, (Berariaz astiro ahoskatuz.) txakurraren salara joango dun. Nik ez dinat makinak zoriontsu izateko lan egin nahi, ez dinat nahi batzuk aberastu, lurra, airea eta ura kakaztu, eta gero denok pobreago izateko lan egin nahi. Ez dinat nahi goizero jendea etxetik ateratzea bere pobrezia, bere miseria irabaztera. Hau inguru arriskutsua dela adierazten din hesi horrek, baina hesiaren alde bietan zagon hemen arrisku latza!

No- Horrexegatik ba, To! Juxtu-juxtu akordatu gaituk garaiz. Fabrika hustua defenditu beharra diagu. (Aitzurra erakutsiz.) Aitzurrekin, palekin, arrazoiekin, hitzekin. Guk orain berriz ere fabrika hau lagatzen badugu galdu egingo diagu.

To- (Txiste erraza egin nahian, tailerra seinalatuz.) Galtzeko handi samarra dun ba!

No- Aizak, adarrik ez, e!

To- Barka No, baina presaka ibilita ez dinagu ezer irabaziko. Oraintxe esatea egin dun, palekin eta aitzurrekin bai, baina hitzekin eta arrazoiekin ere defenditu behar dugula fabrika. Arrazoiak behar dizkinagu, arrazoi onak!

No- Bai, arrazoi onak eta hitz ederrak ere bai, baina baita aitzurrak eta palak ere, (Jendeari begira jarrita.) eta batez ere jendea. Jendea behar diagu!

To- (Bat batean argitasuna egin balitzaio bezala.) A bai, jendea. Hori-hori; jendea, hi eta ni bezalakoak.

No- Hi eta ni bezalakoak; eta bestelakoak ere bai!

To- (Gogoz kontra bezala.) Hi eta ni bezalakoak, (Hitzak arrastaka esanez.) eta pixka bat diferenteak ere bai.

No- Hi eta ni bezalakoak; eta oso-oso diferenteak ere bai!

To- (Kostata, behartuta bezala.) Bale, batzuk gure oso-oso diferenteak ere bai. (Egoskor, amore emanez hala ere.) Baina denak pertsonak, ezta?

No- Jakina, pertsonak behar dizkiagu, pertsona asko, edozer egin nahi dugula ere ahalik eta pertsona gehien elkartzea beharko diagu.

To- Hortaz garbi zagon zer behar dugun: jendea eta arrazoiak behar dizkinagu. Jendea eta arrazoi onak.

No- Bai, eta hitzak eta arrazoiak garrantzitsuak dituk, baina alferrik dizkiagu arrazoirik onenak eta hitzik ederrenak jenderik gabe.

To- Baina jendea, arrazoiaren heldu lekurik gabe, eta edertasunaren grina eta poza gabe, manejatzen erraza dun, olde, masa, artalde bihur zitekeen. Eta ez dinagu behar bere miserian konforme bizi den jendea. Jende ekina, jende erabakia, ameslaria.

No- Bai ekina, erabakia, ameslaria, baina batez ere jendea. Jenderik gabe basamortu izango dituk gure ametsak.

To- Aizan No, uste dinat hasi naizela ikusten fabrika hustua eta fabrika abandonatuaren arteko aldea zertan dagoen. (No-rengana konfiantzan, belarrira kontu txiki bat esan behar balio bezala hurbilduz.) Fabrika hustua barrua ezer gabe utzitako fabrika dun, gauzak egiteari, fabrikatzeari utzi diona, eta garai bateko oroitzapenak bertan bizi dituen fabrika dela uste dinat: garai bateko aztarnak, oihartzunak, pasadizoak, kontakizunak, istripuak, miseriak, garaipenak… Fabrika abandonatua, berriz, pentsatzen dinat ahaztu egin den, edo betiko ahaztu egin nahi den fabrika bat dela, ahazmena eta memoria eza fabrikatzen duen faktoria edo tailerra. Zer irizten dion?

No- Ba iruditzen zaidak oraingoan oso aldrebes ere ez habilela. Eta horrexetan ari gaituk hemen, fabrika hau abandonuaren kontra defenditu nahian, eta horretarako jendea behar diagu. Izan ere fabrika abandonatzen badugu, lekutan geratuko duk, (Modu hanpatuan esanda.) gure duintasunaren industria.

To- Baina abandonuaren kontra, zer egin?

No- Ez duk horren zaila, abandonuaren kontra gogora ekarri behar dizkiagu abandonuaren ondorioak eta arrazoiak, abandonuaren kontra geure hitzak eta arrazoiak bilatu behar dizkiagu, elkarrekin banatu gure ilusioak eta beldurrak, inguru arriskutsuetan sartu, elkarrekin banatu gure orduak, jakiak, arropak. Eta jendearekin hitz egin, asko hitz egin eta entzun. (Urrunean zerbait entzuten da, abandonuaren kausak eta abandonuaren kontrako arrazoiak, datuak pare bat ahotsek esanak edo.) Ez al duk entzuten, To? Ez al duk ezer aditzen?

To- Bai, bai, aditzen dinat zerbait. Kantu moduko bat aditzen dinat. Zer dira, txakur baten murrungak? Zer dira, Santa Eskeko koplak? Gabonetako loteria? Pastoral bateko arizaleak… ? Goazeman, goazeman azkar No, ea hor nonbaiten geure arrazoiak indartzeko modurik topatzen dugun, goazeman arrazoi berrien bila, jende artera.

(No eta To eskenatokitik desagertu eta datuen esatariak sartuko dira aire zalapartatsu eta ero batean, mantra baten eran datuak botatzen dituztela.)

 

 

 

(Aurpegia zuri-beltzez margotuta, amerikana  eta baserritar txapel bana jantzita agertuko dira bi datu esatariak.)

  • Datu Esataria 1- 680 azpeitiar baino gehiago daude pobrezia larrian. Alegia, lau laguneko familiatan banatuz gero, 170 familia lirateke hilean 1.100 euro baino gutxiago jasotzen dutenak.
  • Datu Esataria 2- Ba gaur egungo erritmoan jarraituz gero, egoera horretan geratzeko arriskuan, ia 2.200 azpeitiar daude. Bazterkeria jasaten dutenak, berriz, 1.800 herritar baino gehiago dira Azpeitian.
  • DE 1- Eta, ba al dakizue 65 urtetik gorako 400 bat azpeitiarrek arazoak dituztela eguneroko gauza arrunt asko naturaltasunez egiteko: mugitu, jantzi, garbitu, jan...?

(Etena eta isilunea.)

  • DE 2- Noski, Azpeitia Euskal Herriaren barnean egonik, datu horiek ez dira harritzekoak.
  • DE 1- Izan ere, Euskal Herrian, gizonezkoen lan berdina egiteagatik emakumeek laurden bat gutxiago kobratzen zuten 2011n.
  • DE 2- Ba 2012an, 25 urtetik beherakoen artean, hamarretik lau gazte lanik gabe zeuden.
  • DE 1- Lana izan edo ez, 520.000 euskal herritar baino gehiago ziren 2012an pobrezia arriskuan zirenak.
  • DE 2- Euskal Herri exotikoan, egalite, fraternite, liberte eta lauburuen lurraldeetan, hamar herritarretik bat baino gehiago zeuden iaz pobrezian.
  • DE 1- Ba Gernikako arbolaren babespean, Jainkoak eta Lege Zaharrak agintzen duten hiru lurralde sainduetan, gaur egun 127.000 lagun daude pobrezian.
  • DE 2- Zergatik? Ba iazko aurrekontuetan, aurrerapenaren eta ongizatearen izenean, Euskal Y-aren eraikuntzara bideratu ziren miloiekin alderatuta, %7,25 izan ziren larrialdi laguntzetara bideratutakoak.
  • DE 1- (Atzetik, oihuka.) IKERKETA, GARAPENA  ETA BERRIKUNTZA!
    (Etena.)
  • DE 1- Osotasunaren eta aldaketaren foru-arragoan, maiatzaren 24az geroztik inoiz baino ozenago hango garela oihukatzen dugun herrialdean, bi hilabete lehenago, Miren Peñak bere buruaz beste egin zuen egoera ekonomiko itogarrian zela. Tartean Laboral Kutxako mailegu hipotekario bati aurre egiteko arazoak zituen.
  • DE 2- Ba al dakizue banku horren konpromisoa zein den? Urteko irabazien laurdena izaera sozialeko helburuetara eta enplegu kooperatiboa sortzera bideratzea. Eta irabazi horiek nondik ateratzen dituzten?
  • DE 1- Peñari ez zitzaion nahikoa gertatu bere izerdiz lortzen zuena zituen arazo ekonomikoei aurre egin ahal izateko; baina lasai, hor dago eta Laboral Kutxa Peñaren eta beste hainbaten izerditik jasotzen duenaren laurdena, laurdena! izaera sozialeko helburuetara bideratzeko. Malgutasuna dute, adibidez jubilazioa gertu dutenentzat pentsio plan egokituak egiteko.
  • DE 2- Hego Euskal Herrian, pentsiodunek duin bizi ahal izateko 1.000 euro behar omen dituzte hilean; ba hamarretik ia seik hori baino gutxiago jasotzen dute.

(Elkarrizketan.)

  • DE 1- Sekula ikusi al dituk 1000 euro? 
  • DE 2- Horiek zer ditun, bi 500 euroko? Ze koloretakoak ditun 500eko bileteak?
  • DE 1- Nik 200ekoak ere zein koloretakoak diren ez zakiat.

(Etena eta isilunea.)

  • DE 1- Baina, akaso, ez da harritzekoa egoera horrelakoa izatea. Hego Euskal Herria Espainiaren barnean egotera kondenatuta baitago, eta Espainian... Espainian aberastasunen hamarretik bost, erdia alegia, 20 familia aberatsek kontrolatzen dute.
  • DE 2- Ortegatar Amantziyo eta sendia, Koplo-koplo-koplobitz eta konpañiya, Pereztar Florentino..., euren izerdiz Espainia aurrera atera duten jaunandre txit gorenek, gutxi gora behera, 14 milioi espainiar pobreenek denak batera adinako aberastasun daukate.
  • DE 1- Baina bueno, lasai, ze pobre horiek seguru biziko dira. Osasuntsu... bueno, hori ya... baina seguru bai, e! Izan ere, Espainiako herritar bakoitzeko 368 euro erabili ziren iaz gastu militarrerako. Eta bueno, farmazia gastuetarako erabili zirenak, ba ez ziren 260 eurora ere iritsi, beraz... gastu militarrera 108€ gehiago bideratu ziren espainiar bakoitzeko.

(DE 2, jendea metrallatzeko keinuak eta hotsak eginez.)

  • DE 2- Nola nahi dute espainiarrek seguru eta osasuntsu bizitzea aldi berean? Gainera, nahikoa janda egon nahiko dute, ez? Ba al dakite iaz munduko zortzi pertsonatik batek gosea pasa zuela? Zenbat ote dira aurten?
  • DE 1- Gutxiago, seguru iaz goseak zeudenak hilko ziren eta...

(KRI KRI KRI KRI hotsa aterako dute esatariek, eta teniseko pilotak botako oholtzan.)

  • DE 1- Baina bueno, gosea da bat, eta egarria bestea, munduan, 900 milioi lagun omen dira ur edangarririk ez dutenak. Baina urak barrua herdoildu egiten dizkink eta!
  • DE 2- Bueno, kontua da datozen sei urteetan 180.000 milioi dolar inbertituko bagenitu, munduko gosearen larriena konpondu egingo litzatekeela. Baina, yankiak beti doaz aurretik, eta AEBetan argaltze-tratamendurako merkatuak soilik 33.000 milioi dolar mugitzen ditu.

 (DE 1ek inbutua hartu, eta pilula kaxak bertara botaz, onila muturra DE 2ri ahaon sartu eta horiek irents ditzan saiatuko da.)

  • DE 2- Eta, kontuz, ze norbera janarekin ez pasatzeaz gain, maskotei ere eman behar zaie jaten. Eta, aizu, amerikarrek 30.000 milioi dolar behar dituzte horretarako. Ez daude haiek urtean 30.000 milioi dolar gosearen aurka inbertitzeko.
  • DE 1- Noski, badituzte lehenagoko arazoak konpontzeko: argaltze tratamenduetan eta maskotentzako janarian inbertitzea, atentatuei aurre egitea... bai, atentatuei, ze 2001ean 3.000 pertsona hil ziren New Yorken atentatu baten ondorioz.
  • DE 2- Baina bueno, gaur bertan mundu osoan 25.000 pertsona hilko ziren gosez, e! Eta bihar beste hainbeste, eta horrela egunero. Elemental Mister Watson, etcetera, etcetera, etcetera... zioen Mikel Laboak.

            (Etena.)

  • DE 1- Ba, zenbakiak eta datuak nahasgarriak dira, zero mordo bat, nola ahoskatu ez dakizkigun zenbaki luze-luzeak. Eta zer axola du horrek gure egunerokoan? Azpeitia mundiala da ta!
  • DE 2- E, ta Euskal Herria? Euskal Herria bai dala mundiala!
  • DE 1- Bueno, ta Espainia ere bai, e? Hor behe alde hortan ta... playita, cervecita... Bai, laune bixitatzea kartzela guzenin mierda bat, baino abuztun tapeoa ta Alhambra ikustea jute geanin... Bueno, ta lagune bixitatzea guzenine bai, igual... Españiye mundiala da!
  • DE 2- Baita Europare, eskerrak Europa dakeun, Europako Batasune, eurue, Greziyere ze izengo ote zan hirugarren aldiz reskatau ezpazeben... Europa mundiala da!
  • DE 1- Munduere mundiala da, e, diferentziyek ba omen daude, baino bueno, gu bizi gean munduko txoko hau mundiala da, asike... Mundue mundiala da!
  • DE 2- Bai, baino mundu mundial hortan... makinak zoriontsuak dira eta jendea ez!
  • DE1- Dirua ere zoriontsua da baina jendea ez!

(Argiak itzali eta piano pareko fokoa piztuko da ondoren.)

 

Uda gau bat fabrikan II EKITALDIA
Jose Luis Otamendi

Antzezleak: Xanti Agirrezabala eta Haizea Egiguren
Datu esatariak: Jon Gurrutxaga eta Nekane Zinkunegi
Makina zoriontsuak
armiarma.eus 2015