Uda gau bat fabrikan I EKITALDIA
Jose Luis Otamendi

poemak: Jon Benito, Xabi Borda, Leire Arenas, Bertolt Brecht
Antzezleak: Xanti Agirrezabala eta Haizea Egiguren
Makina zoriontsuak
armiarma.eus 2015

 

(To eta No eskenan agertuko dira bizikletan; bertara etortzeko zeukaten egina hitzordua.)

To- Elkarrekin geratzeko leku egokiagorik ez al zain burura etorri, ala? Hurrena esaidan mesedez beti bezala plazan geratuko garela, edo taberna batean, edo Zelai Luzean nahi badun, edo Loiolan, edo hire kotxean, baina okurritzea ere Amuko Zubia eta Corrugados artean zita egitea. Ez al dun ikusten hor atzean zer jartzen duen: “Inguru arriskutsua!”. Inguru arriskutsua aizan, bestela ere nahiko arrisku ez zagon ba! Hi kaskatzen hasita hago!

No- Lasai!, azalduko diat-eta. Ba al dakik zergatik ekarri haudan hona? Ba al dakik inguzergatik egin dugun hitzordua inguru arriskutsu honetan?

To- Halako batean esango didan! Ez hidan hona etortzeko esango dirua edo sexua behar duanelako, ezta? Edo bai?

No- Ez gizona, ez! Gogorra duk hirea ere, beti gauza bat...,  edo bi, buruan. Ba esango diat bai. Hemen gaudek…(Kosta egiten zaio aurrera egitea.) Ba hemen gaudek, lagundu egin behar didaalako!

To- Lagundu, oso ondo! Baina, zertan lagundu behar dinat ba?

No- Esango diat. Begira, gure atzean dagoen fabrika hustu handi hau okupatzea proposatu nahi diat. Ondo pentsatu ondoren hartu egin behar dugula okurritu zaidak. To, berriz ere martxan jarriko diagu tailer handi hau. (To urduri ageri da.) Egon!, egon!, aditu!, aditu!, aditu ondo! Badituk bi urte tailerra hutsik dagoena, eta hutsik egotea gauza bat duk, baina hustutzea eta ahaztea bi gauza dituk. Egia esateko ez zakiat non dagoen fabrika huts bat eta fabrika abandonatu baten arteko aldea.

To- Eta hori guk biok, bion artean erabaki behar al dugu? Zer da hustea, eta zer abandonatzea? Polita lana, ederra galdera! Eta fabrika hartu ere guk egin behar al dugu? Gu biok al gara okupak? (Haserre antzean.) Aizan, barka esatea baina hi jo-jo eginda hago! Jarduion! Joan hadi txakurraren salara! Jo iezaion amamari erroberan! Hik dauzkan azak! Ni okupatuegia nagon orain fabrika hutsak okupatzen hasteko.

No- Hori, hori! Ondo esan duk bai, txakurrik ere ez diagu topatuko akaso, baina horraxe joan behar diagu, txakurraren salara hain zuzen ere: inork beretzat nahiko ez lukeen toki batera, inguru deserosoa, lana eskatzen duena, zikintzea eskatzen duena, desleku bat! Txakurraren salara! Egon, egon, To! Orain biok gaudek, To eta No, baina jende gehiago ere elkartuko zaiguk lan honetan. Hemen gaudek, ezta? Ba hasteko, fabrika hustu baten ardura hartuko diagu. Geuk ekin ezean alferrik galduko den ondare bat izango duk, gauzak hobetzeko aukera galdu bat.  Beraz badakik, geldirik eta ezer egin gabe segitzeko aitzakiak eta berriketak utzi, eta fabrika hau berriro martxan jarriko diagu.

To- Baina hik zer uste dun, fabrika hustu handi hau bion artean jar dezakegula abian berriz?

No- Hasi behintzat egin egingo gaituk, eta gero gerokoak. (Zalantza izpi batekin.) Lagunduko al didak?

To- Zertan ez zakinat, baina bai lagunduko dinat. Ez haut bakarrik lagako! Azken batean hi nire laguna haiz, ni hire laguna naun! Ganbara alde horretan egundoko itukinak dauzkan, baina lagundu egin beharko dinat, bai! (Pentsakor tarte bat eman ondoren.) Zer No, hasiko al gara ba?

No- Aizak, hasi aurretik gauza bat egin behar diagu, ordea.  Gu barrura sartuko gaituk, ea zer topatzen dugun, baina hori baino lehen kedada egingo diagu. Jendeari, lagunei, fabrika betetzeko zerbait ekarri nahi dutenei, atari honetara inguratzeko deia egingo zieagu.

(Sakelakoak atera eta mezu edo whatsappak bidaltzen hasiko dira biak jo eta su. To aurrera egin ezinik bezala geratuko da eta No-ri galdetuko dio.)

To- Aizan, hik zer idazten dien ordea? Nik ez zakinat zer jarri, lotsa ematen zidan.

No- Lotsa? Isildu hadi, lotsa orain arte ezer ez egiteak ematen zidak niri. Ba al dakik zer jartzen diedan? Ba, zer esango zieat ba, etortzeko azkar, jendea behar dugula, eta ekartzeko daukatena: ahotsa, oinak, eskuak, hitzak, gorputza, esperantza… Esan zieat ez dakigula zer alde dagoen hustuta eta abandonatuta egotearen artean, idatzi diat duintasunaren industria goazela martxan jartzera. (Harro.) Ez al da ederra, To?

To- (Harriduraz No-ren etorriarekin.) Ño, hori besterik ez!? “Duintasunaren industria!”. Hori ahokada hori! Galanta bota dun gero! Gustura geratuko hintzenan, noski?

No- Aizak lerdokeriak utzi eta mugitu hadi mesedez. Aguro! Hor barruan zer dagoen ikusi behar diagu!!! Horrela ez goazik inora; zeozertan hasi beharra zagok!!! Fabrika hau ez zakiat gehiago hutsik sekula egongo den, baina ni hemen nagoen bezala, hemendik aurrera ez duk inoiz gehiago abandonatuta egongo behintzat! Tira To, goazen aurrera!!! Goazen inguru arriskutsu hauetan barrena!!!

(Sakelakoak gorde eta fabrika aldera abiatuko dira. To atzean geratuko da, gogoz kontra bezala doa, marmar batean honela mintzoko zaio jendeari.)

To- Hor zer topatuko dugun? Ikusi egiten diat: hautsa eta zikina franko, armiarmak batzar masiboak egiten, arratoien manifak eta pintxo poteak, eta makinak lo, makinak zoriontsu ziren egunen nostalgiarekin...; auskalo! Ederrak gaudek gu duintasunaren industriarekin hasteko. Non saltzen ote da hori?

(No atzetik etorri, eta besotik helduta tiraka berekin eramango du To.)

No- Ez hadi geldoa izan! Goazenadi azkar! Garai berri bat, abenturak dizkiagu zain!

(Eskenatokitik desagertuko dira biak nahiko era barregarrian batak bestea ia tiraka daramala. Bizikleta gainean trakets doaz “Inguru arriskutsua” dioen hesiaz haratago. Argiak itzali egingo dira No eta To gordetzean, ondoren berriro piztu eta itzali egingo dira, plano diferenteetatik poemak errezitatzen diren aldiro.)

 

 

 

HASTAPENA

        Jon Benito , 2010

 

Historia nirekin hasten da.

Lehenagokoak dira ibaia eta mendiak.

Aspaldikoak lurra eta bidea.

Antzinako bizitza salatzen dute harresi kondarrek.

Nork erabaki zuen hau zela tokia?

Nork jaso zuen aurreneko babeslekua?

Ze izar dirdirak zehaztu zituen koordenadak?

 

Ez du kalerik lehendabiziko etorkinak.

Nondik heldu zen? Ez baitzen bertakoa.

Bera hemen kokatu artean inor ez zen hemengoa.

Zer ikusi zuen? Lur mina, lur zatitua, lur ezina,

ozeano lehorra, negu epela, kare gazia, zuloan harea.

Irudikatuko ote zituen platanerak,

frankismo amaieran eraikiko ziren etxeak,

parkea eta nire gurasoen bizilekua?

 

Joan ziren nomadak, galdu ziren erromatarrak,

garai ilunetan eliza jaso zuenetako inor ez dago.

Bizidunen ongarri dira hilak,

adarretara egiten dute sustraiek,

jendearekin lotzen ditut galderak, nire kaleetan.

Nork eman zien harriei jendetasuna?

Nork egin zuen trenbidearekin muga?

Nork izendatu azken portua?

 

Atzoak egungoaren ur azalera tenkatzen nau

erantzunik gabeko amuekin.

Ez naiz lehena, nire aurretikoa da dena,

baina historia hau nirekin hasten da.

 

 

HELIOZKO AMETSAK

 

            Xabi Borda , 2015

 

heliozko mundu txiki bat daramazu eskumuturretik zintzilik

“Begira! Begira!” oihuka zabiltza

jende mulkoaren barruan hara eta hona

            hara eta hona gabiltza hirurok

bitartean zure begiek

itzali eta piztu dabiltzan koloretako bonbilekin malabarak egiten dituzte

laino arrosa bat bihurtu da zure gogoa

“Bizitzak zergatik ez du beti zapore gozo hau?”

guri gaztigatzekotan egon ote zaren egin dut

 

Bat batean ilargiraino eramango zaituen ohea ikusi duzu

“Hor ibiliko naiz jauzika!”

hatzak luzatzen dituzu gorako bakoitzean gorago iristeko

… ea ortzia ukitzera iristen zaren …

“Sempre máis alto!”

Kezkatzen hasi naiz zure jauzien progresioarekin

Eskerrak beranduegi  baino lehen eten duen txanda

ohe elastikoen arduradunak

fisikaren indarrek inor atmosferaz hara bidali aurretik

                       … eskerrak…

“Sempre máis alto, ilargiraino!”

 

Orain harrituta zaude elkarren bila dabiltzan auto txiki horiekin

jendea algara batean dakusazu istripu antolatuen erdian

eta izarrak zeru-sare ilun horretan saltari

enkontru-talken nondik norakoen bertsio arin bat

azaldu ahal dizudala pentsatzera iritsi naiz

baina ihes egin diguzu berriro eskutik

            korrika zoaz biraka ari den tramankuluraino

“aulki horiek ez dute hankarik!”

Bai, ederra da biraka ari den gailu hori

“Agur!... Adeus!... Boa sorte!”

Alde egite eternal baterako jarlekuak

joan eta joan zaldiak, motoak

eta aulkiak …

Eta biok jira-bira bakoitzean eskua astinduz

“Agur!... Adeus!”

biok eskua emanda gurasoak biraka ari diren munduan geldi

beste eskua karruselaren buelta bakoitzarekin astinduz

“Agur!... Adeus!… Boa sorte!”

joate baten simulakro txikian bigarren mailako aktore

benetako taularatzea iristen zaigunerako

despedida ondo atera dakigun entsegua hamaikagarrenez errepikatuz

“Agur!... Adeus!… Boa sorte!”

Halakoxeak baikara

            … esango nizuke…

Aire konprimituko eskopetarekin zulatu nahi dituzten

Plastikozko ahate hori horiek bezalakoak

Errari gabiltza ur geldian hara eta hona

berun zati txikiei iskin egiten

hango eta hemengo haizeei hegoak zabalduz

horko korronteei amore eman edo aurre eginez

Lakutik ihes egin behar

urrutiko itsasoekin amets egin behar

“Agur, agur!… Ata pronto!”

 

askatu da eskuturrean gaizki egindako korapiloa

            badoa heliozko mundutxoa ilargiraino

ahoa zabalik dakusagu zeruratzearen espektakuloa

atzera zenbaketarik gabe

transbordadore baten aireratzearen bertsio intimoa

 “Eta holako ehun globo lotuko bazenizkidate eskuturrera

ilargiraino iritsiko nintzateke?”

Beste bi bidaia txartel erosi dizkizugu

            Despedidak entseatzen jarrai dezagun

 

 

IZENBURURIK GABE

 

            Leire Arenas , 2010

 

Ta egia da bai, guk esan genizun
guk
zer amestu behar zenuen,
nahiz eta agian distantzia bat bazen
azaldu genizunetik
errealitatera.
 
Nolabait, zure etorkizuna eraiki dugu
zure urratsak marraztu
zure partez pentsatu
ta zure erlojua den makina martxan jarri
diru apur baten truke
orratz astunei bultzaka lan egin dezazun.
 
Hilaren amaiera iristean
txin txin, diruaren hotsak
beteko ditu etxe hutsak irriz
emazte hitsak xirriz
gorputza deskantsu egarriz.
 
Ta honela, zoriona,
goizeko lanbrotan
tantaka pausotan
zapaltzen duzu lanera bidean
ke arteko fabrikara sartzean
koloretako botoiak zapaldu ta
palanka gogorrei eraginez
martxan jartzeko makina,
 
elika dezan berriz ere
denboraren geldiezinezko joana.

 

 

ETORKIZUNEKO JENDEARI

            Bertolt Brecht

            Euskaratzaile, Joseba Sarrionandia

                    -I-

Haro hitsetan bizitzea suertatu zaigu!

Hitz inozenteak zentzugabekoak dira,

Bekoki lisuak intsentsibilitatea

                adierazten du.

Barre egiten duenak oraindik ez ditu jaso

                albiste izugarriak.

 

Zer dira harook non eta zuhaitzei buruz solas egitea

                ia delitoa bihurtu den

Krimen askorekiko isiltasuna

                ezkutatzen duelako...

 

Karrikan barrena lasai doan hori,

Behar duten bere lagunek

Ez dute gehiago aurkituko?

 

Egia da: oraindik ere jateko lain irabazten dugu.

Baina sinets egidazue: kasualitatea da.

Egiten dugunak ez digu asetzeko eskubidea ematen.

Halabeharrez barkatu digute bizitza (gure suertea

                aldatzen bada, akabo)

 

Esaten digute: Jan eta edan! Zer duzue, alai zaitezte!

Baina zelan jan eta edanen dugu gero

Jaten duguna gosetuari kendua badiogu

Eta gure ur basoa egarrituak behar badu?

Eta hala ere jan eta edan egiten dugu.

 

Jakintsu izan nahi genuke.

Antigualeko liburuek erakusten dute

Zelan izan jakintsua:

Munduko burruketatik aparte geratu eta

Bizitzeko emana zaigun denbora laburra

Izurik gabe iragan.

Eta biolentziarik gabe.

Txar jasoaren truke ona bueltatuaz.

Desirak bete ez, baizik eta ahaztu:

Hara hor jakintsuaren manera.

Baina ezin dugu halakorik ezer egin:

Haro hitsetan bizitzea suertatu zaigu benetan!

 

Uda gau bat fabrikan I EKITALDIA
Jose Luis Otamendi

poemak: Jon Benito, Xabi Borda, Leire Arenas, Bertolt Brecht
Antzezleak: Xanti Agirrezabala eta Haizea Egiguren
Makina zoriontsuak
armiarma.eus 2015