APURKA ZAHAR ETA BERRI AHURTARA BAT ESKUARAREN ALDE
Martin Landerretxe

1905
armiarma.eus, 2016

 

I

Zertarako ditugun Apurkak

 

   Eskualdunen beren eta gehienik Eliza-Gizonen baitan datza Eskuararen etorkizuna: hala nola Eskuara baitugu, Fedearen giharrean begiratzeko, laguntza baliosenetarik. Eta horra zer ikusiz, xede hartu dugun Apurka hauk irakurtzerat emateko, Eskual Herriari eta guzien gainetik Eskualdun Apez-Gaieri.

   Ezdeuskeria bat dire egiazki, hala da; bainan direnak diren, irakurtzaile bihotz onekoetarat hel daitezke, eta gauza guziak ezdeusetarik ateratu dituen Jaungoikoa lugunt dakiokete. Ordutik bada, zuhamu miragarri bat eman zuen Ebanjelioko pikor xehearen balde, hauk ere gutarteko Fedearen zuhamu idortzerat eta histerat ematen hasiari, Eskuararen bidez, muskiltze eta loratze berri zorionezko bat harraraz dezokete.

   Eta gogoan bertzalde hartu nahi balin badugu Eskuara dela mintzaira bat ez xoilki bere baitan miresgarria, bainan bai oraino mintzairetarik miresgarriena, atsegin ere baduke bat bederak, Eskuarari doazkion xehetasun zenbeiten irakurtzea, zuzen bidetako bere lan-arte maitagarrietan.

 

II

Arrotz jakintsunekin Eskuara

 

   Eskuararen dohain ikusgarrietarik dator, arrotz jakintsunetarik izatu direla eta badirela, Eskuararen edertasunari ohartu zaizkionak. Barnadanik berek ikasirik, bere tokietan haren ezagutarazi nahizko lehia handitan lehenagokoak ibili dire eta oraikoak badabiltza.

   Halakoetarik zen, 17garren mendearen hastetik, Aita Materre franziskano frantsesa. Daitekeen hobekiena, zioen Aita Larramendi jesuitak, ikasi zuen Sarako eskuara labortar ederra, eta eskuaraz argitaratu Doctrina Christiana, asko otoitz eta irakaspenez beregindu zuen liburu baliosa.

   Hetarik zen ere, mende beraren erditarik goiti, Bourges-tar apez bat, Silvain Pouvreau. Jean d’Olac, Baionako apezpiku Iholdiar baten sekretario zen eta Hebrea, Greka eta Latina, nola Italiano eta Española, bere Frantsesa bezain trebe zituen. Baionara zenetik, Eskualdunen eta Eskuararen dohain bereziez dena hartua, Eskuara funtsez ikasiko zuen artean ez zuen sosegurik izatu, eta azkenekotz moldatu zituen edo eskuararat itzuli, bospasei liburu; aipagarrienak  Giristinoaren Dotrina, Philotea eta Guda espirituala, nahiz geroztik Eskualdunek eskuara hobeagorat liburu berak itzuli zituzten.

   Orobat, 18garren mendeak ikusi zuen Eskuararentzat sustatzen J. B. Bullet, Besanzongo seme, hiri hartako irakastun aipagarri bat. Eskuaran trebatu zelarik, argitaratu zituen hirur liburu in-folioko handi: Mémoires sur la langue celtique, eta iratxiki zioten Eskual Hiztegi bat araberakoa.

   Mende beraren akabantzatik eta gero, ikusi zen halaber Eskuararen ikasteari arras ematen Guillaume de Humboldt alamana. Espainian enbasadore egotu zenetik, Eskual Herrian gelditu zen gure mintzairaren ikasten. Halaber 19garren mendearen erdiari buruz, Lecluze Hebrearen eta Grekaren Frantzia Tolosako irakastun batek, bai eta Baudrimont, Bordeleko jakintsun ongi ezagutuak, arta handienarekin Eskuara ikasi zuten, eta hirurek, Eskuararen ezagutarazteko, liburu prezatuenetarik egin zituzten. Hekietarik ezagutuena, orai ere anitzen eskuetan da: La Grammaire Basque, Lecluze erran denaren eskutik.

   Mende beraren erditan, Eskuararentzateko bero atxikiak orobat ederretsi zuen doctor Mahn alamaniakoa. Bere liburuetarik batean, horrek zioen goraki, jendekia eta mintzaira guzien artean, Eskualdunak eta Eskuara

   goragarri direla; eta jakintsun horri doakionaz, morde Vinson aipatzerat goazinak dio, arte hartako arrotz bakar batek ere baino hobeki, doctor Mahnek bazakiela Eskuara.

   L. L. Bonaparte printzea bera, arbaso Korsatar zaharrak Eskualdun zirela jakiteaz, eta Eskuara, mintzairetan ikusgarriena dela berak ezagutzeaz, dena miretsia zen. Ikasi zuen funtsez Eskuara, eta, 1856tik hunat, hogoi bat urtez, hirurogoi bat liburu, Eskuararen goresgarri, bere buruz egin, edo gizon argituenez eginarazi zituen.

   Ez ote da ordean, Morde Julien Vinson hori bera, Eskuararen jakitate oso hortan, arrotzetarik nehor baino anitzez barnago sartu? Parisen, iguzki aldeko mintzairen irakastun delarik, baditu Eskuarari doazkion hogoi eta zenbeit funts handitako liburu, berrogoi bat urte hautan eginak. Eskuarari buruz halaber, bere ahal guziaz, suhartua dabilkigu Morde Ed. Spencer Dodgson, anglesa, jakintsun bilkura batekin baino gehiago atxikiak badituena. Bi Jaun hoik, dela gutartean, dela erdal erresumetan, eskual liburu zaharrenen usnan dabiltza, eta edirein ederrenetarik argitaratzen dituzte. Hala nola Morde Vinsonek edirein eta Parisen argitarat eman baitu Virjinaren Officioa, E. Harizmendik 1658an eskual bertsutan egina, nehork nehon ikusi gabe mendez egotua; bai Morde Dodgsonek ere, Angletarren, Testamenta Berria, 1571ean Juanes do Leiçarraga apezak eskuararat itzulia, gure liburu naski baliosena; eta horrek berak, Gipuzkoan, Jesusen Biotzaren debocioa, Aita Seb. Mendiburu jesuitak 1747an egina, eskuara ederrekoa, Ekual Herri guziarentzat irakur-errexa.

   Egungo egunean orobat aipagarri dire, alaman jakintsun bat, Morde T. Linsmann, eta bertze ez gutiagoko bat, Morde Schuchardt, Autrixiakoa.

   Eta nola oraino espantagarriago ez kausi, gauza hala dena: Berlin, Alamaniako hiri nagusian, Euskara deitu jakintsun-kaseta bat, moldatzailea bizi zeino, bere urraspidean ateratuz ibili berri da.

   Azkenekotz, ohartgarri dena, atze-erresumetako liburutegi handienen batzuetan, gure liburu zaharretarik, liburu baliosenekin altxatuak badituzte. Deusetan ere ez lituzkete nahi ez saldu, ez zaintzale baten aintzinean baizik eskustatzerat utzi.

   Gauza horiek bada, ez ote dute erakusterat aski ematen, nola den atze-jakintsunen artean miretsia Eskuararen distiradura?

 

III

Herritar jakintsunekin Eskuara

 

Bainan, gehiagoko luzamenik gabe errateko, gutartean ere izatu dire, eta orai behinere baino gehiago baditugu, Eskuararen artatzaile berezi, Eskuararen omenaia urrun eta gora ibili dutenak, edo dabilkatenak.

   Bertze orduz ezen, 1545ean, eskual liburu guzietarik lehen inprimatu zenetik, badire hamasei bat ehun liburu, eskuarazko edo eskuarari daudezen, argitaratuak, eta hekien moldatzaile gutiz gehienak Eskualdun ziren.

   Jainkoak bereganat deituen aipamenetan trikatu gabetarik, luzeegi bailoake, gutartean lehenetarik orai dakusagu, don Resurreccion Azkue, bizkaitar apeza. Oraino gazte delarik, aspaldi du, Bilbaon, Bizkaiko Deputatu Biltzarraren haututik, Eskuararen lehen irakastun ezarria dela. Tursko hirian oraixet moldatzen ari daroku Hiztegi bat handia, eskual hitz eta hitz molde guziekin. Lehenagodanik debozioneari eta Eskuarari daudezen liburu prezatu zenbeit eginak baditu. Eta nork ez dakigu, edo ez dugu behar jakin? Jaun horren asmutik eta gehienik horren egin-moldetarik zen Eskalzale albistari, edo berri emailea, Bilbaotik Eskual Herrirat, Gobernuak trabatu duen artean, Eskualdun zinezkoen bozkariagarri zenbeit urtez ateratzen ikusi dena.

   Urraspide eder beraz dabilkigu Don Arturo Campion, Iruñako deputatu ohi, Gramatika edo Hizkunde dugun ederrenaren eta hedatuenaren egilea, zorionez Eskuararentzat baizik ez dena bizi. Jaun horren eskutikan badire, «Euskal Herriaren alde» hamar bat liburu miretsienetarik.

   Espantituko gare halaber gutarik bat bedera, ikusixerik diogu, Morde Grazien Adema kalonjearen Girixtino Fedea burutik buru neurtitzetan agertzen ikustearekin. Haren kantika zoragarrieri deusetan zorrik ez diokete.

   Aita Basilio Joanategi beneditanoaren liburu baliosak irakurtzen ditugu eta gutan denaz bezanbatean irakurrarazten.

   Eskualdun Ona, geroago eta apainduago, geroago eta irakurriago dabilkigu, agertzen hasi zen ordutik baduelarik zer ikus.

   Morde Martin Guilbeau mirikuak ere baditu, ez naski neke eta atzartasun handiena gabe eskuratuak, ureko eta lehorreko arrain, hogaztin, etxe-azienda eta basa-ihizeen, bai eta ere zuhamu, lore eta laudare ezagutuzkoen izenak. Hoik daitezke goiz edo berant Eskual Hiztegi baten edergailu ez gutienekoak. Noiz ota nola ager dakizkigun berantetsixeak gaude. Jaun horrek oraino badu, berak moldatua, Eskuara gure mendean atxikia edo ahantzia den toki guzietako Karta larri bat, irakur-errexa. Ezagutzeko da Morde Guilbeauk ere Eskuararentzat dituela bere asmo jarraikienak.

   Bertze alde batetik, ezin ahantziz gaude, urteak dituelarik irakurri gintuela, bata don Serapio Mugika Gipuzkoako izkribu zahar begiraleak, eskuarazko gutun berak aurkitu batzuen eskaint-lagun, moldatu zuen eraskuntza; eta bertzea, morde Etxepare, Mendiondoko miriku gazte batek, onjo mota maite batzueri behatzen denaz, Eskualduna-n eman zuen xehetasun xoragarria. Bi jaun hoikiotarik hedatuagoko zerbeit irakurri nahizko egartsuan gabiltza.

   Bozkariagarri da halaber Don Toribio de Iriarte, Alegriako erretoraren liburu eskuararat itzulizko hat, San Inazioren ur bedeinkatua; bai eta bozkariagarri dire, don Isaak Lopez, legetako doktor Tolosar gazteak eskuararat itzuliz derabiltzkan liburu debozionezkoak. Jaun hoik lauren eskutik irakurri duguna baino deus argiago, leunduago eta molde guziz eginago denik nekez ikusiko da.

   Azkenekotz, bere sailean, ezin aski goretsiko dugu Don Ezekiel Etxebarria, omenaia ederreko apeza. Jaun borrenganik badire, Analysis del Verbo Vascongado, Inxauspe zenak baino ere barnagodunik, don Arturo Campionek dioenaz, eskual eraskitza (Le Verbe) hartzen duena, eta Etimologias Vascongadas, Eskuara errotik jakin nahi duketenek izar gidaritzat hartzekoa.

   Guzion huru, Eskualdun predikari berezienez gorago nork ez dugu ematen Aita Hegiagarai, misionest buruzagi, bere hitzaldi nasai eta garbiarekin, bere boz bete eta gozoarekin, aditzen nehor ezin ase dakiokena.

   Bertzalde, eskual liburu zaharren usnatzaile zorionezko bat, hemen aipatu gabe ezin utziko da: don Julio de Urquijo, bizkaitar oraino gazte, Gipuzkoako deputatu, Doni Joane Lohitzundar egina.

   Eskual herri guzietako eta Pariserainoko bere harat-honatetan, bere esku-nasaizia handiarekin, eskuarazko eta Eskuarari daudezen liburu gutiz gehienak beretu ere ditu, eta urraspide beraz diren bertzeak laster beretuko. Doni Joaneko bere jauregian moldatu ere du nehori hetsiko ez zaion eskual liburutegi gure ezagutzako aberatsena.

   Bada gehiago. Jaun horrek berak, Zarauzko Aita Franziskanoen komentuan, kausitu du eskutitz bat, Joanes de Etxeberri, Sarako miriku batek 1712an moldatua. Eskutitz hori, Aita Larramendi jesuitak aipatua zelarik, nehork ezin ikusi zuen, ez gure bilari atzarrienek, ez eta Morde Vinson, jadanik aipatu, eskual liburu guzien izen eta ezagutza emaile dugun hoberenak ere. Labourdiri,

   escouararen hatsapenak deritza. Uztarizko Biltzar paper zaharretan irakur daiteke, Uztaritzerat, urte hartako Biltzarrari eremanarazi zitzaioela, inprimatzekotzat lau mila liberako baten galdearekin. Ez ziren ardietsi, eta ordu  beretik autor prezagarriak egin zuen aldez alde Azkoitiarat. Herritar eskergabe hekien egitateagatik ote? dioena Morde Vinsonek.

   Komentu berean ikusi ditu bertze Eskutitz itxuradunak, eta guzien ezagutaraztekotan da.

   Esker on eta laudorio Morde Urquijori!

 

IV

Eskualdunen artean Eskuara

 

Bainan, atze nola herritar jakintsunek, ezin erran den bezanbat prezatzen eta goresten dutelarik Eskuara, nolako dela dakusagu eskual herrietan Eskuararentzateko atxikitasuna?

   Zergatik gauza dena denarentzat ez ikus? Zergatik hemen aitor oso bat ez egin?

   Ezaxolatuegi gare, Eskuarari doakionaz, Eskualdunetarik anitzak. Nolazpeitka eta eskergabekiegi dabilkagu elgarren artean gutiz gehienek Eskuara.

   Erdara bati ohartzeaz geroz, Eskualdun anitzek, gutiz gehienek, Eliza-Gizonek berek, erdaran sartuz baizik ez dakigu elgarganat hurbiltzen, agur xoil baten elgarri egiten. Badire, bai beharrezko, bai amultsutasun xoilezko bilkura, Eskualdun garbiek, buritik buru, eskual hitzik atera gabe egiten dituztenak: iduri-eta amaren altzoan ikasten hasi ginduen eta mende zaharretarik arbasoen odolarekin datorkigun mintzairak baino, atze jendekien erdarak zoratzenago gaituela; iduri-eta eskualdun jendekia, erdara bat edo bertze hartuz geroztik, gure Eskuararen eder eta garbi atxikitzeko, gogoz uzkurregi eta buruz lokartuegi garela!

   Badakizue bada, Eskualdun eta Apez-Gai maiteak, zertarat geramazkan Eskuararentzateko gure ez-axolakeriak? Nahi duzue bururadino helaraz dakizuen aitorra?

   Eskual Herrian Eskuara geroago eta nahastekatuago doakigu. Erdaldunak sartuenik diren tokietan, Eskuara hasia da, ez xoilki nahastekatzen, bainan oraino arrozten eta ahanzten.

   Zer beraz gertatzerat doakigu? Nafarroa Garaiko hortan gertatzen zaiotena.

   Eskual Herriaren alderdi zabalena eta aberatsena den hortan, bihotz-minekin diogu, badute hegoa aldetik, hogoi edo gehiago lekoa zabaletako zerrenda luze bat, oraiko zaharren oroitean, eskual mintzairaz gabetua, erdaldun bilakatua.

   Eta haindi nigar-egingarri hartan berean badute, barnagodanik, bospasei lekoa zabaletako bertze zerrenda berdin luze den bat, zaharrak oraino eskuaraz, gazteak oraikotz erdaraz mintzo direnak.

   Zahar hek, guzien betiko bideaz doazkioten eta, agerian da, erdara bakarrik geldituko da, eta hola-hola, herritik herrirat, urtetik urterat, geroago eta guganatako erdara beharko da ikusi Eskual Herri guziaz jabetzen.

 

V

Zer beraz errateko den

 

Horra naski bada zer ikusiz, don Arturo Campion, jadanik aipatu, Eskual-Zaleen-Biltzarreko buru izanak, iragan buruilako gure biltzarrean, bere mintzaldi ederra akabatzearekin, zioen:

   «Gure Euskal Herri adoragarria, eritzen eta gaixotzen ari da; ikusten degu haren ohitura garbiak usteltzen; haren hizkuntz paregabeak gutxitzen; erdaldunkeriak euskalduntasunak azpiratzen eta zapaldutzen; eta gertakariak honela aurreratzen badira, histergure herrietan ez da beste gauzarik irauteko, mendien izen zaharrak baizik. Eta orduan, nork daki? Lotsez beteak, gure kopetak bezala, zelaiatuko dira mendi goititu horiek ere...».

   Hitz erdiragarri hoik aditzearekin, gure barnea hautsi zen, gure begiak lanotu ziren; eta, zinez diogu, hitz hoitarik etorri da Eskuararentzateko gure karraren sustatze berria, hoitarik datorkigun bezala Eskuararen edertasunetan barna sartu nahizko eta edertasun bereri gazteriaren ohartarazi nahizko xedea.

   Eta hitz batez, horra, zeri darraikiola, argitarat deramazkagun Apurkak.

   Begitarte egin dakioten eta, Jainkoak nahi badu, ez dire, Eskuararen bidez, Fedearen alde, gure azken hitzak izanen.

 

APURKA ZAHAR ETA BERRI AHURTARA BAT ESKUARAREN ALDE
Martin Landerretxe

1905
armiarma.eus, 2016