KINTSUGI
10. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez

 

10


—Nola egon haiteke horren seguru? Istripu bat izan dun, agian. Eta, izan ez bada ere, nola dakin Bagenizkio Ekintza Taldea tartean dagoela? Eta balego ere… Ez dakin ziur hire semea BETko militantea den ala ez…
—Ez duk lehenbizikoa izan, Hamaika… Eta Gerizpek ez dik gaua etxean pasatu.
—Climaxbeat jaia zitenan atzo campusean! Praktiketako gazteetarik bat bera ere ez dun gaur lanera azaldu…
—Senak esaten zidak Gerizpe tartean dagoela.
—Gaurko hau, ordea, ez din oraindik inork erreibindikatu, Ilargi… Gauzak bere onetik ateratzen ari haiz.

Goizegi da, egia. Slavoj Žižek Unibertsitate Libreko ikasle talde batek epatatzeko asmoz Slow Terrorism gisa bataiatu zuen korrontearen barruan sartzen da BET, finean; ekoterrorismoaz eta sabotajeaz haratago doan taldea da. Eta, slow izaerarekin bat eginez, ez dituzte beren «ekintzak» (atentatu deitzeari buruz ere badago eztabaidarik akademikoen artean) berehalakoan erreibindikatzen.
Badirudi Hamaika Agirrek bere umore mikatza berreskuratu duela.
—Begira iezaion alde onetik: orain inor ez dun arduratuko ezpainak jositako haur mutanteez eta enparauez…

Orduan ikusi dituzte. Palmondoen artean, koruko boluntarioak. Händelen kantatak abesteko beren burua eskaintzen duten unibertsitateko ikasle gazteak, aje aurpegi nabarmenarekin, climaxbeat jaitik bueltan zalantzarik gabe, Son nata a lagrimar aria abesten, batere ironia eta gaiztakeriarik gabe, itxura guztien arabera.

 

KINTSUGI
10. Kapitulua

Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez