KINTSUGI 7. Kapitulua
Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez

 

7

Doltzanek sorbalda astindu dio, iratzar dadin. Ninigailuan goizeko seiak ere ez direla ikusi du Ilargiberrik. Zergatik esnatu du libre daukan asteko egun bakarrean?

—Igandea dun… Gaur ez daukan jai museoan, ala? Utzi niri ere lo apur bat egiten…
—Aktibatu ninigailua, Ilargi. Hau ez zain gustatuko.

Begiak kliskatu ditu. Madarikazioa. Filtratu egin da albistea. Aurreikustekoa zen. Ezin zara neonatoetako gizatxar horiekin fidatu. Albistearen lerroburua besterik ez balitz, gaitz erdi, baina argazki bat ere bada zurrumurrua haragi egiten duena: ezpain josien argazki bat. Odola izoztu zaio. Hamaika Agirrerekin azaluhindu da.

—Ikusi dun?
—Zer erremedio.
—Denak hire zain zauden hemen, Ilargi. Sasoigunera etorri behar dun prentsaurrekoa ematera. Lehenbailehen.

Hamaika Agirrek sasoigune esan du, eta ez ospitale. Horrek ematen du egoeraren larritasunaren berri. Kontua ez dago txantxetarako.

Armani buzoa azalari itsatsi, eta gidaribako aerotaxi bati deitzeko eskatu dio, mesedez, Doltzaneri. Itxuraz, Ilargiren phoneskina sutan dago, eta ez dauka begi-ninia prentsaurrekoa prestatzeko ez beste ezertarako. Doltzane nekatzen hasia da Ilargiberriren neskame lanetan, baina badaki ez dela gaia ateratzeko unea.

—GoiEner taxi berderik ez zagon… Edozein aerotaxi eskatuko dinat?
—Popatik kutsadura! Ezin dinat gehiago itxoin. Eta ez dadila Gerizpe enteratu, badaezpada… Ez dinat berriro Familia Unitatearen Mantxarekin sesioan ibili nahi…
—Gerizpe ez zagon. Bart gauean ez dun lotara etorri.

 

KINTSUGI 7. Kapitulua
Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez