KINTSUGI 6. Kapitulua
Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez

 

6


Oinez iritsi dira baso erdiraino. Nola, bestela.
Gerizpek Siri aurkeztu die lagunei.
—Ziur ez zaituztetela honaino jarraitu?
—Hartu beharreko neurri guztiak hartu ditugu, Alexdei.
Sirik ile leuna du; beti izan du halakoxea. Agian horrek piztu du Alexdeiren mesfidantza.
—Jaiotzatikoa da, ez dut ile-leungailurik sekula erabili. Inoiz ez. Lehortu ere ez dut lehorgailuarekin lehortzen.
—Gure dekalogoa ezagutzen du, Alexdei. Fidatzekoa da. Siri, erakuts iezaiozu KMa.

Sirik, buzoaren mahuka bildu, eta zentimetro batera iristen ez den Karbono Mantxa erakutsi die denei. Haur batena ematen du. Liluraz begiratu diote besteek. Liluraz eta miresmenez. Ez zen egunero izaten hain mantxa ezdeus eta sexya ikusteko aukera. Alexdei sinetsi ezinda dago; ez zuen espero. Bere mantxaren erdia ere ez du neska horrek. Eta aurpegi zaildua dauka. Ez dirudi bera baino gazteagoa.

—Zu ez zara hemen hazi…
—Ez, norvegiarra naiz.
—Banengoen ba ni…
—Duela bi urte etorri ginen hona bizitzera, Urbasako haize erroten eraispena zela eta.
—Bere aitak MEHEko haize errota guztien plano xeheak dauzka, Alexdei. Irisguneak, kodeak… Dena. Elektrifikazio sare guztien berri. Erakunde publikoek hain motel egiten dutena geuk behartu behar dugun honetan —mitinlari ahotsa atera zaio bat-batean—, informazio ezinbestekoa jarriko du gure esku.

Txorakeria gutxi. Gerizperen bermearekin dator kide berria. Aldeko botoak: sei. Kontrakorik ez. Abstentzio bakarra: Alexdei.

«Ongi da», amore eman du Alexdeik, beharrezkoa dena baino hitz bat gehiago ebaki gabe, bere arnas aparatuak sortzen duen karbono dioxidoa gutxitzeko ahaleginetan balebil bezala, norvegiar iritsi berriarenganako jeloskortasuna oso txarto disimulatuz.

 

KINTSUGI 6. Kapitulua
Harkaitz Cano

Zirriborroak eta gero
armiarma.eus, 2021
ilustrazioak: Arrate Rodriguez