ILARGIAREN ALDERDI LITERARIO BAT
Txillardegi

Zeruko Argia, 1971-X-28
armiarma.eus, 2019

 

Oraindik ere Einstein harrigarri

 

        Lehengo egunean «ANAITASUNA» gure lankidea neure eskuetan hartu nuenean, eguzki-sistemaren irudi bat aurkitu nuen lehenengo orrialdean; eta horren oinean irakurgai hau: «Errelatibitatearen Teoria» (X-15). J. R. Etxebarriak poliki eman du, oso hitz gutxitan, Einstein-en ideia-iraultzaren berri.

        Etxebarria-ren atikulua irakurrita ikusi dudanez, ez da azkeneko egiztapenen ondorio gisa ekarria, bere buruz sortua baizik. Alegia, Einstein-ekiko jakin-mina bizirik dagoelako.

        Orain dela 66 urte judu famatuak hasi zuen ideia-iraultza ez da agortu. Einstein-en ideiak ezin harrigarriago gertatzen zaizkigu gaur berton ere, 1971-on. Eta puntu batetan esan behar dut horrengatik ez natorrela Etxebarria-rekin bat: ez zait iruditzen Einstein-ek «garaiko zentzu komuna» soilik astindu eta dardaratu zuenik, gaurkoa ere astintzen eta dardaratzen bait du. Etxebarria bera lekuko.

        Munduaren ideia aldarazi du Einstein-ek goitik behera. Baina harek erakatsi zigunaz zeharo jabetzen, txit zaigu zail; baita matematika-alderdia kontutan ez harturik ere. Eta, ene ustez, denborari buruzko teoria du Einstein-ek denetan harrigarriena.

        Hots, Urrian bertan munduko prentsak jakinarazi duenez, berriz ere beste egiztapen bat egin dute aste hauetan bi fisikarik: Joseph Hafele-k eta Richard Keating-ek. Biak amerikatarrak. Hiru erloju atomikoz baliatuz, eta hegazkin arruntetan Lurrari bira osoa emanez, hiru erlojuon arteko ordu-liferentziak kontrolatu nahi zituzten (erloju bat Washington-en utzi dute geldirik, eta beste biak berekin eraman dituzte ibiltari). Karkulua hertsi-hertsiki egin nahi dutenez gero, ez dakigu oraindik xuxenki eta xehe-xeheki zer aterako duten. Baina, larri-larrian, lehenengo axaleko karkulu bat egin dute iritsita berehala; eta Einstein-en formulek eskatzen zituen «desorduak» atxeman dituzte beren hiru erloju atomikoon artean (0,0000004 segundo, oro har). Berriz ere, beraz, prasiak zuzenetsi du zientzia-teoria; eta Nobel-Sari bikoitza izandakoaren zientzia-zehaztasuna eta ideia-egokitasun apartak berriz agertu dira gailen.

        Lau hamar-miloiren segundu... Zer axola? Ezer ez da!... pentsatu dukezu agian.

        Hots, axola haundia du denbora ezin apurrago horrek, axola ezin haundiagoa. Denbora (eta espazioa) ez bait dira (Einstein-ez gero dakigu) abstrazio bat; ez bait da denboraren joana ustezko fenomeno huts bat, Bergson filosofoarekin izan zuen eztabaida famatuan Einstein-ek argiro erakutsi zuenez; ulerkua edo barne-egitamu edo «Kategoria» huts bat ez delako.

        Denbora eta espazioa elkarri iratxekirik daude, elkarrekin zeharo trabaturik, txanpon baten diametroa eta lodiera berez-ezinak diren bezalatsu. Lilura eta ez-jakintasun hutsa da denbora espaziotik at pentsatu nahi izatea. Nahi hainbat geometria asma dezakete matematikalariek (Euklides-ena eta honen intuizioak barne); baina bakar bat da egiari dagokiona: Einstein-ek erakatsi duena.

        Denboraren isuria, horrela, referentzi-sistemaren araberakoa da; eta denbora-isuri horren abiada edo habaila, neurtzen duen erlojuaren mogimenduak baldindua da, eta aldakorra funtsez.

        B. Russell-ek orain dela 50 urte argiro azaldu zuenez, habaila haunditan, bi misilotan joango bagina geure lagun bat eta gu geroni, nor berean; eta biok espazioan elkar gurutzatuko bagenu, optika-itxurakeriak oro eta karkulu guziak ederki gainditu ondoren, bestearen zigarroa geurea baino polikiago erretzen dela ikusiko genuke, beste misilokoentzako denbora guretzako baino geldiago bait litzan. Eta, alderantziz, beste misiloan letorkeanak, gauza bera pentsatuko luke gure zigarroez. Elkarrekiko bekazkerian haiek eta gu, dio Russell-ek. Eta bidezkoa litzake: ezen geure biziera laburrago bait zaigu guri, geure erlojuetan eta bihotz-taupadetan, bidari denaren biziera baino. Ez da hau itxura-arazo bat: hala da mundua. Ez dago denbora-neurri absoluturik. Eta hauxe egiztatu dute berriz bi fisikariok aste hauetan, Einstein-en teoria bitxiak berriro funtsatuz.

        Baina errelatibotasun hori, Etxebarriak egokiro gogorazten duenez, inertzia-sistema ez diren kasoetan (alegia, habaila aldagabean mogitzen ez direnetan) aldatu egiten da izanaz, eta absolutu bihurtzen. Misilo baten astinaldiak, abiadurek, bihurguneek, geldialdiek, eta, hitz batez, inertzia-sistema ez izateari dagozkion zakarreriek, absolutu egiten dute denbora aldakorraren fenomenoa. 1916-an Einstein-ek bere Errelatibitate Zabaldua presentatu zuenean, beste azalpen sakonago bat eman zion 1905-ez geroztik salatutako fenomenoari.

        Gehien-gehienik denboraren habailaren errelatibotasuna onhartzeko gertu baldin bagaude ere, nekezago zaigu denbora liferente horien sustraia onhartzea. Baina denbora azkarrago joaten zaio geldirik dagoenari, abiaduratan eta geldikadatan astindua dagoenari baino. Isiltasun baketsuan azkarrago doa denboraren jarioa, nahaspila orroatsuan baino! Eta honetan ez dago ene aldetik olerki-nahirik, egia-behar eta fisika-lege huts eta hotza baizik.

        Horregatik Langevin fisikari famatuak asmatu zuen bidari bitxi hura. Eman dezagun, esan zuen Langevin-ek, bidari batek Lurbiratik ihes egin duela misilo batetan, eta ia-ia argiaren habailan egiten duela Kosmoan zehar bidaia luze bat (habaila hori, xuxenki, 15 km/seg. txikiago izango da argiarena baino). Misilo azkar horren bidaia, joan-etorrian, ez da inertziakoa. Eman dezagun orain, zion Langevin'ek, bidari horrek Lurra berriz ikutzen duela, eta bi urte pasarik markatzen diotela misilo-barneko erlojuek (denbora-tarte berbera atxemango ldke bere taupadak neurtuz, eman dezagun). Lurrean ez luke halere bidari harek inor ez ezer ezagutuko, gure Lurbiran (inertzia-sistema) 200 urte igaroak bait lirake. Bidariaren anaiak, eta ilobak berak oro, aspaldidanik lirake hilak eta ahaztuak!!

        Ilargiraino iritsia den Amstrong ospatsua, honengatik, gazteago da gaur (galileotar edo inertzia-sistema ez den Apolo zakar eta azkar batetan gora eta behera luzaz ibilia delako) Lurrean mogitu gabe gelditu izan balitz baino. Honek ez du gaur dudarik.

        Zenbatez gazteago? Ez da gaztetasun-doi hori urtetan neurtu behar, jakina; segundu-milarenetan baizik. Zer da-izan misilo baten habaila, argiarenaren ondoan? Zer dira Apolo-ren 11 km/seg., argiari dagozkion 300.000 km./seg. ondoan? Ezer gutxi. Abiada txiki hauentzako, horrengatik, Einstein-ek erakatsi dituen liferentziak, arrunt txikiak dira; eta «intuizioa» eta zentzua, xuxenak iruditzen zaizkigu: «Zer axola, zahartzeari buruz, hegazkin bat hartzea ala ez hartzea? Zer axola Ilargin bizitzea ala Lurrean? Denbora bat da denontzat».

        Ideia haeuk, ordea, oso zentzudunak izanagatik ere, faltsuak dira osoki. Denbora ez da arimaren ideia bat, fisikazko neurri material bat baizik. Apolo batetan ibili direnak gazteago daude gaur, joan ez direnak baino. Eta Ilargian bizi izanez gero, orduak azkarrago joango lirake Lurrean baino. Grabitazioaren jopu da denbora, aidera haur batek pustarri bat botatzen duenean bezalaxe.

        Baina utz dezadan puntu hau beste baterako; eta mintza bekizkigu orduan astronomilariak.

 

ILARGIAREN ALDERDI LITERARIO BAT
Txillardegi

Zeruko Argia, 1971-X-28
armiarma.eus, 2019