ILARGIAREN ALDERDI LITERARIO BAT
Orixe

Beti dantza (Olerti), 1961
armiarma.eus, 2019

 

Pioner V.a eta ni

 

Zimizten ziztuan

badoa Pioner

mundu berri billa;

artean emen ni,

oiari josirik,

neregan bil-billa.

 

Pioner-ek baiño

asko bizkorrago

dut nik eragiña;

piztu bazan piztu,

etzait atertuko

barrungo irakiña.

 

Goizoroz esnatuz

aurrea artzen diot

nonai dijoala;

zenbat oroitaldi,

ainbat jun-etorri

geldi nagoala.

 

Amairu milla

milloi argi-urte

aldetik aldera;

ontatik, Pioner

zein beian dabillan

kontuak atera.

 

Suziri Pioner,

i baiño geio nauk

egon eta ibil;

nere barrenean

atergabe ari

zaizkidak lau gurpil.

 

Bi txiki, bi aundi,

morroi ta nagusi,

ia alkarren etsai;

amaika burruka

eman oi zigutek!

alkar mendera nai.

 

Batez bat gaztetan!

lau oien ekiña

neurriz doanean,

gaztea gizon duk,

ez zârra bakarrik

zugurtasunean.

 

Lau oien izenak:

adimen, naimen

irudi ta gale;

alkarri zirika,

maitagarri diran

gauza denen zale.

 

Baiña koketatik

atera balediz,

ai zer iskanbilla!

Gaztealdi ua,

neretzat beinik bein,

itzul ez dedilla!

 

Gurpil ortzadunok

alkar artu eta

koketan dirala,

gorputz animetan;

ez degu sumatzen

pakea makala!

 

Ekiñ eta jardun,

ortz oriek noizbait

legunduko dira;

egunen batean

gorputza ta anima

bakanduko gira.

 

Baiña guk ekiñ au

ez degu galduko

erdi au galduta;

beste erdi au bizi

geldituko zaigu

trabak askatuta.

 

Ez ola Pioner.

Egunen batean

eingo du eztanda,

ta, animik ez baitu,

xirtxikatuko da

eguratsak janda.

 

Gorputza piztean,

biok berdin gera

lau doaien bidez

argi eta zailu,

sarkor eta min-sor,

bakandu eziñez.

 

Goga bezain laister

nonai gerta gaite

izarrak zulatuz;

aien igurtziaz,

aien zulatzeaz

miñik eziñ artuz.

 

Eztaiak, eztaiak!

Bildots arenetan

ez da atergunerik,

ez eztaiondorik,

ez atsedeterik,

ez baita nekerik,

 

Atozte guziok,

gizon, emazteki,

erri eta enda,

ospa daigun dantzan

Jainko-Bildotsaren

betiko gurenda.

 

Au da dantza-kanta:

«Gure Jainkoari

bekio onespen

argi ta jakite,

esker on ta dedu,

indar eta kemen,

sekula guzien

sekuletan. Amen». (Apo., XIX)

 

ILARGIAREN ALDERDI LITERARIO BAT
Orixe

Beti dantza (Olerti), 1961
armiarma.eus, 2019