GABRIEL ARESTI HIL ZAIGU
Santi Onaindia

Goiz Argi, 1975, 252. zkia.
armiarma.eus, 2015

 

      Unero jazoa danagatik, latza zaigu heriotza. Orain aita da joan zaiguna, gero bihotzez maite genduan gaztea. Azkar dabil herio, koraina bizkar gain; eta nahinon, segalariak belarra bezela ebaki ohi du kupida gabe. Edu hortan eraman digu G. Aresti, gazte oraindik, ametsez betea zebilela. Lizardi hil zanean esan nuena diot orain ere: «Euskal idazle zale degu heriotza».

      Zapuri gordinez minetan zegoen baten, honela garrasi egin zuen Arestik:

 

Maitea, non zaude?

Negar egin dute larrosek, ez barre.

Bestea da beste.

 

      Guk ere, gaur hi hilik ikustean, olerkari gaixo!, begian bi malko, berdintsu degu oihukatzen: «Aresti, non zaude? Espirituzko erreinu hortan, zer berri? Ba ote dezute, euskal poetok, gaiezko erreinu hontan oraindik gaudenon ardura, leba eta axolarik? Hur ala urruti zaude? Gure antsirik aditzen? Hirea dek hau: «Bizirik ez duena ezin liteke hil». Egia! Biziak hilten dituk soilki, hilak ez! Hi bizi hintzan, guraso bezela, idazle bezela. Orain utzia dek heure guraso ardura: emaztea eta seme-alabak negarrez dituk, atsekabez beteak. Idazle bezela, hutsune itzala utzi diguk euskal zelaian. Nork beteko ote hire lekua? «Betoz idazleak, euskal idazle jatorrak» hots zolitan diogu; baina noizka bakarrik agertzen dituk hi lango poetak, kezkaz eta barne-zirraraz hornituak. Hi joana haizelako, gure eiagora hodeietan diabilk.

      Hi poeta hintzan, ez olerkari. Olerkariak, beren bidez jardunik, bitxi eta apainduraz aseak dituk, Lizardi zanaren antzera. Euskal poetek berriz, gaurko modara, zakar hitz egiten dute, lo daudenak esnatzeko eran. Seiko onek adierazten digu nahikoa argi hire neurtitz-lana. Behinola hik:

 

Negu beltzeko gauetan

ez da agertzen izarrik.

Porru gizenak iruntsi

litzake edozein zerrik.

Horregatikan morroiak

geratzen dira itzarrik.

 

      Ulertzen? Orixe dezu Arestiren poesia. Irudimen bizia, gure bertsolarien pareko. Haririk gabeko lana: zirrara, printza, dizdizera, ideia askeak, Picassoren margo-laukiak bezela.

      Gizona ikusten zuen Arestik harro eta gezurti, gizarteak ditun zauri eta kezka artean murgildu gabea: gizona gizonarentzat otso. Honek lehertzen zion bihotza. Gizonak ez du hurkoa maite, gizonak ez ditu bere lur, ohitura, lege eta fedea aintzat begiratzen; axola gabe bizi da, bere berekoikerian itsu eta itoa. Gizon, gizon! Noiz haiz iratzartuko? Hau ikusirik, hainbat gazte atsekabez, bihotz-esturaz, larri eta axanpa gorritan bizi zaizkigu.

      Horietakoa genduan Aresti. Nik, igarotako apirilaren 17an ikusi nuen azkenez. Euskal literaturari buruzko hitzaldi bat izan nuen Deustuko Unibersitatean, gaueko zortzietan. Han zan entzule Aresti ere. Ni ikastetxeko ateetara orduko hurreratu zitzaidan maitekor eta adeitsu, beste ikasle gazte askoren artean. Luze mintzatu ginan, taldean eta bakarka; euskera zan —nola ez?— gure mintzagaia. Euskerari buruz zituen min eta kezkak azaltzeko beti zegoen gertu; hortara ezkero, ba, zoli erabili ohi zuen mingaina.

      Ezagun zituen aurpegian gaixoak egin-urratsak. Ean eta izan zan haize egoki bila, osasun bila, baina ez zeukan osabiderik. Ez zuen nahi hiltzerik hala ere, maite baitzituen bereak eta euskera.

 

      Barnean daramagun arimak, goi arnasak, egiazki indartzen du gure gorputza. Baina arima, hau edo horigatik, ahuldu bazaigu, ez da gai gorputzari kemen berririk emateko. Gizona horren setati ikusirik, asko sufritu zuen Arestik, lehendik zeukan fedea  moteltzeraino sufritu ere. Honela zioan:

 

Nire gorputza eta odol berotsua...

Hezur batzuk oraindik... Ez baitzen nahikoa!

Hau da gizonakandik dakardan kontua.

Gizateria izan dadin salbatua.

 

      Gizona, iluna da nonbait:

 

Haragidun gizona benetan da tristea.

Ez dauka batere

egiazko fede

edo karitate:

guztia da atzipe.

 

      Poeta zan Aresti, nortasun haundikoa. Euskal poesia izarretaraino jaso nahiez ibili zan. Nik Olerti argitaratzeko asmoa adierazi nionean, idatzi zidan: «Gaur eguerdian topatu dot etxean berorren kartea, eta pozez beterik geratu naz. Orain arte ez dot berorren beharra begi onakaz ikusi; baina asmo hau kontsideratu ezkero, bihotzetikan deadar azkar batek urtetan deust: Biba Aita Onaindia! Bai, ondo ikusten dot berorren asmoa eta ene laguntasunik haundiena eta iraunkorrena eskinduten deutsat, amai on eta zoriontsu batera eroateko. Nire lanak, nire poesiarik sentiduenak, eta baita euskal eta extranjeriko poesiaren ganeko irizpideak, kritikak eta estudioak bialduko deutsudaz. Entsegida parauko naz beharrean: nire poesietatik batzuk aukeratuko ditudaz: Baudelaire, Rilke, Whitman, T. S. Eliot eta Salinas estudiatuko ditut. Berorrek publiketan badeustaz, zeruraino behar egingo dot. Itzulpenak bere egingo ditut».

      Olerkariok izan ere maite zituen Arestik, T. S. Eliot bereziki; atsegin zitzaion, agiri danez, haren olerkera. Eliotek gaur, ingelesez mintzatzen diran eskualde guztietan, kritikalari eta poeta bezela, indar haundia du; honen Four Quartets, 1944an argitaratua, bigarren gudaondoko olerki libururik ederrenetarikoa degu. Bi guda latz arteako olerkari, gaztetan burrukalari eta urteetan aurreratuz zihoala ere berdin; sinbolo eta irudikizun ausartak, bizi eta indartsuak erabili ohi zituen. Haren koplak lehenengoz irakurtzen ditunari oso ilun eta nahasiak iruditzen zaizkio. Olerkari eta pentsalari da; eguneroko gauzak, begiz eta gogoz ikusiak, lerro estu barruan ertsitzeak beti dakar goibeltasuna. Hitz lauz errezago degu hortan jardutzea. Olerkariaren bihotz-zirrarak esperientzia batetik sortu ohi dira, egun eder bat ikusiz, jazokun bat, zoritxar bat; baita metafisikazko auzi edo ebazkizun bati lotuaz ere. Zer ikusten du Eliotek Tamesis ibaian? Bonbil utsak, zigarro-mozkinak, ohol eta mahai herdoituak, kartoi kutxak, belar-apakinak, kolorezko ingi puskak, ogibitarte erdi janak... Sinboloak dira hauek, etxe, ohitura, gizaseme eta holako erori eta zarpailduak adierazteko.

      Ondorioz, Eliot eta Arestiren artean badegu antzik. Gizadiaren beherantzekoa abestu zuen Eliotek; Arestik euskal herriaren zoritxarra, Maldan behera deritzan poeman batez ere. Bakarrizketa du gogoko Arestik, bere barneak sortu dituen gauzak aditzen emateko. Kantu garaikor antzera ez digu inoiz abestu Arestik, kezka sorta oinazez, burumakur dabilenaren irudiko, barne-ontzia hustu baizik.

      Poeta degu Aresti. Baina nolakoa? Askok jakin nahiko du hau, ez da halan? Goizegi da oraindik hitz biribil batez erantzuna emateko. Nik gaur hauxe esan dezaket bakar-bakarrik: bere adiskide minak —nahikoak izan ditu— izarretaraino jaso dutela; haren etsaiak, ordea —bazituen etsaiak ere, eta nork ez?—, ez zioten holako garrantzirik eman gura. Behin, Euskal Harria argitara zuenean, nik, beste lagun batekin egurastera irtenik, arratsalde osoa eman nuen liburu hori irakurtzen pasarte asko alkarrekin eztabaidaturik. Azkenez bota zidan: «Baina, hau al dezu olerkia?» Nik jardetsi: «Olerkia, beharbada, ez, baina gaurko poesia, bai». Neretzat halere poeta gailena da Aresti. Eliotez behinola hau esan zuten: «Poeta haundi bat ote degu, ala poeta minor haundi bat?». Berdintsu esan dezakegu Arestiz ere.

      Ertz asko dauzka Arestik, oso interesgarriak, gizon bezela, poeta bezela, teatrogile bezela, euskaltzale bezela... Ertz guztiok aztertu eta ikasi ondoren, G. Arestiren gizantza poliki osatu dezakegu. Egingo al degu bare-bare, eta zentzuki.

 

GABRIEL ARESTI HIL ZAIGU
Santi Onaindia

Goiz Argi, 1975, 252. zkia.
armiarma.eus, 2015