GABRIEL ARESTI HIL ZAIGU
Matauko

Hitz, 1975-08-04
armiarma.eus, 2015

 

      Hitz-en polemika bat zegoenean Arestiri buruz, bera joan zaigu. Irakurleek badakite lehenengo zenbakian Harriagak idatzi zuela artikulu bat Arestiren Hiztegi Ttipia kritikatzeko. Gauza batzuengatik, Xabier Armendaritzek erantzun zion Harriagari hirugarren zenbakian, eta dakigunez, Arestik nahi zuen berak erantzun.

      Polemika bazter utzirik, dudarik gabe, Euskal Poeta bat hil da. Eta poeta izanez, horrek esan nahi du gaurko egunean, batez ere Euskadin, borrokalari bat hil dela. Zelaiak esaten duen bezala: “Poesia da etorkizunaren arma kargatu bat”. Eta Arestiren poesiak etorkizunari begiratzen zion, Euskal Herriko etorkizunari.

      Ni gogoratzen naiz poesia hasi zitzaidala gustatzen haren Harri eta Herri liburua irakurri nuenean. Orduan konprenitu nuen Herriak behar dituela era askotariko armak bere eskubideak defenditzeko. Arestik hartu zuen bere arma euskal herriaren egoera azaltzeko. Eta esan behar dugu, nahiz eta ados ez egon beharbada berarekin beste mailetan, lana egin duela.   Nik pentsatzen dut batez ere “Nire aitaren etxea” deitzen den haren olerkia irakurri nuenean, neure buruari esan nion Arestiren aitaren etxean euskaldunok sartu behar genukeela hobeto  konprenitzeko gure Herriaren egoera. Arestiren aitaren etxea ene etxea behintzat da.

 

GABRIEL ARESTI HIL ZAIGU
Matauko

Hitz, 1975-08-04
armiarma.eus, 2015