GABRIEL ARESTI HIL ZAIKU
Piarres Laffite

Herria, 1975-06-19
armiarma.eus, 2015

 

      41 urtetan itzali da Gabriel Aresti euskalzale famatua, duela zortzi bat egun. Bilboko ospitalean operatua izan zen berriki, zenbait urte huntan jaten ari zitzaion gaitz batetik, bainan medikuek ezinik ezin egin. Zer pena haren andre eta haurrentzat !

      Bainan pena handia da ere euskal literaturarentzat. Gazte-gazterik, 21 urtetan hasi zen Euzko gogoa-n euskaraz izkiriatzen. Eta geroztik olerki, prosa, hiztegi, polemika, teatro, gramatika-lan, zeri ez da lotu, dena kar eta tema, kexu eta bortitz aire batekin, gogoa beti ala, deusek ez ziola mugatzen. Bere hartarik ez zen aise kantitzen, bere buruaz bertze gauza gutitan baizik ez baitzuen sineste osorik.

      Euskarari bai errotik atxikia zen, eta bereziki Lapurdiko gure autore xaharrak miresten zituen, oroz gainetik Leizarraga eta Axular.

      Asko aldizkaritan izkiriatu du, bainan liburu andana bat ere jalgi dira haren lumatik. Bertzeak bertze: Maldan behera, Harri eta herri, Mailu batekin, Euskal harria, Harrizko herri hau, 14 Alegia, Hiztegi tipia dena euskaraz ere hasia zuen eta lehen atala argitaratu. Teatroak zor diozka: Mugaldeko herrian eginikako tobera, Etxe aberatseko seme galdua eta Maria Madalenaren seme saindua, Eta gure heriotzeko orduan, Justizia txistulari, Beste mundukoak eta zoro bat, Mundu-munduan, Xixtima zoriontsu bat.

      Seguraz ere euskal literaturan obra nasai eta harrigarri horrek izanen du aipaldi.

Anartean guk egin dezagun otoitz bat bai Gabriel zenarentzat bai haren etxekoentzat.

 

GABRIEL ARESTI HIL ZAIKU
Piarres Laffite

Herria, 1975-06-19
armiarma.eus, 2015