GABRIEL ARESTI HIL DA
Amatiņo

Zeruko Argia, 1975-06-15
armiarma.eus, 2015

 

      Aste hondarrean, horra azken berria: Gabriel Aresti hil da. Ustekabean ezik, gera ezinezko abiada larrian, Gabriel Aresti hil egin da, hainbat urtetako gaixoaldiaren ondotik. Bilboko Basurto ospitalean operatu berria —“Portocaba” bat egin zioten— eta medikuek ziotenez aurreraturik zuen bere gaitza.

      Notizia hedatua zen zenbait egun lehenago: Gabriel hilzorian da, badoakigu. Eta joan zaigu, bai, baina ez gara orain haren “curriculuma” egiten hasiko. Bere obra eta eragina hor dago, hogei urte eskasean egindako obra baliagarria, hain zuzen.

      Ni neu ZERUKO ARGIA honetan esana naiz, Aresti “jenio” bat zela, bai eta “Enfant terrible” delako bat ere. Bi zentzu hoien tirabiran bizi zen Aresti, bere jenialidade apartak eta laprastada sonatuak barru.

      Agure zahar bati entzun nion behin, haurrak eta nagusiak berdinak garela, baita berdin pentsatzen dugula ere. Diferentzia batez, hala ere, haurrek pentsatzen duten guztia esaten dutela, eta nagusiak, ordea, isiltzen ikasi dutela. Arestik ez zuen, nonbait, nagusien faltsukeria hori erabat ikasi.

      Dakidanez, Gabriel Arestik idazlanen bat utzi bide du, ohi zuenez eskuz idatzirik gainera. Euskaldungoari buruzko iritzi batzuk omen dira, bere heriotzarekin batera berbaliotzen diren iritziak, hain zuzen.

      Kolore batez zein bestez, Gabriel Arestik ideiak zituen. Euskal Herrian, beste edozenbat gauzaren artean, falta zaiguna alegia.

 

GABRIEL ARESTI HIL DA
Amatiņo

Zeruko Argia, 1975-06-15
armiarma.eus, 2015