GABRIEL ARESTIREN HERIOTZEAN
Xabier Lete

Zeruko Argia, 1975-06-15
armiarma.eus, 2015

 

      Jaiotzen denez gero, gizonak bizia zor du, eta herio errukigabeak txartela pasatzen duenean, ez dago nora jotzerik.

      Poesia egiten dugunean, edo filosofatzearen banalkerietan, azken orduaren zera hori belar mikatz-gozo baten gisan dasta ohi dugu... baina garaia etortzean errealitate gordinaren aurpegiak bihotza izozten digu, eta nola.

      Gabriel Aresti hil egin da. Egunen batean argitu behar genuen hainbat gauza, eztabaidatu behar genuen hainbat arazo, gainditzen saiatu behar ginen mila kontradizio, lurrak eraman ditu.

      Aresti oraindik gazte zen, giron gaztea, berrogeita bat urte, eta nahiz gaixorik zegoela jakin, inork ez zuen hain azkar itzaliko zenik uste.

      Etsai gorrotagarri bat hiltzen delarik, poza sentitu ohi dugu; lagun maite bat hiltzen delarik, pena; lagunetarako jaio eta bizitza latzaren halabeharrez gugandik gero eta urrunagotzen ikusi dugun pertsona bat hiltzen denean, ordea, sentimendu eta arrazoiaren nahasmendu eta kontradiziotan trabatuta nabaritu ohi dugu gure burua.

      Neretzat, Harri eta Herri irakurtzea deskubrimendu garrantzitsu bat izan zen, Txillardegiren Peru Leartzako izan zen bezelaxe. Gauzak argi. Batak poesian eta besteak prosan, euskal mintzairaren indarra eta espresibitate berri baten ahalmena, problematika sozial-esistentzial baten ildotik deskubrierazi zizkidaten, eta, besteak beste, deskubrimendu horri esker euskalzaletu nintzen, han hemeretzi-hogei urteko inguru hartan.

      Handik laister, euskal antzerkiari buruz Eibarren egin zen bilera batean, pertsonalki ezagutu nuen Gabriel. Egia esan, hasieran ez zitzaidan gustatu: bere iritzi, keinu eta jarrera pertsonaletan, egosgogor eta estremista iruditu zitzaidan. Ni gaztetxo harroxka eta era berean timido bat nintzen, eta goitik behera begiratzen ginduzan «literato» haren aldamenean ezin nintzen gustora sentittu.

      Baina hilabete batzutara, Zeruko Argia-n idatzi nttuen lehen artikuluen ondoren bere eskutitz bat jaso nuen; zorionak ematen zizkidan, eta idazten jarraitzera animatzen ninduen. Eskutitz hari nik eginiko erantzuna sutsua izan zen; Harri eta Herri-k sorturiko emozioa aitortzen nion, eta bere zordun deklaratzen nintzen. Gabrielek geroztik askotan aipatu izan du nere eskutitz hura.

      Harrezkero, eta urte batzutan, oso lagun izan ginen. Nik irabazitako bi lehen poesi-sariketetan (Agora sariak) epaimahaiko izan zen. Bestalde, bere Justizia Txistulari teatro lana Oiartzunen 1965 urtearen abenduan estrenatu genuen. Estreno apal eta nahiko injenuo bat izan zen, oso dekorazio txar batzuekin... Gabriel bere emazte Melirekin han zen, Oiartzunen. Hamar urte besterik ez da, eta hainbeste dirudi.

      Gero, poliki-poliki, gure adiskidetasuna hozten joan zen, eta gutxi gorabehera mundu guztiak daki zergatik, edo dakiela uste du. Baina neri hausketa hura, pertsonal maila batetan, beti mingarri eta absurdo iruditu zait, eta berari ere bai, ziur asko.

      Arazo horri buruz, eta gezurra badirudi ere, berak baino argiago ikusi nituen gauzak, aspalditik, eta gure adiskidetasuna puskatzera bortxatuak izatearen arriskua beste eskutitz baten bidez orain zazpi urte era nahiko dramatiko batean adierazi nion. Berak, beste zirkunstantzia batzuk zirela bitarteko, gaizki ulertu zidan, eta susmo txar batzuk izan zituen, baina geroago problemaren kakoa zertan zetzan argi ikusi zuenean, lagun izaten jarraitu genuen... baina zailtasun haundien erdian.

      Orain bosten bat urte egin genien Bilboko beren etxera azken bisita, eta gau eder bat pasa genuen, adiskidetasun onean. Baina gau hura azkena izan zen. Giro ukakor batek berezi egiten ginduen. Arestik bere ideiak zituen, bere hutsegiteak, bere tenperamendua, bere egozentrismo injenuo hori... Eta nik nere gauzak izango nituen, nola ez: nere ideiak, esker txar puska bat, lagun batetaz arreta gutxiegi edo, etabar.

      Baina guzti hoien gainetik, gure herriaren egoeraren une kritiko bat zegoen, eta une kritiko horrek, ideia, jarrera, aukera, iritzi eta erabakien polarizatzera bultza ginduen. Problema latz batzuek krisis egin zuten (denok azken urte hauetan ikusi dugunez), eta krisisari erantzun beharrak bakoitza bere postura batzutan ahalik eta sendoen afirmatzera eraman zuen.

      Ni ez naiz hasiko Arestiri buruzko burruketan gauzak horrela izan behar zuten edo ez esaten. Gainera, orain guztiz alferrik da.

      Aresti, bere herriari gizatasun eta justizia-giro ideal bat esijitzeko pundura iritxia zen. Horrela, etsaiak maizegi barruan aurkitu nahi zituen, traidore, ustel, burges eta tripaundi akomodatuak. Bere euskaltasunak bi muga zituela askotan esan eta idatzi ohi zidan: egia eta justizia. Eta nik, Euskal Herri utopikorik ez esijitzeko esaten nion, egia eta justizia ez baitira absoluto bat munduan inun, egunero egiten eta bilatzen joan behar diren giza-bizitzaren arau-oiñarri idealak baizik... eta hori herri bakoitzaren baldintzapen berezien azpian, gusta ala ez.

      Barruko gauza askori buruz erretzen hasia zen aspalditik, eta, nere ustez, bere sentimenduei poeta eta horrelakook ezarri ohi diegun teatralitate puska bat erasten zien. Gero, burruka irekia hasi zenean eta bere burua maiz aipatua ikusi zuenean, eta ez beti onerako, oraindik gehiago erre zen.

      Gure azken urte hauetako ideien eta iritzien gerra hortan, neurriz kanpoko agresio, gogorkeria eta itsumen asko izan da; beste egoera lasaiago eta politiko aldetik zabal-demokratikoago batetan parlamentu bateko eskail-maila, edo ongi hornituriko mahai baten inguruan egin behar zen eztabaida asko, astekari, aldizkari, panfleto eta ahoz ahoko espresio-bide kriptiko hoien bidez eraman izan ohi da aurrera, egiaren, argitasunaren eta gizalegearen kaltetan.

      Bateon batek, Aresti deabru bat zela esaten jarraituko du. Beste norbaitzuek, santu bihurtu nahiko dute. Esan beharrik ez dago Aresti ez zela ez bata ta ez bestea, hezur eta haragizko gizon kontradiktorio bat baizik. Gizon ona zela ziur nago, eta funtsez bihotz-zabala. Euskal Herriari buruzko politik-kultur arazoetan zuzen ala oker ote zegoen besterik da; baina une hontan horri bueltak ematen jardutzea alferriko ezik krudel eta injusto litzake.

      Gure eztabaida mixerableak heriotzak ederki epaitzen ditu, eta ahoa lurrez betetzen zaigun pundutik aurrera, gutxi gorabebera, denok dugu arrazoi.

      Aresti euskal poeta eta idazle garrantzitsua izan da, hortaz ez dago zalantzarik; gizon eztabaidatua ere izan da, eta bere nortasunaren alde kontradiktorio eta argi-itzaltsu hoiek, nik nahi ala ez, eztabaidatuak izaten jarraituko dute.

      Baiña nik gaur tristura haundi batekin lagun bat agurtu baizik ez dut egin nahi, bidaia luze

 eta definitibo horretara den une hortan bihotzez ondoan egon, lur maiteko atsedena desiratuz.

      Gabriel Aresti, lagun, zurekin bedi hildakoen bakea.

 

GABRIEL ARESTIREN HERIOTZEAN
Xabier Lete

Zeruko Argia, 1975-06-15
armiarma.eus, 2015