ABD EL KADER Abdaka deitu hinduen amak eta alde guztietara aldarrikatu dik “nire arrano harra haiz! ezinago gora igoko haiz! Aldjezairiak ez hau inoiz ahaztuko”.
Abdaka, begira mendira!
Mendia duk arrano handientzat Gorago, garaiago hobe, Eta hiri Ez zaik komeni izanen zelaia
Abdaka, egon mendian!
Aitak dik Altzairuzko zif zastakaia Zif makurraren, Zif zorrotzaren erabiltzen irakatsi. Aitak, Muhi Ed Din El Hasanik, dik erakutsi zaldian itzegotzen, zaldiarekin erasotzen, zaldian aldegiten, hobeki itzuli eta bihurtzeko.
Abd El Gadir Ben Xeikh el Kebir
Ondotik ere ikasi duk esku bataz mukalarekin tiratzen. Tiro ondoren zaldiaren almekan gordetzen.
Abdaka, badakik gudukan.
Kadaritarren zawiyan eduki huen hire lehen maite mina, orduan huen Islamaren argi bizia eta hire biziko egarria eta gudu sukarra ezagutu. Jainkoa ikusten Jainkoa goratzen ikasi huen.
Abd El Kader enta Zif Ed Din Abd El Kader Sinestearen Sastakaia haiz.
Besterik ezaguturik, besterik ikasirik zelaira jaitsi eta maitea ediren. “Abdaka, arranoa! ez hadila zelaian bizi!” hala esan dik maiteak.
“Ez hadila lotan nire besoetan egon!” hala zion hain maiteko huen hire andre beltzaranak.
Abdaka, utzak zelaia Habil mendira!
Eta berriz erran dik: “Abd El Kader, etsaiak zelaian nasaiki hurbiltzen zaizkigu, gizonak non nahi hiltzen edo erosten, lurrak lapurtzen”.
“Bai frantses faltsu horiek dirua, urrea zeukatek, arma hoberenak zeuzkatek. Beren ustekeriez ustelduko gaituzte, beste hauturik gabe, kristautuko. Turko Korugli ergelak Horien garaitzeko gai ez dituk izan, Baina hik barrengo suarekin Garaituko dituk.”
Abdaka, jeiki hadi! Abdaka, habil gudukara!
Bi lagunek, hamar lagunek ehun lagunek hamar mila mudjahidek Said Abd El Kader emira leialki hire deiari erantzun: Djihad! Djihad! Kanpora Rumi kristauak! Ken hemendik ustelak!
Abdaka El Kebir! Allah Akbar!
Behin goitu Baina ez osoki garaitu, Mendebaldeko mendietan Aurkitu baituk herri auzoan ostatu eta berriz Marokoa lagun Aljeria osoaz jabetu. Eta frantsesek hire nagusitasuna behin behin ezagutu.
Baina frantses errege maltzurrak Hire herriaz jabetzea Erabaki zuan Eta hitzarmen guztien hitza jan mila zortziehun eta berrogeian itsasotik, lehorretik hire herri maitea eraso.
Arrano, gerta hadi mendietan Arrano, bil itzak zaldunak
Ondikotz! ordekan hengoen Ordoki madarikatuan, hire lagunekin, gure gudariekin emazte eta haur smalan bildu hintuen, Zorigaitzez!
Harrotu-eta ahaztu zaik haur eta emakume hauk hire galera izan zitezkeela: Hala zelai zabalean garaitu haute hire onak eta jendeak hartu.
Abdaka, zeren menditik irten hintzen? Abd El Kader, mendian egon behar huen.
Gero Marokotik itzulian, Dahra mendietan gaindi, mendi gainetik tarteka jaitsiz, arrano gisa erre hintuen Rumiek eraiki muruak, Rumi deabruek egin etxeak.
Kabiliar laborariek Taogriten, Ain Serdunen, Ain Meranen hazi haute. Arabiar artzainek Sidi Musan Sidi Aisan, Harzuloetan arrano habiak egin. Baina arranoari Hegalak gogortu Eta nekez hegaldatu Sidi Brahimen irabazi Baina Sidi Musako gainean haute goitu.
Abd El Kader, Odolak odola dakar.
Hik Allahren izenean menpe herria altxatu Frantsesak izutu, Berberoak atzeratu, Eta Maroko, Islin garaituak, utzi hau. Lehoi baten gisa Alde orotarik ohildu.
Allah-ren egia ez huen gudukan aurkitu, Abdaka, liburuetan zegoen eta hire buruan.
Erbestera baino lehen Hire burua Rumiei eman huen. Beste etorkizunik bahuen. Turkiara joan hintzen, aske Lurrean huena galdu zeruan huen bilatu: erbestean.
Jainkoren maitez amildu eta Sirian Sufien erdian idazkien artean bakea heldu.
Baina andre beltzaranak arranokume gaitza sortu: Abd el Malek, gudari semea, eta haren ondoko Khaled emira buruzagia. Abd El Kader, ez duk galdu hire borrokari hazia!
Aintza hiri betirako Hire aberriaren aita Abd El Kader! errege baino gehiago Emira!
Nor izan zen Abd El Kader?
Abd El Kader-ek lehen aljeriar Estatu musulmana eraiki zuen, turkiar otomanoek baino hobeki antolatua. Lehenbizikorik erlijio gizona zelako eta Kadaria sinesteko zawiya (komentu) batean hezia izanik, Aljeriaren eraikitze hura Jainkoaren eginkizun bezala eraman zuen. Maskara hiritik hurbil dagoen Getna hirian 1808an sortu zen. Sinesleen emira izendatu zutenean, 1832an Aljer hiriaz jabetu berri ziren frantsesen aurkako guduan sartu zen. Hamabost urtez mendebaldeko Aljeriako errege bezala aritu zen eta gudukatuz azkenean ia herri gehienaz jabetu. Frantsesek 1835 eta 1837an haren agintea ezagutu zuten. Berehalaxe gudaroste modernoa antolatu zuen. Eraiki zuen Estatuan islamak eta feudo jaunek agintzen zuten, baina ez zen ez berbereei, ez eta gudari jauntxoei gehiegi gogoko. Frantziak Louis Philippe errege zelarik 1840an erabaki zuen Aljeria guztiaz jabetzea eta frantsesek Abd El Kader-ekin izenpetu hitzarmen guztiak hautsi zituzten. Ordoki batean garaitua izan zen, haren smala, andere haur eta zerbitzariekin hartua izan zen. Marokora alde egin zuen, berriz itzultzeko eta Mendebaldeko mendietan Dahran, Xelifen eta Uarsenisen borrokatu, Sidi Brahimen ere gudua irabazi zuen, baina 1844an Isly-n marokoar sultanaren gudarostea garaitua izan zenean, auzoaren laguntza galdu zuen. Azkenean ezinez 1847an bere burua frantsesei eman zuen baina frantses erregeak, errespetu gehiegi gabe, bost urterako espetxean sartu. Napoleon III.ak, gizon horren kemenaz miretsirik, askatu zuen eta orduan lehenik Turkiara, gero Siriara joan zen bere hasierako lehenbiziko maitemina, mistika ikertzeko, bizitzeko eta gai horretaz liburuen idazteko. Sirian zegoela eta hiltzetik milaka kristau salbatu zituelako Frantziak kondekoratu zuen. Damaskon hil zen 1883an. Bere aberriari estatugai baten hazia utzi zion, baita hamaika mistika liburuan oraintxe osoki argitaratzen dituztenak eta Aljeriako Martirien Hilerrira itzuli zen Aljeriaren aita izan zen gudari handi hori. Horregatik 1983an haren hiltzearen ehungarren urtean euskarazko olerki hau idatzi nion, baina aurten, garai hobea izanen duelakoan frantsesezko eta gaztelaniazko itzulpenarekin emanen dut.
ABD EL KADER |