BI BURU ETA BI ABURU (ZAKUR, OTSO ETA AZERI)
Lino Akesolo

El Diario Vasco, 1974, 12.322.zenb
Berriketari izenpean.
armiarma.eus, 2016

 

      Azken hilabete hauetan, zakurrak eta otsoak ez dute atera hotsik gutxi. Guztien ahotan ibili dira Galiziatik hasi eta Nafarroaraino. Zakurrak dirala, otsoak dirala, Portugaleko Polizia izanarenak (PIDErenak) dirala eta ez dirala, egia da gutxitan bezelako triskantza eta sarraskiak egin dituztela bazterretan. Hizpidea ugari eman diete egunkari eta berrizaleai.

      Nik hemen dakarzkidanak ez dira berdinak; ez diete egunkariai horrenbesteko esatekorik eman. Euskal Herrian salatu edo aipatu izan diran beste zakur eta abere batzuk dira. Eta ez edozeinen ahoz aipatuak, horraitio, Euskaltzaindiaren buru egiten duanaren ahoz baizik.

      Lehengo batez ikusi genduen Aita Villasanteren aburua: euskerak eskolak behar ditu. Badakigu zertarako ere: Voltaire, Marx eta abar, oraintsu euskera antzeko batera itzuli dituztenen euskera dalakoa ikasteko. Baina eskolez gainera, besterik ere behar omen degu. Zer eta zakurrak, watch-dog diralakoak. Hala idatzi du Robinson gazetalariak, Villasante'ren izenean. Gazetalari adar-jotzaile honek ez du, dirudianez, giltzik ikutu gabe utzi nahi, aita frantziskotarra beldurgarri egiteko. Zakurrik gabe ez omen dago euskerari bizirik eutsierazterik. Holako zakurrik gabez, euskera hondatuz omen dihoa, euskalkitan zatituz, euskalgaizto bihurtuz eta, belaunez belaun, galduz eta ahaztuz. Hau zorigaitza! Zorioneko zakurrak, zakur salbatzaile horiek! Zein diran asmatzen ez dago burua asko hautsi beharrik: Villasante bezelako euskaltzainak, eskubide guzien jabe, nahi dutena lege egin eta aginpidez ezartzeko. Eskubide bat behintzat ez diogu ukatu beharko: bere burua zakur egiteko eskubidea.

      Norbaitzuei begiko zaie, itxura danez, Oñatiko artzain-zakurren txapelketan ikusia, hango zakurren egiteko bat: ardiak hesi estu batean ate estu batetik barna sartzea. Berdin egin nahi dute euskeraren alorrean: euskaldunok, zakur batzuen laguntzaz, beren hesien barruan sartu eta eduki.

      Halabeharrez, ez zaie hori beren buruai lotsa hobea dieten askori adina begiko egingo. Ez dute hain errez beren burua ez zakur ez ardi eginik ikustea edertzat hartuko. Hala ere, Aita Villasantek ez du argiegi adierazi bere gogoa. Guk behintzat ez diogu ongi ulertzen zer esan nahi duan. Euskaldunak, ate-zakurrik edo artzain-zakurrik ezaz, mutu izatera iristen ete dira, bada? Horrela ulertzen duala dirudi Aita honek euskararen galdumendirako bidea: Euskalki, euskalgaizto, eta azkenez, hutsa, mutu gelditzea, abereak bezela edo... Abere mutu bihurtzen dira, nonbait, euskera galtzen duten euskaldunak.

      Ez da hori, ez, egiazko bidea. Euskeraren hondamendirako bidea ez da, ez, euskalkietatik euskalgaiztora eta gero hutserakoa; euskeratik, euskera utzita, erderarakoa baizik. Euskera galdu dutenak ez dira mutu gelditzen, erdaldun eta erdara-egile baizik. Euskera ez da hiltzen euskalki ez euskalgaizto bihurtuz (orain arte euskalkietan bakarrik bizi izan da euskera), erderari leku emanez, erderaren batera joz baizik. Zakurrekin eta zakurrik gabe. Hau ere oraiterazi behar ote genduan? Eta diralako zakurren lana, guztiak hesi baten barruan sartu beharra kaltegarri bihur daiteke, euskera biziaren hilgarri.

      Hola ikusi zuan beste euskaltzain batek, Villasante baiño irudimen argiago eta biziagoko batek: Azkue zanak. Ipuin batekin agertu zuan Azkuek bere beldurra: batasuna arinegi, itsumustuan, zalapartaka, indarka, iraulketaz, aginpideren indarrez egin nahiez, ez ote zan euskeraren bizia lehenago eta gain-beherago joango.

      Ipuina Frantzian irakurri omen zuan.

      «Zelai idor elkor baten ahate-taldea omen zegoen gosez, krok batak eta krok besteak, zer jan ez zutela. Hegazti haietako batek, bere urdail hustua betetzeko, grauskada eman omen zion hurren zuenari, eta hezur eta mami irentsi zuen. Hori ikusita, beste guztiak elkar jaten hasi omen ziran. Lumaz ihaurria, estalia, gelditu zan laster zelaia. Hegaztirik, bi baizik ez, gizen-gizen biak. Horiek ere, mokokaldi gogorra egin eta gero, batak bestea barrenean sartuz, taldeko lagun guztien haragiak urdail bakar batean kokatu ziran».

      Horra ipuin laburra (hortik omen dator frantsesak gezurrari canard (ahate), esatea). Eta Azkuek honela ematen dio azkena ipuin horri:

      «Nik irakurri nuen ipuinak ez zuen esaten han inguruan otso eta azeri goserik zelatan ote zegoen. Izan balitz, ez zan ahaterik han batere bizirik geldituko. Hegazti mordo osoa inguruko oihanera joango zan, otso-azerien sabelera».

      Azkue zanarentzat ahate talde hori bezelakoa da gure euskera, «Eta, ai! beronen inguruan otsoa eta azeria bizi dira. Beldur naiz, sarrakioa erraietaraino sartua daukat, alkar jan eta bat gelditu baino lehenago, ez ote dituzten otsoak eta azeriek, Frantziako eta Espainiako hizkerek, gure euskalkitxo guzti hauek irentsiko».

      Ez al daukagu hemen Villasanteren hitz lorrinetan baino argiago eta sustraitikago azalduta euskeraren egoera eta zoritxarra? Grezian, esaterako, gerkera klasikoak oraingo gerkerari eman dio leku, beste herri askotan erdera zaharrak erdera berriagoari; gure artean, berriz, euskerak erderari. Azkuek ez zuen ametsik egiten. Bazekian gure gaitzaren berri. Gaitz hori sendatzeko ahaleginik egin gabe ez zan gelditu. Sendo zirauan euskalki bat nahi zuen oinarri hartu. Beste hizkuntza batzuetan egin zuten bezela. Errezegi esaten dute batzuek ez zuela harrera onik izan. Hori esaten duten askok eskubiderik gutxien daukate hola mintzatzeko. Zergatik nahi dute beren bidea, beren euskalki berria zinez, ate-zakurrez eta kale-zakurrez sendotu eta jarrierazi? Azkuek ez zuan inolazko indarkeriara jo. Gizonago jokatu zuen. Gizonago eta zuhurrago, zentzu gehiagoz, gizabide eta jakintzabide hobetik, bere hutsak eta guzti. Ez zitzaion ate-zakurrik eskatzerik burura etorri.

      «Nik nerea, nik nereaka» ibiltzea, nahiz euskalki bat nahiz beste bat, nahiz zahar bat nahiz berriz asmatu bat indarrez jartzea kaltegarritzat zeukan, gure etsaien pozgarri. A, nolako poza eta jaia gure inguruko otso eta azeri diran bi hizkuntzentzat! Arriskurik asko du euskerak kanpotiko otso eta azeri hauen aldetik. Barruan ere zakurrak jarri behar ote ditugu, euskaldunok bananduago eta gure euskeraren egoera ahulago egiteko? Orain arteko euskerari ezin eutsirik gabiltza, eta berri bati indar eman uste degu? Euskeraren etorkizuna, horrela, burubero batzuen eskuetan utzi behar ote degu? Ez ote gera horrela errezago erortzen otso-azerien hortzetan?

      Utikan gure burubero setatsuen zakur guziak! Ez degu behar ez horien zaunkarik, ez otso-azerien atzaparretan edo hortzetan erortzeko arrisku berririk. Utikan abere eta pizti kaltegarriak gure artetik!

 

BI BURU ETA BI ABURU (ZAKUR, OTSO ETA AZERI)
Lino Akesolo

El Diario Vasco, 1974, 12.322.zenb
Berriketari izenpean.
armiarma.eus, 2016