KONTU ADAR JOTZAILEEKIN ETA BORBONKERIEKIN
Lino Akesolo

Goiz-Argi, 1974, 207.zenb.
Berrikari izenpean
armiarma.eus, 2016

 

      Atzerritarren artean euskaldunok nolako izena degu? Haien iritzian zer nolakoak gera? Galdera honi erantzun behar banio, estu eta larri ibili beharko nuke. Ez nuke jakingo zer esan. Baina Jeffrey Robinson dalakoak joan dan hilean International Herald Tribune-n idatzia irakurri ondoren, beldur naiz askok herri bitxi beldurgarritzat hartuko ez ote gaituzten. Nork igarri ingles idazle bati noiz ari zaigun benetan eta lau hitz egiten, eta noiz degun, bestela baitakoan, zeharka-meharka poliki-poliki adarra jotzen?

      Robinsonen tituluak berak beldurra sartu dezaioke irakurleari: «Praile baten gudua euskera salbatu beharrez» Eta berehala, berriz: «Hor degu praile bat, euskerari bizirik iraunerazteko, jo eta ke borroka». Battle eta fighting ez dira, ez, hitz goxo-goxoak. Eta hitzok nahiko beldurgarri ez balira, hor da prailearen irudia aldamenean: ezpainak estu, bekainak lodi eta astun, bekokia ia dana buruko ileak estaltzen diotela, zeharretako begirada zorrotz gogorra begietan. Santa Kruz apaizarena baino Cura Merino-ren irudia gogora ekartzeko egokiagoa, benetan. Gazetalariak berariaz astunago egindako irudia dirudi. Joan eta bila, auskalo zer asmo izan duan gogoan ingles idazle horrek hori egin duanean. Hala ere, neretzat, ez da hori kezkagarriena. Beharbada, gazetalari horrek, konturatu  gabe, berak ez dakiela, beldurgarriago egin digu Aita Villasanteren irudia, honen ahotan jarri dituen hitzekin. Beldurgarriago, bai, hitzak diotenagatik, eta bai estaltzen eta isiltzen dutenagatik. Dana hona aldatu beharrik ez dago,baina hona zenbait ale.

      Lehenbizi, gure Euskaltzaindiaz diona: Frantziako Akademiarekin berdin egin digu. Biak asmo berdintsukoak omen dira, hizkuntza (gureak, euskera) garbi eta jator zaitu nahi omen dute. Bataren eta bestearen idetasuna edo ahaidetasuna erakusteko, zergatik jo ote du Aita Villasantek Parisko Akademiara Madrilgora baino lehenago? Iturri bila gorago jotzeagatik, noski: Madrilgoa Pariskoaren iloba bezela baita, eta biak Borbonen laguntzaz sortuak. Biak, beraz, nolabait borbonkeriak. Borbontarren erdian gelditu zan Euskal Herriari ere borbonkeria hori erantsi zaio, eta orain borbonkeriarik txarrenaren bidetik ez ote dihoan esango genduke, «l'état c'est moi» esan zuen Borbon haren bidetik, alegia. «Euskaltzaindia nerau naiz, Euskaltzaindia gu gera», esaten du orain batek baino gehiagok, hitzekin ere bai, eta jokabidez areago. Berez-berez bezala, bera konturatu gabe ez ote zaio atera Aita Villasanteri berak nahi ez zuan aitormena? Berez-berez atera zitzaion behin honelako zerbait, lagun batekin eztabaidatxoa zuela: «Gu ez bagera tekniko euskara gaietan, nor besterik izango da, bada?». Euskera eta Euskaltzaindia gu, ez dago hemen besterik, eta gu horretan oso gutxi, gero eta gutxiago sartzen dirala.

      Ondorenak agerian daude, euskeraren etorkizunaz kezkatzen ziran guztien laguntzaz eta indarrez sortu zana (Villasantek ere nolabait esan dio Robinson horri), gero eta bakarrago gelditzen da, gero eta laguntzaile gutxiagorekin. Ez det ezer asmatzen.

      Argi eta garbi esan du euskaltzain argi batek, Amatiñok, gazetalari bezela poto eginez, isildu badu ere, Aita Atauni euskaltzain horrek esan diona egia da: euskaltzain hori ez dala Euskaltzaindiaren batzarretara joaten, eta beste asko ere ez. Zergatik? Borbonkeria hori dalako han nagusi, joko garbirik han ikusten ez dutelako. Alperrik estali nahi du Villasantek egia hau. Alperrik esango du ez dala han alderdikeriarik sartzen. Alderdikeria besterik ez da Villasantek Robinsoni esandako hitzetan bertan ageri dana. Alderdikeria ageri du gazetalari horri eman dion euskal liburuen, edo euskerara itzulitako liburuen zerrendan. Berak lausengatu nahi dituen idazle edo itzultzaileen libururik besterik ez du izendatu: Aldous Huxley, Marx, Voltaire, Walt Disney eta holako bat edo besteren itzulpenak bakarrik. Orain eta lehenago ere bada beste itzulpenik: Andersen, Longefellow, Hemingway, Oscar Wilde, Mauriac, Heine, Shakespeareren itzulpenik ere bada. Baina aitak ez ditu nonbait oso gogoko, eta kanpora. Walt Disney horren ondoan ez ote zuan aipamenik merezi, esaterako, Margo Ederdun Enziklopediak? Erdizkako egiak edo osozko gezurrak esaten antzinatik degu maisu Villasante. Esaterako, Batasunaren Kutxa dala esan du (Enziklopedia batean) euskeraz idatzi dan lehen hiztegia. «Hori aitortzea, nori berea ematea da», dio Villasantek: «Es de justicia indicar que se trata del primer diccionario redactado en vasco». Zuzenbideak eskatzen omen du hori esatea... Ez du jakin nahi izan badala bat, Baionako eta Eibarko Zina baino lehenagokoa, J. Anjel Etxebarriak egina, anoraka eta apartheid eta holako hitzik sartu gabe, beste hori baino ez batere txarragoa. Holakoxea da aita onen zuzentasuna, alderdi batera bakarrik begira dagoena askotan.

      Voltaire, Marx eta besteen liburuak euskeratzea pausu bat besterik ez omen da. Euskaltzaindiak eman behar duen pausuetako bat, hartu duan arazoetako bat. Liburu horiek nork irakurri? Hor da koska gogorra. Inork esan du (eta ez da idazle haien eskolatik kanpora), liburu horietako euskera ezin irakurria dala. Baina Villasantek badu hortarako irteera bat, eragozpen hori baztertzeko bide bat: eskolak. Eskolak erakutsiko omen du liburu haietako euskera. Jakina, eskola horrek erakutsi beharko du liburu haietako espainola, frantsesa eta gaskoina ulertzeko adina. Gauza errazagorik nork asma dezake? Idazleak erabili dezake euskerarik zailena eta traketsena, euskal gaizto edo erdal gaiztoena; baina dana erraztuko da eskola egoki batekin. Horrela sendotuko dira euskera zaharraren sustrai eta hariak, enbor eta adarrak. Baina euskera zaharraren harian eginak ote daude Villasantek aipatu dituan liburuak? Itxuraz, hala dio berak.

      Gauza bitxirik bada Robinson gazetalariaren artikulu ortan, Aita Villasantek esandakotzat emanik. Guztiak aztertzeko astirik ez degu. Gaurkoz eman ditugun aleak aski bitez. Eta bukatzeko, berriz nator galdezka: Zer asmotan egin ote du Robinson horrek diogun artikulu hori? Kontu, ingles idazle adar jotzaileekin. Baina kontu gehiago gure artean Borbonkeria nagusi jarri eta alderdikeriarik maltzurrena zabaldu nahi dutenekin.

 

KONTU ADAR JOTZAILEEKIN ETA BORBONKERIEKIN
Lino Akesolo

Goiz-Argi, 1974, 207.zenb.
Berrikari izenpean
armiarma.eus, 2016