NORENTZAT DA HARRIKADA HORI?
Lino Akesolo

El Diario Vasco 1973, 12.046 zenb.
armiarma.eus, 2016

 

      Erdaldun haurrek, beren eztabaida eta hasarre aldietan, elkarri jaurtikitzeko harririk gogorrenetakoa «idiota» esatea izaten dute. Hitz honek orduan sekulako indarra hartzen du haurren ahoetan. Entzun dedanetan, askotan gelditu naiz harriturik nere buruari esanez: Zorigaiztoko hitza! Greziatik hasita, zerk ekarri ote du gizaldiz gizaldi, hizkuntzaz hizkuntza, gure inguruko haurren ahoetan duen egoeraraino?

      Orain, Fontes aldizkarian Leizarragaren hiztegia atera duen poeta entziklopedikoak euskaldunen gainera jaurtiki nahi izan du harri bera, zentzu askorik gabe, baina haur erdaldunen asmo berdintsuz. Jaurtiki nahi... Baina nahi hori izan duena ohartu ote da bere buruaren gainera erortzen zaiola harria?

      Nik ez dakit zer pekatu egin duen hitz horrek gure poeta bere senetik hola ateratzeko. Erdal itzulpen berri bat bilatu dio. Zergatik ez ote du zegoen-zegoenean utzi, beste erdal jatorrizko hitz guziekin egin duen bezala? Nondik nora esan nahi du idiota hitzak monolingue? Eta, batez ere, zergatik gogoratu behar izan dio irakurleari, sarrera-sarreran, bere asmakizun hori? Borrokalaritxoa da bera: baina ez ote ditu istiluak errezegi sortzen, txorokilezko etxeak lasterregi egiten?

      Berak maite ez duen idazle batek berak nahi luken bezala hitz bat, «idiota» hitza, itzuli ez duela-eta, ezin izan dio barruko irakinari eutsi; eta hor hartzen du bidea euskaldunei edo euskaldun batzuei erdaldun haurren harrikada hori jaurtikitzeko. Horixe egin nahi izan du. Baina guzia, poeta beraren kaltetan. Bere oharkabean, ez-jakin haundi bat dala besterik ez baitu erakutsi hortxe bertan, hain zuzen.

      Ez du ulertu latin-grekozko hitz horrek zer esan nahi duen. Are gehiago. Ez daki hitz hori Leizarragak eta Olabidek nola euskerara itzuli zuten. Bere burua hain maisutzat duenarentzat ez-jakite gehiegi degu hemen. Gehiago ikasi behar zuen inori harrika hasi baino lehen.

      Bere lotsagarrizko oker hau datorkio zer hau ez-jakitetik: hitz hori lau aldiz badatorrela Testamentu Berrian. Ez bakarrik Leizarragak idiota itzuli duen lekuan, bai beste hiru gehiagotan ere, alegia, Apostoluen Eginetan, laugarren kapituluan behin, eta beste hiru aldiz Paulo Apostoluak Korintoarrei egindako epistolan, hamalaugarren kapituluan. Leizarragak lehenbiziko lekuan bakarrik itzuli edo utzi zuen latinean aurkitu zuen bezela. Jerusalengo agintariak harriturik zeuden Pedro eta Joan Apostoluen adorea eta hitz etorria ikusirik: «Ezaguturik ezen gizon letragabeak eta idiotak ziradela, miresten zuten». Hor ez da esaten apostolu haiek monolingue ziranik, hizkuntza bat bakarra zekitenik. Gainera, gauza jakina da aipatutako apostoluek, beren jatorrizko hizkuntzaz gainera, beste bat ere egiten zutela. Leizarragak bazekien horrenbeste eta ez zuen besterik esan nahi izan. Beste hiru lekuetan, zer hitz dakar idiota-ren orde? Hiruretan, hitz bakar bat: «Ignorant» edo «ignorante», ez-jakina.

      Arestik ez du Olabideren itzulpena asko hobe ezagutzen. Honek baditu hitz horrentzat hiru itzulkera: Apostoluen Eginetan, alotza (hau da Arestiri begian min ematen dion hitza): «Ikasgabe eta alotzak zirala jakin zutenean, harritu ziran». Eta beste hiru lekuetan? Behin, idiota herriko entzulea da, eta beste bietan, horkoren bat. Ongi ote daude?

      Inork ez beza uste izan, behintzat, ezberdintasuna euskal itzulpenetan bakarrik gertatzen dala. Erdal itzulpenetan ere hitz asko irakurtzen dira gauza bera esateko: «gente del vulgo, del pueblo, sin instrucción, simple asistente (Olabideren herriko entzulea), no iniciado, profano», eta holakoak. Berez guzti hori eta gehiago esan nahi du idiota hitzak: lehenik, jende xehea, herrigizon hutsa, lagunabarrekoa, kargurik edo aginpiderik gabekoa; eta hortik datozkio beste esan-nahi batzuk, eskolagabea, ikasi gabea, jakitate gabea, zozoa eta abar, erdaldun haurren harrikadaraino. Kristauen artean, katekumeno ere esan nahi zuen, eliz-ohituren eta eliz-hizkuntzaren berri haundirik ez zekiena; noiz edo behin beste nonbaitetik etorritako kristau arrotza (Olabideren horkoren bat).

      Beraz, bai Leizarragaren ignorant (esan-naiaren aldetik, ez euskerarenetik) eta bai Olabideren herriko entzulea eta horkoren bat ere, ez daude oker. Monolingue horren antzekorik ez du esan ez batak ez besteak. Esan beharrik ere ez, «idiota» hitzak ez baitu zer ikusirik hizkuntza bat ala gehiago jakitearekin, ezta ez jakitearekin ere.

      Hala ere esan beharra dago baduela nolabait hizkuntzarekin zerikusia Paulo Apostoluaren epistolan; baina ez edozein hizkuntza, kristau-hizkuntza berezia, edo kristau arteko dohai berezia, «glosolalia» esaten zaiona baizik. Nolanahi ere, dohai horrez mintzatzen ziranak ez ziran berez entzuleak (idiotak) baino poliglotago. Entzuleak (idiotak) jakin zitzakean besteak baino hizkuntza gehiago, baina dohaidun horrena ez ulertu. Paulo apostoluaren epistolan, entzuleak mintzatzailearen esana ez ulertzea ez zetorren honek baino besteak hizkuntza gutxiago jakitetik, dohai berezidun horren hizketa edo otoiketa ulertu ezinetik baizik.

      Horregatik, gure artean, Duvoisin handiaren itzulpena ez dago hain zuzen eta zehatz. Honek lau eratara itzultzen du hitz bera: behin, jakitate gabea (Apostoluen Eginetan), gero jende xehea, hurrengo bere mintzaiera baizik ez dakiena, tokiko mintzaira baizik ez dakiena (Korintoarrentzako epistolan). Apostoluaren hitzak argitzearren egin du hori, noski, badaezpadako itzultzaileren bati jarraituz. Honek ematen ote dio arrazoi puskaren bat Arestiri? Inondik inora ere ez. Arestik Leizarragaren hiztegia eman nahi izan digu, ez Duvoisinena, eta Leizarragaren idiota zer dan esan behar zigun. Eta hau ez da frantsesen idiot baino besterik. Orain artean ez degu entzun frantsesentzat hitz horrek monolingue esan nahi duenik. Erdaldun haurren hitz edo harrikadatik hurbilago dabil, noski.

      Norentzat da Arestieren harrikada? Begirik duenak ikusi beza.

 

NORENTZAT DA HARRIKADA HORI?
Lino Akesolo

El Diario Vasco 1973, 12.046 zenb.
armiarma.eus, 2016