Zalaparta
Joseba Zubimendi

Gipuzkoa-ko Aurrezkitegia, 1930

 

 

ZALAPARTA

 

Jose Zubimendi-k

idatzitako

BAKARRIZKETA

 

GIPUZKOA-KO AURREZKITEGIA-K ARGITARATUA

1930

Gipuzkoa-ko Aldundia-ren Irarkola

Donostia

 

 

Gela txukun bat. Ezker-eskuitara ate bana. Erdian, oial batekin estalita,
mutil bat azpian gordetzeko neurriko mai bat.
Oialak lurreraño iritxi bear du.

 

ZALAPARTA, amairu urte-inguruko mutil-koxkor bat da.
Eskubiko atetik sartu, ta mai-pian ezkutatu bedi.

 

      (Mai-azpitik) Jesus, ene! Onera sartzen ez nau ikusi, ta orrixe eskerrak! Nere billa erotzen or ibilliko da. Dabillela. Jajai! Ni billatzeko leku onian dago.

      (Mai-azpitik irtetzen asten da, eta guztien aurrian arkitzen danian berriz ezkutatzen da). Bañan, nun sartu naiz ni? Ederra egin det! Astokirten aren eskutatik itzul egin ta, okerragoko lekuen batera sartu ote naiz?

      (Burua pixka bat agertuaz). Jesus, ori arpegiz ageri da emendik! Eta danak nik zer egite ote detan begira daude! Emendik kanpora itzul egin bearko det. Bai, bañan oraindik or ibilliko da kaiku ori eta arrapatzen banau, a zer nolakoak artu bear ditudan!

      (Berriz begiratuaz) Oi! Nere antzeko mutil asko daude or, eta geienak parrez. Onen-onena izango det azaldu, ta zer gertatu zaiten esan, ta barkaera eskatzia. Lotsatu egiten naiz ordea... Ai, au ikara! Tira, tira, lotsak eta ikarak alde batera utzi, ta azaldu egin bear det. Bat, bi, ta (Azaltzen asi, ta berriz ere mai-pian gordetzen da). Ez naiz ausartzen. Bañan emen ezin geldituko naiz. Ia berriz... Oraingoan bai: bat, bi, ta... iru! (Erdira irtetzen da). Jaunak: barkatu. Ikusten det emen jai ederren bat antolatuba daukazutela eta ni nastutzera azaldu naizela, bañan zergatik eta nola sartu naizen jakiten dezutenian barkatuko didazuela ziur nago.

      Ara ba. Gaur larunbata dala ta, biar meza-nagusira dotore-dotore juateko, amak aprajeta txurik erostera bialdu nau. Bidean, nere aurretik bi asto zetozen: bat, geiegi zamatuba errenka ezin joanik, eta bestea gizon-itxurako bat, ura makil batekin jotzen eta karraxika. Nik ez dakit bietan zein izango zan astuago. Ni egizko astuaz errukitu eta besteari esan diot: «Gizona: ezazula orrela astua jo, bestela elbarritu egingo dezu-ta». Esan badiot esan diot. Kopeta illundu ta trumoi-otsakin erantzun dit: «Iri ere berdin emango diat ixilik ez baago». Jajai! Ortakoxe nago ni. Igarri diot esandakua egiteko gogoakin zegola, eta al izan detan azkarrena etorri naiz errira. Aprajetak erosi, ta etxera berriz abiatu naiz.

      Erritik irten baño len, sagardotegi baten atarian, gurdi bati lotuta soka bat ikusi det. Eta ara: soka ori dala-ta nago ni emen. Arritu egiten al zerate? Egia da bada. Soka aren beste muturretik zegon lotuta len esan dizutedan astua. Naikoa eta geiegi nekatuba zegoala iruditu zait, eta lengo zigorkaden ordañez astuari poz txiki bat ematia gogoak eman dit. Ixil-ixilik joan ta askatu det. Astua, loturarik gabe arkitu danian, arren poza! Laixterka ta saltoka aldameneko belardira an alde egin du. Baten-batek ikusi du ordia egin detana, eta esan dio nagusiari. Ekin dio arek nere atzetik, bañan berak ikusi gabe emen ezkutatu naiz. Ez dakit zubek barkatuko dirazuten bañan onezkero asto gaixoak makiña bat esker eman dizkit.

      Zubek esango dezute: «Ori guzia ondo dago, bañan guri arratsaldia ondatzera etorri dan berritsu ori, zein ote da?» Ori ere esango dizutet bada.

      Martintxo Zala naiz ni; Martintxo Zala, izen-ordez Zalaparta. Beti zalapartan nebillelako gure irakasleak, gure maixuak, jarri ziran izen ori.

      Gure irakaslea oso ona da, bañan noizian bein badaki astindu ederrak ematen. Berak esandakua zuzen egite ez degunian, makil txiki batekin emen atzian ederrak ematen dizkigu. Baña nik, larri-aldi oietarako gauza bat asmatu det: liburu aundi bat jartzen det emen galtzapian eta, aufi!, jo dezala nekatu arte.

      Munitxo baserrikoa naiz ni. Ez al dakizute Munitxo nun dan? Ementxe bertan dago ba! Erritikan irten ta lenbiziko malda iotakoan ezkerretara jo, gero zuzenian segi, eta azkenian eskubira okertu, ta antxe etxe bat ikusiko dezute. An galdetu zazute Munitxo baserria ura dan, eta baietz erantzuten badizute, uraxe izango da noski; bestela berriz okerreko bidetik jo dezute.

      Bi bizitzako etxe bat da Munitxo. Gurian, aita, ama, aitona eta ni bizi gera. Bestian, Joxe Ramon, bere andria ta bere seme Marxixo, nere urte-inguruko mutilla.

      Guk oso etxe dotoria degu. Zazpi bei dauzkagu, bat bere txekorrarekin. Ura bai dala polita! Ikusiko bazenduteke zer jolasak egiten ditun ikulluan amaren errapetik naiko esnia eran eta gero... Ardiak ere baditugu, berrogei ta amarren bat edo, eta ez dakit zenbat arkume. Abekin artzaintzan bai pozik ibiltzen naizela: ain politak dira beren ille txuri kixkurrarekin! Bañan kupira diotet: alako apal ta maitagarriak izan, eta aragi goxua dutelako, tripa-zai batzuek betetzeko, iltzera eramaten dituzte. Ogei bat ollo eta ollar bat ere piu-piuka an ibiltzen dira, eta txito-sail bat ere bai bere amaren atzetik. Abek ere asko maite ditut. Ollarra ez ainbeste; bere kukurruku ta kukurruku-ekin askotan esnatzen nau, ta gañera oso arrua da. Orrelako ollar arrua maite? Kaxuelan goxo-goxo jarri ta jan bai.

      Beste bizitzako Joxe-Ramon-ek eta, ez dute gure antzik. Len oso gizon langille ta zintzoa zana, gero lagun txar batzuekin elkartu ta okertu omen zan. Lenbizi, abere-azoka aitzekiakin etxetik alde egiten asi ta gero pelota-joku, idi-dema, axkora, indar-neurketa guzitan dirua jokatzen oitu omen zan. Pixkabanaka ustekabian bide txarrian sartu zan, eta gero... ezin utzi! Galtzen dubenian damu aundia izan bear du, bai, bañan beriela aztutzen omen zaio, ta berriz ere lengo griñara. Irabazten dubenian berriz, bere inguruan izaten du alproja-sail bat eta aiekin ibiltzen da moskorkeri ta arrokerian diru guziak aitu arte.

      Narxixo eta bere ama oso errukarri bizi dira. Nik uste det geienean goseak daudela. Neri amak arratsaldero ogi-koskor batekin lukainkamutur bat edo gazta-pusketa bat ematen dit. Batzutan berriz txokolatia ere bai, ta goxua gañera. Etxeko atarian jaten asten banaiz, ia beti an azaltzen da Narxixo nere aldamenian. Ez dit ezer eskatzen, bañan begiratuban, neretik jateko goguan dagola igartzen diot. Nere aitonak esaten du Jaungoikoa-k agintzen dula ez duenari ematia, eta askotan arratsaldekuen erdia ematen diot. Pozik gero eman ere!

      Lengo egunian igarri nion nik emandako guzia ez dula jaten; bere ama gaxoarentzat gordetzen dula uste det. Nik urratutako aprajetak emango ez bagiñozke, nik uste det gixajoak beti oñutsik ibilli bearko lukela. Ni aundiagoa banitz, lan-eraziko nioke bere aita alperrari!

      Narxixo-ren amak, etxe-ondoko baratza txiki batean, goseak ez iltzeko lain aza ta barrun sortzen du, bañan makiña bat izardi ateriaz. Beti arrastaka lanian ari dala oso galdua dago.

      Gañontzeko lurrak ikusita tamal ituna sartzen da. Jaungoikoa-k daki zenbat denbora dan atxurrik ikusi ez dutela! Nere aitonak dio etxia ta pamilia alde batera uzten dituan gizona galduba dagola. Jokuak edo edanak menpian artzen omen ditu. Edariarekin gauza arrigarria gertatzen omen da: lenbizitik gogorik gabe, derriorrian bezela, arrokeriz, lagunak gauza ez dala esan ez dezaten, aste omen dira. Geroxiago, neurrian edaten, bañan lagun txarrakin batu ezkero aiek baño gutxiago ez izateagatik gero ta geiago, ta atzenian oitura ezin utzi ta osasuna galduaz danen parregarri gelditzen omen dira.

      Jokuakin ere gutxi gora-bera berdin. Lenbizitik txanpon bat edo beste, ura ere naiko bildurrekin, eta gero etxia ere salduko omen lukete.

      Aitonak ala dio, ta aitonak esaten dizkidan gauzak, nik itxu-itxuan sinisten ditut. Asko maite nau, ta aitona guziak neriak bezelakoak baldin badira, ondo maitagarriak izango dira.

 

      Esan dizutet bada ni zein naizen, eta badakizute nere bizitzaren berri. Ta... nere ama onezkero zalantzan dago, eta joan egin bearko det.

      Zuek ere aspertuko ziñaten nere txorakeriak entzuten, eta asto-jabiak, aspertuta, ni billatzeari utziko zion.

      Noan bada. Agur, eta gaizki esanak barkatu. (Ateraño joan eta atzera sartzen da).

      Ontarañotu ezkero, nere aitonak erakutsi ditan bertso berri bat abestu gabe ezin joango naiz. Ikusiko dezute zeñen ederra dan. Entzun. (Pello Mari Otaño-ren «Limosnatxo bat» deritzon abotsez abestu beza).

 

      Jaungoikoaren amar aginduz

      gañera gorde ditzazu

      beste lau abek, ta izango zera

      ludi onetan zoriontsu:

      zarrak ospatu ongi egiñaz,

      zeure etxia maitatu,

      jokatzaillea ez zaitez izan,

      edanarekin ez moskortu...

      orla euskaldunak egingo degu

      Euskalerria goratu.

 

 

Zalaparta
Joseba Zubimendi

Gipuzkoa-ko Aurrezkitegia, 1930