![]() |
KARRANTZAKO IZPIAK
I. PASIEGOA
Pasiegoa da gizon pobre-aberatsa saltzen dabil soineko, hari eta orratza... Urri eta hotza janez, bizimodu latza baina diru-altxorra lan horretan datza.
Etxez etxe darama lepoan fardela zulo denetan sartuz txingurri bezela. Bere bizigarria diru hotsa dela ez du inoiz hustuko bete dun sakela.
Hormazulo batean sartu du dirua inork ikusi gabe, aztertuz lekua. Haren usaian dabil emazte gaixua leundu nahi eta ezin koipetan eskua.
Bizkiak jaio ziran auzoko etxean. Aitabitxia behar bataio legean eta ospe haundiaz dirala pontean Pasiegoak hartu ditu besartean.
Kristautu diranean biai laztan bana emanda gero min du hartu duan lana. Eska diotelako legez behar dana galesti dala, dio, apaizen sotana.
Ez da gogo onez joango elizara bihar bi ume jasotzera berriz zeinek bial..? Ordaintzaren minez du geroztikan diar: Gaspara eta Gabina hoitasei errial!
II. APAIZA ETA SAKRISTAUA
Apaiz berria pozik dator irriparrez buruz jantzia baina ekintza beharrez. Aldeacuevan dena egingo du errez Pedro sakristaua eta maixu ona danez ohituren neurri ona emanez.
Errira etorri da biharamunean bataio santua du meza ondorean. Krisma ontzietatik argi bereiztean, Aizken igurtziena jarri du pontean. Sakristaua farrez bitartean.
Aizken igurtzia guk aingeruai jarri..? Olio santu hori ez beza ekarri! Apaiz jaunak orduan esan dio larri: beharrik ez du baina, beti da ongarri. Esku eman zioten alkarri.
III. EPAI ZORROTZA
Bazan Aldeacuevan artzai beltxarana itzal haundiko gizon fedeai emana erabakiak hartzen ongi zekiana buruz jantzia baitzan Pedro Sakristana.
Eztabaidan zirala pakea eta gerrak jaso nituan hango erantzun ederrak: Nagusiak errudun..? Hainbatsu alperrak..? Nondikan datoz gure munduan okerrak..?
Pedrok esan dezala berak dakiena. Nik eman behar badet iritzi aizkena horra gaurko munduan ikusten detena: gizonak eta andreak jende gaiztoena.
IV. APAIZ GORRIAK
Karrantzan egin zuten bilbotarrek jaia; guretzat gaiztoa zan, haientzat alaia. Aberatsak har zezan soil-soilean mahaia, kapitalistek zuten astindua bahia.
Zerriaren antzera asetu eta gero, edari biziakin jarri ziran bero. Haien haundikeriak, oihuu eta hitz ero behartsuak entzunda, min du harrezkero.
Enparantzan jolasa behar zala eta egin zuten neskatxen iztar neurketa; gero txekorrarekin irri-zezenketa labanakin zulatuz bizkar ta kopeta.
Musika lekutikan eginaz diarra, goraipatu ziguten diruaren farra, España berria ta Francoren indarra. Haien zoramena ta gailendu beharra…!
Igandean auzoko eliz guzietan sermoiak egin ziran hoien salaketan orri bat irakurriz, ederra benetan argibideak hartuz egiaren setan.
Lore onak behar du lurrontzi ederra; lohikeriak aski du ikulu bazterra. Uste hortan etorri al zaigu akerra? Gizabidez zuzendu dezagun okerra.
Karrantzatar maiteak, ez arren okildu izen onaren alde behar degu bildu. Gauza hoiek ikusita zergatik isildu..? Hala balitz, pobrea aberatsak hil du.
Herri agintariak hasarretu ziran. Apaiz gorri-gorriak ditugula jiran. Ezin egongo gera mutu ikusmiran. Hoientzat atzerririk ez al da lurbiran?
V. SERMOI POLITIKOA
Guda-suak itzaliz ginadela ketan, herriko jaiak ziran San Bartolometan. Frankotarren sarrera ospatzea bertan hautu zuten herriko erabakietan.
Mezaren hitzaldigai eta zergatia izandu zan herriko santu zaindaria denok behar degula ekite garbia sendatzeko elkarren bihotz elbarria.
Anai arteko guda odoldu genduan ez goaz esatera arrazoi nork duan. Bi aldetako hilak dauzkagu goguan, Jainkoak hartu ditzan lehenbailehen zeruan.
Meza ostean denak atarian dagoz alkate jaunak ez du sermoi hori gogoz: Estos curas son rojos, que sí, mecauen sos..! No nombran al Caudillo y a España ni pa Dios..!
KARRANTZAKO IZPIAK |