Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—20—

 

         Hamaiketan denak gengozan bilduta kapitainarekin Gure Kabiako irakurgelan. Etxekoandrea apain-apain jantzita zegoen arropa beltzekin. Denak zeuden nire adiskide handiaren ezpainetatik zintzilik.

         «Kapitainak dakien bezala», hasi zen Poirot, «Lopez, edo hobeto esateko, Martin jauna zenak, kokaina hartu-emanetan egin zuen diru pilo galanta, hasi orain dela sei urte, eta 19...-raino, bere lagunak harrapatuak eta giltzapean sartuak izan zirenean».

         «Joan zen bizitzen Bilbora zaldun baten moduan, txarto irabazitako diruarekin, eta Arrigorrietan ezagutu eta ezkondu zen madame-rekin. Baina laster laxatu ziren bien arteko maitasun-lokarriak, eta Lopez edo Martin jauna zenak, beste emakume baten besoetan bilatu zuen bere emazteak ematen ez zion berotasuna».

         Hau entzunik harrituta zegoen etxekoandrea, Nati andre alarguna.

         «Kokainaren arazoan berarekin aspaldi ibilitako lagun batzuek jakin zuten nola bizi zen Bilbon aberats baten moduan, eta berak eskuz idatzitako gutun batzuekin mehatxaturik, hasi zitzaizkion dirua kentzen tati-eskutizka (chantaje egiten). Orduan Martin jauna zenak eta Doro Fernandez bere maitaleak Suitzara ihes egitea erabaki zuten. Tati-eskutitz-dunak engainatzeko jantzi bere arropekin gorputz hil bat, Lopezen dokumentu eta gauzak sakeletan sarturik, eta itsas ondoan utzi zuten, aurpegi handitua ikusirik inork ere, ezta emazteak berak ere, ezagutuko ez zuelakoan, eta Martin desagertuz gero denek hildakotzat emango zutela pentsatu zuten, gorputz hura berea zelakoan».

         «Dororekin ihes egiteko, bere ondasun guztiak, edo behintzat eraman zitezkeen guztiak, Suitzako banku batean ipiniko zituen Dororen izenean».

         «Baina bere emazteak dena igarri zion, eta jakin zuenean firma bat baino ez zitzaiola falta diru guztiarekin ihes egiteko, zer egin zuen? Hil tiro bategaz eta diru guztia alargunarentzat».

         Harrituta gengozan gu denok nire adiskide handiaren adimenaren zorrotzarekin, Natividad andre alarguna garrasika hasi zenean: «Gezurra! Dena gezurra da! Ez egizue jaramonik egin! Nik ez dut sekula jakin nire senarrak engainatzen ninduenik! Nik ez nekien diruarekin ihes egiteko asmotan zebilenik!».

         Bota tamalezko begiradak itxaropen bako eraile gaixoari eta denok Poirot handiari begira jarri ginen berriro, egia guztia bere ezpainetatik jakiteko gurariagaz.

         Orduan, atera sakelatik pistola eta isilarazle bat eta Poirotek: «Horra heriotza egiteko erabili zuen pistola» erran zuen.

         Berriro hasi zen Natividad andere gaixoa garrasika erotuta bezala: «Gezurra! Ez sinestu bape honen berriketak! Zer daki ergel honek? Akats bako gizona zelakoan hil nuen nik... jakin banu engainatzen ninduela ez nuen hilko!».

         Barre egin genuen denok ateraldi honekin. Baina irriño triste bategaz. Tamala sentitzen genuen. Ikusten genuen galduta aurkitzen zela eta edozelako gezur bat asmatzen zebilela. Zeinek sinetsiko zion hain itxura bako aitzakia bat? Eta sinetsiz gero be, ba ote zen aitzaki nahikoa gizon bat hiltzeko?

         Bukatu dugu. Ohituraz bezala, nire adiskideak denon zorionak entzun zituen. Honela azaldu zuen Hercules Poirot handiak heroina-saleroslearen ulertu ezinezko heriotza. Beste kausitze handi bat Poirot handiaren zenbaketan apuntatzeko. Ez dago gauza ezkuturik mundu honetan nire adiskide handiaren begien zorroztasunarentzat.

 

 

Iruñean, 1964. urtean

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)