Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—16—

 

         Asteguna zenez, ez genuen ikusi honanzko bidean ikusitako dantzak eta jendea oporrean.

         Idaztea merezi lukeen gauza berririk ikusi gabe, heldu ginen Donostiara bostak laurden gutiagotan, eta minutu batzuk geroago Dorotea Fernandezenera. Gure zain gelditzeko esan genion taxi-zainari.

         Dorotea Fernandez hogeita zortzi bat urteko neska eder bat zen. Ez polit-polita, baina pozgarria ikusteko. Baliteke gizen samarra, gehiegizko kilo batzuekin beharbada. Oso garbia, janzki ederrak apainki arruntak.

         Etxea ttikia, baina ongi hornitua, gustu modernoz.

         Emakumea urduri zegoen Lopezen berriak jakin nahirik, aspalditik ezer ere ez zekiela-eta.

         Poirotek geroko uztea nahi zuen Lopezen heriotzaren berria, baina azkenean ezin gorde gezurretan hasi gabe, eta esan zion hilda zegoela. Gezurretan hasiz gero, erran zidan gero niri berak, zailagoa litzateke egiak erranaraztea.

         Doro (hala deitzen zuten bere adiskideak eta hala deituko zuen Lopezek noski) negarrez hasi zen bere adiskidearen heriotza jakin zuenean.

         Ez zegoen dudarik, benetako mina sentitzen zuen eta bere negar malkoak ez ziren gezurrezkoak. Gauza bat zegoen klaru-klaru guretzat: berak ez zuen hil.

         Poirotek Lopezen eskutitza erakutsi zion, jakin zezan nola etorri zen berak deituta, arerio batzuen beldur zelako.

         Dorok eskuzapi ttikitto batez negar malkoak kendu eta sudurra zaaast garbitu ostean, hartu eskutitza, eta begiratu baino ez, eta atzera eman zion Poiroti.

         «Irakurrita daukat» esan zion, «Lopezek idatzi zuenean berarekin nengoen. Erran daiteke bion artean idatzi genuela».

         «Bion artean? Orduan jakinen duzu nondik ikusten zuen arriskua».

         Dorok maleziazko irriño bat egin zuen, begiak oraindaino busti-bustiak eduki arren.

         «Lopez gaixoa hilda dagoenez gero» erran zuen, berriz aurpegi triste batekin, «hobe egia erratea». Eta une batean isilik egon ostean,

         «Lopezen benetako izena Martin zen» erran zigun, «diru asko irabazi zuen kokaina Espainian sartzen. Behin apur batengatik ez zuten harrapatu, bere lagun guztiak harrapatu zituztenean. Eta, jakina, denek bota zioten berari errurik handiena; alde batetik euren buruak arintzeko, beste alde batetik, ez zutelako zigortuko, ihes egitea lortu baitzuen».

         «Negozioa betiko utzi eta beste izen bat harturik» jarraitu zuen Dorok, «hasi zen zaldun baten moduan bizitzen, irabazitako diruek uzten zioten bezala, eta ezkondu egin zen».

         «Orduraino eduki zuen suerte izugarriak, ihes egin zion orduan. Berarekin tratuetan ibilitako aspaldiko lankideek usaina hartu eta arrastoa aurkitu zioten, aberats baten moduan bizi zelarik. Bere emaztea, ezkongai denboretan hainbeste atsegin ematen ziona, gogaikarri bilakatu zitzaion».

         «Berak eta biok», jarraitu zuen, «jolas egiten genuen elkarrekin haurtzaroan, eta urte asko ziren elkar ikusi gabe bizi ginela, nirekin topo egin zuenean, orain hiru hilabete. Berehala piztu zen elkarrenganako maitasunaren garra» eta zotinka hasi zen eskuzapittoa begietara eramanik.

         Poirot eta biok isilik egon ginen bere atsekabea errespetatzen. Baina laster kendu zuen eskuzapia begietatik eta berriz sudurra zurruuut garbiturik, «Esan zidan nola zegoen ezkonduta, maite ez zuen emakume batekin. Palu batekin ezkondu zela, erraten zidan berak. Bere emazteak ezkongai denboretan finantzetako zaletasun izugarria sentitzen zuela sinetsarazi zion. Adi-adi entzuten zizkion gai honetako zehaztasun guztiak, eta gainera mila galdera itauntzen zizkion, finantzetako jakituri egarria ase ezinik bailegoen. Ezkondu zeneko bukatu zitzaion finantzetako zaletasun guztia, eta lehen bezala halako gauzekin etortzen bazitzaion, ahoa zabaldu eta lo egiteko moduan jesarri edo etzaten zitzaion».

         «Ai astakilo gaixoa! —esan nion nik— noiz entzun duzu zuk halako zaletasunak neskek edukitzen dituztenik? Titia hartzen duten haurrek baino gutiago dakizu zuk emakumeen izaeraz. Hark nahi zuena, zurekin ezkontzea baino ez zen. Horregatik entzuten zituen adi-adi zuk esaten zenizkion gauza astun guztiak, berririk jakingarrienak entzuten balego bezala. Ez dago modu seguruagorik gizon bat harrapatzeko, bere txotxolokeria guztiak adi-adi entzutea baino. Gizonak handituta ikusten du honela bere buruaren inportantzia, eta kapaz da hamar ordubete egoteko isildu gabe, bere gauza astunak esaten. Joko honetan ari dela, neskari be arin igarotzen zaio denbora, kanaberadun arrantzaleari bezala, finantzetako gauzetan burua duela sinetsarazi eta gizona harrapatzeko moduak pentsatzen dagoelarik».

         «Lopezek ez zuen maite bere emaztea, eta hasi zen ni maitatzen, esan dizuedan bezala. Halaz ere, beti bezala geldituko ziratekeen gauzak, ongi konpontzen diren senar-emazteak bezala agertu jendearen aurrean eta hola, eta emazteak ez zukeen susmatuko ezer, aste guztietan egun batzuetan nigana etorri arren, aitzakia ederrak ematen baitzizkioten bere arazoek, nirekin igarotako egun hauek beregandik estaltzeko, baldin esandako lankideak agertu ez balira. Baina lankide izandakoek, Martinek eskuz idatzitako gutun batzuk zeuzkaten, eta poliziei erakutsi barik, berari ematearren, dirua eskatzen zioten. Hasi ziren diru kantitate handi bat eskatzen eskutitz bakoitzeko. Gero, eskutitzak bukatzen hasten zitzaielako-edo, garestiago saltzen zizkioten, beti banan-banan, eta beti azkenekoa izanen zelakoan. Eta Martinek ikusten zuen, honela diru guztia kenduko ziotela azkenean. Orduan biok ihes egitea erabaki genuen. Baina nora jo? Martinek mundu guztiko poliziak zeuzkan bere kontra, edonon balio zuten eskutitzek berari diruak kentzeko. Alferrik litzateke ihes egitea, baldin besteak atzetik etortzen bazitzaizkigun, eta besteak ez ziren ergelak. Egun askotan erabili genuen arazoa buruan biraka eta, gutien igurikitzen genuenean, zoriona irribarreka hasi zitzaigun, edo behintzat hala uste genuen guk. Hala gengozan, zer eginen ote genuen ez genekiela, Martinek gorputz bat aurkitu zuenean goiz batean itsas ondoan itoa. Bazihoan berriz beribilean sartzera guardia civil-ei esaten joateko, pentsatzen hasi zenean. Hildako gizona bere antzekoa zen gorputzez, adina be, guti gora behera berdina. Orduan ideia bat otu zitzaion, eta gizon bizkorra eta kementsua zenez, berehala hasi zen egin behar zena egiten».

         «Ur-gora aldia zen. Hartu gorputza, eta harkaitzen arteko bazter batean gorde zuen, ia lehorrean. Handik etxera beribilean».

         «Hartu arin janzki bat, sartu sakeletan bere dokumentu batzuk, eta arin berriz beribilean lehengo tokira».

         «Han, inork ikusten ez zuelarik, harkaitzen arteko zulora. Biluztu gorputza eta bere janzkiekin jantzi zuen. Bukatu zuenean eta lan askorekin, bere eraztuna ipini zion ezkerreko hatz batean eta kontuz-kontuz, irten harkaitz-zulotik eta beribilean etxera».

         «Gau ilunean joan berriz argi elektriko batekin, hartu gorputza beso azpitik, eta uretan ondo busti ostean, plaiako hondarren gainean utzi zuen, ur-goraren ertzetik hurbil, baina gorattoago. Orduan niregana etorri zen».

         «Biok pentsatzen genuen, okasiorik ederrena baliatu zuela, hilda zegoela sinetsarazirik, atzetik diru bila zebilzkion lankide ohiak engainatu eta ihes egiteko».

         «Gau guztian egon ginen elkarrekin hizketan zehaztasun guztiak pentsatzen, eta zu deitzea erabaki genuen».

         «Barkatu beharko didazu Poirot jauna, baina egun guti zirela irakurri genituen zure atzemate batzuk liburu batzuetan, eta biok pentsatu genuen, zuk estalgabetutako heriotza guztietan beti egin zirela heriotzak zu etorri ostean, eta ezin zenituzkeela estalgabetu zu kanpoan zeudela egindakoak. Beste alde batetik, zu etorriz gero, zure ospe handiko izenagaz, sinetsita geldituko zirela eskutitz saltzaile madarikatuak, baldin Lopez hildakotzat ematen bazenu».

         «Saldu titulu guztiak, atera dirua bankutik, erosi dolarrak eta nire izenean ipini dena Lausannen. Egon Suitzan denbora laburrean elkarrekin, eta handik Ameriketara joan. Gure itxaropena zen, ez zutela gehiago aurkituko bere aztarrenak eskutitz-saltzaileek».

         «Eta bi egun direla, bere berririk ez. Zer igaro ote da?... Eta bere heriotzaren berria ekartzen didazue. Ez dut susmatzen ahal nork hil ote zezakeen. Ez zuen areriorik, nik dakidala».

         Poirot gorri-gorri eta haserretuta zegoen. Dorok, minduta zegoela ikusirik, barkatzeko eskatu zion, eta edari batzuk eskaini zizkigun.

         Nire adiskideak ezetz erantzun zion, eskerrik asko esaten ahaztu gabe, baina modurik hotzenean.

         Gero «Goazen» esan zidan niri, «hemen ez daukagu gehiago zereginik».

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)