Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—10—

 

         Biharamun goizean taxi batean, Bilbora J.L. Lopezen bankura.

         Eskutizpeko izena, edozelan idatzia, irakur ezinezko zirrimarra bat baino ez zen. Eskerrak gero makinaz idatzia firmado: J. Echevarría ikusten zela.

         Bankuaren ederra! Dotore-dotore jantzitako atezainari galdetu, eta hatzekin keinuz erlojuari apuntaturik, hamaiketan etortzen zela.

         Ordubete falta zen ia. Zabaldu ate bat eta areto batean sartzeko keinua egin zigun.

         Eseri jesarleku goxo eta sakonetan eta han egon ginen Etxebarria jauna etorri arte, atezainak, Poiroten txartela eskuan, atea itxi ostean.

         Umore txarreko egun batean nire adiskideak aitortu zidan, ergel batzuk direla bere eginekaz idatzitako liburuak atseginez irakurtzen dituzten guztiak, hots, bere admiratzaileak oro. Ez zukeen erranen holakorik Etxebarria jauna ezagutu izan balu. Lan guztiak geroko utzirik, arin-arin etorri zen gugana, nire adiskidearen txartela eskuan zuelarik. Apain-apain jantzia, Etxebarria jaunak benetako zaldun baten erak zeuzkan, eta gainera oso ederki mintzatzen zen frantsesez.

         «Zelako ohorea Hercules Poirot handia ezagutzea!» erran zuen harrituta, bere biboteak begiratu eta eskuak beroki estuturik, «baina eser zaitez mesedez!».

         Poirotek: «J.K.L. jauna, nire adiskide handia» esan zion nire ardura gutiko burura apuntaturik.

         «Comment allez vous J.K.L. jauna?» egin zidan eskua estuturik.

         Eta eskuak estutzeko zutik egon ostean, berriz eseri ginen. Isilune laburtto bat igaro zenean.

         «Zeri zor diot zuen agerraldiaren ohorea?» galdetu zigun irriño batekin.

         Poirotek J.L. Lopezen eskutitza atera eta irakurtzeko eman zion.

         Etxebarriak irakurtzen zuen arte Poirot eta biok gela hura berriz aztertzen hasi ginen.

         Gero, irakurtzen bukatuta, atzera eman zion eskutitza, begirada batekin adierazten ziola oraindaino ez zuela ulertzen ezer. Orduan nire adiskide handiak

         «Ikusten duzu» erran zion, «nola etorri naizen Belgikatik adiskide honekin, eskutitz horrek dioena irakurri bezain laster. Hor erraten du Lopez jaunak gure zain egonen dela Arrigorrietan, bere etxean. Bi egun dira etorri garela eta ez da agertu inondik ere. Ez dakigu bizirik ala hilda ote dagoen. Bere etxean inork ere ez digu ematen bere berririk. Atzo, neskameei galdetzera joan nintzenean, aurkitu nuen gutun hau bere etxean eta eraman nuen. Kezkarik gabe estalkia hautsi eta irakurri nuen. Badakizu, eskatu zidan bezala laguntzeko, bere gauzak jakin behar ditut lehenbizi. Hona zergatik etorri naizen zuregana, bere arazoen berri zehatz-zehatz jakitea beharrezkoa zaidanez gero, dakizun guztia esan diezadazun».

         Etxebarria jauna oldozkor gelditu zen une batean. Gero, «Ez dizkiogu inoiz erakusten inori, juzgatuaren agindu bat erakusten ez badigu, gure hartzekodunen kontuak», erran zigun, «baina kasu honetan, bere eskutitz bat erakutsi didazuenez gero, ez dut uste Lopez jaunaren gurarien kontra joanen naizenik, baldin dena erakusten badizuet besterik gabe».

         Jaiki eta ate ondoko tinbre bat jo zuen. Laster agertu zen mutil gazte bat dotore jantzita metalezko botoi distiratsu askorekin.

         «Joan zaitez» esan zion botoidunari, «Urlia jaunarengana, eta esaiozu nire partez, J.L. Lopezen kontuak emateko eta ekarri egizkidazu arin».

         Espainolez esan zion hau mutilari, baina gero frantsesez azaldu zigun guri.

         Paperak ekarri zizkionean, hasi zen aztertzen eta, «Lopez jaunak» erran zigun, «bere titulu guztiak saltzeko agindu zigun, Burtsako salerosle baten bitartez eta hartutako diru guztiarekin dolarrak erosi eta Dorotea Fernandezen izenean ipintzeko Union des Banques Suisses delakoan Lausanne-n».

         «Uste nuen» erantzun zion Poirotek, «debekatuta zegoela espainolentzat dolarrak Espainiatik ateratzea».

         «Eta hala da» esan zuen Etxebarria jaunak, «Instituto Nacional de Moneda Extranjera delakoak ez die baimenik ematen espainolei honelako operazioak egiteko, baina Lopez jauna, gurasoak espainolak izan arren, ez da espainola, frantsesa baizik. Orain Espainiatik atera nahi dituen dolarrak, berak ekarri zituen Espainiara kanpotik».

         «Orduan bere titulu guztiak saldu dituzue?».

         «Bai» eta hasi zen irakurtzen: «honenbeste hidrolak, honenbeste bancobaoak, honenbeste iberdueroak...» eta abar eta abar... zerrenda luze bat. «Denak saldu ditugu, berak agindu digun bezala» jarraitu zen esaten, «eta 154.670 dolar eman dute orotan. Orain ez da falta besterik berak dokumentu hau eskuz izenpetzea baino, kantitate honen Lausanne-n ipintzeko, berak nahi duen bezala, Dorotea Fernandez-en izenean».

         Hercules Poirot, disimulatzen ibili arren, harrituta zegoen berri hauekin, arras ongi igartzen nion nik, hain sakonki ezagutzen dudan honek.

         «Eta ba al dakizu non bizi den Dorotea Fernandez delako hori?» galdetu zion Etxebarriari.

         Hasi zen berau paper batzuk aztertzen eta «Donostian» erran zuen frantsesez beti bezala, eta paperetan irakurtzen zuelarik, «Hondarribia kalean, hamabigarrenean, bigarren mailan, ezkerreko aldean» gaineratu zuen espainolez.

         Apuntatzen hasteko prest, luma eta oharpen-blok bat eskuetan, nire adiskideak mesedez eskatu zion berriz esateko.

         Etxebarria jaunak orduan, blok hura eskatu eskua luzaturik, eta berak idatzi zizkion emakumearen izena eta bizi-tokia, moldiztegi antzeko letrakaz.

         Atzera eman zionean, «Eskerrik asko Etxebarria jauna» esan zion Poirotek bere jesarlekutik jaikitzen zelarik, «ez zaitugu gogaitarazi nahi gehiago».

         «Ez nauzue gogaitarazten, ezta urrik eman ere, poz handia izan dut. Badakizue hurrengorako non naukazuen zuen zerbitzurako».

         Lagundu gintuen kalera, estutu zizkigun berriz eskuak, eta atera ginen bankutik.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)