Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—7—

 

         Igo aldapaz gora, jaitsi aldapaz behera, bira eskumara, bira ezkerrera, igo, jaitsi, biratu eta biratu, eta azkenean Bilbora heldu ginen kapitainaren ofizinara. Argala be gurekin zetorren.

         Guardia civil-en kapitainak espainolez hitz eginik, eskua eskaini zion Poiroti eta gero niri. Argalak itzultzen zituen bere hitzak frantsesera eta gero gureak espainolera.

         Pozten zela Poirot handia ezagutzeaz. Uste zuela ezagutu baino lehen, nire adiskidea gezurrezko liburuetako detektibe bat baino ez zela eta asko harritzen zela haragizko gizona zela ikusiz. Ea liburuek egia esaten ote zuten bere eginak kontatzen zituztenean, berak mendian zerbitzuen gogaituta zegoelarik irakurtzen zituela, eta orain arte dena gezurra zelakoan egon zela.

         Poirotek, sartzen zutela batzuetan gezurren bat, baina gehienetan egia esaten zutela.

         Ea J.L. Lopezen eskutitz bat ote zeukan, eta baietz. Mesedez erakusteko.

         Poirotek eman zionean, mahai gainean zabaldu eta paper batzuk aterata ondoan ipini zituen. Frantsesez mintzatzen jakin ez arren, idatzitakoa ondo ulertzen zuen antza.

         Adi-adi zeuden Poiroten begi zorrotzak eskutitzaren ondoan ipinitako paperei so. Tinta borratua eta zimur-zimurrak zeuden, uretan egon ostean lehortu balira bezala.

         Eskutitza irakurtzen zegoelarik kapitaina barrezka hasi zen. Argalaren bitartez esan zigun gero hasi zirela heriotzak, Poirot etorri bezain laster, han aurretik idatzita zegoen bezala. Poirotek zabal-zabalik zeuzkan begi-belarriak.

         Gizon bat aurkitu zutela itota itsas ondoan, eta ohartzeko zer zeukan sakeletan. Eta paperak eta karnet bat eskuratu zizkion. Agerian zegoen, eskutitza idatzi zuen eskuak berak idatzi zituela paper zimurtuak ere. Karneta J.L. Lopezena zen.

         «Sacré tonnerre!» esan zuen nire adiskideak, «J.L. Lopez hila!»... eta igarri nion orain zegoela bere saltsan.

         Kapitainak gero, Argalaren bitartez, ea nahi ote genuen berarekin joatea depósito de cadáveres, edo, euskaraz esateko, gorputz hilak gordetan diren tokira.

         Sartu Land Rover-ean lehen baino estuago, eta denak hara, Bilboko kaleetatik zehar.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)