Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—5—

 

         Gosaria hartzen genuelarik, «Zer gertatu ote zaio Lopez jaunari» galdetu nion nire adiskideari, «gure zain ez egoteko eskutitzean agintzen zizun bezala?».

         «Goizegi da esateko» ihardetsi zidan, «baina beldur naiz beranduegi heldu garela».

         «Berandu? Ozta-ozta eskutitza irakurrita, ia maletak atontzeko betarik gabe, trenean sartu eta berandu?».

         «Beldur naiz hil ote duten».

         «A, hori bai...» erran nion, «ni be ez nintzateke harrituko hila aurkituko bagenu... esandako tokian egon ez denean...».

         Ostatuko andreak bazekien frantses pixka bat. Monsieur le Commissaire de Police-rengana joan nahi genuela esan genionean, muttiko bati deitu eta gurekin joateko esan zion, Guardia Civil-en etxera. Badirudi hala esaten dela espainolez «Chez Monsieur le Commissaire».

         Espainian ez zara harritu behar inoiz, axola guti zer ikusten duzun. Commissaire-renera heldu eta emakume lodi bat ikusi genuen, adabakiz betetako galtzontzilo batzuk eskegitzen soka batean, beste arropa zuri busti askoren ondoan. Gonatik oratuta, urtebete eta erdiko muttiko mokoti bat negarrez.

         Poirotek «Pardon, madame», esan zion, «Monsieur le Commissaire, s'il vous plaît?».

         Andrea guri begira jarri zen harrituta, eta hasi zen eskuak gonan lehortzen, muttikoak denbora guztian negar egiten zuelarik gelditu gabe, arnasa hartzeko izan ezik.

         «¿Ouiés caxar? ¡Esaborio ma que esaborio!» esan zion muttikoari. Beronek, ekin negarrari berotasun eta indar berriekin. «¡Manué!» deitu zuen gero andreak etxeari begira, «mira a ver qué e lo que quié este señó».

         Berehala agertu zen gendarme edo, Espainian esaten den bezala, guardia civil bat.

         Mr. Poirotek carte de visite bat atera eta commissaire jaunari emateko esan zion.

         Guardia zibila joan zenean gu zain gelditu ginen. Nire adiskidearen izena mundu guztian ezagutzen da. Guk ez genuen ulertzen oso ongi espainola oraindaino, baina barrutiko elkarrizketak entzunik, igartzen genuen zelako iskanbilak eta harat-honatak sortzen zituen nire adiskidearen izen ospetsuak. Iruditzen zitzaigun ikusten genuela nola ipintzen zuten dena txukun-txukun, eta gauza guztiak euren tokietan gure agerraldirako. Frantsesez edo ingelesez mintzatuko balira baino klaruago ulertzen genuen nola gelditzen ziren harrituta, bat batean heltzen zitzaien ustekabeko ohoreaz, gure detektibe ospetsua euren arte edukitzeaz.

         «Oye Ramire», esaten zuen batek barruan, «no sé lo que querrá ete tío», (tío erraten diote espainolez Poiroten antzeko gizon handiei) «no se entiende ni jota e lo que íse. Creo que e un franchute».

         «Amo a ve», zioen beste ahots batek, «Her... Hercule Pierró. Mala puñalá le den. Lo mehó e que guardemo la baraja y xamemo ar sargento». 

         Orduan baten bat zurubietatik gora hasi zen. Minutu batzuk, eta sartzeko keinuak egin zizkigun. Ohituraz bezala, Poiroten txartelak ate guztiak zabaltzen zizkigun.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)