Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—4—

 

         Ez da Arrigorrieta irakurleak pentsatuko lukeen moduko herria. Ez ditu hormak elurra bezain zuriak, denak ia egunero karez pintatuak; ez dira ikusten bertako etxeetan behe-aldeko leihoak reja deritzen burdinazko sare ederrekin hornituak, neska polit bana barrutik kalera begira begi beltzekin; ez dabiltza gizonak astiro-astiro kapa luzeekin gitarra bana kapapean, edo leiho ondoetan barruko neskagaz hizketan, edo gitarra jotzen beretzat. Ez, Arrigorrietak Europako edozein tokiko herria ematen du. Espainiako touring propaganda guztia ez da gezur handi bat baizik. Udan bakarrik ateratzen dituzte kapela cordobes-ak, kapak-eta, turistak engainatzeko. Orduan zuritzen dituzte hormak kareaz, eta ipintzen dituzte gezurrezko leihoak burdinazko rejakaz dendak dagozen tokietan. Turistak joaten direnean, gorde dena hurrengo udarako eta gure herrietako ohituren antzekoekin hasten dira.

         Nik kapela cordobes berri bat nekarren maletan, okasio honetan janzteko, eta berriz kendu eta gorde egin behar izan nuen, muttikoak atzetik zetozkidala ikusita.

         «Hotel» hitza internazionala da. Berehala ulertu ziguten muttiko batzuek galdetu genueneko, eta azkenean aurkitu genuen ostatu. Hartu afaria eta oheratu ginen. Telefonista pare baten moduan egin genuen lo biharamuneko bederatziak arte.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)