Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—3—

 

         Gure beribil-zainak zuzen-zuzen eraman gintuen Arrigorrietatik zehar Villa Gure Kabiara. Hara heldu eta baratzeko tinbrea jo ostean, joan egin zen, beribila garajean sartzera.

         Neskame bat irten zitzaigun burdinazko atera.

         «Monsieur J.L. Lopez?» itaundu zion Poirotek.

         Neskamea espainolez hasi zitzaigun, baina guk ez genion ulertu hitz bakar bat ere. Aho zabalik gelditzen ginela ikusirik,

         «El señor Lopez» esan zigun astiro-astiro, «no está» eta hatz batez ezetz eginik, «en casa» bukatu zuen etxea apuntaturik.

         Poirotek eta biok, hizkuntzak ikasteko erraztasun handiko gizonak, biok batera ulertu genion ederki oraingoan. Ez zegoen etxean gure gizona.

         Zer egin orain? Ez genuen igurikitzen holakorik. Nire adiskideak «Ez dakizu noiz etorriko den?» galdetu zion astiro-astiro frantsesez.

         Neskameak sorbaldak jaso zituen, berak ez zekiela adierazirik.

         «Galdetu madameri, s'il vous plaît» esan zion Poirotek astiro-astiro eta klaru-klaru, hatz batez etxea apuntaturik.

         Joan etxera, etorri berriz, eta «Ha dicho la señora que no desea comprar nada» esan zigun neskameak, berak ere astiro-astiro eta klaru-klaru. Andreak ere ez zekiela noiz etorriko ote zen jauna.

         Orduan gu biok, maletak hartu, bira egin eta herrirantz joan ginen oinez.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)