Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—1—

 

         Gosaria hartzen nengoen nire adiskide Poirot-ekin goizeko bederatzietan. Oldozkor zegoen bera, eta itauntzen nizkion galdera guztiei «bai» edo «ez» bakarrik erantzuten zidan. Agerian zegoen zerbait zerabilela buruan biraka.

         «Berri txarren bat ekarri al du korreoak?» itaundu nion.

         «E?» egin zuen berak, «a!... oui mon ami». Eta eskutitz bat sakelatik atera, zabaldu eta mahai gainean utzi zuen nire aurrean.

         Gutuna Espainiatik zetorren. Hona zer zion:

 

         VILLA GURE KABIA

         ARRIGORRIETA

         BIZKAIA

 

         Jaun agurgarria:

         Beharrezkoa zait detektibe trebe baten laguntza eta zu deitzea erabaki dut. Arrisku handi batek mehatxatzen nau eta ez dut nahi poliziengana joaterik. Berbaz azalduko dizut zergatik.

         Lagunekin nengoela heldu zitzaidan zure berri lehenbiziko aldiz uste gabetarik. Gehienek munduko detektiberik trebeena zarela esaten zuten. Beste batzuk, arras guti egia esateko, zure kontra hasi ziren: toki guztietara heriotza daramazula zurekin, zu etorri arte inor ere ez dela inoiz hiltzen, zure azalpenak jarraiturik egiten direla heriotza guztiak, zuk gero misterio guztiak argitu ahal izateko moduan, eta abar.

         Badakit nik beti dabilela bekaitza gizon handi guztien atzetik. Ez ditut nik sinesten gezur hauek, zure laguntza eskatzea duzu frogarik handiena.

         Utz ezazu mesedez esku artean darabilzun guztia eta etor zaitez Arrigorrietara ahalik arinen. Ziur nago ez direla hasiko heriotzak kasu honetan zu etorri eta gero. Arin ez bazara etortzen bai, beldur naiz orduan heriotza bat edukiko dugula: nirea.

         Esaten badidazu telegrafoz noiz heltzen zaren, beribil bat irtengo zaizu Irunera, mugatik Arrigorrietara ekar zaitzan. Hemen, Villa Gure Kabian egonen naiz zure zain.

         Berriz eskatzen dizut ahalik arinen etortzeko, mesedez. Eta besterik gabe, zure zerbitzurako naukazu.

         J.L. Lopez

 

         Gutuna frantsesez idatzita zegoen.

         Dardara zegidan pultsuak atzera eman nionean.

         «Eskutitz laidogarria benetan» esan nion, «zure instrukzioak hartuta egiten direla heriotzak! Hau zu erailea zarela erratea da».

         «Bai, hala da», ihardetsi zidan berak oldozkor, begiak zabalik eta geldi-geldi, mahai gaineko lorontziari so.

         «Zer... joanen al zara?».

         Poirotek baietz egin zuen buruaz, begiak esandako tokitik kendu gabe. Azkenean eskuturra jaso, begiratu erlojuari, eta «Bederatziak dira» erran zuen, «trena hamaiketan ateratzen da. Maletak atontzeko ez dugu behar denbora askorik, beharrezko gauzak soilik eramanen baititugu. Azter dezakegu eskutitza astiro».

         «Beharrezko gauzak eramanen ditugula?» galdetu nion, «zer ba, zurekin joatea nahi duzu ala?».

         «Zergatik ez? Zeuk esan zenidan atzo ez daukazula orain lan askorik eta».

         «Tira ba, joanen naiz nahi baduzu».

         Nire adiskidea eskutitzari begira egon zen isilik une batean.

         «Zer dela-eta uste duzu zuk nire kontra entzundako hitz horiek idatzi dizkidala?» esan zidan gero.

         «Hercule» erantzun nion, «zu beti joaten zara heriotzak egiten diren tokietara inor hil baino lehen, hori egia da, baina eraileek zure azalpenak jarraitzen dituztela erratea gehiegi da. Inor hiltzeko azalpenak ematen dituena eraile bat da, eta zu ez zara eraile bat. Ez dut ulertzen ahal nola ausart daitekeen halako gauza itsusi bat idazten. Eta besteei entzun arren sinesten ez duela erratea ez da nahikoa. Ez dut inoiz entzun aitzakia pobreagorik».

         Begirada bat bota zidalarik, brist egin zuten nire adiskidearen begiek distira berdeekin, barruko urduritasuna erakutsirik. Inork ere ez ditu botatzen begietatik distira berdeak edo beste edozein kolorekoak, ez barruko ez kanpoko urduritasunak sortuak, Hercule Poirotek izan ezik.

         «Parbleu!» egin zuen, «horrek ez du entzun ezer nire kontra. Hori inoren iritzia barik, bere susmoa duzu».

         «Baliteke, baliteke...».

         «Ikus dezagun mapa honetan ea non aurkitzen den Bizkaiko Arrigorrieta hori» esan zidan, tolestutako mapa handi bat mahai gainean zabaldurik. «Baldin gida honek gezurrik ez badio, herri ttiki eta polita da, Bilbotik berrehun kilometro baino gutiago».

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)