Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—17—

 

         Bilbon arratsalde batean, etxean gogaituta zegoela, hasi zen Nati gogoetatsu senarraz oldozten. Pentsatzen zuen, beste emakume guztiak bera baino zoriontsuagoak zirela, senarra euren gustura aldatzen saiatzen zirelarik.

         Han zegoen Blanquita Arrigorrietan, esate baterako. Tiburrek erretzen zuen, eta asko; bere emazteak honela amets bat eduki zezakean: esan eta esan, azkenean tabakoa utzaraziko ziola. Triniren ahizpa baten senarrak ordea ez zuen erretzen, eta emakume hark ere amets bat zeukan: esaten zion senarrari ondo dagoela gizonak zigarrotto bat noizik behin erretzea, ez dagoela ongi gizon batengan tabako usainik ez botatzea, guti baino ez bada be. Eta bere ilusioa zen, esan eta esan, senarra azkenean erretzen hasiko zela.

         Natiren zoritxarraren handia! Tabakoaren arazoan ez zegoen beretzat senarra aldatzerik. Ezin eskatu erretzeko, zerbait erretzen baitzuen. Ezin eskatu, ezta, ez erretzeko be, ez baitzituen erretzen lau edo bost zigarrotto baizik egunean!

         Emakume guztiei zaie atsegin gizona aldatzea. Ezkongaietan akats asko aurkitzen dizkiote euren senargaiei eta gero kenduko dizkiotela pentsatzen ezkontzen dira. Denek ohartzen dute nola aldatzen den gizona ezkontzearekin. Sarri entzuten dira honelako gauzak: «Urlia da bai kaikua! Beti prakak zimurtuta! Arropak orbanez beterik! Beti botoiak falta zaizkiola!». Eta ezkondu ostean beste gizon bat bilakatzen da: inon ere zimurrik ez, dena garbi-garbi, botoi guztiak euren tokietan ondo josirik, bizarrak beti ondo kenduta... «Beste gizon bat dirudi» erraten dute denek. «Ezkondu zenetik...». Eta egia izaten da. Laster irakasten dio emazteak prakak artoski aulkian uzten zimurrik gabe oheratzerakoan, bizarrak egunero kentzen, arropako orbanak garbitzen, erortzen zaizkion botoiak josten, eta abar...

         Senarra betiko orduan agertu zenean, ez minutu bat goizago edo beranduago, pentsatzen zuen Natik arratsalde hartan ez zitzaiola alaitzen bihotza. Minutu erdi egin-egineko musua ezkerreko matelan eman zionean ez zuen sentitu ezer. Betiko hitz maitekorrak entzun zizkionean musika zahar gastatua iruditu zitzaion. Jaterakoan erakusten zituen erak ez zitzaizkion iruditzen orain lehen bezala meritu handikoak.

         Senarrak akatsik ez edukitzea zoritxar handi bat bezala ikusten zuen orain. Akats gabeko gizon batekin galduta dago emakume bat edozertan deskuidatzen bada. Akatsik ezak berak dakar berarekin ikusmen luze zorrotza besteen akatsak ikusteko, eta Nati kaskezurreraino aseta zegoen honegatik senarraren akatsik ezagaz.

         A! gizon arloteekin ezkondutako emakume zoriontsuak!... Nolako itsua izan zen!

         Gizon arlote batekin diferenteak dira egun guztiak. Batzuetan goiz, beste batzuetan berandu etorriko zaizkizue etxera, eta musu bat ematen badizue, ez dizue emanen beti matela berean, ezta berotasun berdin eta neurtuarekin. Batzuetan matela batean, beste batzuetan bestean, beste batzuetan bekokian, edo ahoan. Batzuetan besarkada sutsu batekin, beste batzuetan gerritik oraturik, eta abar. Ez dakizu inoiz zer eginen dizun senar arlote batek etxeratzen zaizunean. Edozelan utziko ditu prakak aulkian edo behean, dena zimur-zimur ohera joaten denean, eta emazte zoriontsuak beti edukiko du zerbait esateko, ez du inoiz galduko gizona hobetuko duen itxaropena, «Ai gizonak!... gizonak!» esateko, «nolako kaikuak zareten denak! Zer izanen litzateke emakumerik ez balego!». Eta gizon arloteak itsuak dira gainera emakumeen akatsak ikusteko. Emazteak bazkaria garaian gertu eduki beharrean, beranduegi eta oraindaino egin gabe daukanean, gizon arlotea sukaldean sartuko da, ikusteko ea zenbat falta den, eta aitzakiekin hasi beharrean, beti izanen da emakumea garrasika dabilena:

         «Tira kanpora sukaldetik! Gizonek ez dute zereginik sukaldean!».

         Eta gizona jan-gelara joanen da, hasiko da berriz egunkaria irakurtzen, dena ofizinan irakurrita eduki arren, saltzaileen propaganda eta dena. Eta gero zigarrotto bat piztuko du denbora pasatzen laguntzeko. Etorriko da gero emaztea jan-gelara zerbaiten bila, eta «Barka iezadazu, deskuidatu egin naiz eta gaur beranduegi eman behar dizut bazkaria. Ez zait gehiago gertatuko hurrengoan...» edo honelako aitzakia batekin hasi beharrean: «Hor zabiltza» erranen dio, «hor zabiltza orain ere zure betiko tabako zikinekin, dena errautsez zikintzen. Har ezazu gizona errauts-ontzia!... Ai zuekin ezin liteke!».

         Eta gizona hasiko da aitzakiekin emakumea hasi beharrean. Gero beranduegi eginen zaio ofizinarako eta arrapaladan joan beharko da zurubietatik behera oraindik sagarra jaten, eta gabardina ezkerraz lotzen, emazteak orain garrasika erraten diolarik, «Ai kaiku, kaiku!... lotu egizu gabardina behar den moduan. Ez duzu ikusten okerreko zuloan sartu duzula botoia? Ai zuek gizonok, gizonok... denak zarete berdinak!».

         Lopez bezalako gizon akats bakoekin ez dago honen antzekorik. Beti garaian eduki behar bazkaria, eta ondo gainera...

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)