Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—16—

 

         Igandeak ongi igarotzen bazituen ere, sei egun astean egon behar izaten zituen Bilbon asperturik. Baina azkenean zorion handi bat sentitu zuen, senarrak bere arazoak kanpora deitzen zutela eta ostegunean Arrigorrietara eroanen zuela esan zionean, Bilbon eta bakartasunean gelditu gabe, etxekoekin eta lagunekin astelehen arte egoteko.

         Gogoa zuen bere aspaldiko Blanquitarekin eta Trinirekin egoteko. Hainbeste denboran elkarrekin hitz egin gabe... noiz bukatu haiek elkarri kontuak esaten?

         Joan zen ba Blanquitarenera, eta han aurkitu zuen Trini be. Badaki irakurleak nola hasten ziren hiru adiskideak batera hizketan aspaldiko denboretan, egun pare bateko gauzak baino ez zeukatenean esateko. Zer izanen da orain! Txapela kendu behar dugu euren aurrean.

         Gure senar-emazteak Bilbon bizi zirelarik Blanquita ezkondu zen, orain denbora asko ez zela, eta egon ziren biak ezteietan Arrigorrietan. Tibur zuen izena senarrak.

         Tibur etorri zenean konturatu ziren hiru emakumeak, hiru ordu egon zirela hizketan. Berandu zen Trinirentzat eta joan egin zen, baita Nati be laster, Tiburri eskua estutu ostean.

         Blanquitaren senarra kaiku bat zen. Beti zigarrottoa piztuta, dena zikintzen zuen errautsez, eta edonora botatzen zituen hondakinezko puntak. Arropak-eta kendu eta edozelan uzten zituen, eta Blanquita beti ibiltzen zitzaion atzetik agirika. Beste gauzetan ere Natineko gizonen modukoa zen: edozeinen aurrean hasten zen euskaraz, gutien komeni zena be igual esaten zuen edozeinen aurrean, eta abar.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)