Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—14—

 

         Lopez erloju baten moduan jaikitzen zen egunero zortzietan. Gimnastikoak egiten hamar minutu egon eta bainura. Zortzi eta erdietan, erlojuak taaannn joten zuelarik, irten, gosaria hartu, zigarrotto bat piztu, egunkaria gainetik irakurri, eta bederatziak hamar gutiagotan, juxtu-juxtu minutu erdiko musu luze bat eman emazteari ezkerreko matelan, beti toki berean, beti indar berdinarekin..., irten kalera, eta ordu bata eta hamarretan, ez minutu bat goizago edo beranduago, rrrinnn-rrrinnn joten zuen tinbrea.

         Etxea berria eta apaina zen, tresna moderno guztiekin hornitua, eta gainera neskame bat zeukan. Nati, zeregin guti edukirik, gogaitu egiten zen senarra etorri arte.

         Lopezentzat astegun guztiak berdin-berdinak ziren. Etorri eta bainura eskuak garbitzera, handik mahaira. Nati beti saiatzen zen neskameari laguntzen, bazkaria garaian prest edukitzeko, senarra beti orduan zintzo-zintzo etortzen zela jakinik, eta batzuetan larri samar ibiltzen bazen ere, lortzen zuen, zelan edo halan, bazkaria otorduan prest edukitzea egunero, huts egiterik gabe.

         Bazkalostean beste zigarrotto bat erre, irratiko berriak entzun, eta erlojuak hirurak eta hogei minutu markatzen zituenean, eman emazteari minutu erdiko musu luze bat ezkerreko matelan, goizeko lakoxea, eta ofizinara.

         Oheratzen zenean, Lopezek ez zituen uzten janzkiak edozelan, Natiren nebak bezala. Prakak ederto-ederto zimurrik gabe, jaka, atorra, galtzerdiak, zapatak... dena ondo-ondo, gauza bakoitza bere tokian, behar bezala.

         Ezkongai denboretan uste izaten zuen Natik, gizon guztiek uzten zituztela zeregin hauek emakumeentzat, eta bere asmoa zen, senarrari irakastea gauzak behar bezala ipintzen. Ez zen ba harritu guti, ikusi zuenean bere senarrak, berez, inork esan gabe egiten zuela hau.

         Ohean, beti toki berean, beti dena berdin-berdin, egon hamar minutu irakurtzen eta, axola guti zein tokira heltzen zen bere liburuan, klask amatatzen zuen argia.

         Beti orduaren jopu, goizean berriz erlojuarekin jaiki eta betiko gimnastikak egin, eta egun guztia bezperakoaren bezalakoxea izaten zuen.

         Igande guztiak ere berdin-berdinak ziren beretzat, eta Natik, astegunetan baino hobeto egoten bazen ere, bakartasunean egon behar ezik, gustu guti ateratzen zioten, eta pixkaka-pixkaka, bere bizitza berria gogaikarria iruditzen hasi zitzaion.

         Arrigorrieta munduko tokirik aspergarriena iruditzen zitzaion han bizi zenean, eta handik irtetea mundu honetan eska litekeen gauzetarik onena zen beretzat. Baina ez zen egon bi hilabete herrira joan gabe beste itxura betekin agertzen hasi zitzaionean oroitzapenean. Hasieran Bilboko jendeaz aspertzen hasten zela iruditzen zitzaion. Arrigorrietako jendea on-ona iruditzen zitzaion, Bilbon ordea ijito antzeko jende asko aurkitzen zuen. Gero Bilbo akatsez betea ikusten zuen: Arrigorrieta baino zikinagoa zela, eguraldia euritsuagoa (eta honetan oso oker zegoen, gutitan izaten baita euria Bilbon, Arrigorrietan eguzkia delarik) eta kaleak basaz zikinagoak Arrigorrietakoak baino, euria ari zenean (eta honetan bai, arrazoia zuen). Arrigorrietan adiskide asko zeuzkan, eta Bilbon bat ere ez. Aspertzen hasiz gero, beti zeukan nora jo Arrigorrietan. Bilbon ez.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)