Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—13—

 

         Denbora askorekin etorri ziren eta, dendetan ordu asko galdu arren, gure senar-emazte berriak lasai ibili ziren Mallorca guztiko bazterrak bisitatzen, Arta-ko har-zulo madarikatuak ahantzi gabe.

         Denbora asko igaro zuten plaietan alferkeria izugarrian igeri egiten eta eguzkia ia biluzik hartzen, erlojuak hotelean utzirik eta zein hileko eguna den ere jakin gabe. Eta Nati beti aho zabalik senarragaz. Ezin akatsik aurkitu, dena egiten zuen ondo. Igeri egiterakoan onenetakoa zen. Toki goratuetatik uretara must egiterakoan ere, bazekien aingeruaren saltoa oso ederto egiten. Eta Nati aho zabalik, gauza guztiak behar bezala egiten zituela ikusirik, poz-pozik zegoen denbora guztian.

         Baina gauzak sakonki aztertuz gero, ez zuen maite gehiegi bere senarra. Maitasuna barik, aho-zabaltasuna zen berak sentitzen zuena. Oraindaino arrotza zen zelanbait beretzat. Ematen zion, bakarrik azaletik ezagutzen zuela, baina hau denborarekin konponduko zen noski. Artean trankil eta pozik zegoen Mallorcako plaietan buruhausterik gabe.

         Ez zitzaion ahaztu postalak herrira bidaltzen Palmatik. Bere zoriontasunaren erdia Arrigorrietako nesken bekaitzak sortua zen. Palmako kafe batean, kanpoan eseria, mahaiaren gainean ezkerreko ukondoa eta postalak Mallorcako fotografiekin, melokotoiaren azalaren antzeko aurpegia esku politaren gainean, azkazal gorriak gaztaina kolorezko ile ederraren ondoan, urrezko eskuturrekoa ontza-urrekin egindako zintzilikailuekin, beso borobil liraina biluzik, luma eskuman, begi politak urrunera so, irriñoa ezpainetan, hasten zen Arrigorrietako neskak banan-banan ikusten irudimeneko begiekin. Bati «Ai mutxurdin itsusia!» erraten zion erdaraz ahopetik, «zu beti Arrigorrietan eta ni hara zelako leku ederretan. Amorratu hadi ondo!» baina hau adierazteko beste hitz batzuk erabiltzen zituen. Erdaraz idazten zuen, baina guk euskaraz ipiniko ditugu hemen: «Edurne maitea, asko oroitzen naiz zutaz, gu primeran gabiltza, eta ezin igaro Palmatik zuri goraintziak bidali gabe...».

         Hotelik garestienetan ibiltzen ziren beti, eta behin ohartu zuen idazteko papera eskatuz gero hotelaren izenarekin markatua ematen zutela. Berehalaxe hasi zen ezagun guztiei idazten, jakin zezaten denek zelako tokietan egoten zen senarragaz. Baina ez zion esaten inori: «Zu!, hotel honetan gagoz gero! Ez ezazu pentsatu zuek ezagutzen dituzuen toki merkeetatik gabiltzala gu!» ez, edozein aitzakiarekin idatzi, eguraldi onaz jardun, beraz oroitzen dela, eta honelako gauzattoren bat bakarrik. Eskutitzaren markek erranen zuten klaru-klaru beste guztia.

         Natik oso pozik igaro zituen hamabost egun Mallorcan senarragaz hodei gabeko zeru urdinaren azpian, eguzkia egunero distiratzen, eta ia konturatu gabe aurkitu zen Bilbon bere etxe berrian, hodeiz betetako zeru zikin baten azpian, eguzkiak noizik behin eta zatika bakarrik aurpegia erakusten zuelarik.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)