Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—11—

 

         Hotel alai eta polit batean hartu zuten ostatu, eta heldu bezain laster sentitu zuten uharte hark darion bake eta lasaitasuna.

         Hoteleko muttikoak hartu zuen pisu gutiko maleta taxitik, senar-emazte berriak atzetik, eta denak igo-tramankulura.

         Euren gelatik itsaso urdina ikusi eta entzuten zen. Leihoa zabalduz gero usaina be hartzen zitzaion.

         Baten batek tan-tan jo zuen atea eta derrepente askatu zuten elkarrekiko besarkada estua, bekatu egiten aurkitu balituzte bezala, eta sartzeko esan baino lehen Natik ileak konpondu zituen eta senarrak sama-korapiloa, eta biak eseri ziren jesarleku banatan elkarrengandik urrun aldizkari bana harturik. Lehengo muttikoa zen. Paperak zekarzkien, mesedez biharko utzi gabe betetzeko.

         Ahaleginak egiten zituzten ezkonberriak zirela disimulatzeko, baina denek igartzen zieten. Hoteleko neskameek ia burlazko irriño batekin begiratzen zituzten. Jangela handian aspalditik ezkondutako senar-emazteen itxurak hartzearren ia jaramonik ere ez zioten egiten elkarri. Baina gero ezkonberriz mukuru paratu zen aretoa, denek elkarren eskuak mahai azpitik maiteki oratzen, eta orduan berriz ahalketu ziren eta berehalaxe hasi ziren eurak ere maitasunezko begiradekin.

         Ibili ziren gero elkarrekin toki askotan eta gehienetan ezkonberriz inguratuak. Eguraldia ederra zen, eta herri hartako bista guztiak izugarri politak iruditu zitzaizkien.

         Afaldu ostean nekatuak oheratu zirenean oso zoriontsuak sentitzen ziren biak.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)