Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—7—

 

         Aitari besotik helduta Nati elizako atartean agertu zenean denak zeuden berari begira. Han zegoen Lopez ere amarekin, baina inork ere ez zuen ohartzen; begi guztiak, nahiz gizonenak nahiz emakumeenak Natirengana zuzenduak baitzeuden.

         Gizon bat eta emakume bat elkarrekin lotzeko badira be, esan liteke ia-ia emakumeentzakoak bakarrik izaten direla ezteiak. Ezkontzeko sakramentua sortua izan arte gizona, lotsabako izugarria berez, lasai-lasai zebilen, bentaja handi batekin jaio zela-eta. Gero dena aldatu zen. Zer da hori txo-txo? Emakume hau semez beteta utzi eta gero si te he visto no me acuerdo eta beste berri bat bilatu? Ez! ez!... hator honat honen ondoan betiko egoteko.

         Honegatik Blanquitak-eta ez zuten esaten «Lopez eta Natiren ezteiak», «Natiren ezteiak» baizik, eta hala esaten da gehienetan. Senargaiaren axola egun honetan bigarren motakoa izaten da, detaile bat bakarrik emaztegaiaren apaingarrien artean, beharbada axola handiko detaile bat, baina ez detailerik nagusiena, ez mantelinaren besteko ardurazkoa esate baterako. Arinago ohartuko litzateke mantelinaren falta senargaiarena baino, dudarik gabe.

         Blanquitak-eta azken ezteietatik gordetako kapelak atera eta dotore-dotore agertu ziren elizan. Etxeko gizon kaikuak ere ez ziren gaizki portatu: denak agertu ziren gorbatekin: denak, baita aita be.

         Lopezek oso ondo bete zuen bere beharra. Geldi-geldi egon zen belauniko meza luzea eta sermoia entzuten, eta ederki erantzun zion apezari ohiturazko galderak itaundu zizkionean, ezkontza-horniak (hamahiru txanponak) eta eraztuna garaian ateratzen ahaztu gabe. Natik ahopetik erantzun zion apezari eta bakarrik ondo-ondoan zeudenek entzun zioten.

         Elizkizuna bukatu zenean hasi ziren aterantz ezkonberriak eliza erditik, organoak Mendelssohn-en ezkon-martxa joten zuelarik, eta Natik ez zion egin behar izan bere senar berriari emazterik gehienek euren gizonei egin ohi dioten lehenbiziko oharra: zuzen-zuzen ibiltzeko. Pagoa baino zuzenago baitzebilen ohituraz bezala.

         X-reneko jatetxean hartu zuten bazkaria. Berrehun bat lagun eseri ziren hiru mahai luzetan, bi paraleloak, bestea zeharka bien artean leiho ondoan, eta mahai honetan erdi-erdian, lau pisuko eztei-pastel handi baten gerizpetan, ezkonberriak.

         Ezkerreko mahaian Natiren lehengusuak, euskaraz denbora guztian. Natik ere euskaraz egin zuen eurekaz. Eleganteago agertzearren edo, hasi balitz erdaraz eurekaz, leihotik kalera botako zuketen noski, eztei-janzki zuria eta dena; haiek ez ziren ibiltzen aiko-maikotan. Saiatu ziren halaz ere euren erdara mordoiloz Lopezekin. Ez zuen beronek barre guti egin halako erdaldunberri jatorren erdararekin.

         Gero musikariak sartu ziren euren tresnakaz. Atzeratu zituzten aulkiak eta mahaiak eta hasi zen musika. Hasieran ezkonberriek bakarrik egin zuten dantzan (Lopezek oso ederto egiten zuen) eta gero denek.

         Jendeak ohartzen ez zuelarik, joan egin ziren biak inori agur esan gabe.

         Gero etxera Lopezen beribilean, Natik beste arropak janzteko. Jaitsi maleta eta aurrera. Lopezena lehendik zegoen sartuta maletategian.

         Eta orduan, rrriiin rrraaan, hasi zen beribila eztei-ibilaldiaz.

         Biak zeuden pentsatzen bizimodu berri bat hasten zela eurentzat. Lopezek albokerazko begirada bat bota zion bere emazteari eta berau, berari begira, irriñoa ezpainetan, gorri-gorri jarri zen. Gizonak eskumaz besarkatu eta bere ondora ekarri zuen, eta Arrigorrietako etxeak atzean gelditu zirenean, burua senarraren bularraren gainean, ikusi zuen Natik zelan luzatzen zen argizko arraia berdea bolantepean, orduko 90 kilometroko seinalea iritsi eta pasatu arte, baina ez zen beldurtu, belozidaderako beldurti handi bat izan arren. Atsegin zitzaion honela joatea, haur bat bailitzan, senarraren maitasunezko bihotz-taupada handiak dranga-dranga entzuten, bere esku sendoak bolantea erabiltzen zuelarik, eta ez zatekeen ikaratuko arraia berdea, eskumarantz luzaturik, belozidade handiak markatzen hasi balitz ere, hain seguru sentitzen zen Lopezen besoak oratzen zuelarik.

         Lopezek ordea beldur izugarria pasatu zuen, Nati honela zegoela poz-pozik arraia berdea zaintzen. Fraaaaa... egin zuen klaxonak reprise handiko beribilak kamioi bat pasatzen zuelarik, eta ozta-ozta kamioia atzean utzi eta oraindaino bidearen ezkerretik zebilelarik, hara non agertzen den beste beribil bat aurreko kurbatik. Ezin zuen frenatu, eta eskerrak otu zitzaiola azeleratzea, beribilaren reprise handiaz baliaturik. Bestea ondo-ondotik igaro zitzaion apur-apur batengatik ukitu gabe. Bihotzak dranga-dranga egiten zion taupada izugarriekin, beldurraren beldurrez, eta bekokia izerdiz busti zitzaion. Begiratu emazteari, eta trankil-trankil, arraia berdea zaintzen, irriñoa ezpainetan.

         Gero eta beribil gehiago aurkitzen zituzten Bilbora hurbiltzen zirelarik eta astiroago ibili behar izan zuten. Bilbo igaro eta Ubidetik Arabarantz, eta berriz hasi ziren gero eta arinago.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)