Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—6—

 

         Igande euritsu batean berri pozgarri bat ekarri zion Trinik Natiri: Lopez Arrigorrietan zegoen. Goizean ikusi zuen. Hain zuzen ere, X-reneko jatetxe aurrean zegoen bere Opel urdina.

         Asko poztu zen Nati hau jakinik, baina lotsatu egin zen eta ez zen agertu, ez pasealekuan, ezta cafeterían ere. Lopezek atzera joan behar izan zuen Bilbora neska ikusi gabe.

         Egun guti barru eskutitz bat hartu zuen Natik bere bigarren jarraitzailearengandik. Berriz etorriko zela hurrengo igandean eta ez bazuen ikusten pasealekuan edo cafeterían, etxera joanen zitzaiola bila.

         Esandako eguna heldu zenean Lopezek, bestetan Manuk bezala, erdian aurkitu zuen Nati, adiskide bana alboetan. Zerbait erraz-erraz lortzen baduzu, gauza merketzat edukiko duzu. Hau oso ondo dakite neska guztiek. Baina honela luzaroegi ibili gabe, egon ziren elkarrekin eta Lopezek eskatu zion azkenean bere emaztegaia izateko.

         Orduan hasi eta egunero hartzen zuen Natik eskutitz bat Lopezengandik aste-egunetan, eta igande guztietan egoten zen Opel urdina X-ren jatetxe ondoan geldituta.

         Lopez zoriontsua zen Natirekin, batez ere eguraldi onaz errege-bidetik, bere urrats laburrak tiki-taka entzuten beragaz zebilelarik, eguzkiaren azken distira gorrixkek neskatila lirainaren aurpegi eta ile ederrak kolore aberatsekin apaintzen zituztelarik. Eta ikusten edo entzuten zuena baino sakonagoa zen bere zoriontasunaren iturburua: axola handiko gauzetan orain arte gizon isil eta bakartia, ez zituen gehiago gorde behar bere oldozmenak barruan. Neskatila hau ez zen besteen antzekoa. Emetasun zoragarria izan arren, barru-barruan bere antzekoa zen. Berdin-berdinak ziren bien zaletasunak. Natirentzat, beretzat bezala, finantzak eta ekonomia ziren munduko gauza guztien arte jakingarrienak.

         Ez zen makalagoa Natiren zoriontasuna. Ez zitzaizkion batere axola finantzak edo ulertu ezinezko traste astun horiek. Entzuten zion dena adi-adi, hori bai, baina burua beste gai batean zuelarik. Oso erraza zen beretzat, garaian eta komeni zen bezala, bai edo ez esatea; berez irteten zitzaion, apropos saiatu gabe. Natirentzat Lopezen baritono ahotsa entzutea zen pozgarriena, axola guti ulertzen ez bazion, eta finantzetako gauzek ihes egiten bazioten, igartzen zion oso ondo, berari begira egon gabe, eguzkiaren distiren efektua aurpegi eta ileetan zaintzen zegokienean, zer pentsatzen zuen, bere edertasunaren omenez isiltzen zela une labur hartan. Igartzen zion oso ondo be, noiz nahi zuen baietz edo ezetz esatea, edo harrituta gelditzea. Finantzetako gauza guztiak ondo-ondo ulertu balitu, ez zukeen eginen besterik.

         Hain ongi konpontzen diren senar-emaztegaien arteko gauzak zuzen-zuzen joaten dira euren bidetik, eta urtebete igaro gabe, udako igande batean, hasi zen apaiza pulpitutik euren ezkon deiak botatzen.

         Lopezen ama Madrildik etorri zen kapela berri batekin. Egia errateko, kapela ez eze, beste gauza guztiak ere herrira zekarzkien, baina kapela zen zelanbait ohargarriena.

         Bazkaldu zuten denek bezperan Natirenean, denek egin zuten barre gatz bako ateraldi guztiekin, saiatu ziren erdaraz Natireneko gizon kaikuak, eta pattarra eta kafea hartu ostean, bostak arte egon ziren hizketan.

         Lopez eta bere ama joan zirenean, hasi ziren Natirenean gauzak atontzen biharamunerako, eta lo gutiko gau luzea igarota, heldu zen azkenean egun handia.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)