Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)

 

 

—1—

 

         Nati gogaituta zegoen. Goiz guztian egon zen etxeko lanak egiten eta ez zuen bukatu arratsaldeko laurak arte. Orain, zorionez, Blanquita eta beste lagunengana joateko ordua zen.

         Etxeko gizonak!... kaiku galantak!... Utzi arropak nolanahi, denak zimurtuta, eta emakumeak beti eurek zikindutako gauzak garbitzen eta plantxetan. Sekula jakin ez non uzten dituzten gauzak, eta gero «ama! ezin dot topeu hau!», «Nati, ikusi dozu hori?», «non ote dago bestea?»... Egon emakumeak egun guztian etxea garbitzen, etorri gizonak eta dena zikindu euren tabako beltzaren errautsaz eta hondakinez. Euria denean heldu kanpotik basaz beterik, zapaldu leku guztietatik, eta dena buztinez lohitu... Noiz arte jasan behar hau dena, Jaungoiko maitea?

         Eskerrak orain Blanquitagaz oso diferentea izanen zela dena. Bi nesken arimak biritxiak ziren, eta hitz egin behar ere izan gabe oso ondo ulertzen ziren elkarrekin gauza guztietan. Bati ongi iruditzen zitzaiona seguru besteari be ondo irudituko zitzaiola, eta batentzat txarra zena, seguru bestearentzat ere gaizki egonen zela. Etxeko gizonen astakeriekin kaskezurreraino asetzen zenean, gaur ase zen bezala, Blanquita aurkitu baino ez eta umore txar guztia aienatzen zitzaion.

         Zer zeukan Blanquitak berarekin ibiltzeaz gizonek utzitako gustu txarra kentzeko? Ez zegoen gizonek emandako lanean erru guztia. Blanquitak ez zion laguntzen gizonek emandako lana egiten. Euren izaera eta mundua ikusteko modua zen amorrurik handiena ematen ziona. Blanquitak berak bezala ikusten zuen mundua.

         Ez zen ibiltzen Blanquita ardandegirik ardandegi, ardo beltzezko basoak glu-glu-glu edaten etxeko gizonak bezala, gero ardo usain higuingarria arnasatik zeriola. Edaten zuen bai noizik behin cocktailen bat, baina ez ardandegietan, cafetería apainetan baizik, eta ez edatearren, edariaren gustuak bultzatua, jende handikien arte egotearren baino; eta ez glu-glu edan, basoa utzi eta irten; astiro eta tantaka baizik, esku politak erakusteko moduan, azkazal pintatuekin. Erretan zuen noizik behin zigarrottoren bat, baina ez tabako beltz higuingarrizkoa, Camel eta Chester baizik, eta ez kea irentsirik, sudur-zuloetatik edo ahotik ateratzeko edozelan, hitz egiten duelarik, ahotik irristada mehe batekin baizik, urrutira, beste aldera arin begiratzeko, ez baitzitzaion atsegin tabakoaren kea. Ez zuen erretzen gizon kaiku eta kankailuek bezala, tabakoaren gustuagatik, eskuak eta besoak apainki erakusteko baizik.

 

Akats bako gizonaren heriotza
Jose Basterretxea, Oskillaso

Egan, 1/6-1967 (1967ko urtarril-abendua)